116. ALDIZKARIA - 2004ko irailaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

I R U Ñ A

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko Gizarte Laneko erdi mailako tituludun izateko 8 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2004ko irailaren 7ko 16/PR erabakiaren bidez, ondotik ematen den deialdia onetsi du:

O I N A R R I A K

1._Xedea.

Aditzera ematen da deialdia egin dela, Gizarte Laneko erdi mailako tituludun izateko 8 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Lanpostuak Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorrari daude atxikirik eta zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 201000-29, 201000-30, 201000-51, 201000-52, 201000-53, 201000-54, 201500-6, 201500-7.

2._Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituz.

Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, bai eta lehiaketan bertze lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.

Lehiatzaileren batek lehiaketa honetan lanpostua erdietsi eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, izendapenean izen berria hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

3._Aplikatu beharreko arauak.

Lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauek, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azoaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduak, merezimenduen baremoei buruz Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abuztuaren 12an emaniko 130/1998 Foru Aginduak, eta deialdiaren oinarriek.

4._Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko beharkizunak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Gizarte Laneko diplomadunen edo gizarte laguntzaileen lanpostu baterako edo antzeko baterako izendaturik egotea.

Nahitaezko eszedentzian edo lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute, halaber, lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen beharkizunak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5._Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

6._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiri behar bezala kautotuak erantsiko zaizkio eskabideari.

7._Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, edo Iruñeko Udalaren barrenean hark eskuordetzen duen pertsonak, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du, hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

Ezarritako epearen barrenean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, edo Iruñeko Udalaren barrenean hark eskuordetzen duen pertsonak, lehiaketa bete gabe deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik gertatzen ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzirik, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, edo Iruñeko Udalaren barrenean hark eskuordetzen duen pertsonak, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

8._Epaimahaiko kideak.

Honako pertsona hauek epaituko dute lehiaketa:

Mahaiburua: Miguel Angel Ilundáin Aizpún, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana Elizalde Urmeneta, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

Kideak:

1. Iruñeko Udaleko Administrazioko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

2. Mahaikide idazkaria: Ana Góngora Urzaiz, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko idazkari teknikoa.

Ordezkoa: Almudena Alonso Arteaga, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko idazkari teknikoa.

9._Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak eranskin gisa heldu den baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udaleko iragarki oholean lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bortz eguneko epea ezarriko du merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

10._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udaleko iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Tokiko Gobernu Batzarrari, edo hark eskuordetzen duen pertsonari, igorriko dio espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

11._Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, Lehendakaritzako Alorrak hartarako deitzen duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12._Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

Tokiko Gobernu Batzarrak, edo hark eskuordetzen duen pertsonak, behar den ebazpenaren bidez, lanpostuak esleituko dizkie dagozkien lehiatzaileei, eta hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

13._Aurkezturiko agiriak.

13.1. Izangaiek espresuki hala eskatuz gero, aurkezturiko agiriak berreskuratzen ahal dituzte, erreklamaziorik edo errekurtsorik paratu ez bada betiere. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bertze hiru hilabeteren buruan.

13.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da lehiatzaileak uko egin diola agiriak berreskuratzeari eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

13.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Erreklamazio edo errekurtsoaren tramiteak ahalbidetzen duenean eramaten ahalko dira agiriak.

14._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2004ko irailaren 7an._Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskabidea, ................................ izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........ Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

1. Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

Jaiotze eguna eta tokia:

N.A.N.:

Helbidea: ...................................................... P.K.:

Etxeko telefonoa: ......................... Laneko telefonoa:

2. Datu administratiboak.

a) Oinarrizko lanpostuan duen administrazio egoera:

Lanpostua:

Zein maila edo taldetakoa den:

f Iruñeko Udaleko funtzionarioa.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu dagokion kontzeptua).

b) Destinoa:

Alorra edo erakunde autonomoa:

c) Orain zein lanpostutan ari den (oinarrizkoa ez bada):

Alorra edo erakunde autonomoa:

3. Sinatzaileak adierazten du eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

4. Eskabidearekin batera, aginduzko dokumentazioa eta alegaturiko merezimenduen frogagiriak aurkeztu ditu.

Horrenbertzez,

Eskatzen du deialdi honetan onar dezatela.

Iruñean, ........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO UDALEKO ALKATEA.

2. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1._Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean emandako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko.

2._Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean egindako zerbitzuak: 0,75 puntu urte bakoitzeko.

3._Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez den bertzelako lanposturen batean egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

4._Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez den bertzelako lanposturen batean egindako zerbitzuak: 0,20 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie lehiatzaileei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1._Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barnean sindikatuak antolatzen dituztenak.

2._Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.

3._Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere, puntu bat. Epaimahaiak baloratuko du haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntu izanen da gehienez.

Iragarkiaren kodea: L0413947