57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2003ko apirilaren 23koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza sektorearentzat Estatuak ematen dituen laguntzei buruzko Erregelamenduko "Elikagaien Kalitateko Deituren Kontseilu arau-emaileentzako laguntzak" izeneko 25. artikulua betearazi eta garatzekoa. Erregelamendu hori abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Nafarroako Komunitateko nekazaritza sektorearentzat Estatuak ematen dituen laguntzei buruzko Erregelamenduko 25. artikuluan (abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsia) Elikaduraren Kalitateko Deituraren Kontseilu arau-emaileei laguntzak emateko bidea ezartzen da, baita ardoaren jatorrizko deituren kontseilu arau-emaileei eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpenaren Kontseiluari ere. Lehenbizikoen kasuan, Nafarroako Foru Komunitatean jardutea eta Jatorrizko Deitura Babestuen eta Adierazle Geografiko Babestuen Europako Batasuneko Erregistroan, Kontseiluaren 2081/1992 Erregelamenduan aipatzen den horretan, inskribaturik edo inskribatze bidean egotea eskatzen da.

Foru Agindu hau abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko azken xedapenetako lehenbizikoan adierazitakoaren babesean eman da eta haren xedea 25. artikulua betearazi eta garatzeko arauak ezartzea da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1993 Foru Legearen 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Laguntzetarako eskabideak ondoko toki hauetan aurkeztu ahalko dira: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen horrek, baimendutako gainerako erregistroetan.

2. artikulua. Harreman publikoak lantzeaz beste asmorik ez duten sustapen ekintzak ez dira diruz lagunduko.

3. artikulua. Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpenaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoaren metodoen erabilera bermatzeko kontrolak finantzatzeko gastuetarako laguntzak jaso ahalko ditu; gastu horien %50 gehienez.

4. artikulua. Nolanahi ere, kontseilu arau-emaile bakoitzak edo Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpenaren Kontseiluak 120.000 euro jasoko ditu gehienez abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren 25.2.c) artikuluan aipatzen diren kontrolen gastuak finantzatzeko. Diru-kopuru hori urtez urte handitu ahalko da, aurreko urtean KPIk Nafarroan izan duen igoeraren arabera.

5. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, aurkezten diren eskaerak ikusita, erabakiko du laguntzak nori eman eta zenbatekoak izanen diren, aurrekontuetan dagoen diru-baliabideen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza hauen gastua 2003. urtera luzatu den 2002ko aurrekontuko ondoko kontusailen kargura eginen da: 721001-72220-7459-716100, "Kontseilu arau-emaileentzako transferentziak", inbertsioetarako; 721001-72220-4459-716100, "Sustapenerako kanpaina generikoak"; sustapen eta publizitate ekintzetarako; 721001-72220- 4459-716102, "Kontseilu arau-emaileentzako transferentziak", kontrolen gastuetarako, edo hurrengo aurrekontu-ekitaldietan helburu berberetarako ezartzen diren kontusailen kargura.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita hiruan._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3119681