73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

FORU AGINDUA, 2003ko maiatzaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretua garatzen duena. Dekretu horrek liburu genealogikoen araubide juridikoa, hazleen elkarteak eta arrazen ezaugarri zooteknikoak arautzen ditu zaldi arrazen arloan.

Nafarroako Foru Komunitatean bertako bi zaldi arraza daude ofizialki onartuta: Nafarroako zaldikoa eta Aurizko zaldia, desagertzeko arriskuan biak ere.

2001eko uztailaren 11ko Foru Aginduak "Asociación de Criadores de Jaca Navarra (JACANA)" elkarteari liburu genealogikoaren kudeatzailea dela aitortzen dio eta horri buruzko berariazko arautegia onesten du.

Era berean, 1999ko apirilaren 26ko Foru Aginduak "Asociación de Criadores de Ganado Equino Burguete de Navarra (ASCANA)" elkarteari liburu genealogikoaren kudeatzailea dela aitortzen dio eta liburu genealogiko horri buruzko berariazko arautegia ere onesten du.

Zaldi arrazen arloko liburu genealogikoen araubide juridikoa, hazleen elkarteak eta arrazen ezaugarri zooteknikoak arautzen dituen urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretua argitaratzearen xedea da arraza garbiko ekidoen eta ekido erregistratuen baldintza zootekniko eta genealogikoak ezartzea.

Dekretu horretan ageri da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eskumena dela estatu osoko zaldi arraza garbiak kontrolatzea. Bestalde, autonomia erkidegoei dagokie erkidegoetako zaldi arraza garbien zerrenda eta garbitasun irizpideak ezartzea.

Hala ere, aipatu Errege Dekretuak ez du zehazten zein erakunderi dagokion arraza gurutzatuko zaldi-aziendako abereen ebaluazioa eta kontrola egitea. Abere horiek geroz eta gehiago dira josteta jardueretan, eta gurutzatzearen kontrol genealogikoa egiteak beste balio bat eransten ahal die.

Horiek horrela, komenigarria da 1133/2002 Errege Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateari dagokion esparruan, aplikatu eta garatzeko araudia ezartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretuan ezarritakoaren ondorioetarako, "Aurizko zaldia" eta "Nafarroako zaldikoa" dira zaldi arraza garbiak Nafarroako Foru Komunitatean.

2. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua izanen da, Abeltzaintza Zerbitzuaren bidez, urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko ardura bere gain hartuko duen erakunde ofiziala.

3. artikulua. "Aurizko zaldia" arrazaren liburu genealogikoa kudeatzea "Asociación de Criadores de Ganado Equino Burguete de Navarra (ASCANA)" elkarteari dagokio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko apirilaren 26an emandako Foru Aginduaren arabera; hala ere, urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio, dekretuak eskatzen duen orotan.

4. artikulua. "Nafarroako zaldikoa" arrazaren liburu genealogikoa kudeatzea "Asociación de Criadores de raza equina Jaca Navarra (JACANA)" elkarteari dagokio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko uztailaren 11n emandako Foru Aginduaren arabera; hala ere, urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio, dekretuak eskatzen duen orotan.

5. artikulua. "Asociación de Criadores de Ganado Equino Burguete de Navarra (ASCANA)" eta "Asociación de Criadores de raza equina Jaca Navarra (JACANA)" elkarteak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren entitate laguntzailetzat joko dira liburu genealogikoak kudeatzeko lanetan, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren mende egonen dira.

6. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onartutako zaldi-aziendako elkarteek Abeltzaintza Zerbitzura igorri beharko dute, urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen, beren erregistroetan inskribatutako abere bizi ar eta emeen zentsuari buruzko txostena, bai eta arraza kontserbatzeko eta, hala denean, hobekuntza genetikoa lortzeko planetan izaten dituzten aurrerapenei buruzko memoria ere.

7. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, onartutako edo onartzen diren arrazen ikuskatzaile tekniko bat izendatuko du. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8. artikulua. Abeltzaintzako Institutu Tekniko eta Kudeaketakoa (ITG Abeltzaintza) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarekin batera aritzen ahalko da Nafarroako zaldikoa eta Aurizko zaldia arrazen liburu genealogikoen kontrol teknikoak eta gainberatze lana egiten, urriaren 31ko 1133/2002 Errege Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarrian ezarritako eginkizunen arabera.

9. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak "Fondo de Explotación del Servicio de Cría Caballar y Remonta" erakunde autonomoaren gain uzten ahal du, Nafarroan duen Delegazioaren bitartez, gurutzatutako abereak ezagutu eta baloratzeko kudeaketa lana, garañoen estaltze toki partikularrei buruzko behin-behineko erregelamenduan aurreikusitakoari jarraikiz; halaber, gurutzatutako abereen frogagiri genealogikoak ematea.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren bostean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3132409