57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

27/2003 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak onesten dituena.

Otsailaren 22ko 71/1993 Foru Dekretuak Gazteentzako Informazio Zerbitzuak arautzen ditu eta xedatzen du toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuak aurkezten ahalko direla dirulaguntzen deialdietan.

Dirulaguntzak emateko araubidea orain arte Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 26an eman zuen 23/2002 Foru Aginduan zegoen xedatua, baina bidezko da beste Foru Agindu bat onestea toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluarekin bat.

AGINDU DUT:

1. Toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei dirulaguntzak emateko deialdia onestea; Foru Agindu honen eranskinean agertzen dira deialdiaren oinarriak.

2. Gehienez ere 97.864 (lauretan hogeita hamazazpi mila zortziehun eta hiruretan hogeita lau) euroko gastua baimentzea, dirulaguntzen deialdi hori finantzatzeko, kontusail hauetatik:

_54.090 euro "Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak" izeneko 940003-95210-4810-323100 kontusailetik.

_4.647 euro "Gazte entitateen ekipamendua" izeneko 940003- 95210-7810-323100 kontusailetik.

_30.127 euro "Toki entitateetako gazte programak" izeneko 940003- 95210-4600-323100 kontusailetik.

_9.000 euro "Toki entitateetako gazte ekipamendua" izeneko 940003-95210-7600-323100 kontusailetik.

Kontusail haiek guztiak 2003ra luzatutako 2002ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira.

Hurrengo ekitaldietan behar den gastua baimenduko da, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Nafarroako aurrekontu orokorretan xede horretarako gaitzen den kontusailaren kargura. Betiere, kreditua beharko da ekitaldian, dirulaguntza emanen bada.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea, aurkeztutako eskabideak aztertu eta deialdia ebatzitakoan sobera gelditutako dirua hasieran onartutako kopuruen konpromisotik kentzeko eta beste deialdi batzuetako gastu gisa baimentzeko, ekitaldi bakoitzeko Nafarroako gastuen aurrekontuko kontusail beraren kargura betiere.

4. Deialdiaren oinarriak, Foru Agindu honen eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko baimena ematea.

5. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

6. Foru Agindu hau igortzea kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalera, Gazteri Zuzendariordetzara, Plangintza eta Sustapen Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 26an emandako 23/2002 Foru Agindua, Gazteentzako Informazio Zerbitzuei dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak onesten dituena, eta Foru Agindu honi kontra egiten dioten edo kontrakoa adierazten duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indargabetu egiten dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Oinarriak

1._Helburua.

Deialdi honen helburua da toki entitateen eta gazte elkarteen Gazteentzako Informazio Zerbitzu ofizialki onartuei beren funtzionamendu egokirako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

2._Xedea.

Dirulaguntza hauek honako xedeak dituzte:

Gazteentzako Informazio Gune eta Bulegoetarako:

_Ofizialki onarturiko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen funtzionamendu eta mantentze egokiaren ondoriozko jarduerak hein batean finantzatzea, urte bakoitzeko azaroaren 1etik urriaren 31ra bitarte.

_Gazteentzako Informazio zerbitzuaz arduratzen diren langileen prestakuntza hein batean edo osorik finantzatzea (bertako edo kanpoko ikastaroak).

_Ekipamenduaren erosketa hein batean finantzatzea: oro har, ordenagailua, inprimagailua, ekipoak eta/edo softwarea gaurkotzea, e.a. Erositako ekipo informatikoek interneten sartu eta posta elektronikoa izateko aukera emanen dute; hurrengo ezaugarriak izanen dituzte gutxienez:

_Pentium IV (edo antzekoa).

_Nahikoa memoria (256 Mb RAM).

_20 Gb baino gehiagoko disko gogorra.

_Internet eta posta elektronikoko kontua.

_Multimedia ekipoa (CD ROM).

_Office 97 edo hori baino berriagoa.

Tresna informatikoak erosteko dirulaguntza gisa hartzen ahalko den gehieneko zenbatekoa kostuaren % 50 izanen da, eta muga 900 eurotan jarri da.

Gazteentzako Informazio Bulegoetarako:

_Bulegoan jarduteko pertsona bat gehienez ere hein batean finantzatzea, urte bakoitzeko azaroaren 1etik urriaren 31ra bitarte.

_Informazioa arintzeko jarduerak hein batean finantzatzea: euskarri informatiboak editatzea, gazte eginkizunak sustatzeko informazioak eta aholkuak ematea, hedabideak erabiltzea, informazioa katalogatzea, sasoian sasoiko hedapen kanpainak, e.a.

3._Esparrua.

3.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan inskribaturik dauden Gazteentzako Informazio Zerbitzuek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuak arautzen dituen otsailaren 22ko 71/1993 Dekretuan xedatu bezala.

3.2. Zehatzago den beste deialdi baten xede diren jarduerak deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira, baita informazio bulego edo guneen berezkoak ez direnak ere.

4._Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntzaren eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean) urte bakoitzeko urriko azken egun baliodun arte, eta egun hori 5. oinarriak aipatzen dituen inprimakietan agertuko da.

Behar bezala beteriko eskabide guztiak hartuko dira kontuan, helburu horretarako dagoen kreditua muga dela betiere.

5._Eskabideak eta dokumentazioa.

5.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak luzatuko dituen inprimakietan aurkeztuko dira. Bertan hauek agertuko dira:

a) Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren funtzionamenduaren txostena eta baldintzak eta urteko aurrekontua.

b) Eginiko jardueren memoria, behar bezala baloratua, helburuak eta lorpenak, informazioaren hartzaileak eta Informazio Zerbitzuaz arduratzen den lan taldea adieraziko dituena.

c) Informazio Zerbitzuak izaniko kudeaketa arrunteko gastuen frogagiria, haren izenean luzatuko diren fakturetan. Bertan kontu hauek zehaztuko dira: data, kontzeptua eta enpresa saltzailearen izena, zigilua eta izenpea.

5.2. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskabideak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

5.3. Eskabideak hobeki ebaluatzearren, aurkeztutako edo eskatutako agirietan den informazioa zabaltzea nahiz hobetzea eskatu ahalko die eskatzaileei Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak.

6._Izapidatzea, balorazioa eta zenbatekoa.

6.1. Ebaluaziorako Batzorde Aholku-emaile batek, Gazteri zuzendariordea buru izanen duenak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen funtzionamendu normalerako aurkezturiko eskabideak aztertuko ditu eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko.

6.2. Dirulaguntza ez da izanen, inola ere, onuradunak eginiko jarduerak duen kostua baino handiagoa.

7._Ebazpena eta ordainketa

7.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urte bakoitzeko abenduko lehenbiziko hamar egunetan emanen du eskabideen ebazpena.

7.2. Ezarritako epean ematen ez bada ebazpen espresurik, eskabideak ezetsitzat joko dira.

Ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuan) ezarritako epean.

7.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta osorik ordaintzeko modua adieraziko dira.

7.4. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

7.5. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

8._Betebeharrak.

8.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Beraien aplikazioa agirien bidez frogatzea.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

d) Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Lege horri jarraikiz, Foru Ogasunaren Kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

8.2. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteta beharko dituzte; dirulaguntzen ordainketa Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zorrak konpentsatuz egin daiteke, halakorik badago.

Dirulaguntza kobratu aurretik eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zehazten duen moduan egiaztatu beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak eginak dituztela.

8.3. Gutxienez ere zortzi egun lehenago Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea edozein ekitaldi publiko, dirulaguntzaren xede den jarduera edo inbertsioarekin zerikusirik duena.

9._Ez-betetzea.

Aipatu dirulaguntza galdu eginen da eta onuradunek jasotako dirua itzuli egin beharko dute, baldin eta deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza beste helburu batzuetarako erabiltzen bada, laguntzen helburua ezartzen den moduan eta epeetan justifikatzen ez bada, egiazkoak ez diren datuak aurkezten badira edo, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe, dirulaguntza ematean ezarritako xedeak funtsean aldatzen badira. Dirua itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa bada, baita dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutza korrituak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hori guztia ez da eragozpen izanen eskatzen ahal zaizkien gainerako erantzukizunak eskatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

10._Errekurtsoak.

Foru Agindu honen aurka eta bere oinarrien aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

11._Aplikatzekoa den legeria.

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta bere erakunde autonomoek dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Iragarkiaren kodea: A0303188