73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

179/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 28koa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetan, 2003-2004 ikasturtean, kide bakarreko gobernu organoen izendapena luzatzeko eta organo horiek hautatu eta izendatzeko arauak onesten dituena.

Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du eta bertan proposatu ditu araubide orokorreko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan kide bakarreko gobernu organoen izendapena luzatu eta organo horiek izendatzeko arau bereziak.

Hezkuntzaren Kalitateari buruzko abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoak lehenbiziko xedapen iragankorreko 2. puntuan ezartzen duenaren arabera, hezkuntzako administrazioek gehienez ere urtebetez luzatzen ahal dute ikastetxe publikoetako zuzendarien eta zuzendaritza taldeko gainerako kideen agintaldia, horren bukaera izaten bada lege honek indarra hartzen duen urte naturalean.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatietan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetan, 2003-2004 ikasturtean, kide bakarreko gobernu organoen izendapena luzatzeko eta organo horiek hautatu eta izendatzeko arau bereziak ezartzea.

2. Zuzendariaren eta kide bakarreko gainerako gobernu organoen izendapena luzatzea eta organo horietarako izendatzea.

2.1. Zuzendarien eta kide bakarreko gainerako gobernu organoen izendapena luzatuko da, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

_Eskola Kontseiluak ikastetxean kide bakarreko gobernu organoak hautatzeko azkenik egindako deialdian hautatu diren zuzendariak, beren agintaldia ikasturte honetan bukatzen bada.

_Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 29. artikuluan eta otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 29.1,2 eta 4 artikuluan ezarritako arrazoiak direla eta, Administrazioak izendatutako zuzendariak, beren agintaldia ikasturte honetan bukatzen bada.

2.2. Zuzendaria izendatuko da, otsailaren 10eko 24/1997 eta 25/1997 Foru Dekretuen 31. artikuluan ageri diren arrazoiengatik egungo zuzendariek kargua uzten duten ikastetxeetan.

2.3. Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 29.3 artikuluan ezarri kasuetakoren batean dauden ikastetxe publikoetan, Administrazioak ikastetxeko arduradun bat izendatuko du.

3. Agintaldiaren iraupena.

Zuzendariaren eta gainerako gobernu organoen luzapenak edo organo horietarako izendapenak, Ebazpen honen arabera, aurreko zuzendaritza taldearen agintaldia bukatu eta biharamunean hasiko da.

Foru agindu honetan azaldutako prozesuaren ondorioz ateratzen diren zuzendaritza taldeek 2004ko ekainaren 30ean edo 2004ko abuztuaren 31n bukatuko dute agintaldia, kasu bakoitzean dagokionaren arabera.

4. Izendapen proposamena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zuzendarien eta zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapena luzatuko du eta kargu horietarako izendapena eginen, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak proposatu eta gero.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Irakasleentzako Laguntza Zentroetan urtebetez luzatuko da ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuak indarra hartu baino lehen izendatu ziren zuzendarien kargua, beren agintaldia ikasturte honetan bukatzen bada. Aipatu dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzaren Sarea sortzea eta haren egitura eta antolaketa arautzen du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Hezkuntza zuzendari nagusiak behar diren jarraibideak emanen ditu foru agindu honetan xedatutakoa aplika dadin.

Bigarrena._Foru agindu hau igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita zortzian._Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0304661