57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ZIZUR NAGUSIA

Gaztetxearen funtzionamenduari buruzko arautegiaren behin betiko onespena

2003ko martxoaren 26an Zizur Nagusiko Udalbatzak egindako osoko bilkuran Gaztetxearen arautegiari dagokion espedientea behin betiko onartu ondoren, legeak dioen bezala, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean arautegi honen edukia argitaratzen da.

ZIZUR NAGUSIKO GAZTETXEAREN ARAUTEGIA

1. Gaztetxea Udalaren ondasuna da, jabari eta zerbitzu publikokoa. Nagusiki aisialdiko jarduerak egitera dago zuzendua, Zizur Nagusiko haur-gazteen artean, eta, egoeraren arabera, aipatu ez diren beste jarduera batzuk ere egin ahal izanen dira, eta horiek Udal Organo Eskudunak baimendu beharko ditu aldez aurretik.

2. Instalazio horren funtzionamenduaren erregulazioa Zizur Nagusiko Udal Txit Gorenari dagokio, Hiritarrentzako Zerbitzuen Udal Batzordearen bidez.

3. Zizur Nagusiko Udala, Gizarte Zerbitzuetako Arloaren eta talde kudeatzailearen bidez, arduratuko da jardueren funtzionamenduaz, antolakuntzaz eta koordinazioaz, baita instalazioak hornitzeaz, zaintzeaz eta hobetzeaz ere.

4. Zizur Nagusiko Udalak partikularrekin edo erakundeekin kontratuak formalizatu ahal izanen ditu instalazioen erabilera eta kudeaketa erregulatzeko, haren erabilera jarrai edo luze baterako.

5. Udalak finkatuko du Gaztetxearen erabilera publikorako ordutegia, Gizarte Zerbitzuetako Arloaren eta talde kudeatzailearen bidez, langileen ahalen arabera eta dauden beharrak kontuan hartuz.

6. Udalak, bere izenean edo Gizarte Zerbitzuetako Arloaren eta talde kudeatzailearen bidez, beretako gordeko du eskubidea egoki ez diren jokabideak dituzten pertsonak ohartarazteko edo baita instalazioetatik kanporatzeko ere.

7. Debekatua dago Gaztetxearen barnean edonolako substantzia estupefaziente edo alkohola edukitzea eta kontsumitzea.

8. Erabiltzaileen eskubideak:

_Begirunez eta duinki tratatua izatea.

_Gaztetxea erabiltzea, haren ondasunei eta zerbitzuei onura atereaz.

_Informazioa eta aholkularitza eskatzea, bai jarduerei buruz bai kezkei, zalantzei, arazoei... buruz ere, taldeka zein banaka.

9. Erabiltzaileen betebeharrak:

_Gaztetxean dauden langileak eta erabiltzaileak errespetatzea, horiek duinki tratatuz.

_Gaztetxeko ondasunak eta zerbitzuak zuzen erabiltzea, ondasunak (altzariak, materialak, e.a.) zein lokala bera errespetatuz.

Arestian azaldutakoa betetzen ez bada, Gaztetxeko talde kudeatzaileak une horretan egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, eta gero horren berri emanen dio Gizarte Zerbitzuetako Arloari, eta beharrezkoa balitz Udal Organo Eskudunari.

10. Eremuen erabilera:

I._Gela bat erabiltzeko, eremu irekietan izan ezik, beharrezkoa izanen da “Jardueretarako instantzia” delako eskaera betetzea eta zenbait baldintza orokor betetzea, baldin eta horrelakorik badago zenbait lagapenerako (adina, parte hartzaile kopurua, kuota...). Gela eta hartan eskatzen ahal den zernahi material mailegatzea edo ez erabakiko du talde kudeatzaileak. Arau orokor gisa, hasiera batean, ontzat hartuko dira Zizur Nagusiko irabazi-asmorik gabeko talde, kolektibo edo banakoek egindako eskaera guztiak.

II._Jarduera bukatuta, haren erantzule den edo diren pertsonak instalazioak eta erabili ahal izan den materiala egoera onean gelditzeaz arduratuko dira, jarduera hasi aurretik zeuden baldintza beretan.

Ezohiko izaeraz eta gerta litezkeen zenbait egoeraren arabera, Gaztetxearen Talde Kudeatzaileak Gaztetxearen funtzionamenduari dagokion erabakiren bat erabaki dezake, ahalik eta denbora laburrenean horren berri emanez Gizarte Zerbitzuen Arloari, eta beharrezkoa balitz, udal organo eskudunari.

Zehapen prozedura

Arau orokor gisa, zehapen prozedura honela egituratuko da:

Hutsegite arina:

Hutsegite arintzat hartuko dira udalaren materialean edo altzarietan kalteak eragiten dituzten edo eragiten ahal dituzten ekintza edo jokabide desegokiak.

Pertsonenganako noizbehinkako errespetu falta, bai erabiltzaileenganakoak, bai Zentroko profesionalenganakoak ere, hutsegite arinen artean kokatuko dira. Arau orokor gisa, pertsonenganako errespetu falten kasuan, zehapena gauzatu aurretik elkarrizketaren bitartez konpontzeko saiakera eginen da, pertsonen aldetik horretarako jarrera baldin badago.

Egun berean gehienez ere bitan gertatzen bada, zehapena abisu edo ohartarazpen moduan gauzatuko da.

Hutsegite larria:

Hutsegite larritzat hartuko dira lokalaren barnean substantzia estupefazienteak kontsumitzea, baita egun berean hiru hutsegite arin izatea ere.

Egun horretan lokaletik kanporatua izanez gauzatuko da zigorra, eta izatekotan, kontraprestazio bat agindu ahal izanen da kanporatzearen neurri alternatibo gisa.

Hutsegite oso larria:

Hutsegite oso larritzat hartuko dira: huts larriak behin eta berriz eta denboran jarraian egitea, hala nola udalaren materialean edo altzarietan eragiten diren kalteak, erabilera makurragatik, horiek behar ez bezala erabiltzeagatik, edo nahita egiteagatik edota hutsegite arinek eta larriek sortzen dituztenak baino maila handiagoan eragiteagatik.

Gertaera horien erantzuleak edo erantzuleek izanen dute horiei aurre egiteko ardura, bai ekonomikoki, bai nolabaiteko kontraprestazioren baten bidez. Arduradunek eta talde kudeatzaileak eginen dute balorazio hori, eta informazio hori Gizarte Zerbitzuetako Arloari emanen diote, eta, beharrezkoa balitz, udal organo eskudunari.

Halaber, pertsonen kontrako errespetu falta errepikatuak, mehatxuak edota eraso fisikoak, bai erabiltzaileei, bai Zentroko profesionalei, hutsegite oso larrien artean kokatuko dira.

Denbora baterako lokaletik kanporatzearekin gauzatu ahal izanen dira hutsegite oso larriak. Kanporatze hori gutxienez egun batekoa izanen da, eta gehienekoa udal organo eskudunak zehaztu beharko du.

Argitara ematen da orok jakin dezan, Zizur Nagusian, bi mila eta hiruko apirilaren bian. Alkatea, Luis María Iriarte Larunbe.

Iragarkiaren kodea: A0303569