78. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2003ko apirilaren 28koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Abeltegien Atala sortzen duena Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren barrenean.

Abereen osasuneko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen II. kapituluak nekazaritzako ustiategietan oro har bete beharreko baldintzak zehazten ditu, baita haien inskripzioa ere Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bateratua onesten baitu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren araudia bateratzen du eta Erregistroa dohaineko zerbitzu administratibotzat hartzen, Nafarroan diren nekazaritzako ustiategiak bertan inskribatzeko. Arau horrek oro har adierazten du nola inskribatu behar den erregistroan.

Nekazaritzako ustiategiak erregistratzeko, zenbait baldintza eskatzen dira, baina ez dira behar adina zehaztu aipatu foru legean. Horregatik arautu behar da zehatzago zer baldintza bete behar dituzten eta zer dokumentazio frogagarri aurkeztu behar den Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko Abeltzaintza Atalean inskribatu ahal izateko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Abeltegien Atala.

1. Nafarroako Abeltegien Atala sortu da Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren barrenean, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan aipatzen baita.

2. Atal horretan inskribatuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokatuta dauden abeltegi guztiak.

3. Abeltegien Atalak bitarteko hauek ditu antolatzeko:

a) Datu base informatizatu bat, non abere espezie bakoitzak bere ustiatze zenbakia baitu. Abeltegi batek baimena badu animalia espezie bat baino gehiago izateko, zenbaki bat tokikotzat hartuz, erregistro zenbaki bat esleituko zaio espezie bakoitzeko.

b) Artxibo bat, interesatuek aurkeztu beharreko dokumentuak gordetzeko.

4. Abeltzaintza Zerbitzuari dagokio Abeltegien Atalaren eginkizunak kudeatzea, eraketa organikoa eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan integratzea galarazi gabe, bulego horren zeregina baita datu pertsonalak kudeatzea.

2. artikulua. Dauden abeltegiak.

1. Foru agindu hau argitaratzen den egunean Abeltzaintza Zerbitzuan erregistratuta dauden abeltegiak ofizioz inskribatuko ditu Zerbitzu horrek Abeltegien Atalean.

2. Dauden abeltegiak ofizioz inskribatzeagatik ez dira legeztatuko, eta ez dira salbu egonen osasun eta ingurumen araudiak betetzeko, ezta uneoro indarra duten beste batzuk ere, Europako, Estatuko edo erkidegoko legeriakoak izan.

3. artikulua. Abeltegi berriak inskribatzea.

Abeltegi berri bat Abeltegien Atalean inskribatzeko, eskaera egin beharko zaio Abeltzaintza Zerbitzuari, eta abeltegiko titularrak edo legezko ordezkariak beharko du sinatu. Eskaera horretan foru agindu honen 4. artikuluan adierazitako datuak eta dokumentazioa sartuko dira.

Abeltegi berria inskribatzeak foru agindu honetan aurreikusitako legeztapena baino ez dakar, baina horrek ez du salbu utziko une bakoitzean indarra duten osasun eta ingurumen arloko arauak bete behar izatetik.

4. artikulua. Agiriak.

Abeltzaintza Zerbitzuak eskabidearen eredua ezarriko du abeltegi berriak inskribatzeko. Eskabide horretan datu pertsonal hauek eta abeltegiaren ezaugarriei eta deskripzioari buruzko datuak sartuko dira:

1. Norberaren datuak:

a) Abeltegiaren izena eta helbidea.

b) Datu pertsonalak; hau da, NAN edo IFK, helbidea edo sozietatearen egoitza, herria, udalerria, posta kodea eta abeltegiarekin zerikusia duen jendearen telefonoak:

_Instalazioen titularra.

_Abeltegiaren titularra.

_Abeltegiko abereak zaintzen dituen arduraduna.

c) Sozietate bat baldin bada, IFK aurkeztu beharko du, bazkide bakoitzaren NANa, sozietatearen estatutuak eta bazkideek sinatutako deklarazioa, bakoitzak sozietatean zer partaidetza duen adieraziko duena, ehunekotan emana.

d) Aziendak integrazio sisteman badaude, integratzailearen datuak adieraziko dira.

e) Abeltegiko arduradunaren banku-helbideratzea, abeltegiari dagozkion tasak fakturatzeko.

2. Abeltegiari buruzko datuak eta dokumentazioa:

a) Azienden zentsuaren deklarazioa, kategoria bakoitzeko abere kopurua adieraziko duena.

b) Abereentzat aurreikusitako jatorriaren deklarazioa.

c) Jardueraren gaineko txostena, burutu gogo den jarduerari buruzko azalpen zehatza emanen duena, abere espeziea, orientabide zooteknikoa, elikadura, aurreikusitako zentsua, abeltegiaren gehieneko edukiera, abereen babesari eta ongizateari buruzko araudiarekin bat heldu dena, eta inguruko beste datu batzuk. Errentan hartutako lurzatien deklarazioa, nahiz herrilurrak izan, artzaintzan, janaria eskuratzeko eta hondakinak kudeatzeko erabiliak. Jardueraren gaineko txostenaren ordez, Jarduera Sailkatuaren Lizentzia eskuratzeko aurkeztu proiektuaren kopia erabiltzen ahal da, baldin eta eskatutako datuak jasotzen baditu.

d) Abeltegiaren plano-krokisa, haren kokalekua, poligonoa eta lurzatia adierazten dituena. Horretarako, lurzatiaren zedula erantsiko da.

e) Tratamendu-eskorta edo "harrapalekua"edo antzeko instalazioa badela frogatzea, abereak bertan bildu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabakitako osasun programak aplikatzeko.

f) Hesia edo azpiegitura badela frogatzea, epizootiarik agertuz gero abereak haren barrenean edukitzeko. Lurzatiaren zedula aurkeztuko da.

g) Etxeko ukuiluak inskribatzeko, jarduera zein poligono eta lurzatitan kokatua dagoen aurkeztu beharko da. Horretarako, lurzatiaren zedula eta jardueraren txostena erantsiko dira, zer jarduera egin gogo den, abere espeziea, orientabide zooteknikoa, elikadura eta zentsua adierazita.

5. artikulua. Erlategiak.

1. Abeltegien Atalean sartuko da Nafarroako erlategien erregistroa, abenduaren 24ko 275/1986 Foru Dekretuak, Nafarroako Erlategien Erregistroa sortu zuenak, arautua.

2. Erlategiek otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan jasotako baldintzak beharko dituzte bete, hartan erlategiak antolatzeko arauak ematen baitira.

3. Erlategi berriak Abeltegien Atalean inskribatzeko, erlezainek, foru agindu honen 3. artikuluan deskribatutako eskabidearekin batera, dokumentazio hau beharko dute aurkeztu:

a) Non kokatuko diren erlauntzak, probintzia, udalerria, poligonoa eta lurzatia adierazita.

b) Bere lurraren frogagiria edo, kokaleku nagusia non duen, hango lurren jabearen baimena. Poligono eta lurzatien zedulak erantsiko dira.

6. artikulua. Tramitazioa.

Aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa eta Nekazaritzako Ustiategien Atalean dagoena azterturik, foru agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla ikusita, Abeltzaintza Zerbitzuak kode bat emanen dio abeltegiari, Abeltegien Atalean inskribatuta gelditu dadin. Abeltzaintza Zerbitzuak ofizialki jakinaraziko dio inskripzioa interesatuari, baita esleitu zaion kodea ere.

Inskribatu aurretik, Abeltzaintza Zerbitzuak abeltegia ikuskatu ahalko du, hartan aplikatzen den sektoreko legeria betetzen oten den frogatzeko.

Justifikatutako arrazoietan izan ezik, ez da utziko abereak abeltegian sartzen harik eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan alta izan arte.

7. artikulua Titulartasun aldaketa abeltegian.

Ezarriko den inprimakian beharko da eskatu titular aldaketa Abeltegien Atalean inskribatuta diren abeltegietarako, eta Abeltzaintza Zerbitzura igorriko da dokumentazio honekin batean:

a) Jarduera uzten duen titularraren eta abeltegia eskuratzen duen titularraren NANaren edo IFKren fotokopia.

c) Titular berria sozietate bat baldin bada, IFKz gain, bazkide bakoitzaren NANa aurkeztu beharko da, sozietatearen estatutuak eta bazkideek sinatutako deklarazioa, bakoitzak sozietatean zer partaidetza duen adieraziko duena, ehunekotan emana.

c) Abereak zaintzeko arduraduna berria bada, haren izena eta NANa.

d) Instalazioen titularraren NAN edo IFK.

e) Abeltegiaren liburu eguneratuaren fotokopia.

f) Azienden zentsu eguneratuaren deklarazioa.

g) Banku kontuaren zenbakia, titular berriaren izenekoa.

h) Abeltegia zein poligono eta lurzatitan kokatzen den; horretarako, lurzatien zedulak erantsiko dira.

8. artikulua. Aldaketak.

Abeltegian egiten diren funtsezko aldaketa guztiak jakinaraziko zaizkio idatzita Abeltzaintza Zerbitzuari, eta abeltegiaren titularrak sinatuko ditu. Funtsezko aldaketatzat hartuko dira:

_Orientabide zooteknikoa aldatzea.

_Azienda espeziea aldatzea.

_Aldaketa garrantzitsu bat egitea abeltegiko azienden zentsuan.

Abeltegia handitu edo edozein aldaketa eginez gero, Abeltzaintza Zerbitzuari jakinaraziko zaio; horretarako, interesatuak txosten bat aurkeztuko du, zer aldaketa egin gogo dituen zehaztuta.

9. artikulua. Baja, abeltegian.

1. Inprimaki berariazko batean idatzita jakinaraziko zaio Abeltzaintza Zerbitzuari baja hartzen dela Nafarroako Abeltegien Atalean. Abeltegiaren titularrak sinatu beharko du, eta honako hau erantsiko zaio:

a) Zentsuaren deklarazioa, zerotan.

b) Abeltegiaren liburu eguneratua.

Abeltegian espezie bat baino gehiago badaude baimenduta, haietako bati baja emateko, espezie guztiei dagokien abeltegiaren liburua aurkezten ahal da, aurreko atalean bezala.

2. Osasun arloko ikuskapen edo jarduketak egitean, abeltegian abererik ez dagoela ikusten bada, ofizioz ematen ahal da baja Abeltegien Atalean, interesatuari aldez aurretik jakinarazita.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita zortzian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3126938