73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

52/2003 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Osasun kontseilariak emana, Osasun Zientzietako prestakuntzarako laguntzak profesionalei emateko 2003ko deialdia onesten duena.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen baitu (1997ko ekainaren 20ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), bidezkoa da 2003ko deialdia egitea Osasun Zientzietako prestakuntzarako laguntzak profesionalei emateko.

2002ko deialdiaren ondoren Osasun Zientzietako prestakuntzako jarduerak egiteko dirulaguntzak ematea da deialdi honen xedea. Honako hauek izanen dira laguntzak: prestakuntzako bekak, bidaia-poltsak eta Osasun Zientzietara aplikatutako hizkera teknikoak ikasteko laguntzak.

Deialdi honek bide ematen du interesa duten pertsona guztiak berdintasunez sar daitezen, eta aldi berean bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboen arabera banatuko direla. Bestalde, Nafarroako Osasun Sistemako profesionalen premiak eta ezagupenak eguneratu eta trukatzeko eskaeren arabera ezarriko da irizpide horien lehentasuna, eta baita haien ikerketa-gaitasuna indartzeko komenentziaren arabera ere.

Horrenbestez, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak esleitu dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2002ko deialdia itxi ondoren hasiera eman zitzaien Osasun Zientzietako prestakuntzako jarduerak egiteko eta 2003an hasten direnetarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Laguntzen xedea.

Honako laguntza-mota hauek bereizten dira, zertarako diren kontuan hartuz:

1) Prestakuntza ikastaroak.

Osorik edo partez berdindu nahi dituzte beheko modalitateetakoren batean sartutako jarduerek sortutako gastuak:

A modalitatea._Hilabeteko edo hortik gorako egonaldiak, izen handiko erakunde edo entitate, nazional nahiz atzerrikoetan, teknologia berrietan trebatzen, Nafarroan kokaturiko zentro edo erakundeen proiektuen ikerketa-ildoetan elkarlanean aritzeko, edo egoitza-aldian osasun-prestakuntza espezializatuaren programa osatzeko.

B modalitatea._Eskatzaileak lan egiten duen lanarekin lotura duten gaietan eguneratzeko ikastaroak eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat baliagarritzat jotzen direnak egitea; prestakuntza-aldia gutxienez hilabetekoa izanen da. Ez da laguntzarik emanen graduondoko titulu edo ziurtagiriak lortzeko, ez entitate publikoek ez pribatuek luzatzen dituztenetakoak, baldin eta espezializazio-ikastaroei dagozkienak badira (master, aditu edo gisakoak) edo haien bidez lanbidean aritzeko gaitasun ofiziala lortzen ahal bada.

C modalitatea._Hilabetetik sei hilabete bitarteko egonaldiak, ezagupenak trukatu eta eguneratzeko, garapen bidean diren herrialdeetako osasungintzako profesionalentzat, Osasun Departamentuko zentro edo unitateetan.

2) Bidaia-poltsak.

Osorik edo partez berdindu nahi dituzte beheko modalitateetakoren batean sartutako jarduerek sortutako gastuak:

D modalitatea._Hilabeteko egonaldiak, jardunbide nagusiari dagokionez eskatzaileak lan egiten duen zentro edo erakundeko jardunbidearekin bat datozen erakundeetan, egonaldian osasun-prestakuntza espezializatuko programa betetzeak sortzen dituenak barne.

E Modalitatea._Hilabete baino gutxiagoko ikastaroak, eskatzaileak egiten duen lanarekin zerikusia dutenak eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat baliagarritzat jotzen direnak.

F modalitatea._Eskatzaileak ekarpen zientifikoen bidez parte hartuko duen biltzar eta bilera zientifikoetara agertzea.

3) Hizkera teknikoak ikasteko laguntzak.

G modalitatea._Ikastegi baimenduetan hizkera teknikoak (ingelesa, frantsesa eta alemana) menperatzeko ikastaroak egiteak sortzen dituen gastuak partez ordaintzeko dira, ikasitakoa gero Osasun Zientzietan aplikatzeko. Laguntza foru agindu honetako 9.2. atalean aipatutako mailetako bakar bati dagokio.

3. Eskatzaileak.

Deialdi honek aipatzen dituen laguntzak eskatzen ahal dituzte Foru Komunitaean kokaturiko zentro edo erakundeetan, publiko nahiz pribatuetan, bere zerbitzuak ematen dituzten pertsonek; pribatuetakoei, hala ere, eskatuko zaie zentro horiek Osasun Departamentuarekin edo haren erakunde autonomoekin itunak edo lankidetza-hitzarmenak sinatuak izatea.

Halaber, bidaia-poltsetarako laguntzak eskatzen ahal dituzte kontratu iraunkorra duten profesionalek nahiz Osasun Departamentuak ikerketa-proiektuetan finantzatutako bekadunek, eta Osasun Zientzietako Ikertzaileak Sustatzeko Laguntzetarako (APICS) programan sarturiko bekadunek, diharduten proiektuekin zerikusia duten jardueretarako.

C modalitatean, nahitaezkoa da eskatzaileak garapen bidean diren herrialdeetako osasun zentro edo erakundeetan ikasten aritzea eta Osasun eta Kontsumo MInisterioak arlo horretan ezarritako beharkizunak betetzea.

4. Eskaerak.

Eskabideak agiri hauek bilduko ditu: 1 (Interesatuaren eskabidea), 2 (Eskatutako prestakuntza-jardueraren oinarri eta helburuak ), 3 (Zentro edo Erakundeko zuzendariaren ziurtagiria, bertan jasoko dituena eskatzaileak zentroari buruz duen egoera administratiboa, lanpostuan duen antzinatasuna eta, jarduerak hala eskatzen badu, lekualdaketarako baimena), 4 (G modalitatean izan ezik, txosten arrazoitua, zeinean bermatuko baita prestakuntza-jarduerak lanpostuarekiko egokitasuna eta Zentrorako duen interesa, Irakaskuntza-batzordeak emana, edo, halako batzorderik ez bada, Zentroko Zuzendaritzak), 5 (Aurrekontu xehekatua) eta 6 (Eskatzailearen N.A.N.aren fotokopia).

Gainera, modalitateen arabera, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

A, C eta D modalitateak:

_Curriculum vitae laburtua, eskatzen den egonaldirako alderdi interesgarrienak jasoko dituena.

_Egonaldian egin beharreko jardueren programa xehea.

_Zentro hartzaile hori (paretsukoen artean) hautatzeko izan diren arrazioak.

_Egonaldia eginen den entitate hartzailearen adostasun-agiria.

_Osasun-prestakuntza espezializatuko programetako egonaldien kasuan, Irakaskuntza-batzordearen baimena eta Osasun eta Kontsumo Ministerioari egindako jakinarazpenaren kopia.

B, E eta G modalitateak:

_Ikastaroaren programa

_Izen-emate edo matrikularen eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiria.

F Modalitatea:

_Jardueraren programa ofiziala:

_Izen-emate edo matrikularen eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiria.

_Ekarpen zientifikoaren testu-laburpena.

_Ekarpen zientifikoaren onarpen espresua.

Dokumentazio normalizatua eskuratzen ahal da Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian (Amaia kalea, 2-A, Iruña), Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta Interneten (www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion).

2. Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzeak deialdia bera arautuko duten oinarri guztiak onartzea ekarriko du.

3. Aurkeztutako datuak osorik egiazkoak ez izateak edo horiek faltsutzeak zehapena ekar diezaieke eskatzaileei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

5. Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 2003ko irailaren 30a bitarte aurkeztu beharko dira, jarduera hasi baino lehen betiere, honako kasu hauetan izan ezik:

_Jarduerak 2002ko deialdia itxi ondoren eta foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu aurretik hasi direnean, kasu horretan zilegi baita 2003ko uztailaren 31 arte aurkeztea.

2. Eskaerak aipatu baldintzak betetzen ez baditu, Irakaskuntza Atalak interesatuari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

3. Irakaskuntza Atalak zilegi izanen du, ofizioz, deialdi honetako 1., 3. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoa betetzen ez duten eskabideak baztertzea. Horrela erabakiz gero, interesatuei jakinaraziko die, eta horiek erreklamatzen ahal dute Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.

6. Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Eskabideak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan (Nafarroako Ospitaleko Irakaskuntza Pabiloian) aurkeztuko dira. Halaber, ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (abuztuaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 95. zenbakia) nahiz Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

7. Batzorde teknikoa.

1. Eskaerak aztertu, baloratu eta laguntzak emateko proposamena egiteko Batzorde Tekniko bat osatuko da, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak izendatuta. Batzordea laguntzen kudeaketarekin loturiko hiru pertsonak eta Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzordeetako lauk osatuko dute.

2. Esleitzen zaizkion eginkizunak aurrera eramateko, Batzorde Teknikoak jardueraren inguruan nahi beste egiaztapen egiten ahal ditu eta horri buruzko dokumentazioa aztertzeko bidea izanen du.

3. Batzordeak emandako proposamena lotzailea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitakoari jarraikiz.

8. Laguntzak emateko irizpideak.

Laguntzak emateko, kontuan hartuko dira ondoko irizpideak:

_Nafarroako Osasun Sistemako profesionalen partehartzea bultzatzea beren lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza-jardueretan, osasun-zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

_Prestakuntza-aukerak Nafarroako Osasun Sistemako ahalik eta profesional, zentro, erakunde eta zerbitzu gehienei zabaltzea.

_Kalitatezko prestakuntza jarraituko jarduerak bultzatzea.

_Ikerketa eta prestakuntza jarraituko taldeak sortu eta mantentzeari bultzada ematea.

_Lehentasuna ematea eskatzaileak Nafarroako Osasun Sisteman lanpostua jabetzan izateari eta hark duen antzinatasunari, aurreko irizpideak aski ez direnean.

_Osasun-prestakuntza espezializatuko prestakuntza-programak gauzatzeko bidea erraztea.

9. Mugak.

1. Bilkura, biltzar eta gisakoetan ekarpen zientifikoa egiten duen pertsonari baizik ez zaio emanen F modalitateko bidaia-poltsa, edo, argi ez badago, lanaren lehen sinatzaileari, zuzeneko partehartzea frogatzen badu.

2. Hizkera teknikoetako ikastaroetarako laguntzak (G modalitatea) Oinarrizko edo Funtsezko, Bitarteko edo Aurreratu mailetarako bakarrik izanen dira, eta kanpo geratzen dira Hasberri eta Trebakuntza mailak.

3. Egonaldia Nafarroatik kanpo egiten denean baizik ez dira emanen Osasun-prestakuntza espezializatuko programatik sortutako egonaldietarako laguntzak.

10. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Izen-emate edo matrikulazioak, joan-etorriak, ostatu eta mantenuak sortutako gastuak osorik edo partez berdintzeko da dirulaguntza, Irakaskuntza Atalak, erabiltzeko daukan dirua kontuan hartuz, ezartzen dituen irizpide ekonomikoen arabera kalkulaturik.

Hizkera teknikoak ikasteko laguntzen kasuan (G modalitatea), irakaskuntza-tarifek sortzen dituzten gastuen % 50eraino iritsiko da laguntza, eta inola ere ez da izanen 360 euro baino gehiago.

Emandako dirulaguntza onuradunak jaso dezakeen diru-kopururik handiena izanen da.

11. Dirulaguntzak nola emanen diren

1. Laguntzak Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Batzorde Teknikoaren proposamenari jarraikiz.

2. Urte anitzeko laguntzak badira, dirulaguntza emateko ebazpenean finkatuko da 2004. urteari dagokion zenbatekoa eta, betiere, aurrekontuan nahiko diru egotea izanen da hura emateko baldintza.

3. Eskaerak aurkezten direnetik sei hilabete igarotzen badira ebazpen espresurik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertu behar da.

4. Ebazpenaren jakinarazpena banan-banan eginen zaie interesatu guztiei, nahiz eta onartu eta baztertutako laguntzen zerrenda osoa Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuaren iragarki-oholean jartzen ahal den.

12. Laguntzen ordainketa eta likidazioa.

1. 2003ko aurrekontuaren kargura Prestakuntzarako Beka kontzeptuan emandako laguntzaren ordainketa osorik aurreratuko da, jardueraren hasieraren behin betiko datak berretsitakoan. 2004ko gastuen aurrekontuaren kargura emandako zenbatekoa Nafarroako 2004ko Aurrekontu Orokorrek indarra hartzean ordainduko da.

2. Emandako laguntzak justifikatzeko, prestakuntza-beken onuradunak behartuak dira Irakaskuntza Atalera bidaltzera, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, txosten-laburpen bat, gehienez ere 10 orrikoa, eta jarduera burutu dela frogatzen duen ziurtagiria, bai eta gastuen justifikazioa eta laguntzari aplikatzeko moduko gaustuen zerrenda xehekatua, eurotan.

A eta C modalitateetako dirulaguntzetan, onuradun bakoitzari onartutako laguntzak bi atal hartzen ditu: Benetan egindako lekualdaketari buruzkoa hurrengo puntuan, bosgarrenean, jasotzen diren irizpideen arabera likidatuko da. Egonaldiari dagokion dirulaguntzaren likidazioa ordaindu aurretik, haren iraupena frogatu behar da, eta ez da inolako gasturen justifikaziorik aurkeztu behar, onartutako zenbatekoa berdina baita onuradun guztientzat, eta ezarritako irizpide ekonomikoek baizik ez baitute hor agintzen.

3. Bidaia-poltsetarako laguntzen kasuan, ordainketa eta likidazioa egin aurretik, Irakaskuntza Atalean aurkeztu behar da jarduera egin izanaren frogagiria, hala nola gastuen justifikazioa eta laguntzarako onartuak diren gastuen zerrenda xehekatua eurotan.

4. Hizkera teknikoak ikasteko laguntzen kasuan, ordainketa eta likidazioa egin aurretik nahitaezkoa da ikastaroaren aprobetxamendu-ziurtagiria aurkeztea, ikastaroa egin den hizkuntza-zentroak luzatua, eta bertan ziurtatu behar du ikasleak gainditu duela matrikularen xede zen maila.

5. Kasu guztietan, jatorrizko fakturaz frogatu behar dira matrikulazio edo izen-emate, ostatu, mantenu eta joan-etorriei dagozkien gastuak, salbu eta ibilgailu partikularrez egiten badira; izan ere, kasu horretan onuradunak adierazpen bat sinatu behar du eta bertan jaso joan-etorrian erabilitako ibilgailuaren matrikula, likidatzerakoan kilometroak Nafarroako Gobernuak ezarriak dituen arauei jarraikiz kontatzeko.

6. Ordainketa Irakaskuntza Atalak proposaturik eginen da, ezarritako baldintzak bete ondoren.

7. Dena dela, dokumentazio frogagarria Irakaskuntza Atalean aurkezteko epea, gehienez ere, 2003ko abendauren 15ean itxiko da.

13. Konpromiso osagarriak:

1. Laguntzen onuradunei Zentroko Zuzendaritzak eskatzen ahal die beren ezagupenak beste profesional batzuei azaltzeko.

2. Jardueran eskuratzen den dokumentazioa onuradunak bere zerbitzuak ematen dituen zentroaren esku geldituko da.

14. Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita atzerapen-korrituak ere, dirulaguntza ordaintzen denetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuak bere esku du jardueran aldaketak egiteko baimena ematea, onuradunak hala eskaturik, betiere ez badira funtsean aldatzen laguntza jaso duen jardueraren baldintzak.

15. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira gainerako era guztietako dirulaguntzekin. Dena dela, proiektu edo programa bererako erakunde edo entitateetatik biltzen diren dirulaguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu haren kostu osoa.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu Irakaskuntza Atalari jakinarazi beharko dio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8. artikuluko 2.d) idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz.

16. Laguntzen finantzaketa.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak finantzatuko dira 2003ra luzatutako 2002ko Aurrekontu Orokorretako "Bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak" izeneko 512001 51310 4809 413100 kontusailaren kargura, bai eta 2004ko Gastuen Aurrekontuan dagokion kontusailaren kargura ere; azken kasu horretan, gehieneko zenbatekoa 2003ko ekitaldirako dagoena bera izanen da.

2. Urte anitzeko jarduerak badira, zilegi izanen da hurrengo ekitaldietan ere gastuak finantzatzeko konpromisoa hartzea, 2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

17. Aplikatu beharreko beste arau batzuk.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen eremuan aplikatuko da. Lege horrek arautu eta osatzen du deialdi honen edukia.

18. Helegiteak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka bidezko izanen da gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, honako hau argitara eman eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutakoak, 114. eta 115 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

19. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren bederatzian._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: C3137507