78. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F I T E R O

Ordenantza behin betiko onetsita

Fiteroko Udalak, 2003ko urtarrilaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Fiteroko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespen hori otsailaren 24ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ondoko ordenantza behin betiko onetsi da zuzenean:

FITEROKO UDALEKO EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Fiteroko Udaleko ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskriba daitezke ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eska dezakete, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Fiteroko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Orobat, hitzez hitz idatzi ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatu ahalko dira, bikoteko bi kideak bertara joanda.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, Udaleko idazkaritzan jakinarazi beharko baitira, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea. Oharpen horiek II. eranskinean xedatutakoari jarraituz eginen dira.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. art. Udaleko zinegotziekin batzorde bat eratuko da erregistroaren jarraipena egiteko.

7. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

8. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

9. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat ere izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

10. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

11. art. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

12. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Fiteroko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Fiteroko Udaletxean, bertako bulegoetan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ......., jaioterria: ........, bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: ......., eta

Izena: ........., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Udal honetako Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenbizi: Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................. (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) erregistroan jasotzerik gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenik.

Seigarren: baimena ematen dugula Fiteroko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua maila eta xede bereko inongo herritako erregistrotan.

Horiek horrela,

Fiteroko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Stua.: ................ Stua.: .................

II. ERANSKINA

Fiteroko Udaletxean, halako egunean ........, honako hauek agertu gara:

Izena: ........................................, N.A.N. zenbakia: ................., eta

Izena: ........................................; N.A.N. zenbakia: .................,

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu udal erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Fiteron, bi mila eta hiruko maiatzaren hamarrean. Alkate udalburua, Manuel Angel Fernández Andrés.

Iragarkiaren kodea: A0305467