7. ALDIZKARIA - 2003ko urtarrilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

102/2002 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko 2003ko dirulaguntzetarako deia egiten duena.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen du. Lege horrek dirulaguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen jarraituari laguntzeko asmoz, fondoak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren oinarriak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste.

Horrenbestez, beharrezkoa da urtero garapenerako lankidetza proiektuetarako dirulaguntzen araubideko oinarrien deialdia ezartzea, dirulaguntza horien publizitatea, lehiakortasuna eta objektibitatea bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/83 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._2003an garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko deialdiaren oinarriak onartzen dira, Foru Agindu honen eranskinean ageri direnak.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hogeita zazpian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

2003an garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntza deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa._Helburua, aurrekontuko baliabideak eta esparrua.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak 2003ko dirulaguntzetarako deia egiten du, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) batera garapen bidean diren herrialdeetako populazio pobretuaren oinarrizko beharrak zuzenean asetzeko proiektuak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposaturiko proiektu hauek, herrialde horietako solaskideekin batera abian jarriko direnak, pobreziaren kontra borrokatzeko, beren onuradunen bizi-kalitatea hobetzeko eta bertakoen garapen endogenoa bultzatzeko helburua izanen dute.

2. Horretarako dirulaguntzen zenbatekoa 6.340.805,43 eurokoa da, Aurrekontuetako Garapenerako nazioarteko lankidetza izeneko kontusailetik ordainduko da, eta Nafarroako 2003ko Aurrekontu Orokorrak onetsi ondoren diru-kopuru hori handitu ahalko da. Zenbateko horretatik, gehienez ere 720.000 euro mikroekintzak finantzatzeko izanen dira; halakotzat ulertzen dira deialdi honetako 6.3. oinarrian xedatzen direnak.

3. Garapen bideko edo transizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira OCDEren Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

4. 2003. urtean ere Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak diruz lagunduko die Nafarroako GGKEek sustaturiko ekintzei, baldin eta ekintza horiek Nafarroako populazioaren sentsibilizazio, hezkuntza eta informazioa baldin badute helburu (munduko garapen arazoak eta nazioarteko harremanak). Xede horretarako diru kopurua, guztira, ez da izanen 2003an garapenerako lankidetzarako aurreikusitako fondoen % 5etik goitikoa.

5. Ekintza horiek guztiak Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 3. artikuluak ezarritako lankidetza-printzipioen araberakoak izanen dira.

6. Aurkeztutako proiektuaren izaera eta helburuengatik urte batzuetako dirulaguntza bat beharrezkoa denean, kofinantzaketa onetsi ondoren, hitzarmen bat izenpetuko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak eta hartaz arduratzen den entitateak. Horretan ekitaldi ekonomiko bakoitzean dirulaguntza aplikatzeko behar diren gorabehera zehatzak bilduko dira. Hitzarmenak, gehienez ere, hiru urte iraunen du izenpetzen denetik hasita.

Bigarrena._Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen beharkizunak.

Deialdi honen ondorioetarako, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Izaera pribatuko pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta erregistroan inskribatuak.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Egoitza edo delegazio iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Artikulu honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez egiaztatu beharko da hori.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Nafarroako Ogasuneko zergak ordaindu beharretan eguneratua izatea.

g) Aldez aurretik proiektu berbera egiteko dirulaguntzarik jaso badu, erakundeak egiaztatu beharko du betetzen dituela proiektuarentzako dirulaguntzak eman zituzten ebazpenetan ezarritako beharkizunak.

Hirugarrena._Proiektuen beharkizunak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko printzipioei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Nafarroako Gobernuak dirulaguntza emanez gero, Proiektuaren zeharkako gastuak ez dira izanen emandako dirulaguntzaren % 10etik goitikoak. Zeharkako gastutzat hartuko dira Nafarroako GGKEaren gastu administratiboak (langileriaren gastu arruntak, lokalaren gastuak, bulego materiala, proiektuaren formulazio, segimendu eta ebaluazioa egiteko behar diren joan-etorri eta bidaietatik zuzen-zuzenean sortzen diren gastuak). Kontusail horren barrenean % 1 izan daiteke gehienez proiektua zabaltzeko jardueretarako, hots, iritzi publikoa garapenerako lankidetza arloaz jabetzeko sentsibilizazio gisa egiten diren horietarako.

c) Finantzaketaren % 20, gutxienez, erakundeen fondoetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik -Nafarroako Gobernuaren beste Departamentuak eta Erakunde Autonomoak kenduta-, edo beste entitate batzuetatik. Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Proiektua egin behar den herrialdean kontraparte edo bazkide bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkide horrek pertsona juridikoa izan behar du, bertako herrialdeko legeriaren araberakoa.

e) Garapen proiektu bakoitzerako 210.000 euro eskatzen ahalko dira gehienez, urtero. Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak finantzatzeko, gehienez ere, 30.000 euro eskatzen ahalko dira. Hala ere, muga horiek ez dira aplikatuko 3 GGKEk edo gehiagok osatutako partzuergo edo elkarteek aurkezturiko proiektuen kasuan, betiere legez eratuak baldin badira eta GGKE bakoitzak aurreko oinarrian ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Laugarrena._Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako tokietan.

3. Entitate bakoitzak, gehienez ere, garapenerako 3 lankidetza proiektuetarako finantzaketa eskaera aurkeztu ahalko ditu, alde batera utzita Foru Komunitatean mikroekintzak eta garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntza jarduerak kofinantzatzeko eskaerak. Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten hiru GGKE edo gehiagok osaturiko elkarteek aurkeztutako eskaeren kasuan, banaka aurkeztutako eskaeretatik aparte zenbatuko dira.

Bosgarrena._Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batean:

a) Dirulaguntza eskatzen duen GGKEaren nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

1._Entitatearen estatutuak.

2._Inskripzioaren ziurtagiria, erregistro hauetako batekoa: Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistroa, Justizia Ministerioko Erlijio Entitateen Erregistroa edo bere izaera juridikoa dela-eta dagokion erregistroa.

3._Identifikazio Fiskalerako Txartela.

4._Transferentziaren bidez dirua jasotzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako dirulaguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

5._Nafarroako populazioa sentsibilizatzeko eta lankidetza bultzatzeko erakundeak aurreko urtean Nafarroan egindako jardueren memoria eta kontuen egoera eta finantzabideak. Hori guztia 2003ko lehenbiziko hiruhilekoan aurkeztuko da.

b) Bazkidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa:

1._Estatutuak.

2._Eraketa legalaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdearen legeen araberakoa.

3._Helbide legala, osorik.

4._Ordezkari legalaren kredentzialak.

c) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

1._Proiektuaren memoria, formulario ofizialean egina. Formularioa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan har daiteke (Abejeras kalea 1, behea, 31007, Iruña). Nahi izanez gero, proiektua burutzeko behar diren gastuak (materialen kostua, ekipamenduak, hornidurak, eraikuntzak, lurrak, e.a.) egiaztatzeko dokumentazio ekonomikoa erantsi daiteke (ordainagiri pro-forma, profesionalen aurrekontuak, lurren peritazioak, e.a.), eskaera aztertzeko orduan baloratuko baita. Proiektuaren xede den lekuaren ezaugarriei eta proiektuari berari buruzko laburpen txiki bat erantsiko da euskarri informatikoan (helburu zehatzak, jarduerak eta lortu nahi diren emaitzak).

2._Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duen mapa (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

3._Dokumentazio grafiko, tekniko eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

Bi proiektu edo gehiagotarako dirulaguntza eskatzen bada, a) ataletako dokumentazioa eskabideetako bakar batean aurkeztuko da.

Seigarrena._Balorazioa.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiak, Garapenerako Lankidetzaren Atalaren bitartez, eskabideak tramitatu eta aztertuko ditu, eta eskabideetan aurreko artikuluetan aipaturiko printzipio eta baldintzak betetzen diren ala ez begiratuko du.

2. Txostena eta ebazpen-proposamena batzorde tekniko batek eginen ditu. Batzordea hauexek osatuko dute: Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendariak, Garapenerako Lankidetzaren atalburuak, Garapenerako Lankidetzaren Ataleko teknikari batek eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiko Afera Ekonomikoen eta Araubide Administratiboaren Ataleko teknikari batek. Batzorde horrek ebazpen proposamen loteslea bidaliko dio laguntza emateko eskumena duen organoari.

3. Espedienteak honelako irizpideei segituz baloratuko dira:

a) Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak finantzatzeko ez diren eskaerak bi taldetan banatuko dira, haien izaeraren eta edukiaren arabera: mikroekintzak eta proiektuak.

b) Mikroekintzatzat hartuko dira GGKEek sustatu eta 27.000 eurora ailegatzen ez diren proiektuak, izaera puntualeko ekipamendu, azpiegitura edo programa txikietarako direnak. Kategoria honetatik kanpo gelditzen dira iritzi publikoa sentsibilizatzeko proiektuak. Dirulaguntzaren zenbatekoa baremo honen arabera kalkulatuko da: eskatutakoa emanen da 15.000 eurora arte. 18.000 eurora ere ailega daiteke baldin eta eskaera ibilgailu bat erosteko baldin bada. Mikroekintzetarako dirutza osoa ez da izanen 720.000 eurokoa baino gehiagokoa. Muga hori gainditzen bada mugatu eginen da GKE bakoitzari onartzen zaizkion mikroekintzen kopurua eta eskaerak oinarri honen c) atalean azaltzen diren irizpide sektorial eta geografikoen arabera lehenetsiko dira.

c) Proiektutzat sailkatutako eskaerak bi fasetan baloratuko dira prozedura honen arabera:

1. fasea: Ondoko aldagaietako bakoitzari 0 eta 100 puntu bitarte emanen zaio, portzentaje hauen arabera:

1._Eskaeraren sorrera eta onuradunak.

22.5%

Proposatutako ekimenaren sorrera aztertuko da, hau da, proiektua sortu duen eskaeraren jatorria (onuradunekiko hurbiltasuna). Era berean, kontuan hartuko da zeintzuk eta zenbat izanen diren proiektuaren onuradunak, zer aukera izanen duten zerbitzu eta prestazioei heltzeko, eta haien parte hartzea proiektu osoan zehar. Halaber, aintzat hartuko dira ekimenak bazter utzitakoak.

2._Proiektuan parte hartzen dutenak.

17.5%

Entitate eskatzaileen egitura, curriculum-a eta kaudimena aztertuko dira, bai eta haien eginkizuna laguntza, jarraipen eta ekintza mailan ere. Gauza bera eginen da tokian tokiko bazkide gisa aurkeztutako hegoaldeko GKEekin, oinarriko elkarteekin, Gobernuko entitateekin eta abarrekin.

3._Barne koherentzia.

32.5%

Proiektuaren diseinuko alderdi teknikoak baloratuko dira (esparru logikoa), hau da, oinarriak, helburuak, jarduerak, bilatutako emaitzak, baliabideak eta egiaztatze indikatzaile eta iturriak bat etortzea eta koherenteak izatea. Halaber, haren aurkezpena, erredakzioa eta aurrekontuaren sailkako aurkezpena ere aintzat hartuko dira.

4._Bideragarritasuna eta epeak.

27.5%

Epe luzean proiektua bideragarria den ala ez baloratuko da, batez ere zutik iraunen duen ala ez kanpoko laguntza desagertzen denean. Bideragarritasun ekonomiko, tekniko eta soziala baloratuko da. Bestetik, egin gogo den ekintzak epe laburrean, ertainera eta luzera duen iraupena baloratuko da.

Lehen fase honetan proiektu bat ontzat eman dadin 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez. Nafarroako Gobernuak aurretik diruz lagundutako proiektuek izan ezik, 50 puntutik gora lortu beharko baitituzte.

2. fasea: Aurreko fasea gainditu duten proiektuetan, lehentasuneko aldagaietako bakoitzari 0 eta 100 puntu bitarte emanen zaio, portzentaje hauen arabera:

1.-Lankidetzaren lehentasun sektorialak (I): pobreziaren kontrako borroka.

20%

Proiektua lankidetzaren sektoreetarako egokia den ala ez baloratuko da. Garrantzitsua izanen da aztertzea bat ote datorren nazioarteko erakundeek benetako garapena lortzeko proposatzen dituzten xede eta helburuekin, Nazio Batuek milurteko helburuetan jasotakoekin, alegia. Horrela bada, besteak beste, helburuak hauexek dira: haur guztien inmunizazio osoa, amen eta haurren heriotza tasaren murrizketa, desnutrizio larria desagerraraztea eta desnutrizio moderatua murriztea, lehen eskolako adinean diren haur guztientzako matrikulazioa, helduen analfabetismo tasa murriztea (aipamen berezia merezi du emakumeen analfabetismoa murrizteko lanak) eta edateko ura denek izatea. Bestetik interes bereziko proiektutzat hartuko dira komunitate txikien garapen ekonomikoa bultzatzeko helburua duten proiektu produktiboak, bai eta giza baliabideak prestatu eta gaitzekoak ere.

2._Lankidetzaren lehentasun sektorialak (II): generoa.

15%

Helburu nagusien artean, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bultzatzea eta emakumezkoen bizi-baldintzak hobetzea duten ekintzak lehenetsiko dira.

3._Lankidetzaren lehentasun sektorialak (III): ingurumena.

10%

Garapen eramangarria eta ingurumenaren gaineko eragina helburuetan sartzea baloratuko da.

4._Lankidetzaren lehentasun sektorialak (IV): garapen esku-hartzailea.

15%

Proiektuak ondoko helburuak kontuan hartzen ote dituen aztertuko da: garapen esku-hartzailea, gobernatze zuzena, instituzioen sendotzea eta giza eskubideen babesa eta garapena.

5._Lehentasun geografikoak (I): herrialdeak.

15%

Proiektua herrialdeko beharrei ongi egokitua dagoen ala ez baloratuko da. Horretarako herrialde onuradunaren Giza Garapenaren indizea hartuko da kontuan (eguneratua). Herrialdearen GGIren arabera 1etik 100 puntura bitarteko balorazioa emanen da.

6._Lehentasun geografikoak (I): eremuak.

15%

Proiektua eskualdeko beharren araberakoa den ala ez baloratuko da: zehazki non kokatuko den proiektua (herri-giroan, hiri-aldirietan,...); baliabide naturalak, iristeko zailtasunak, pobrezi maila, etab.

7._Proiektuan parte hartzen dutenak.

10%

Proiektuetako parte hartzaileek talde antolatuetan egindako lan eraginkorra baloratuko da, eta bereziki GGKEen partzuergoak osatzekoa.

Proiektu bat ontzat eman dadin bi fasetan osotara 120 puntu lortu beharko ditu gutxienez (aurretik diruz lagundutako proiektuek, berriz, 100 puntutik gora). Dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da, betiere kontuan hartuz ezin izanen dela aurrekontu hori gainditu. Horrelakoetan arau hauei segituko zaie: (1) erakunde eskatzaile bakoitzari onesten zaizkion proiektuen kopurua mugatuko da, eta (2) lortutako puntuazioaren arabera emanen zaien dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta.

d) Nafarroako populazioaren sentsibilizazio, hezkuntza eta informaziorako proiektuak honako aldagai hauei segituz baloratuko dira:

I) Proiektuaren ezaugarri teknikoak:

i) Onuradunak (gehienez 20 puntu)

ii) Helburuak, eragina eta emaitzak (gehienez 35).

iii) Jardueren kronograma zehatza (gehienez 10 puntu).

iv) Aurrekontu zehatza (gehienez 10 puntu).

II) Proiektuan parte hartzen duten erakundeen kopurua, gehienez 15 puntu, honela banatuak:

i) Bi edo hiru (7,5 puntu).

ii) Lau edo gehiago (15 puntu).

III) Bazkide kopurua eta erakundeak Nafarroan duen ezarpenaren balorazioa (10 puntu arte).

Lehen fase honetan proiektu bat ontzat eman dadin 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez, Nafarroako Gobernuak aurretik diruz lagundutako proiektuek izan ezik, 50 puntutik gora lortu beharko baitituzte. Dirulaguntza lortzen den puntuazioaren arabera eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da, betiere kontuan hartuz ezin izanen dela aurrekontu hori gainditu. Hala gertatuz gero, dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta.

e) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren aldetik lankidetza edo sentsibilizazio proiektuetarako lehenbizikoz dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek proiektu bat bakarra aurkezten ahalko dute, 30.050,61 eurotik beherakoa betiere.

f) Deialdi honetako fondoen gutxienez % 20 emakumeen egoera hobetzeko zuzeneko xedea duten proiektuetarako emanen da.

Zazpigarrena._Ebazteko epea.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri zuzendari nagusiari dagokio aurkeztu diren eskaeren gainean ebaztea, irailaren 29ko 179/1999 Foru Aginduak esleitzen dizkion ahalmenen arabera. Ematen bazaizkie, ebazpenak dirulaguntzaren helburua, dirutza, pagabidea eta dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua zehaztuko ditu.

2. Eskaerak ukatutzat joko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Zortzigarrena._Dirulaguntzaren pagamendua eta justifikatzeko dokumentazioa.

1. Ematen den laguntza 120.202,42 eurotik beherakoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, eskaera ontzat emateko ebazpena ematen denarekin batera.

2. Dirulaguntza 120.202,42 eurotik goitikoa baldin bada, bi puskatan edo gehiagotan ordainduko da: lehenbizikoa, dirulaguntza ematea onesten duen ebazpenarekin batera, eta bestea(k) ebazpen horrexetan finkatzen denean. Horri dagokionez, beharrezkoa izanen da dokumentu bidez justifikatzea hartutako puskari dagokion exekuzioaren % 75 gutxienez, dirulaguntzaren hurrengo puska jasotzeko. Horretarako, proiektuaren eta egindako ekintzen txosten berri-emaile labur bat aurkeztuko da, ordurarte izandako dirusarrera eta gastuen balantzea eta dirulaguntzari dagozkion gastuen zerrenda, ongi zehaztuz dokumentu-zenbakia, kontzeptua, igorlea, data, diru-zenbatekoa tokian tokiko monetan eta eurotan. Aipatu zerrendari horien ziurtagiriak erantsiko zaizkio, oinarri honen 4.e) atalean xedatu bezalaxe. Hori guztia Garapenerako nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan hartuko den orri ofizial batean jasoko da (Yanguas y Miranda, 27, behea).

3. 120.202,42 euro baino gehiago aurreratzen badira, erakunde hartzaileak bankuko abala edo legeek aurreikusten duten bestelako bermeren bat aurkeztu beharko du dirulaguntzaren aurrerapena kobratu ahal izateko. Berme hori aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinakoa izanen da.

4. Dirulaguntza bakoitzerako jartzen den epean proiektuaren bukaerako txosten berri-emailea aurkeztuko da Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan hartuko den orri ofizialean (Yanguas y Miranda, 27, behea). Horretan dokumentazio hau bilduko da:

a) Dirulaguntza tokian tokiko bazkideari bidali izanaren agiria.

b) Tokian tokiko bazkide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, dirulaguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

c) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

c.1) Proiektuaren eraginkortasuna. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea.

c.2) Eragingarritasuna. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

c.3) Eragina. Proiektuak esparru tekniko, ekonomiko, sozial, politiko eta ekologikoan izan duen eraginaren balorazioa.

c.4) Bideragarritasuna. Laguntzarik gabe aurrera egiteko gaitasunaren balorazioa, hau da, kanpoko laguntzak desagertzen direnean proiektuak bizirik irauteko duen aukera. Proiektu bera beste toki batean egiteko aukeren azterketa.

c.5) Proiektuaren estrategiaren balorazioa. Proiektuan aurkitutako traba eta arazoen aurrean ongi jokatu den ala ez, erantzun edo bide egokiena hartuz.

c.6) Onuradunen partaidetza eta onarpen-maila.

d) Proiektuaren balantze ekonomikoa. Dirusarrera guztiak zehaztuko dira (Nafarroako Gobernua, Nafarroako Udalak, beste Autonomi Elkarteak eta beste udalak, Kanpo Arazoetarako Ministerioa, Europako Batasuna eta Herrialde onuraduna, ongi zehaztuz bakoitzaren jatorria) eta, halaber, fondo propioak. Gastuak ere zehaztu beharko dira, honako kontusailetan banaturik: 1) langileak; 2) materialak, ekipamenduak eta hornidurak; 3) eraikuntzak; 4) bidaia eta egonaldiak; 5) administrazio eta kudeaketa gastuak; eta 6) bestelako gastuak. Bestetik zehaztu beharko da gastu bakoitzerako zer erakunderen finantzabidea erabili den.

e) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza gehi entitateak jarri beharreko ekarpenarekin egindako gastuen zerrenda osotua, ongi zehaztuz dokumentu zenbakia, igorlea, kontzeptua, eguna eta diru-zenbatekoa (tokian tokiko monetan eta eurotan). Zerrenda honen froga gisa entitate eskatzailearen Nafarroako egoitza edo delegazioan ziurtagiriak egonen dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edozein unetan eskatu eta azter ditzake. Ziurtagirien artean hauek balio dute: bankuak emandako laburpenak, ordainagiriak, kaja-erregistroak, fakturak, gastuen oharrak, tokian tokiko bazkidearen kontuen txostena edo beste edozein dokumentu. Betiere datu hauek azaldu behar dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. 3.b) oinarrian aipatutako administrazio gastuak egiaztatzeko, gastu bakoitzari dagozkion frogagiriak aurkeztuko dira; tokiko gastu arrunten kasuan eta berariazko gastuen frogagiririk ez dagoenetan, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak emandako agiria aurkeztuko da, non zenbatekoa eta administrazio gastuaren izaera ageriko baitira. Justifikatzeko zailak diren gastu horiek ezin izanen dute inola ere gainditu Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzako administrazio gastuen % 30.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioa edo martxa onaren berri emateko.

Bederatzigarrena._Alegazioen tramitea.

Batzorde Teknikoaren ebazpen-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko bilera bat egin daiteke, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Behin-behineko proposamena aldekoa izanez gero, entitate onuradunak aitorpen bat aurkeztu beharko du. Bertan agertu beharko du proiektuaren kostuari (beharrezkoa bada berriro formulatua) dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren ateratako emaitza pagatzeko konpromisoa, zuzenean edo hirugarrenek finantzatua.

Hamargarrena._Eginbeharrak eta ez-betetzeak.

Proiektu jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateak behartuak daude:

a) Proiektua dirulaguntza emateko beharkizunetan azaldu bezala egitera. Proiektua dirulaguntza edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da beranduenez. Entitatea beharkizun honetatik libre geldituko da baldin eta ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiak, onartu.

b) Foru Agindu honen 8. oinarriak aipatzen dituen txostenak aurkeztera, proiektua burutu bitartekoak eta bukaerakoa.

c) Nafarroako Gobernuari baimena ematera eta laguntzera proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako populazioa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

d) Dirulaguntzaren iturria adieraztera, proiektuaren zabalkuntza eta publizitate lanetan. Zabalkuntza lan hori idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren logotipoa erabiliko da, dirua jaso duen entitatearen logotipoarekin batean, tamaina berean eta biak berdin ikusteko moduan. Behartua dago bestetik tokian tokiko bazkide edo kontraparteari dirulaguntzaren iturriaren berri ematera.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren ezaugarri, beharkizun eta baldintzetan egindako aldaketa guztiak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari jakinaraztera eta horiek egiteko baimena eskatzera. Halaber, beste edozein organismok edo erakunde pribatu zein publikok dirulaguntza geroago emanez gero, laguntza horien zenbatekoa jakinarazi beharko dio.

f) Proiektua ezin bada egin edo dirulaguntza emateko baldintzak bete ezean, hartutako diru-kopuruak edo justifikatu gabekoa itzultzera. Itzuli beharreko diru-kopuruari berandutza-korrituak gehituko zaizkio, dirulaguntza jasoz gerokoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluaren arabera.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

g) Dirulaguntza jaso aurretik, egiaztatzea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunen ordainketan egunean dagoela.

Hamaikagarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: A0212935