57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R M A Ñ A N T Z A S

E D I K T U A

Armañantzasko Herritarren Batzarreak, 2002ko urriaren 31n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zituen Armañantzasko Udalaren Ordenantza fiskal orokorra eta Ibilgailuen errodaje eta herrestatze tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, iragarkia argitara eman baitzen herriko iragarkien oholean eta 2003ko 1. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urtarrilaren 1ekoan, baina inork ez du denbora horretan haren aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan ezarritakoa betez, Herritarren Batzarreak 2003ko otsailaren 27an egindako bilkuran behin betikoz onetsi zituen ondotik ematen diren ordenantzak.

Aditzera ematen da orok jakin dezan, Armañantzasen, bi mila eta hiruko martxoaren hamaikan. Alkatea, sinadura ulertezina.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako ordenantza fiskal orokor honen xedea da Udal honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a artikulua).

3. art. Armañantzasko Udalak onetsitako ordenantza fiskalek Udaleko mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. art. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga harremanen elementuak

Zergagaia

6. art. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergagaiaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

8. art. Subjektu pasiboa.

a) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeinari ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz) zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen jasogabeak, ondasun komunitateak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi zergagarri bat osatzen badute.

9. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna.

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

10. art. Zerga-oinarria

Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, Udaleko administrazioak kontuan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Ordainarazpenek, horien ezaugarriak direla medio, zergagaien jarraitasuna eragiten duten kasuetan, erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira.

11. art. Likidazio-oinarria

Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daudenak dira.

12. art. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

13. art. Kuotaren zehaztapena.

Kuota honela zehaztuko da:

a) Dagokion ordenantzan ezarpen modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Zenbatekoak diren zerga-oinarriaren gainean aplikaturiko tarifak, ordenantza partikularretan ezarrita daudenak, haien arabera.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuz, dagokion ordenantzan finkatutako moduluen arabera.

14. art. Salbuespenak eta hobariak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiak dituen edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

15. art. Tributu zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez esijitzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legez ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna .

16. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, beste pertsona batzuk, solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari, dirusarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

17. art. Betiere, tributu zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleen esku uzteko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesatuari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zein den zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

18. art. Administrazio-egintza erantzule subsidiarioen esku uzteko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edozeini eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

20. art. Tributu zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

21. art. Tributu zorren ordainketa ordenantza honen 54tik 57ra bitarteko artikuluek (biak barne) arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. art. Lau urteren buruan ondoko eskubide eta egintzak preskribatuko dira:

a) Subjektu pasiboen alde:

_Tributu zorra zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, likidazio egokiaren bitartez, eta sortzapena egin zen egunetik hasita.

_Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko pagamendurako epea akitzen den egunetik hasita.

_Zergei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzeko ekintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren sarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik hasita.

23. art. Aurreko artikuluaren a) atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

_Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik sortutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskaritza, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein ekintza administratiboren eraginez.

_Edozein motatako erreklamazio edo errekurtsoen aurkezpenaren bidez, baldin eta, udal administrazioari berari egozten ahal zaion errua dela medio, administrazio horrek ebazpenik ematen ez badu hartarako ezarritako epearen barrenean, preskripzio epea berriz ere hasiko da kontatzen aipatu epe hori iragandakotzat jotzen den unetik aurrera.

_Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

Aurreko artikuluaren b) atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da dirusarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak izendatu edo salbuetsi beharrik gabe.

25. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori amaiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geldituko da.

Bat-bateko kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez balego, prozedura exekutiboa irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko titulu exekutiboak luza daitezen ordainezintasuna deklaratu zen momentuan zeuden kobrantza egoera berean.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributu-hausteak

26. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak dira lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintzak.

27. art. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako ekintzak edo omisioak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. art. Legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bertzean sartzen diren kontuan hartuz.

Zehapenak

30. art. Arau-hausteak zehatzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak, 2/1995 Foru Legeko 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. art. 1. Arau-hauste arin bakoitzak 1.000tik 150.000 pezeta bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna ezarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren % 50etik % 150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Zilegi izanen da berandutza korrituak esijitzea borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

32. art. Zehapen prozedura.

Administrazio egintzak luzatu behar dituzten organoek zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte, interesatuari entzutea eman ondoren; administrazio egintza horietan tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak eginen dira eta, betiere, behar den espedientea ireki aurretik.

33. art. Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizunak.

1. Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo preskripzioz.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, burutu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legaziodunei transmituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena galarazi gabe. Inoiz ez da zehapenik pasatuko esku batetik bestera.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztu eta likidatzen direnean, haien tributu arloko obligazio betegabeak bazkide edo kapital-partaideen esku geldituko dira, eta horiek solidarioki erantzun beharko diete haiei, gehienez ere esleitu zaien likidazio kuotaren balioaren zenbatekoraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. art. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen administrazio-organoen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

35. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du, zergagai bat biltzen edo bere baitan hartzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

b) Inondik inora ere ez da esijituko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian interesatuei emanen zaie aitorpenaren hartu-agiria, aitorpenaren kopiak ere balio duelarik horretarako.

d) Froga agiria aurkeztean, interesatuek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopiaren bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua delako edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

36. art. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, bestela, zergagaia gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta horren ondoren dagokion zehapena ezarriko.

37. art. Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du esan nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. art. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan adieraziko da zein izanen diren tributuko kudeaketako izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; betiere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Ikuskapenen kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu, ez da ondorioz administrazio ekintzaren iraungipena etorriko, baina interesatuek erreklamazioa aurkezteko baimena izanen dute.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakarten kasuetan. Erreklamazioa baiesten bada, horretarako arrazoirik izanez gero, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Egiaztapena eta ikerketa

39. art. Toki Entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen duten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

40. art. Ikerketa burutzeko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo osagarriaren dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den edozein argibide aurrekinen ikuskapena eginen da.

41. art. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, Administrazioari eskuratuz zergagaiarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

42. art. Ikuskapenak subjektu pasiboentzako eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

43. art. Salaketa.

1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak izanen dira behin-behinekoak edo behin betikoak.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik aparte, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, hala kontuaren gainekoak, nola osagarriak, berme izaerakoak, partzialak nahiz osotarakoak.

45. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan, toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, jakinarazi behar da.

46. art. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, eta zein diren haiek aurkezteko erakundeak eta horretarako epeak.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Sei hilabeteren buruan hasiko dira eragina izaten subjektu pasiboei zuzenean egindako jakinarazpenak, baldin eta hartan egintzaren testu osoa emanik, beste baldintzaren bat aipatzen ez badute, non ez den epe horren barrenean protesta formala egiten, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko.

Zergadunen erroldak

47. art. Ordenantza partikularrean berean hala zehazten den kasuetan, udal administrazioak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz. Zergadunen zentsua, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako tresneria bidez, mekanikoa ere barne dela, erabiliko da.

48. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan zein-nahi alta, baja edo gorabehera sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean.

49. art. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa

Oinarri orokorrak

50. art. Dirubilketaren kudeaketa da toki entitatearen ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

51. art. 1. Dirubilketa bi modutan egin daiteke:

_Borondatezko aldian.

_Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako zehaztutako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu, dirubilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

53. art. Tributu-zorren sailkapena, dirubilketari begira.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortzen diren tributu-zorrak, dirubilketari begira, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek lehendik ezagutzen dituzten zergadun erroldetatik heldu direlako, nahiz eta tributu-zorra aldian behin aldatu, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan, subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

54. art. Ordainketa egiteko tokia:

Toki entitate honen aldeko zorrak Udalaren kutxan ordainduko dira edo, bera titular dela, banku nahiz aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan.

55. art. Ordainketa epeak.

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian-aldian kobratzen direnak, banakako jakinarazpenik behar ez denean, aurreko letran ezarritako epe berean, zein hiruhileko naturaletan ordaindu behar diren haren lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barnean.

56. art. Ordaintzeko modua:

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua.

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan Udalak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordain gutunaren bidez.

2. Aurreko atalean hori ezarriagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, horrako horiek subjektu pasiboaren administratzaile lana egiten dutela, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratzea zein tributuri dagokion.

57. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean, toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.etik 92.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatzen denari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, udal ebazpenen aurka egiteko, oro har, aipatzen diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.

59. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, esijitutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko Administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi ehuneko hogeita bost, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, Ordenantza Fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean.

Bigarrena._Ordenantza Fiskal Orokor hau edo toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGAREN AZPIAN EZ DAUDEN IBILGAILUEN ERRODAJE ETA HERRESTATZE TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (gero martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen bidez aldatu baitzen) 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean.

Zergagaia

2. art. Zergagaia da udal mugapearen barreneko bide eta eremu publikoen aprobetxamendu berezia, betiere ibilgailu horiek ez badaude Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergapean.

Salbuespenak

3. art. Ez da inor salbuetsiko tasa hau ordaintzetik.

Subjektu pasiboak

4. art. Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, pertsona fisiko edo juridikoak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen badute eta 2. artikuluan aipatzen diren ibilgailuetakoren baten jabe, usufruktudun edo titular badira.

Kuota

5. art. Tasa eskatuko da tarifa hauei jarraikiz:

_Motokultoreak: 5 euro.

_Traktoreak: 30 euro.

Zergaldia eta sortzapena

6. art. 1. Zergaldia, normalean, urte naturala izanen da.

Ibilgailuak berritik erosiz gero, zergaldia erosketa egiten den egunean hasiko da.

2. Tasa zergaldiaren lehen egunean sortuko da.

3. Tasaren kuotaren zenbatekoa hiruhileko naturaletan hainbanatuko da, ibilgailua berritik erosten denean edo baja ematen zaionean.

Deklarazioa, likidazioa eta dirusarrera

7. art. Subjektu pasiboek tasapean dauden ibilgailuen alta eta bajen deklarazioak eginen dituzte epe jakin baten barrenean, hau da, ibilgailuaren titulartasuna aldatzen den egunetik hurrengo hilabete naturaleko azken egun balioduna bitarte.

8. art. Tasa honengatik eskatzen ahal diren kuotak likidatu eta ordainaraziko dira Udalak finkatzen duen epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testua osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: A0302885