73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

120/2003 FORU DEKRETUA, maiatzaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeak aldatzeko espedientea ebazten duena, Arazuri-Orkoiengo industrialdearen eragina dela kausa, sortzen diren industri lurzati guztiak udal mugape bakarrean egon daitezen.

2001eko maiatzaren 17an eta 2001eko uztailaren 5ean aurkeztutako idazkien bidez, Oltza Zendeako eta Orkoiengo alkateek adierazi zuten egokia zela Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugak aldatzea, Arazuri-Orkoiengo industrialdearen eragina dela kausa, sortzen diren industri lurzati eta eraikin sendotuak udal mugape bakar batean egon zitezen.

1999ko martxoaren 25ean eta 1998ko azaroaren 27an, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalbatzek, hurrenez hurren, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeak aldatzeko bidea erabiltzeko erabakiak hartu zituzten, Arazuri-Orkoiengo industrialdearen eragina dela kausa, sortzen diren industri lurzati guztiak udalerri berean egon zitezen. Erabaki horiek hartzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan eskatzen den gehiengoa lortu zen.

Maiatzaren 30eko 109/2001 Foru Aginduaren bidez, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeak aldatzeko espedientea hasi zen, Arazuri-Orkoiengo industrialdearen eragina dela kausa, sortzen diren industri lurzati guztiak udal mugape bakarrean sar zitezen.

Uztailaren 11ko 1690/2001 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduko 14. artikuluan eskaturikoa betearazteko, 2002ko uztailaren 29an eta 15ean, aipatu Udalek artikulu horretan eskatutako dokumentazioa bidali zuten. Gero, dokumentazioan atzemandako akats batzuk zuzendu behar izan zituzten.

Udal mugapeak aldatzeko prozesuetan segitu beharreko bidea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan arautzen da. 2. ataleko a) eta b) lerrokadetan adierazten da espedientea jendaurrean jarri behar dela, bi hilabetez bederen, eta horrelakoxe epea finkatuko dela prozesuan ukitzen diren udalen eta, kasua bada, kontzejuen iritzia entzuteko.

Horrenbestez, Toki Administrazioko kontseilariak, abuztuaren 7ko 417/2002 Foru Aginduaren bidez (2002ko abuztuaren 28ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 104. zenbakia), espedientea jendaurrean jarri zuen bi hilabetez eta entzunaldia ireki zuen Oltza Zendeako eta Orkoiengo Udalentzat eta Arazuriko Kontzejuarentzat.

Epe hori 2002ko urriaren 20an bukatu zen. Espedientean, entitate interesatuen ziurtagiriak ageri dira, alegazio bakar bat ere aurkeztu ez dela frogatzeko.

Espedientean jaso dira, orobat, Lurraldearen Mugaketa Batzordeak 2003ko urtarrilaren 3an emandako adostasun irizpena eta Nafarroako Kontseiluak 2003ko apirilaren 7an emandako adostasun irizpena.

Bestalde, 6/1990 Foru Legearen 18. artikuluak ezartzen du udal mugapeak aldatzeko espedienteen behin betiko ebazpenetan espedienteetan agertutako gorabehera guztiak jaso behar direla, baita ukituriko kontzejuen egoera ere, bidezkoa den kasuetan. Hori horrela, adierazi beharra dago aldaketa horrek eragin txikia duela Arazuriko Kontzejuarentzat, espedientean azaltzen den bezala.

Kontuan harturik espedientea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu dela eta lege horren 13., 15., 16. eta 18. artikuluetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eta ikusirik 13. artikuluan aipatzen diren helburuak dituela, bidezkoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak espediente hori ebaztea eta proposatzen den udal mugapeen aldaketa onartzea.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeen aldaketa onestea, Arazuri-Orkoiengo industrialdearen eragina dela kausa, sortzen diren industri lurzati guztiak udal mugape bakarrean egon daitezen. Udalerrien mugak, beraz, udal horiek 1999ko martxoaren 25ean eta 1998ko azaroaren 27an egindako osoko bilkuretan hartu zituzten erabakien bidez onetsitako planoan ageri bezala geldituko dira.

2. artikulua. Toki Administrazioko Departamentuari eskatzea foru dekretu hau betearazteko egin beharreko guztiak egin ditzala.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: C3153078