57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E R G A

Jarduteko eta irekitzeko lizentziaren tasa arautzen duen ordenantza

Urtarrilaren 29an, 2003ko 13. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen Jarduteko eta irekitzeko lizentziaren tasa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespenaren iragarkia, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik batere aurkeztu.

Beraz, bidezko da ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Lergan, bi mila eta hiruko apirilaren lehenean. Alkatea, Sagrario Zabalza Zabalegui.

JARDUTEKO ETA IREKITZEKO LIZENTZIAREN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean ezarritakoaren babesean.

Zergagaia

2. art. 1. Ordainarazpen honen xedea izanen da zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea edozein jardueratan aritzeko behar den jarduteko eta irekitzeko lizentzia eman aitzin.

2. Ordainarazpen honi dagokionez, haren subjektutzat hartuko dira:

a) Berritik ematen diren establezimenduak.

b) Lekualdaketak eta titulartasun aldaketak.

c) Abian den jarduera handitzeak eskubide berriak ordaintzea ekarriko du, eta horien etorkia handitzea baizik ez da izanen, eta betiere udal zerbitzuak berriz ere aritzea beharrezkoa bada handitzea bideragarria izan dadin.

Salbuespenak

3. art. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboa

4. art. Subjektu pasiboak dira Ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko, juridiko eta entitateak.

Zerga oinarria

5. art. Tarifa hauek aplikatuko dira:

_Jarduera lizentzia emateko:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren oinarriaren % 1.

_Irekitzeko lizentzia emateko:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren oinarriaren % 1.

6. art. 1. Honelakoaetan ez da tasa ordaindu beharko, baina dagokien lizentzia eskuratu beharko da:

a) Behin-behineko larrialdi batek bultzaturiko lekualdaketak, lokaletan obrak egin behar izateagatik, betiere behar diren lizentziak eskuratu badira.

b) Nahitaezko eraispenek, behera etortzeek eta suteek beharturiko lekualdaketak edo agindu eta xedapen ofizialak betez egin behar direnak.

c) Titularraren aldaketak "mortis causa" ondorengotzagatik, hura senar-emazteen artean izan edo aurretikoen nahiz ondokoen artean izan, betiere kausatzaileari lizentzia eman zitzaionetik hogeita hamar urte iragan ez badira.

d) Sozietate ez anonimoen helbide sozialaren aldaketa, kideren bat hiltzeagatik.

e) Senar-emazteen arteko eskualdaketak.

2._Aurreko zenbakiko a) atalak ezarri bezala ordaindu beharrik ez izatea jatorrizko lokalaren berriz ere irekitzen denean ere gertatuko da, hura moldatu edo berreraikitakoan.

3._b) atalari dagokionez, jatorrizko lokalarengatik ere ez da ordaindu beharko, hura berreraikitakoan, ezta horren ordezko lokal berriarengatik ere, betiere titularrak kalte-ordainik batere jaso ez badu jatorrizko lokaletik ateratzeagatik.

4._Aurreko bi zenbakietan ezarri bezala ordaindu beharrik ez izateko, bietarako baldintzak izanen dira berriz ere irekitzen den lokalak jatorrizkoaren azalera bera edo tikiagoa izatea eta bere hartan jarduera bera egitea.

Sortzapena

7. art. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zergagaia den udal jarduera hasten den unean.

Arau-hausteak eta zehapenak.

8. art. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagozkien guztietan, indarra duen legeriari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusia ez dagoen guztian, Ordenantza fiskal orokorreko xedapenei jarraituko zaie, bai eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeari nahiz aplikatzekoak diren gainerako xedapenei ere.

Bigarrena._Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta halaberean sortuko ondorio juridiko osoak.

Iragarkiaren kodea: A0303592