73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O T E I T Z A

Herri larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza hasiera batean onetsirik

Udalak 2003ko apirilaren 28ko osoko bilkuran erabakirik, behin betikoz onetsi da, erregelamenduaren arabera jendaurrean egon ondoan, Herri larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hona hemen:

Oteitzan, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita hamarrean. Alkatea, Diego Latasa Igúzquiza.

OTEITZAKO UDALAREN HERRI LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Oteitzako udal mugapeko herri larreen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herrilurretako ondasunek ez dute aldaketarik izanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

3. art. Herrilurretako aprobetxamenduen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

4. art. Herri larreen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Oteitzako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako aprobetxamenduen inguruan Oteitzako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

III. TITULUA

Herri larreen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. art. Oteitzako Udala herri larreen ekoizpena abian jartzera, hobetzera eta egoki aprobetxatzera ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

6. art. 1. Orokorrean, Oteitzako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adinez ttiki burujabea edo judizialki gaitua.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Herrian urtean bederen bederatzi hilabetez eta jarraian bizi izatea.

d) Udalerri honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

6. art. 2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate burujabetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

II. KAPITULUA

Herri larreen aprobetxamendua

7. art. Udaleko herri larreek ustiapen unitatea osatzen dute bertze finka partikularrekin batera, antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenari jarraikiz, eta bazkatoki hauetan banatzen da:

a) Zamaka eta Lauzola, 9.932 erregu.

b) Baltsaberria eta Florin, 9.640 erregu.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri, 7.425 erregu.

8. art. Esleipen hartzaileek beren azienda aterpetzeko, lote bakoitzean, eskorta hauek erabiliko dituzte:

a) Zamaka eta Lauzola: Corral de Garos.

b) Baltsaberria eta Florin: Corral de Ingarisún.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: Corral de la Villa edo Maurete eta Corral de García.

Eskorta horietan egin behar diren konponketa tikiak esleipen hartzailearen kontura izanen dira. Kontratua amaiturik, esleipen hartzaileek egoera ezin hoberan utzi beharko dituzte eta horretarako behar diren konponketa guztiak egin beharko dituzte, beren kontura egin ere .

9. art. Bazkatokien esleipen hartzaileek ez diote Udalari kalte ordainik eskatzen ahal, diren idoiak, iturriak edo askak agortzen badira, beren kontura baita beren azienda urez hornitzea. Hala ere, bazkatokiren batek urik badu, Udalak pasabidea emanen die urik ez duten bazkatokien onuradunei, inolako erreklamaziorik egiteko aukerarik gabe.

10. art. Bazkatokietan suterik pizten bada eta horrek larreak osoki edo partez deusetarako ez direla uzten baditu, ukitutako abeltzainak ez du eskubiderik izanen Udalari inolako dirurik eskatzeko, ez baitu inola ere bere gain hartuko hark izan ditzakeen kalteak. Aitzitik, abeltzainak osorik ordaindu beharko du errenta-saria, baita kontratuaren betebehar guztiak bete ere, kalteen eragileari edo eragileei erantzukizunak eskatzeko bidea izanen bada ere.

11. art. Oteitzako Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrei zuzenean esleituz.

b) Antzinako ohituraren bidez.

c) Enkante publikoan esleituz.

12. art. Ordenantza honen 6.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herri larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan inskribaturik eduki beharko dituzte eta inskripzio horrek ustiapen liburuan jasota egon beharko du. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, duen aziendari dagokion jardueran aritzeko.

13. art. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

14. art. Esleipen epea zortzi urte da, 2003ko irailaren 30etik 2011ko irailaren 29ra.

Erabilpen aldia bakarrik uztailaren 1etik urtarrilaren 31 arte izanen da urtero, eta debekaturik egonen da urtearen gainerakoan azienda larrera botatzea, udal mugapearen ezaugarri bereziak direla-eta, izan ere neguaren puska batean eta udaberrian labore ereinaz estalirik dago ia-ia bere osoan. Bertze alde batetik, artaldeen mantenurako lur aski ez dagoenez, abeltzainak beharturik daude azienda lur landu gabeetara, erretenetara eta landa-bideetara botatzera, eta horrek kalte ekologiko handiak sorrarazten ditu, lurra higatzen duelako eta oihanaren biziberritzea galarazten duelako, eta ezpondak eta erretenak desagerrarazten dituelako lurrak lerratu eta metatuta.

15. art. Oteitzako Udalak honela jotzen du herrilurretako bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua:

a) Zamaka eta Lauzola. 1.000 ardi.

b) Baltsaberria eta Florin: 1.000 ardi.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: 800 ardi.

16. art. Zenbat azienda hartzeko bakoitzaren gaitasuna eta larreen kalitatea kontuan harturik, Oteitzako Udalak, bazkatoki loteak aprobetxatzeko, honelako sariak finkatu ditu:

a) Zamaka eta Lauzola: 4.500 euro.

b) Baltsaberria eta Florin: 4.300 euro.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: 3.200 euro.

17. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuaren gorakadari egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak kontuan hartuz (saltzeko ardi buruaren KPI).

18. art. Urte bakoitzari dagokion sariaren zenbatekoa errentamenduaren urte bakoitzeko otsailaren 28an ordainduko da.

19. art. Fidantza. Esleipen hartzaileek Udala asebetetzeko bezainbateko fidantza pertsonala ordaindu beharko dute, hamar egunean behin betiko esleipenaren egunetik aitzina.

20. art. Herri larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

21. art. Prozedura. Oteitzako Udalak aldez aurretik erabakia hartuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, Herriko Etxeko iragarki oholean ediktua aitzinetik paratuta.

22. art. Udalak behin-behinekoz esleituko ditu lurrak, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:

a) Lehentasuna emanen zaio egoera ekonomikorik urriena duen famili unitateari.

b) Bazkalekuek hartzen ahal duten azienda kargaren arabera esleituko dira, azienda kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaio, guztien azienda kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, lur-saria azienda buruko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkatoki esleitzen ahal zaizkio, betiere azienda aski baditu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

23. art. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

24. art. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira zortzi urterako, egungo arautegia eta baldintza hauetarik aplikagarriak direnak betez.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

25. art. Honako hauek arau-hauste administratiboak dira:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Esleipenetan epeak ez errespetatzea.

d) Herri larreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

e) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

f) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

g) Azienda Oteitzako hirigunean barna ibiltzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

26. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b) eta d) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak deusetan ukatu gabe.

_c) arau-haustearengatik, herrilurren edo herri larreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutienez halako bortz eta gehienez halako hamar ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehazten ahal ez bada, hiruretan hogeitik mila eta berrehun euro bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: A0304695