78. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

DONAMARIAKO, LABAIENGO, URROZKO ETA OIZKO UDALEN BATASUNA

Administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiko oinarriak

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea administrari-ofizial izateko lanpostu bat betetzea da, Donamariako, Labaiengo, Urrozko eta Oizko Udalen Batasunaren zerbitzuan egonik deialdian eskatzen diren baldintzak dituzten funtzionario eta lan-kontratudun finkoen artean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusita dagoen oposizio-lehiaketa murriztua erabiliz.

1.2. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerbitzuko Langileen Estatutuaren C mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak izanen ditu, edo bertzenaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko lan-kontratudun finkoendako lan hitzarmen kolektiboaren C mailari dagozkionak, baita dagozkion ordainsari osagarriak ere.

1.3. Urteko lanaldia udal bulegoetako gainerako funtzionarioek edo lan-kontratudunek duten bera izanen da.

1.4. Izendatuak batez ere Zerbitzu Orokorren alorrean eta deialdiko mailari eta kategoriari eta eskatutako ikasketei dagozkien lan eta funtzio administratiboak betez eginen du zerbitzua, ekimenez eta arduraz, eta bere menpean langileak izanik nahiz halakorik gabe. Aurreikusten da lan eta funtzio horien artean ordenagailuak, pantailak eta terminalak testuen tratamenduan ere erabiltzea izanen dela, bai eta, oro har, Udalaren administrazio zerbitzuen arduradunak adieraziko dizkion eginbeharrak, bere funtzioen barnean badaude.

Konparaziorako eta zerrenda agortu gabe, hona egiteko batzuk:

_Oro har, betearazpen, tramite eta lankidetza lanak Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunarekin.

_Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.

_Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari biltzen diren agirien berri ematea.

_Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibidei loturik.

_Horrela erabakiz gero manatzen ahal zaizkion lan alorretan, txosten, proposamen, espediente eta mota ezberdinetako lanetan datuak lortzera eta eranstera laguntzea.

_Zerbitzuak horrela behar duenean, Udaleko administrazio zerbitzuei atxikitako administrazio eta menpeko langileen artean lanak banatzea, Udalaren administrazio zerbitzuen arduradunaren jarraibideekin bat.

_Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Txanda murriztuko hautapen probetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea, Donamariako, Labaiengo, Urrozko eta Oizko Udalen Batasunean.

b) Eskatutako titulazioa edukitzea, hau da, Goi Mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako 2. maila edo parekoa, eta administrazio publikoetan edo haien erakunde autonomoetan egiazko 5 zerbitzu urte frogatzea.

Titulazioaren baldintzaren ordez administrazio publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.

c) Administrari laguntzailearen lanpostu baterako izendatu izana.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Hautapen probak gainditzea.

f) Nafarroako Hizkuntz Eskolako 4. ikasturtearen edo ofizialki parekotzat onartutako bertze titulazio baten ziurtagiria edukitzea. Bertzenaz bere euskara maila frogatzeko proba gainditu beharko du.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3. oinarria._Eskabideak

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Oizko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturalean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio.

3.2. Eskabideari 2.1 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direlako egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita lehiaketaldian baloratuko diren agiriak ere.

4. oinarria._Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Oizko alkate udalburuak, Udalen Batasuneko burua baita, ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori Oizko Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, interesatuek hamar egun balioduneko epea izanen dute haren kontrako erreklamazioak aurkezteko.

5. oinarria._Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Alberto San Miguel Mindegia jauna, Oizko Udaleko alkate udalburua eta Udalen Batasuneko burua.

Ordezkoa: Luis Mindegia Mitxeo, Oizko Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: Ricardo Sagaseta Andiarena jauna, Donamariako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Santiago Jorajuria Mitxeltorena, Donamariako Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: María José Larraioz Ariztegi, Urrozko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Ignacio Urroz Grajirena, Urrozko Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Francisco Javier Vertiz Erasun, Labaiengo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Eustasio Bengotxea Urroz, Labaiengo Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: Mikel Belarra Telletxea jauna, Zubietako eta Iturengo Udaletako idazkaria.

Ordezkoa: Manuel Irigoien Prieto jauna, Sunbillako Udaleko idazkaria.

Mahaikide idazkaria: María Paz Fagoaga Iturralde andrea, Donamariako, Oizko, Urrozko eta Labaiengo Udaletako idazkaria.

Ordezkoa: Joaquín Duque Ibarrondo jauna, Doneztebeko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da ez eratu ez aritu, gutienez kideen gehiengoa ez badago.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak laguntzaile eta aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi urratsetan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan adierazten den gisara.

7. oinarria._Lehiaketaldia.

7.1. Alegatutako eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondoko baremoari jarraikiz:

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako Udaletan administrari laguntzaile, funtzionario nahiz lan-kontratudun finko edo gizarte lankidetzan egindako zerbitzu urte bakoitzetik: 0,75 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.

b) Prestakuntza ikastaroak lanpostuari dagozkion gaietan, hala nola informatika, kontabilitatea, artxiboa, euskara teknikoa eta epaimahaiak baloratzeko bertze batzuk, gehienez ere 10 puntu.

20 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzetik: 2 puntu.

20 ordu baino gutiagoko ikastaro bakoitzetik: 1 puntu.

Ikastaro guztien baturak ez du 10 puntu baino gehiago eginen.

7.3. Baremoa interpretatzeko arau orokorrak:

_Ez dira kontuan izanen alegatzen diren bertze zerbitzu batzuen garai berean egindako zerbitzuak.

_Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren ariora emanen zaie puntuazioa izangaiei.

_Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.

Aitzineko ataletako merezimenduak jatorrizko tituluaren edo haien fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira.

Epaimahaiak Oizko Udalaren iragarki oholean emanen ditu lehiaketako puntuazioak.

8. oinarria._Oposizioaldia.

8.1. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

Euskara: deialdi honetako 2. oinarriko c) atalean eskatzen den baldintza frogatzen ez duten oposizio egileendako.

Bi proba izanen ditu: bata idatzizkoa eta bertzea ahozkoa, eta biak nahitaezkoak. Balorazioa Gai edo Ez Gai izanen da.

Ariketa teorikoa.

Deialdi honen II. eranskineko zerrendan dauden gaietatik zozketan ateratzen dena idatziz azaltzea.

Ariketa honengatik gehienez ere 35 puntu bil daitezke, eta gutienez ere 15 puntu eskuratu behar dira gainditzeko.

Ariketa praktikoa.

Bete beharreko lanpostuko alor batez, kasu praktiko bat argitu beharko da.

Ariketa honengatik gehienez ere 35 puntu bil daitezke, eta gutienez ere 15 puntu eskuratu behar dira gainditzeko.

Epaimahaiak erabakiko du ariketek zenbat denbora iraunen duten.

8.2. Buruz buruko elkarrizketa.

Epaimahaiak eginen du, lanpostuarekin ikusteko duten gaien gainean, eta gehienez ere 10 minutu iraunen du. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.

9. oinarria._Gainditzen dutenen zerrenda.

Alegaturiko merezimenduen balorazioa egindakoan eta oposizioko ariketak puntuatu ondoan, epaimahaiak gainditu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

10. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautaketa-prozesua amaitu ondoan, Udalak izendapen proposamenean adierazitako izangaia izendatuko du osoko bilkuran.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaia izendapena jakinarazi eta ondoko 10 egun naturalean jabetuko da lanpostuaz.

10.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetzen ez badira, lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dira. Hala gertatzen bada, hutsunea gainerako oposizio egileekin beteko da, halakorik bada, eta erdietsitako puntuazioaren ordenan.

11. oinarria._Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi osoaren edo oinarrietako baten aurka ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira:

Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Sailari zuzendua, bakoitza bere eskumenen esparruan, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 801 eta 101. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Bertzenaz, aldez aurretik eta nahi bada:

Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo bertzenaz,

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki/ebazpen hau jakinarazi ondoko hilabetean.

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ez da gora jotzeko errekurtsorik paratzen ahal, ezta administrazioarekikoa ere, lehenbizikoa ebatzi edo ustez ezetsi arte.

_Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ez da administrazioarekikoa paratzen ahalko gora jotzekoa espresuki ebatzi edo ustez ezetsi arte.

Oitzen, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita bederatzian. Oizko alkatea, Donamariako, Labaiengo, Urrozko eta Oizko Udalen Batasuneko burua, Alberto San Miguel Mindegia.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionala: ............., jaioteguna: .......(e)ko .......aren .....(e)an, jaioterria: ................... (.......), bizilekua: ................ (.........), karrika: .............. zenbakia: ..........., posta kodea: ........, telefonoa: ..............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Donamariako, Labaiengo, Urrozko eta Oizko Udalen Batasuneko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiko probetara onartua izatea eskatzen dudala.

Errandako deialdiko oinarri guztien berri dudala eta onartzen ditudala.

Horretarako, deialdi horretan eskatzen diren agiri guztien egiaztagiriak aurkezten ditudala.

Horrenbertzez,

Aipatu oposizio-lehiaketako probetan parte hartzera onar nazazun eskatzen dut.

(Tokia, eguna eta sinadura)

OIZKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

1. gaia._Nafarroako Toki Entitateak. Antolaketa eta administrazioa. Administrazio errekurtsoak.

2. gaia._Jarduera sailkatuak. Lege honen xedea. Menpeko jarduerak. Baimenen araubidea. Jarduera lizentzia. Irekitzeko lizentzia. Ikuskapenen eta funtzionamenduaren araubidea. Zehapenen araubidea.

3. gaia._Guztiendako administrazio prozedura eta agirien erregistroa, administrazio espedienteak. Interesatuak, gaztiguak eta jakinarazpenak toki araubidearen araudiaren ariora.

4. gaia._Udal ordenantzak. Kontzeptua. Motak. Onespena, tramitazioa eta aldaketa.

5. gaia._Toki entitateen barne funtzionamendua: alkatea, osoko bilkura, gobernu batzordea eta informazio batzordeak. Eskumenak. Osoko bilkuren eta batzordeen bilkura motak. Bilkuren deialdia egiteko eta erabakiak hartzeko baldintzak.

6. gaia._Hirilurren eta landalurren eta jarduera ekonomikoen erregistroen kudeaketa eta mantentze lanak.

Oharrak: Gaiak eta kontzeptuak honela emanik, epigrafe orokorren bidez, ezagupenak libreki eta modu irekian sistematizatu eta antola daitezke. Izangaien lanetan, epaimahaiak baloratuko du alderdi garrantzitsuenen hautapena, bai eta edukien eskematizazioa eta egiturapena ere, betiere udal ikuspegitik eta lanpostuaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuz.

Oitzen, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita bederatzian. Oizko alkatea, Donamariako, Labaiengo, Urrozko eta Oizko Udalen Batasuneko burua, Alberto San Miguel Mindegia.

Eginbidea: nik, idazkaria naizen honek, paratu dut, Donamariako, Labaiengo, Urrozko eta Oizko Udalen Batasunak oinarri hauek 2003eko apirilaren 29an onetsi dituela jasorik geldi dadin, eta horretarako orrialde bakoitzean nire sinadura paratuz ziurtatuak gelditzen dira. Neure fedea ematen dut.

Oitzen, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita bederatzian. Idazkaria, María Paz Fagoaga Iturralde.

Iragarkiaren kodea: A0304909