57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2003ko martxoaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduko "Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektorean inbertitzeko laguntzak" izeneko 16. artikulua betearazi eta garatzekoa. Erregelamendu hori abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Haren 16. artikuluak Europako Batasuna osatzeko Tratatuko I. eranskinean aipatzen diren nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektorean inbertitzeko laguntzak ezarri zituen.

Foru Agindu hau abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko azken xedapenetariko lehenbizikoan xedaturikoaren arabera eman da eta haren xedea 16. artikulua betearazi eta garatzeko arauak ezartzea da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eskabideak. 1. Laguntzetarako eskabideak, inbertsioak hasi aitzin, ondoko toki hauetan aurkeztu ahalko dira: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen horrek, baimendutako gainerako administrazio erregistroetan.

2. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak prestatutako inprimakietan aurkeztuko dira ondoko agiri hauekin batera:

A) Enpresaren deskribapena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen menpekotasun maila eta plantilla, kategorien arabera zehaztua, hala nola kontratu motak.

B) Enpresa plana, haren bideragarritasuna frogatuko duena, haren finantza egoeraren eta etorkizunaren ebaluaziotik abiaturik.

C) Ekoizpenaren eta merkaturatzearen gaineko argibideak, produktuek merkatuan irtenbide normalak izateko baldintzak baloratzeko modukoak.

D) Irekitzeko udal lizentzia, edo, bestela, jarduera sailkatuarena, Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legearen menpeko jarduerak badira.

E) Hala bada, abeltzaintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko jardueretan, albaitari batek luzaturiko ziurtagiri edo txostena, abeltegiak Europako Batasunak abereak abeltegietan babesteko ezarririko arauak betetzen dituela frogatzen duena, baita, hala bada, txahalak, zerriak edo oilo erruleak babestekoak ere.

F) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak dituela ziurtatzen duen agiria.

G) Inbertsio proiektuari eta lortu nahi diren helburuei buruzko memoria, gutxienez ondoko atal hauek bilduko dituena:

a) Ondasun higiezinetan, makinetan eta tresnetan egitekoa den inbertsioa, aurrekontu zehatzak barne.

b) Proiektuaren, aholkularitzaren, bideragarritasun azterlanen, patente eta lizentziak eskuratzearen gastuak.

c) Produktu bakoitzaren fabrikazio prozesuaren eta fabrikatzeko ahalmenaren azalpena, proiektua burutu aurretik eta ondotik.

d) Erabili beharreko lehengaiak, urteko kopurua, nondik heldu diren eta haien fabrikako balioa, inbertsioak gauzatu aurretik eta ondotik.

e) Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena, egindako inbertsioen arabera.

f) Inbertsioaren bideragarritasunaren azterlana.

g) Inbertsioak gauzatzearen ondoriozko plantilla handitzeak.

h) Inbertsioaren finantza plana, bertako baliabideei eta kreditu pribatuei dagozkien kopuruak zehaztuta.

i) Egoeraren balantzea eta ustiapen kontuak, itxitako azken hiru ekitaldiei dagozkienak.

j) Urteko kuota finkatuak, enpresa talderen batekoa baldin bada.

k) Emaitzen kontua eta proiektua abian jarri ondoko hiru ekitaldietarako aurreikusten diren fondoen jatorri eta aplikazioaren egoera-orria.

l) Inbertsioa eginen den lurren jabetza ziurtatzen duen eskrituraren kopia, hala nola hura Jabetza Erregistroan inskribaturik dagoela ziurtatzen duen agiria eta, hala behar izanez gero, hirigintzako agiriak, eraikitzen ahal dela ziurtatzen dutenak.

m) Obretarako udal lizentzia, hala behar izanez gero.

H) Inbertsioei buruzko proiektu teknikoa, teknikari gai batek idatzia, inbertsioen ezaugarriek hala eskatzen dutenean.

I) Ardandegietan egiteko inbertsioak izanez gero, Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren txostena.

J) Diruz lagundu diren ondasunak gutxienez bost urtetan, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osoan hirugarrenek erabiltzeko eskualdatu, alokatu edo lagatuko ez dituela dioen konpromisoa.

K) Sozietatea baldin bada, eratze eskrituraren kopia, eta horrekin batera ondoko hauek: sozietatearen kapitalaren bilakaera, gaur egungo bazkideen zerrenda izenduna, bakoitzaren helbidea eta partaidetzaren zenbatekoa azaldurik, hala nola Administrazio Kontseiluaren kideak.

L) Kooperatibak edo nekazaritzako eraldaketa sozietateak badira, entitatearen idazkariak luzatutako eta kooperatiba-buruak ikus-onetsitako ziurtagiria, ondokoen berri ematen duena: bazkideen zerrenda eguneratua, sozietatearen kapitalaren banaketa, zuzendaritza organoaren osaera eta inbertsioak egiteko erabakia hartzeko egindako bileraren akta.

M) Kooperatiba, nekazaritzako eraldaketa sozietate edo elkartzeko beste edozein formula juridikotan antolaturiko nekazari eta abeltzainen batasunak izanez gero, erabakiak hartzen dituen organoko partaiderik gehienak nagusiki nekazariak direla frogatzen duen ziurtagiria.

Erabakiak hartzen dituen organoa pertsona bakar batek osatzen badu, bazkiderik gehienek izan beharko dute nagusiki nekazariak.

Kooperatibek frogatu beharko dute Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legeko 44. artikuluko 12. idatz-zatian xedaturikoa betetzen dutela. Sozietateek konpromisoa hartuko dute ematen zaien dirulaguntza bazkide ekoizleek entitatearen kapital sozialean duten parte-hartzea handitzeko erabiliko dela.

3. Eskabidearekin batera eskatutako informazioa eta ziurtagiriak aurkezten ez badira, edo bidezkotzat jotzen baldin bada bestelako datuekin osatzea, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak hilabeteko epea emanen dio interesatuari datuak zuzendu edo osatzeko eta ohartaraziko zaio horrela egin ezean eskabidea bertan behera utzitzat hartu eta espedientea artxibatuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren.

2. artikulua. Lokal erosketa.

Eraikitako eraikinak eta haien oinarri diren lurrak erosiz gero, tasatzaile independente kualifikatuak luzatutako frogagiria erantsiko da, zeinean ziurtatuko den prezioak ez duela merkatuko balioa gainditzen eta eraikina arautegiaren araberakoa dela. Tasazioan lokalaren prezioa eta lurrarena bereiziko dira. Halaber, erantsi behar da eraikinerako eman diren dirulaguntzen aitorpena, azken hamar urtekoa.

3. artikulua. Finantza errentamendua.

Finantza errentamenduko eragiketen bidez eskuratutako makineriak eta ekipamenduak jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta eragiketa horietan onuraduna makineria edo ekipamendu horren jabe bihurtzeko erosketa konpromisoa baldin badago. Kontratuaren gehienezko zenbatekoak ez du aktibo errentatuaren merkatuko balio garbia gainditu behar. Finantza errentamenduko kontratuari lotutako beste kostu batzuetarako, hala nola zerga, errentatzailearen marjina, birfinantzaketa kostu, gastu orokor edo aseguruetarako ez daiteke laguntzarik jaso.

Salmenta eta errentamendu erretroaktiboko sistema baten esparruan eskuratzen diren ondasunetarako ez daiteke dirulaguntzarik jaso.

4. artikulua. Lagungarriak ez diren gastuak.

1. Ez dira lagungarri honako gastu hauek:

a) Eratzearen eta lehen ezarpenaren gastuak.

b) Lurrak erostea.

c) Funtzionamenduan diren instalazioen jabetza aldaketa soila.

d) Instalazio hutsak edo ustiapenerako erabiltzen ez direnak talde bereko enpresek edo jabearekin hirugarren mailarainoko ahaidetasuna, hori barne, duten pertsonek erostea.

e) Eraitsi behar diren eraikinak erostea.

f) Makineria eta ekipamendu erabilia erosi edo instalatzea.

g) Lorazaintzako obrak.

h) Konpontze eta mantentze gastuak.

i) Ekipamendu eta makineria zaharkitua ordezkatzea, bestelako ekipamendu eta makineria erostea berekin badakar salbu, dela erabilitako teknologiarengatik dela etekin hobeengatik, oro har nahiz denbora aldetik begiratuta.

j) Urte betean amortizagarria den materiala erostea, ez eta kontabilitatean gastu gisa jasotzen diren inbertsioak ere.

k) Bulegoko ekipoak eta bestelako altzariak, salbu telefono instalazio finkoak, telekopiagailu eta ordenagailuak, programak eta inprimagailuak.

l) Ibilgailuak erostea, lehenbiziko eraldaketara oinarrizko produktua eramateko behar diren ibilgailu espezializatuak, ordeztekoak izan ezik. Oinarrizko ibilgailua ez da behin ere lagungarria izanen.

m) Enpresaren beraren eskulana, ez eta jatorri horretako materialak ere.

n) Sozietatearen kapital gisa egiten diren ondasun ekarpenak.

ñ) Lokalak erostea, azken hamar urteetan dirulaguntzarik jaso badute, jasotako laguntzak osorik itzuli badira izan ezik.

o) Maileguak formalizatzeko gastuak eta onuradunaren karguko finantza gastuak.

p) Orotariko gastuak, ordainsariak, ikerketak, patenteak eta lizentziak, erosketena, dirulaguntza xede diren kostuen %12 baino gehiago egiten badute.

q) BEZa.

r) Eskabideak aurkeztu aurretik egiten hasitako inbertsioak, salbu proiektuaren lansariei eta bideragarritasun azterlanei dagozkienak, hala nola eraikitzeko baimenekin zerikusia dutenak.

2. Instalazio industrialen lekualdatzeetan, inbertsio lagungarriari kenduko zaio uzten diren instalazioen zenbatekoa, tasatzaile independente eta kualifikatuak egin beharko duena.

5. artikulua. Laguntzak aplikatzeko baremoa.

1. Laguntzak inbertsioari aplikatzeko honako ponderazio faktore hauek hartuko dira kontuan:

a) Kokapena. Mendialdeko edo bestelako eskualde behartsuetako herrietan egiten diren inbertsioak lehenetsiko dira, Kontseiluaren EE 1257/1999 Erregelamenduko 18 eta 19. artikuluekin bat.

b) Finantzabidea. Finantzabiderik sendoena duen proiektuak izanen du baloraziorik handiena. Horretarako, lehentasuna emanen zaie baliabide propioekin proiektuaren kostuaren % 50 baino gehiago finantzatuko duten proiektuei.

c) Inbertsioaren nolakotasuna. Proiektuek, produkzio prozesuarekin zenbat eta lotura zuzen eta berariazkoagoa izan, orduan eta balorazio handiagoa izanen dute. Hori erabakitzeko, lehentasuna izanen dute makinerian eta instalazioetan eginen den inbertsioak inbertsio osoaren % 50 baino gehiago duten proiektuek.

d) Lehentasunezko sektorea. Fruta eta barazki, ardo, haragi eta esne lehentasunezko sektoreetan lehenetsiko dira eraldatze eta merkaturatze inbertsioak.

e) Kalitateko deitura duen ekoizpena. Jatorrizko deiturek, adierazle geografikoek edo ekoizpen ekologikoaren ondoriozkoek babesturiko produktuetarako inbertsioak baloratuko dira bereziki.

f) Enpresaren tamaina. Arreta berezia izango dute "enpresa txiki eta ertainak" sailkapenean sartzen direnek, eta baita bost langile finko baino gehiagori eta berrogeita hamar baino gutxiagori beren instalazioetan lana ematen dietenek ere.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako faktoreen arabera, laguntzei aplikatzen ahal zaien baremo orokorra honako hau da:

Industria Handitzea edo

ezarri berria hobetzea

Abiapuntuko puntuazioa %12 %10

Tokia:

Mendialdea %3 %2

Bestelako eskualde behartsuak %2 %1

Finantzabidea %1 %1

Inbertsio mota %2 %2

Lehentasunezko sektorea %2 %2

Kalitateko deitura duen ekoizpena %1 %1

Enpresaren tamaina:

Txiki edo ertaina %1 %1

5 langiletik 50 langilera bitarte %1 %1

Hala ere, gehieneko dirulaguntza %22koa izanen da industria berriak ezartzeko proiektuetan eta %20koa handitu edo hobetzekoetan. Gutxieneko dirulaguntza %14koa eta %12koa izanen da, hurrenez hurren.

3. Onuradunak kooperatiba, nekazaritza eraldaketa sozietate edo elkartzeko bestelako formula juridikotan antolaturiko nekazari edo abeltzain batasunak badira, haien zuzendaritza organoetako gehiengoa nagusiki nekazariak direnen esku badago, orotariko baremoa erabilita lortzen den puntuazioari ehuneko hauek gaineratuko zaizkio, osatzen dituzten bazkideen kopuruaren arabera:

5 bazkide bitarte: %2.

6tik 15 bazkide bitarte: %5.

15 bazkide baino gehiago: %15.

Bigarren mailako kooperatibak: %15.

Dirulaguntzak gehienez ere %35 eginen du.

Sozietateek kooperatibaren bat badute bazkide, bazkideak zenbatzeko kooperatiba osatzen duten nekazarien zenbatekoa hartuko da kontuan.

Orotariko baremoari gaineraturiko ehunekoa, atal honetan aipatzen direnak, ez zaizkie olio-landareen sektorerako inbertsioei aplikatuko, sektore horretako 2. ekintza deritzona ezintzen edo zailtzen badute. Ekintza hori 2000-2006 Nafarroako Nekazaritza Garatzeko Programan aipatzen da.

4. Onuraduna nekazaritzako elikagaien artisautza enpresa baldin bada, baremo orokorrari honako portzentaje hauek erantsiko zaizkio, familiakoak ez diren plantillako langile finkoen arabera:

Hamar baino gehiago: %2.

Hirutik hamarrera bitarte: %5.

Hiru baino gutxiago: %15.

Nekazaritzako elikagaien artisau enpresen elkarteek dirulaguntza osagarri bat izanen dute, orotariko baremoaren %15 eginen duena.

Dirulaguntzak gehienez ere %35 eginen du.

5. Onuraduna lan sozietate bat bada eta Asociación Navarra de Enpresas Laborales delakoak adostasun txostena eman badio txostenari, orotariko baremoa aplikatzetik ateratzen den dirulaguntzari beste % 8 gehituko zaio, baina laguntzek ez dute behin ere eginen dirulaguntzaren xede inbertsioaren %30 baino gehiago.

6. Barazkien Eraldaketa Sektorean bideratu den Ingurumeneko Jarduketa Planaren barruan, enpresak egokitzeko egin beharreko inbertsioetarako dirulaguntza % 20koa izanen da, baremoa aplikatuta laguntzen portzentaje handiagoa ateratzen ez bada behintzat, halakoetan azken hori izanen baita aplikatuko dena."

6. artikulua. Eskabideak izapidatu eta haien gainean ebazteko era.

1. Beharrezkoa den dokumentazioa osatu ondoren Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak laguntzak jasotzeko baldintzak eta beharkizunak betetzen dituzten eskabideak aztertuko ditu eta Erakunde Ordaintzailearen zuzendariari txostena igorriko dio, emango den laguntzaren proposamena eta zenbatekoa bertan sartuz. 2. Ebazpen administratiboan eskatzaileak laguntzak jasotzeko beharko dituen beste baldintza eta beharkizunak finkatuko dira, besteak beste, honako hauei buruzkoak: proiektuen aurreikuspenak betetzea eta horretarako ezarritako epeak. Kasu berezietan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak luzapen bat ematen ahal du, arrazoitutako eskaera aldez aurretik eginez gero betiere.

3. Eskatzaileari ebazpenaren berri emango zaio, eta berak ondoren, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita gehienez ere hilabeteko epean, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari idatziz adierazi behar dio haren eduki osoarekin ados dela. Bestela, emandako laguntzei uko egiten diela ulertuko da, eta besterik gabe, espedientea artxibatuko.

4. Ebazpenaren aurka gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, gehienez ere hilabeteko epean jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

7. artikulua. Laguntzak ordaintzea.

1. Inbertsioak bukatu ondoren, eskatzaileak hilabeteko epea izanen du Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari bukatu eta abian jarri direla jakinarazteko, eta, emango zaion inprimakian, proiektaturiko inbertsioak eta egindakoak zerrendan eman behar ditu, laguntzak emateko ebazpenean agertzen diren ordena berean, eta erantsi behar ditu jatorrizko fakturak, hala nola ordainagiriak eta aurkeztutako guztiaren fotokopia bat. Ordainagiriek, gutxienez, emandako laguntzen zenbatekoen parekoak izan behar dute, baina eskatzailea ez dago beharturik fondo publikoekin finantzatu ez diren gastuen soberakina justifikatzera.

Gainera, onuradunak dagokion inskripzioa eskatu behar du Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Erregistroan. Inskripzio hori nahitaezko baldintza da dirulaguntzaren azken ordainketa jaso ahal izateko.

2. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak behar adina kontrol eginen ditu arautegi indarduna eta onuradunak hartutako konpromisoak betetzen direla eta inbertsioa aurkeztutako proiekturako benetan erabili dela egiaztatzeko.

Kontrol horien emaitzak ikusirik, Zerbitzuak bidezkoak diren ordainketak egiteko baimena eman eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena idatziko du, eta horri erantsirik txosten bat eginen da, laguntza helburuak betetzeko erabili dela eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen direla frogatzen duena.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, ebazpen proposamena ikusirik, laguntzen ordainketaren gainean ebatziko du. Ebazpenaren aurka gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, gehienez ere hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

4. Instalazioak martxan jartzen direnetik, laguntzak, gehienez ere, lau urtetan ordainduko dira. Hala ere, ekitaldi batean aurrekontuan dirurik baldin bada, ordainketak aurrera daitezke, betiere inbertsioaren erdia gutxienez gauzatua baldin bada, inbertsioek jarraipena eginen dutela egiazta badaiteke eta jasotzeko zenbatekorako banku abala aurkezten bada.

5. Elikagaien Industria eta Elikadura Zerbitzuak, laguntzak ordaindu aitzin, banku-abala eskatuko du, inbertsioak egin bai baina osorik pagatu ez badira, ordaintzeke dagoen inbertsio zatiari dagokion dirulaguntzaren adinakoa.

Finantza-errentamenduko eragiketen kasuan, laguntza ordaindu aurretik, emandako laguntzaren kopuru osoa adinako abala eskatuko da. Abalak baliozkoa izan behar du enpresa onuradunak eragiketa likidatu eta errentamenduan diren ondasunen jabe bihurtu arte.

8. artikulua. Ustekabeak.

Negozioa ixten delako jarduera bukatzen baldin bada, lana uzten bada sei hilabete baino denbora luzeagoz, edo lantegia edo enpresaren helbide soziala Nafarroatik kanpora eramaten bada, hala nola krisi espedienteko, enpleguaren edo lanaldiaren erregulazioko eta ordainketa etendurako zein porrot egoerarik gertatzen bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du emandako laguntza osoak edo zati bat kendu eta, hala behar izanez gero, kobraturiko kopuruak Nafarroako Ogasunari hilabeteko epean itzularaztea, betiere egoera horiek bost urteko epean gertatzen badira, laguntzak emateko behin betiko ebazpenaren egunetik hasita. Nolanahi ere, enpresa behartuta dago Departamentu honi egoera horien berri ematera, gertatzen diren unetik beretik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntzak aplikatzeak sortzen duen gastu ondoren azaltzen diren kontusailen kargura ordainduko da: onuraduna kooperatiba ez den enpresa baldin bada, 721000-72210-7701-716100 ("kooperatiben araubidea ez duten nekazaritzako enpresen industrializazio eta merkaturatzerako inbertsoetarako dirulaguntzak"); onuraduna nekazaritzako kooperatiba bada, 721000-72210-7701-716106 ("kooperatiben biltegiak eraiki, handitu eta hobetzeko eta eraldaketetarako dirulaguntzak"); onuraduna nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresa bada, 721000-72210-7701-716107 ("kooperatibak ez direnen biltegiak eraiki, handitu eta hobetzeko eta eraldaketetarako dirulaguntzak"); azkenik, onuraduna kooperatiba ez den enpresa-batasuna bada, 721000-72210-7701-716102 ("nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresetarako dirulaguntzak"). Hurrengo aurrekontu ekitaldietan, helburu horietarako ezartzen diren kontusailen kargura ordainduko dira dirulaguntzak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren bostean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: C3066140