57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2003ko martxoaren 7koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta bere Kontseilu Aholku-emailearen Erregelamenduko 29. artikulua aldatzen duena.

1975eko uztailaren 26ko Ministerio Aginduaren bidez, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta bere Kontseilu Aholku-emailearen Erregelamendua onetsi zen. Gero, Erregelamendu hori zenbait foru aginduren bidez aldatu da. Azken aldaketa 2001eko irailaren 17an izan du.

"Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Aholku-emaileak eskatu du Erregelamenduko 29. artikulua aldatu dadila, zehazteko zer esan nahi den "modu nabarmena" esaerarekin, halaxe agertu behar baitu Jatorrizko Deituraren izenak ardo ontziratuetako etiketetan. Eskatu ere du horietan nahitaez marka komertzial bat eta Kontseilu Arau-emailearen logotipoa sar daitezela. Artikulu bereko 4. idatz-zatiko lehen lerroaldeko testua gaurkotzea ere bidezko da.

Ikusirik Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak emandako adostasun txostena, eta abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren araberako aurretiazko kontsulten tramitea beterik (Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloan eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuei buruzko Errege Dekretua);

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._"Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta bere Kontseilu Aholku-emailearen Erregelamenduko 29. artikulua aldatzen da. Aldaketaren funtsa artikulu horretako 1 eta 4. idatz-zatiei beste idazketa bat eman eta 5. idatz-zatia gaineratzea izanen da.

a) 1. idatz-zatia honelaxe geldituko da:

"1. "Nafarroa" Jatorrizko Deiturak babesturiko ardoak merkaturatzeko etiketetan, Jatorrizko Deituraren izena eta Kontseilu Aholku-emailearen logotipoa modu nabarmenean agertuko dira, baita aplikatzekoak diren legeetan zehazten diren orotariko adierazpenek ere.

Jatorrizko Deituraren izena adierazteko erabiltzen diren karakter tipografikoak behin ere ez dira izanen 4 mm baino txikiagoak edo 10 mm baino handiagoak. Argi, irakurgarri eta ezabaezinak izan beharko dute eta haren idazketa ez da sobera lodia izanen. Ez da onartuko adierazpen horrek etiketaren zabalera osoaren erdia baino gehiago hartzea.

Jatorrizko Deituraren logotipoaren diametroa gutxienez ere 9 mm-koa izanen da eta gehienez ere 12 mm-koa."

b) 4. idatz-zatiko lehen lerroaldea honelaxe geldituko da:

"4. Kontseilu Aholku-emaileak ikur edo logotipo bat onartu eta erregistratuko du Jatorrizko Deituraren sinboloa izan dadin".

c) 5. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"5. "Nafarroa" Jatorrizko Deiturak babesturiko ardoen etiketetan nahitaez marka komertziala sartu beharko da, Erregelamendu honetako 27. artikuluan eta aplikatzekoak diren arauetan xedatu baldintzetan."

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu honetako artikulu bakarrean xedaturikoa galarazi gabe, hark indarra hartu baino lehen baimenduriko etiketak 2003ko ekainaren 30a arte erabiltzen ahalko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari baimena ematen zaio Foru Agindu hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitatezko Deituren eta Lanbidearteko eta Kontratuzko Harremanen Zuzendariordetza Nagusira igortzeko, honen berri izan eta berrets dezan, Estatuko Administrazioak nazio eta nazioarteko esparruan sustatu eta defendatzeko.

Bigarrena.-Foru Agindu hau "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileari jakinaraztea.

Hirugarrena._Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren zazpian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3069236