73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E I T Z A

Deialdia, Leitzako Udaleko kontu hartzaile-diruzain lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta bitarteko moduan, betetzeko

Leitzako Udalak, 2003ko apirilaren 25ean egindako osoko bilkuran, Leitzako Udaleko kontuhartzaile lanpostua bitarteko gisa betetzeko oposizio-lehiaketaren oinarriak onartu zituen.

OINARRIAK

Lehenengo oinarria._ Arau orokorrak.

1.1 Leitzako Udalaren zerbitzuan kontu hartzaile-diruzain lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta bitarteko moduan, betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Kontratua administratiboa izanen da eta urte bat iraunen du, nahiz eta luzatzen ahal den urtebeteko hurrnez hurreneko epeetan, gehienez ere lanpostua jabetzan bete arte. Hartara, izendapenak Leitzako Udalaren zerbitzuko aldi baterako administrazio-kontratudun bilakatuko du hautatua.

1.3. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da eta organo eskudunek edozein momentutan aldatu ahal izanen dute.

1.5. Aukeratutako hautagaiak, kontu hartzailearen eginkizunez gain, Diruzaintzari dagozkionak eta Arlo Ekonomikoaren arduradunari dagozkion eginkizunak beteko ditu; bertzeak bertze honako hauek:

_Barne kontrola eta fiskalizazioa.

_Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitate arloko aholkularitza eta kudeaketa; txostenak, aurrekontu proiektuak, ordenantzen gaineko azterlanak eta zerbitzu berrien egokitasunari eta haien ondorio ekonomiko-finantzarioen ebaluazioari buruzkoak.

_Udal-kontabilitatea eraman eta horren garapen materiala egitea, aurrekontuko nahiz aurrekontuz kanpoko gastuak eta dirusarrerak egiteko aginduak ematea barne direlarik.

_Kontabilitate arloko eginkizunak, kontu orokorren prestakuntza eta aurrekontuaren likidazioa.

_Diruzaintza planak egitea, sail horri agintzen zaizkion kobrantzak eta ordainketak bere gain hartuz, baita toki entitatearen fondoak, baloreak eta efektuak erabiltzea eta hauen zainketa ere.

_Kontratazioak kudeatzea eta horietatik heldu diren betebehar fiskalak eta sozialak betetzea.

_Dirubilketa zerbitzuen buruzagitza.

_6/1990 Foru Legearen 294. artikuluan aurreikusten direnak ere.

_Etorkizunean lanpostu honen titularrari emandako ahal zaizkionak, eta ekonomia eta finantzatan Alkateak edo Udalbatzak eskatzen dizkionak.

1.6. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin serenad osatuko da, Leitzako Udalak aldi baterako langileak kontratatzeko erabili ahal izanen du, beti ere puntuazio ordenari lotuz.

Bigarren oinarria._Izangaien beharkizunak.

2.1. Lanpostu honetara aurkeztuko direnek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean ondoan aipatzen diren baldintzak bete behar dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta nazionalitate espainiarra edukitzea.

b) 6/1990 Foru Legearen 251.2.b) artikuluak ezartzen duena betez, Ekonomi edo Enpresa Zientzietako Diplomatuaren titulua edukitzea edo Zuzenbidekoarena.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izana.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoa izatea.

e) Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidearen jabe izatea edo bertzenaz, izangaiak hizkuntza maila, ahoz eta idatziz, aski duen egiaztatzeko proba gainditu beharko du.

2.2. Aitzineko baldintzak zortzigarren oinarrian aurreikusten diren epean eta moduan egiaztatu behar ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar ditu.

Hirugarren oinarria._Eskabideak.

3.1. Probetan parte hartu ahal izateko eskabideak Leitzako Udaletxeko Erregistroan aurkeztu behar dira edo Administrazio prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 legearen 38.4 artikuluan aipatu bideetako edozein erabiliz, deialdi honetako IV. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hogeita hamar eguneko epean.

3.2. Deialdi honetako eskabideekin batera lehiaketaldian baloratu behar diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Agiri hauek jatorrizkoak nahiz fotokopia konpultsatuak izanen dira. Aipatu dokumentazioa deialdi honetako eskabideetarako ezarri diren epe eta eran aurkezten ez bada, ez dira merezimenduak baloratuko.

3.3. Luzaezina da eskabideak aurkezteko epea.

Laugarren oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuta, alkate udalburuak onartu eta, halakorik bada, baztertuen zerrenda argitaratuko du ebazpen baten bitartez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

4.2. Bazterturik baldin bada, berriz, zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar eguneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta beren eskabideetan akatsik izan baldin bada, horiek zuzentzeko aukera izanen dute.

4.3. Aipatu epea bukatuta eta erreklamaziorik izan bada, horiek ebatzita, Alkatetzaren ebazpen baten bitartez onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Bostgarren oinarria._Epaimahia.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Leitzako Udaleko Alkatea.

Ordezkoa: Leitzako Udaleko lehen Alkateordea.

Mahaikide idazkaria: Leitzako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Nafarroako iparraldeko udal bateren idazkaria.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako iparraldeko udal bateren kontuhartzailea.

Ordezkoa: Nafarroako iparraldeko udal bateren kontuhartzailea.

5.2. Epaimahaia ezin osatuko da, ezta jardun ere, kideetatik gehiengoa bertan ez bada. Honako oinarrien interpretazioari eta hauek ezartzeari loturik egon daitezkeen aferak gehiengoz ebatziko ditu. Epaimahaiak, halaber, proba guztietan edo egoki ikusten dituenetan aholkulari adituen laguntza eska dezake.

Seigarren oinarria._Oposizio-lehiaketa nola egin:

6.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzea arautzen duen Erreglamenduaren 16. j) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, deialdia NAOn argitaratzen denetik lehenengo azterketa egin arte, gutxienez, bi hilabete igaroko dira. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean probak hasteko lekua, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.2. Lehiaketaldia: deialdi honetako I. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz, hautagaiek egindako ikastaroak, esperientzia eta beste batzuk baloratuko dira, gehienez ere 20 puntu emanez.

6.3. Oposizioaldia:

Oposizioaldiari hasiera eman aurretik, euskara proba burutuko da.

Euskara proba.

Bakarrik deialdi honetako 2.1.e) oinarrian eskatutako baldintza egiaztatu ez duten izangaiek eginen dute. Proba honek bi zati izanen ditu: bata ahozkoa eta bertzea idatzizkoa, eta bertan izangaiek EGA maila duten ala ez neurtuko da. Proba hauek Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko teknikariek eginen dituzte.

1. Idatzizko proba teorikoa: deialdi honetako II. eranskinean jasotzen diren gaietan oinarrituta, idatzizko ariketak egin beharko dira. Ariketa hauek egiteko zozketaz aukeratutako gaien garapena, erantzun motzeko galderei erantzutea edo biak batera egin ahal izanen dira, epaimahaiak zer erabakitzen duen eta horrela. Proba honek gehienez ere 30 puntuko balioa izanen du. Oposiziotik bazterturik geldituko da gutienez ere 15 puntu lortzen ez dituena

2. Idatzizko proba praktikoa: deialdi honetako III. eranskinean jasotzen diren gaietan oinarrituta, bi kasu praktikoren gainean idatzi beharko da. Proba honek gehienez ere 40 puntuko balioa izanen du. Oposiziotik bazterturik geldituko da gutienez ere 20 puntu lortzen ez dituena.

3. Hirugarren ariketa: elkarrizketa. Garatuko den lanari buruzko elkarrizketa izanen da. Ariketa hau ez da baztegarria izanen eta gehienez 10 puntuko balioa izanen du.

6.4. Hauta-probak hasitakoan ez da nahitaezkoa izanen hurrenez hurren eginen diren iragarkien datak, orduak eta lekuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, bai, ordea, aitzineko probak egin diren tokietan eta Udaletxeko iragarki oholean paratzea, berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.5. Hautapen aldiko probak deialdi bakarraren bidez eginen dira eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez onartutako horren ordezkoren bat aldean daramatela agertu behar dute. Bazterturik geldituko dira iragarritako data, ordu eta tokietan edozein arrazoirengatik agertzen ez direnak.

Zazpigarren oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak aditzera emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazio osoaren ordenan, izangai bakoitzak lehiaketan eta oposizioko ariketa guztietan ateratako puntuazio osoen batuketa eginda. Halaber, puntu gehien duena izendatzeko proposamena eginen du. Proposamen hori Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2. Proposatutako izangaiak ondoko agiriak aurkeztu behar ditu, Udaleko erregistro orokorrean eta 15 egun naturalean banan banako jakinarazpena jasotzen duen egunetik aitzina:

_Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo, halakorik ez bada jaiotze aktaren ziurtagiria.

_2. oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria.

_Zin egin edo hitz emandako aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo zigortua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

_Karguari dagozkion eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun edo ezintasun fisiko edo psikikorik ez duela ziurtatzen duen osasun egiaztagiri ofiziala.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Hori gertatuz gero, probak gainditu dituen eta 7.1. atalean aipatu puntuazioen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

Zortzigarren oinarria._Izendapena eta karguaz jabetzea.

8.1. Hautaprobak amaitu eta izangaiak 7.2. oinarrian aipatu agiriak ekarritakoan, Leitzako Udalak, osoko bilkuran, Leitzako Udaleko aldi baterako administrazio-kontratudun izendatuko du, kontuhartzaile-diruzainaren lanpostua betetzeko. Ondotik, behar den kontratua sinatuko da.

8.2. Izendatzen den izangaiak 15 eguneko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 7.4. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Bederatzigarren oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta oinarriak ezartzeko egintzen aurka ondoren aipatzen diren errekurtsoak para daitezke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza sustatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean jasotzen den administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, aipatu jurisdikzioan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurtsoa jaso duen egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, aipatu egintza edo erabakia hartu duen organoari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanda.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean errekurtsoa jaso duen egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Leitzan, bi mila eta hiruko apirilaren hamabostean. Alkatea, Tomas Azpiroz Alkoz.

I. ERANSKINA

Alegatutako merezimenduak, eskabidearekin batera aurkeztuko diren jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:

A.1. Ekonomiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako edo Zuzenbideko lizentziatura tituluak izateagatik: puntu 1.

A.2. Nafarroako Toki Entitatendako egindako zerbitzu urte bakoitzeko, sei hilabetez gutienez, eta ondoren aipatzen diren baldintza hauek beteta, hau da, Ekonomi edo Enpresa Zientzietako Diplomatura edo Zuzenbideko titulazioa eskatu den lanpostuetan ekonomi, finantza, aurrekontu eta kontabilitate aholkularitza eta kudeaketa eginkizunak betetzeko, nomina eta plantilako funtzionarioa izatea, edo administrazio nahiz lan-kontratuduna izatea, finkoa nahiz aldi baterakoa: 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 11 puntu.

Urte kopurua osoa ez bada, lana egin duten egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie.

A.3. Administrazio Publikoetako ekonomia eta finantzen gestioaren inguruko ikastaroak egiteagatik: ordu bakoitzeko 0,03 puntu eta gehienez ere 5 puntu.

A.4. Lanpostu honen inguruko informatikaren erabilerarako ikastaroak egiteagatik: ordu bakoitzeko 0,01 puntu eta gehienez ere 3 puntu.

II. ERANSKINA

1. Toki korporazioen aurrekontu orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren arloetan garatzen duen irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren arabera. Edukia. Betearazpen oinarriak, eranskinak, prestaketa, izapidaketa, onespena, argitalpena eta indarra hartzea. Aurrekontuetako aldaketak.

2. Toki korporazioen aurrekontuen egitura, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen egituraren arloan garatzen duen irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretuaren arabera. Kontzeptu orokorra. Dirusarrera eta gastuen sailkapena.

3. Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Barreneko fiskalizazioa. Fiskalizazio organo eta prozedurak. Kontu hartze eta diruzaintza eginkizunak. Esparrua eta edukia.

4. Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren kanpo fiskalizazioa. Nafarroako Kontuen Ganbara. Eskumenak, eginkizunak eta osaketa. Auditoretzaren printzipio eta arauak sektore publikoan. Auditoretzaren txostena: erregulartasuneko auditoretza eta auditoretza eraginkorra.

5. Administrazio publikoetako kudeaketa adierazleak. Aurrekontuaren, kontabilitatearen, eraketaren, gizarte eta inguruaren adierazleak. Ekonomiaren, eragimenaren eta eraginkortasunaren adierazleak.

6. Administrazio publikoen finantzen azterketa. Epe motz eta luzerako kaudimenaren azterketa. Kapital zirkulatzailea eta haren erabilgarritasuna administrazio publikoetan. Ratioak.

7. Aurrekontuaren emaitza. Diruzaintzako soberakina. Kontu orokorra. Toki entitatearen eta haren erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Merkataritza sozietateen kontuak. Entitatearen osoko bilkurarendako eta kudeaketa organoendako informazioa.

8. Nafarroako toki korporazioen zorpetzea. Aurrekontuaren barneko nahiz kanpoko bertzeren finantzaketa: kontzeptua, finantzaketa mota hau ituntzeko mugak eta eskumenak. Abalak. Tutoretza finantzarioa eta baimen legalak.

9. Toki erakundeen ondasunak. Kontzeptua eta motak. Ondasunen kalifikazio juridikoaren aldaketa. Herri ondasunak. Ondasunen gaineko erregelamendua. Inbentarioa: eraketa, egitura eta prestaketa. Amortizazioaren finantza-eginkizuna sektore publikoan.

10. Harreman juridiko-tributarioa. Kontzeptuak: izaera eta osagaiak. Zergagaia: kontzeptua eta kalifikazioa. Subjektu pasiboa. Subjektu aktiboa. Ordena tributarioan eragiteko gaitasuna. Egoitza fiskala.

11. Zerga oinarria: kontzeptua eta determinazio araubidea. Baloreen egiaztapena. Likidazio oinarria. Karga tasa. Zerga zorra.

12. Nafarroako toki ogasunen baliabideak: zuzenbide publikoko dirusarrerak eta zuzenbide pribatuko dirusarrerak. Kontzeptua eta motak. Prezio publikoak. Zerga baliabideak: tasak, kontribuzio bereziak, zergak eta errekarguak.

13. Nafarroako toki ogasunen baliabideak: lurraren gaineko kontribuzioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, lurren balio handitzearen gaineko zerga. Trakzio mekanikoa duten ibilgailuen gaineko zerga. Eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga. Luxuzko gastuen gaineko zerga. Hutsik dauden etxebizitzen gaineko zerga.

14. Toki ogasunen baliabideak. Foru Komunitateko tributuetan parte hartzea. Transferentzia arruntak. Kapital-transferentziak. Tokiko obra eta azpiegituren hirurteko plana. Dirulaguntzak.

15. Nafarroako Toki ogasunen baliabideak. Tributuez besteko baliabideak: herrilurretako aprobetxamenduak, urbanizazio kuotak, bestelako prestazioak.

16. Nafarroako toki administrazioaren kontratuak. Izaera eta motak. Administrazio kontratua. Kontratuen osagaiak. Baliozkotasuna eta baliogabetasuna.

17. Kontratazio prozedura. Kontratua prestatzeko prozeduraren oinarriak. Kontratazioaren bermeak.

18. Tributuak kudeatzeko prozedura: xedapen orokorrak. Tributuen ezarpena. Izapidaketa eta likidazioa. Egiaztapena eta ikerketa.

19. Dirubilketa. Borondatezko epea. Premiamenduzko bidea. 97/2001 Foru Dekretua, abuztuaren 10ekoa: premiamendu bidezko dirubilketarako prozedura.

Preskripzioa. Zorrak iraungitzeko bestelako bideak. Bermeak. Entitate laguntzaileak.

III. ERANSKINA

1. Kapitalizazio eta eguneratze bakun eta konposatua. Merkataritzako deskontua eta deskontu arrazional bakun eta konposatua. Mugaeguneratze arrunta eta banaz bertzeko mugaeguneratzea. Hitzarmen lineala eta esponentziala. Ehuneko baliokideak kapitalizazio bakun eta konposatuan. Ehuneko eraginkorra, ehuneko nominala, ehuneko zatikatua eta aldez aurretik ordain daitekeen ehunekoa.

2. Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak.

3. Maileguak. Amortizazio sistemak. Diru itzultze bakarra, korrituak aldizka ordaintzeko sistema duen amortizazio bakarra, sistema frantziarra, sistema alemaniarra eta amerikarra, amortizazio konstanteko kuota, urteroko aldagarriak progresio aritmetiko eta geometrikoan. Korritu zatikatuko amortizazio metodoa. Kapitalen osaketa.

4. Jesapen normalak, eta alde bakarreko eta alde biko merkataritza-ezaugarriak dituzten jesapenak.

5. Tasak sortzen dituzten zerbitzu publikoen kostuaren kalkulua.

6. Kontabilitatearen Plan Orokorra. Kontabilitatearen printzipioak; kontuen laukia; kontabilitatearen balorazio arauak, definizioak eta erlazioak. Eragiketa erregistroa, orokorrean.

7. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: kontabilitate agiriak eta kontabilitate liburuak. Kontabilitate eragiketak.

8. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: kontabilitatea abian jartzea. Gastuen aurrekontuaren kontabilitatea. Justifikatu beharreko ordainketak. Kutxa finkoko aurrerakinak. Dirusarreren aurrekontuaren kontabilitatea.

9. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: ibilgetuaren kontabilitatea. Kreditu eragiketen kontabilitatea. Finantza-tutoretzaren kontrola eta Nafarroako Gobernuaren aldetiko baimena jaso beharra. Bertze erakunde publikoen baliabideen administrazioaren kontabilitatea.

10. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: Diruzaintzak aurrekontutik kanpo egiten dituen bertze eragiketen kontabilitatea. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kontabilitatea. Gordailuan dauden baloreen kontabilitatea. Zergak biltzen dituzten agenteen kontrola. Ordenako kontuak. Ekitaldi amaierako eragiketak.

11. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: gastu proiektuak, finantzaketa lotetsia duten gastuak. Diruzaintzako soberakinaren kalkulua eta aurrekontuaren emaitza.

12. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: merkataritzako eragiketen kontabilitatea. Agiriak eta liburuak. Kontabilitateko eragiketak.

13. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa. Onespenera eraman beharreko egoerak eta informazioa. Toki erakundeen kontu orokorra. Toki erakundeen eta haien menpeko erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Erakundearen osoko bilkurarako informazioa.

14. Administrazio publikoen kontabilitatearen magnitudeen azterketa eta interpretazioa, ondare, ekonomia eta finantza aldetik.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............................................ Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiriaren) zenbakia: ..........., sorteguna: ......., sorlekua: ............ (.......), nazionalitatea: ............., bizilekua: ............ (.......), karrika: ................, posta kodea: ........, telefonoa: .........., lantokiko telefonoa: .........

Zure aitzinera agertuta, honako hau diot:

Leitzako Udalaren zerbitzuan kontu hartzaile-diruzain lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez eta bitarteko moduan, betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Lanpostu hori betetzeko deialdian ezarri diren ezgaitasunetarik bakarrik ere ez dudala.

Eskabideak aurkezteko ezarri den epea amaitzean, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onar dezazula eta horren arabera, arestian aipatu den lanpostua betetzeko deialdirako eskabidea izenpetzen duena onartutzat jotzea eskatzen dut.

...............(e)n, .....(e)ko ...........aren ...............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

LEITZAKO UDALEKO ALKATE-LEHENDAKARI JAUNA.

Leitzan bi mila eta hiruko maiatzaren hamabostean. Alkatea, Tomas Azpiroz Alkoz.

Iragarkiaren kodea: A0305359