73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

BORTZIRIETAKO EUSKARA MANKOMUNITATEA

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearentzat arituko den euskara teknikari lanpostu finko bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, 2003ko apirilaren 14an egindako bileran, euskara teknikari izateko lanpostu finko bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onartu zituen, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabaki zuen.

Arantzan, bi mila eta hiruko maiatzaren bederatzian. Mankomunitateko lehendakaria, José Ramón Amoros Oskotz.

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen zerbitzuan arituko den euskara teknikari baten lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen denak Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lan kontratatu finkoaren izaera bereganatuko du, eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak B mailako lansaria izanen du, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen lansarien behin-behineko erregelamenduan eta hura garatzen edo aldatzen duten duten gainerako xedapenetan ezarri bezala. Titulazio handiagoa duen izangaia izendatuz gero, lanposturako eskatzen den titulazioari dagokiona izanen da lansaria.

1.4. Lanaldia zerbitzuko beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahal izanen du.

2._Bete beharrak.

2.1. Bortzirietako Euskara Mankomunitaterako euskara normalizatzeko eta sustatzeko plan orokor eta sektorialak prestatzea eta kudeatzea, eta horien kontrola eta jarraipena egitea.

2.2. Mankomunitateak hartzen dituen erabaki guztiak betetzea, eta horiei kontrola eta jarraipena egitea.

2.3. Bortzirietako udal eta mankomunitateei nahiz gizarteko bertze sektoreei beren euskarazko jardunetan aholku eta laguntza teknikoa ematea.

2.4. Mankomunitateko taldeei nahiz Bortzirietako gizarte eragileei soziolinguistika alorrean aholku ematea.

2.5. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea osatzen duten batzordeak koordinatzea eta horietan parte hartzea.

2.6. Bertze udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin nahiz foru erakundeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.7. Euskararen normalizazioan eta sustapenean diharduten eskualdeko nahiz kanpoko elkarte eta taldeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.8. Mankomunitateko organoek agindutako bertze edozein eginkizun, lanpostuarekin zerikusia duena betiere.

3._Izangaien baldintzak.

3.1. Deialdi honetan onartzeko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:

a) Espainiako hiritarra izatea, edo Europako Batasuneko bertze estatu batekoa, edo Europako Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen duen eremuko estatu batekoa; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, Europako Batasuneko herritarren ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean adinez nagusi izatea.

c) EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Unibertsitateko diplomatu titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena, lanbide heziketako hirugarren maila edo titulu baliokideren baten jabe izatea, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Abuztuaren 2ko 30/1984 legearen bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, unibertsitateko diplomatu tituluaren baliokidetzat jotzen da lizentziaturako hiru ikasturte oso gainditu izana.

e) Dagozkion egitekoak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea. Espainiako herritartasuna ez duten izengaiek agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izengaiek, kontratua izenpetu aitzinetik horretarako ezartzen zaien unean.

g) Ibilgailuak gidatzeko karneta, B mailakoa bederen, eta ibilgailua izatea.

4._Eskabideak.

4.1. Eskabideak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen bulegoan (Arantzako Herriko Etxean) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzinera, hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko (egun balioduna bada, edo hala den hurrengoko) 14:00ak arte. Epea luzaezina da.

4.2. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu behar zaizkio, eta horrekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honen 3.1. atalean eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak.

c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatuak.

5._Izangaien onarpena eta prozedura.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondotik, Mankomunitateko lehendakariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondotik, Mankomunitateko lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

6._Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

_Mahaiburua: Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria.

_Ordezkoa: lehendakariak izendatzen duen Mankomunitateko udal ordezkaria.

_Mahaikidea: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria, idazkari lanak eginen dituena.

_Ordezkoa: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

_Mahaikidea: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

_Ordezkoa: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

_Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak izendatutako euskara teknikaria.

_Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak izendatutako euskara teknikaria.

_Mahaikidea: Bortzirietako euskalgintzako kide bat.

_Ordezkoa: Bortzirietako euskalgintzako kide bat.

6.2. Oposizioari hasiera eman baino lehen epaimahaia eratu beharko da, eta mahaiburuak horretarako deia eginen die gainerako kideei.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen ez bada biltzen.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaikideek parte hartzeari uko eginen diote eta halaxe jakinaraziko diote deialdia egin duen organoari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak abstenitzeko aipatzen dituen arrazoiak direla medio. Halaber, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, arrazoi horiek izanez gero.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal izanen ditu proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

7._Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, eta gisa honetan banatuko da:

a) Toki entitate baten zerbitzuan euskara teknikari lanpostuan aritu izatea. Urte bakoitzeko 3 puntu eta gehienez ere 9 puntu. Denbora zatientzat proportzioan dagokiena.

b) Bertzelako administrazio publiko batean euskara teknikari lanpostuan aritu izatea. Urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 3 puntu. Denbora zatientzat proportzioan dagokiena.

c) Elkarte edo entitate pribatuetan euskararen normalizazioan dinamizatzaile, koordinatzaile edo teknikari lanetan aritu izatea. Urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 3 puntu. Denbora zatientzat proportzioan dagokiena.

d) Titulazio akademiko hauek izatea:

_Hizkuntza plangintzarekin zerikusia duten graduondokoak: 4 puntu.

_Euskal Filologian lizentziatura: puntu 1.

_Soziologian lizentziatura: puntu 1.

e) Epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin zerikusia izan eta 15 ordutik goitiko iraupena duten ikastaroetan parte hartu izatea. Gehienez ere 2 puntu.

f) Epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruzko argitalpenak, komunikazioak eta ikerketak. Gehienez ere 2 puntu.

7.2. Lehiaketarako aurkezten diren agiri guztiak jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak izan behar dute.

7.3. Izangaiek lehiaketan lortutako puntuazioa Arantzako Herriko Etxeko iragarki oholean paratuko da, probak hasiko diren egun berean.

8._Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldia 2003ko azaroan hasikoa da. Hala ere, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko da ariketak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

8.2. Oposizioaldiko ariketen gehieneko balorazioa 75 puntukoa izanen da. Ariketa bakoitzean ezarritako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

8.3. Oposizioa ariketa hauek osatuko dute:

Lehen ariketa: gehienez ere 15 puntu. Euskara proba: lanpostu honetan aritzeko gaitasun espezifikoa egiaztatuko da. Proba ahozkoa eta idatzizkoa izanen da: ahozkoa izangai bakoitzari banaka eginen zaio, eta hamar minutuko iraupena izanen du; idatzizkoaren iraupena bi ordukoa izanen da. Idatzizkoan bi proba eginen dira: batak testuak sortzeko gaitasuna neurtuko du, eta bertzeak testu bat gaztelaniatik euskarara itzultzeko gaitasuna.

Bigarren ariketa: gehienez ere 30 puntu; gai bakoitzari emandako gehieneko balorazioa 15 puntukoa da, eta beharrezkoa izanen da gaietako bakoitzean gutxienez 7,5 puntu lortzea baztertua ez geratzeko eta oposizioko hirugarren proba egin ahal izateko. Azterketa teorikoa izanen da, zozketa bidez II. eranskinetik hartutako bi gairi buruzkoa; multzo bakoitzetik gai bana hartuko da. Ariketa egiteko lau ordu emanen dira.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 30 puntu; lehenengo gaiak 20 puntu balio du, eta proba gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 10 puntu lortzea; bigarren gaiak 10 puntu balio du, eta proba gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu lortzea. Azterketa praktikoa izanen da, eta III. eranskinean agertzen diren gaiak, biak nahitaez, garatu beharko dira. Ariketa hau egiteko lau ordu emanen dira. Izangaiek ariketa hau epaimahaiaren aitzinean irakurri beharko dute, eta hori egiten ez duten izangaiak baztertuak geldituko dira. Irakurketa horretan epaimahaiak izangaiekin eztabaidatu ahalko du haiek prestatutako planaren defentsa eta haren inguruko azalpenak eskatu ahal izanen ditu.

8.4. Oposizioko lehen hiru probak plika sistemaren bidez eginen dira. Hirugarren probari dagokionez, lehen zatia, idatziz eginen dena, plika sistemaren bidez eginen da, eta bigarrena, hau da, irakurketa, plikak ireki ondoren eginen da.

8.5. Oposizioaldiko proba guztiak euskaraz eginen dira, eta proba guztietan baloratuko da izangaien euskara maila.

8.6. Galarazia dago proba horietara kontsultarako materialik ekartzea.

8.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Iragarritako egun, ordu eta tokietara, edozein arrazoi dela bide, agertzen ez diren izangaiak baztertuta geldituko dira.

9._Probak baloratzea.

9.1. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du ariketa bakoitzaren kalifikazioa, eta kalifikazio guztien banaz bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa horren puntuazioa. Epaimahaikideek emandako puntuaziorik handienaren eta txikienaren arteko aldea ariketa horretarako baldintzetan aurreikusitako puntuazioaren ehuneko 30 baino handiagoa bada, muturreko bi puntuazio horiek ez dira kontuan hartuko, eta banaz bertzeko aritmetikoa lortzeko gainerako puntuazioak baino ez dira erabiliko.

9.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda eta erdietsitako kalifikazioa paratuko ditu Arantzako Herriko Etxeko iragarki oholean eta probak egin diren lokalean. Han zehaztuko da hurrengo ariketa non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

10._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda paratuko du Arantzako Herriko Etxeko iragarki oholean. Zerrenda hori erdietsitako puntuazioaren arabera eginen da, puntuazio gehien lortu duen izangaitik hasita, eta izangai bakoitzak ariketa bakoitzean lortu duen kalifikazioa batuta emanen da.

10.2. Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapena eginen du, eta proposamen hori Mankomunitateko lehendakariari jakinaraziko dio. Ondoren izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emanen da.

10.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko 30 egun naturaletan proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitatearen bulegoan.

a) Deialdiko 3.1.d) atalean eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.

b) Medikuaren txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragotzi ahal dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

d) Zin egite edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

10.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egin faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna galarazi gabe.

10.5. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Mankomunitateko lehendakariak probak gainditu dituztenen zerrendan, 10.1 oinarrian aipatutakoan, ondo- ondotik heldu den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

11._Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Mankomunitateko lehendakariak, ebazpen bidez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lan kontratatudun izendatuko du aitzineko oinarrian ezarritako izapidea bete duen izangaia, euskara teknikari gisa aritzeko. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

11.2. Izendatzen den izangaiak hilabeteko epearen barrenean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lan kontratatudun izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 11.1 oinarrian ezarri bezala jokatuko da.

12._Helegiteak.

Deialdi honen aurka, haren oinarri eta aplikazio agintzen aurka, administrazioarekiko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailari zuzendua, helegiten den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, eta, aukeran, gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, helegiten den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hilabete bateko epearen barrenean.

Arantzan, bi mila eta hiruko apirilaren hamalauan. Mankomunitateko lehendakaria, José Ramón Amoros Oskotz.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskatzaileari buruzko datuak:

Izen-abizenak:

Jaiotze-data:

NAN zenbakia:

Helbidea:

Herria: .............................................. Posta kodea:

Telefonoa:

Azalpenak:

_Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara teknikariaren lanposturako deialdia argitaratu du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren ...... zenbakian.

_Eskatzaile honek deialdi horretan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu.

_Honekin batera deialdian eskatzen diren dokumentuen fotokopia konpultsatuak aurkezten ditu, baita lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduei dagozkienak ere.

Eskaera:

Eskabide hau onartzea eta deialdiko probetan parte hartu ahal izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

BORTZIRIETAKO EUSKARA MANKOMUNITATEKO LEHENDAKARIA.

II. ERANSKINA

Bigarren ariketa

2 gai garatu behar dira, multzo bakoitzetik bat:

1. multzoa

1._Hizkuntza ukipenarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak: Hizkuntza komunitatea, hizkuntza gutxituak, eleaniztasun soziala eta pertsonala, diglosia, hizkuntza gatazka, hizkuntza normalizazioa, hizkuntza politika, hizkuntza plangintza, hizkuntza eskubideak eta ofizialtasuna.

2._Hizkuntza errepertorioa: hizkuntzaren aldaerak eta eremuak. Euskararen errepertorioa: estandarra, aldaera geografikoak, aldaera sozialak, aldaera jasoak eta informalak, argotak...

3._Nazioarteko soziolinguista nagusien ekarpen teorikoa: Fishman, Mackey, bizitasun etnolinguistikoa (Giles, Bourhis, Taylor...), Aracil...

4._Euskal Herriko soziolinguista nagusien ekarpen teorikoa: Txepetx, Txillardegi...

5._Hizkuntzen babeserako nazioarteko legedia eta testuak: Hizkuntza Gutxituen Eurokarta. Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala.

6._Ikerketa soziolinguistikorako metodologiak. Metodologia kualitatiboak (eztabaida taldea, elkarrizketa irekia...) eta metodologia kuantitatiboak (inkestak, erroldak...). Euskararen kale erabileraren neurketa.

7._Hizkuntza gutxituak nazioartean. Normalizaziorako hizkuntza politika ereduak.

2. multzoa

8._Euskararen lege estatusa Euskal Herrian: konstituzioak, autonomia estatutuak eta lege organikoak.

9._Euskararen lege estatusa Nafarroan: Euskarari buruzko Foru Legea. Euskarari buruzko Foru Legea garatzen duten xedapen nagusiak. Euskararen udal ordenantzak Nafarroan.

10._Euskararen egoera demolinguistikoa Euskal Herrian. Informazio iturriak. Hizkuntza gaitasuna. Euskararen transmisioa. Euskararen erabilera.

11._Euskararen egoera funtzionala: euskararen erabilera gizarte esparruetan.

12._Euskararen historia soziolinguistikoa.

13._Euskararen normalizaziorako azpiegitura Euskal Herrian: erakunde publikoak eta gizarte erakundeak.

III. ERANSKINA

Hirugarren ariketa

Bi gaiak garatu behar dira, nahitaez:

1._Bortzirietan euskara normalizatzeko plan orokorra. Gutxienez atal hauek azaldu beharko dira: euskararen egoeraren diagnostikoa, helburuak, lehentasunak erabakitzeko irizpideak, eskualdeko eragileak eta baliabideak, jarduera zehatzak eta ebaluaziorako tresnak.

2._Bortzirietako erakunde hauetako batean euskararen erabilera sustatzeko mikroplana: ikastetxea, enpresa, kiroldegia edo udala.

Iragarkiaren kodea: A0305089