73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

227/2003 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.7 artikuluan aipatzen den Interesen Erregistro Berezia sortzen duena Nafarroako Foru Komunitaterako.

Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.7 artikuluak ezartzen du toki korporazioetako kide guztiek bateraezin gerta dakizkiekeen egoera guztien aitorpena egin beharko dutela, hala nola diru-sarrrerak ekartzen dizkieten edo ekar diezazkieten jarduera guztien aitorpena eta dituzten ondare-ondasunena. Aitorpen horiek tokian-tokian sortu behar diren Interesen Erregistroetan inskribatu beharko dira.

Udaletan demokrazia eta zinegotzien segurtasuna bermatzeko martxoaren 10eko 1/2003 Lege Organikoak agindu hori aldatu du. Horren ondorioz, dagokien kargua dela kausa, haiek beraiek, beren ondasun edo negozioak, beren familiarteko, bazkide edo enplegatuak edo beraiekin nolabaiteko harreman ekonomiko edo profesionala duten pertsonak mehatxatuta daudela uste duten toki korporazioetako kideek zilegi izanen dute interesen aitorpen horiek probintziako diputazioko idazkariaren aurrean edo dagokion autonomi erkidegoan eskumena duen organoaren aurrean egitea. Aitorpenak erakunde horietan eratuko diren Interesen Erregistro Berezietan inskribatuko dira.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 75.7 artikulua garatzeko emandako arauak deusetan galarazi gabe, bidezkoa da bertan aipatzen den Interesen Erregistro Berezia berandu gabe sortzea, zinegotzien segurtasunari begira Korte Nagusiek hartu dituzten neurriak eragingarriak izan daitezen.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta Administrazioaren araubide juridikoari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki Araubideko Oinarriak auratzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.7 artikuluan aipatzen den Interesen Erregistro Berezia sortzea Nafarroako Foru Komunitaterako eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Idazkaritza Teknikoari atxikitzea.

2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren hamarrean._Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0306024