57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

SAKANAKO MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUEN ALDAKETA

ZIOEN ADIERAZPENA

Mankomunitatea 1984ko urtarrilaren 31n osatu zen; hala ere, indarrean dauden estatutuak 1989koak dira, izan ere, data horretan lehenengo aldaketa eta bakarra izan zen.

Toki Entitateen lege esparruak aldaketa asko eduki ditu 1998tik aurrera, eta hauek estatutuetan islatzea beharrezkoa da. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legea onartzeak nahiko arrazoi izan behar zuen, bere garaian, Sakanako Mankomunitatearen Estatutuak aldatzeko eta beren edukia errealitate juridiko berrira egokitzeko. Ondoren, 11/1999 Legea onartzeak eta 6/1990 Legea aldatzen duen eta argitaratu berria den 15/2002 Foru Legeak nabarmenki aldatu dute toki entitateen erregimen juridikoa, bereziki beren organoei dagozkien eskumenetan; hori dela eta estatutuak aldatzea behar-beharrezkoa da.

Horrekin guztiarekin batera, kontuan hartu behar da Mankomunitatea sortu zenetik Sakanan izandako garapena. Haren ondorioz Eskualde edo bailara izaera indartu da; ahalbideratu da Mankomunitearen helburu sozialak gaur arte Estatutuetan aurreikusiak ez zeuden edo modu egokian adieraziak ez zeuden beste esparru batzuetara zabaltzea; era hartan ez da posible izan zerbitzu batzuk modu bateratuan eskaintzea, Mankomunitatearen helburu sozialen inguruan zeuden disfuntzio juridikoak zirela eta.

Aurreko guztian eta urte hauetako funtzionamenduan izandako esperientzian oinarrituta, Estatutuen aldaketa zabala egin nahi da; era honetan, berriz adierazten dugu nahi dugula Mankomunitatea izatea bera osatzen duten entitateen parte hartzea eta guztien interesak bideratuko dituena; era berean, Estatutu hauetan eta Legerian aurreikusten den moduan, elkartutako udalen artean ekonomikoki, teknikoki eta administratiboki lagundu eta elkarlanean aritu ahalko da.

SAKANAKO MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

1. artikulua. Eranskinean zerrendatzen diren Udalek osatzen dute Mankomunitatea; horrela, Estatutu hauetako II. kapituluan adierazten diren bere eskumeneko zerbitzuak batera antolatu eta eskaintzeko.

Kide berrien onarpena estatutuetako arauen arabera egingo da.

Mankomunitate honen antolaketarako eta funtzionamendurako ondoko hauei atxikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea eta Toki Entitateei ezarritako legezko eta arauzko xedapenak.

2. artikulua. Izaera Juridikoa. Mankomunitate honek, toki entitatea den aldetik, izaera eta ahalmen juridikoak edukiko ditu bere helburuak lortzeko.

3. artikulua. Izena eta helbidea. Toki entitate honen izena Sakanako Mankomunitatea izango da. Egoitza Lakuntzan kokatuko da, zerbitzuen administraziorako egoitza elkarturiko edozein udalerritan egon badaiteke ere.

4. artikulua. Mankomunitatearen hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira.

Elkarturiko udalerrietako biztanle guztiek eskubidea edukiko dute Mankomunitatearekiko harremanetan euskara edo gaztelania erabiltzeko eta aukeratutako hizkuntzan kasu egiteko. Eskubide hau bermatzeko, Mankomunitateak neurri egokiak eta beharrezko bitartekoak jarriko ditu.

Baliogarriak izango dira eta eraginkortasun juridiko osoa edukiko dute aukeratutako hizkuntzan egindako administrazioko jarduera orok.

Mankomunitatean, Euskararen Erabilpena Normalizatzeko Plana egingo da.

II. KAPITULUA

Xedea

5. artikulua. Udalen eskumeneko zerbitzuak izanik, elkarturiko udalek Mankomunitateari delegatzen dizkioten eta honek onesten dituen ondoko zerbitzuen gestioa eskainiko du:

1._Ur edangarria, estolderia, ur zikinen saneamendua eta arazketa.

2._Hiri hondakin solidoen bilketa, tratamendua eta probetxamendua.

3._Etxebizitzak zaharberritzeko Bulegoa.

4._Elkarturiko udalerrietan; kirol, gazteentzako, eta ekitaldi soziokulturalak planifikatu, antolatu, sustatu, garatu eta koordinatzea, bai zuzenean bai udalekin elkarlanean, betiere herri bakoitzeko ekitaldiak errespetatuz. Xede horri begira, zerbitzu horiei dagozkien udaletako instalazioak sustatu, eraiki, kontserbatu, konpondu edo administratu ahalko ditu, horretarako dagokion Udalarekin beharrezko hitzarmenen bidez. Dena den, eginkizun horiek Mankomunitateak, zuzenean, egin ahal izango ditu, bere kirol eta gizarte nahiz kultur instalazioetan. Mankomunitateak eskaintzen dituen kirol, gazteentzako eta kirol nahiz gizarte arloko jarduerak egiteko Administrazio Publiko ezberdinek ezarritako laguntza eta dirulaguntzak lortzeko eskaerak gestionatu ahalko ditu.

5._Kide den udal batek baino gehiagok erabili ahal duten langile, bitarteko eta zerbitzuen kontratazioa.

6._Euskararen normalizazioa, egungo egoera diglosikoa zuzentzeko. Xede horretarako Mankomunitateak zerbitzu teknikoa eskaini ahalko du ondoko helburuetarako:

a) Euskara, gure herriaren funtsezko osagaia denez eta bizilagun guztiek modu egokian ezagut dezaten, beharrezko bitartekoak jarriko dira arlo ezberdinetan lanean ari direnei laguntzeko.

b) Urratsak eman euskaldunek, gizarte arlo guztietan, euskara erabili ahal dezaten.

c) Euskararen erabilpena normalizatu udaletan eta beren menpeko erakunde eta zerbitzuetan.

d) Aurreko helburuen inguruan, udalei dagokien esparru juridikoa egokitu; era berean, gainontzeko administrazioei, herri eta giza-erakundeei eskaera egin helburu bera lor dezaten.

e) Euskara normalizatzeko lanean ari diren eskualdeko gizarte eragileekin koordinazioa estutu helburu hauek lor ditzaten.

f) Aurreko helburuak lortzeko, zuzenean edo zeharka, beharrezko ekinbideak garatuko dira, zerbitzuak antolatu eta hala bada ordenantzak onetsiko dira.

7._Turismoa sustatu eta garatu.

8._Sakanako eskualdearen garapen integrala sustatu; xede horretarako, egoki irizten diren garapen lokaleko estrategiak landu eta egingo dira, beharrezkoa balitz eskualdeko garapen agentzia bat osatuko litzateke.

9._Eskualdeko edo herrietako euskarri ezberdinetako komunikabideak sustatu eta editatu: prentsa, irratia eta telebista analogikoa edo digitala.

6. artikulua. _Aurreko artikuluan ezarritakoak izan ezik, Mankomunitateak, bere titularitatea aldez aurretik hartuta, ondoko arloetan hartu ahalko ditu udaletako eskumenak:

1._Etxebizitzak sustatu eta gestionatzea; parke eta lorategiak, herrietako kale publikoen zoladura eta bideen kontserbazioa.

2._Ondare historiko-artistikoa.

3._Ingurumena zaintzea.

4._Hornidura-azokak, hiltegiak, azokak, merkatuak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa.

5._Hilerriak eta hileta-zerbitzuak.

6._Bideak garbitzea.

Udalen eskurantzaren barneko edozein zerbitzu uztea eta Mankomunitateak bere gain hartzea, hitzarmen bidez formalizatuko da; horretarako, dagokion udaleko osoko bilkurak eta Mankomunitatearen Batzarre Orokorrak onetsi beharko dute. Hitzarmen horretan zerbitzua eramateko modua, ardura ekonomikoak, kontabilitatea, e.a. zehaztuko dira.

7. artikulua. Mankomunitatearen eta gainontzeko administrazio publikoen arteko lankidetza ekonomikoa, teknikoa eta administratiboa, izenpetzen diren hitzarmen administratiboen bidez garatuko da.

8. artikulua. Mankomunitate honen iraunaldia mugababea da eta indarrean sartuko da Estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren.

III. KAPITULUA

Lurralde eremua

9. artikulua. Mankomunitateak bere eskumenak baliatu ahal ditueneko lurralde eremua zerbitzuaren titularitatea dagokionekoa izanen da, ondoko mugapenaren arabera:

1) Udal mugapean kontzejurik ez duten Udalerrietan, Mankomunitatea behar den gaiaren gainean ezarritako eskumenen titularra izanen da, eta udalerri osoan baliatu beharko ditu.

2) Udal mugapean kontzejuak dituzten Udalerrietan, Mankomunitatea zerbitzuei dagozkien eskumenen titularra izanen da Kontzejuen lurralde eremuetarako soilik:

a) Sakanako Mankomunitateak titularitatea 1990ko abenduaren 31n bere gain hartua zueneko Kontzejuen barrutietan.

b) Bestela, data horretan elkarturik egon gabe ere, ondorengo artikuluan ezartzen den eraentzaren bidez, gai baten gaineko eskumenen titularitatea mankomunitateak beretzat hartzeko eskatzen duten Kontzejuen barrutietan, betiere Mankomunitateak hala onartzen badu.

10. artikulua. 1. 1991ko urtarrilaren 1a baino lehen elkartu ez diren Kontzejuen kasuan, kokaturik daudeneko Udalerriko Udalak Mankomunitateak xedetzat dituen gaien arteko zenbaiten gaineko eskumenak Kontzejuaren lurralde eremurako beretzat hartzea eskatu ahalko dute.

2. Aurreko atalak aipatzen duen eskumenak beretzat hartze horri buruzko erabakia Batzarre Nagusian hartuko da, arauzko gehiengo absolutuaren aldeko botoaz.

II. TITULUA

Mankomunitatearen antolamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

11. artikulua. Mankomunitatearen Gobernua eta Administrazioa ondoko organoei dagozkie:

Mankomunitateburua eta Mankomunitateburuordea.

Batzarre Nagusia.

Gobernu Batzorde Iraunkorra.

Arautegi Organikoaren bidez, aurrekoen organo osagarriak ezarri eta arautu ahalko dira.

II. KAPITULUA

Batzarre Nagusia

12. artikulua. Batzarre Nagusia Mankomunitatearen organo gorena izango da, eta Estatutu hauetan sartutako eskumen eta eskuduntzak eta arautegi juridikoak onartzen dizkionak edukiko ditu.

13. artikulua. Mankomunitatearen Batzarre Nagusia elkarturiko udaletako ordezkari hautatuek osatuko dute. Ondoko arauak aplikatutakoan zenbat batzarkide gertatu, hainbestek osatuko dute Batzarrea:

a) Elkartutako udal guztiek, ordezkari bat edukiko dute gutxienez; horrez gain ordezkari bat egokitu zaie mila biztanleko edo frakzioko, zentsuko eskubidezko biztanleen lehen milakoa gainditzen dutenen kasuetan.

b) Mankomunitatean elkartutako udaletako ordezkari kopurua aldatzeko, kontuan hartuko da udalbatzak berritzeko egiten diren udal hauteskundeen urtean, urtarrilaren 1ean, zentsuan dagoen biztanleria.

Batzarre Nagusiko ordezkarien izendapena elkartutako udalen osoko bilkurek egingo dute; horretarako, udal hauteskundeak egin eta udalbatza berriek kargua hartu eta bi hilabeteko epea izango da. Udaletako ordezkariak izendatzeko erabakian bertan ordezkoak izendatu beharko dira. Batzarkide titularra falta denean, ordezkatu ahalko dute deituak izan diren bilkura edo batzarre guztietan, eta Mankomunitatearen edozein organotako kide modura batzarkideak dituen eskubide guztiak edukiko dituzte.

14. artikulua. Batzarkideen kargu uztea, oro har, ondorengo arrazoiengatik gertatuko da:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzarre Orokorreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute beren ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da erabakirik hartzen ahalko gehiengo kualifikatua behar bada horretarako

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi karguari edo Mankomunitateko Batzarkide karguari uko egiteagatik.

15. artikulua. Batzarreari ondoko eskurantzak dagozkio:

1._Mankomunitateburua hautatu eta kentzea; horretarako zentsura mozioa beharko da edo berak planteatutako konfiantza aferaren bozketa, hauteskunde lege orokorraren arabera.

2._Mankomunitatearen gobernu organoen jarduerak zein Elkarte Kudeatzailearenak kontrolatu eta fiskalizatu.

3._Organo ez kontzentratuak sortu, egoitzaren kokapena aldatu, Mankomunitatearen izena edo logotipoa aldatu.

4._Arautegi Organikoa onetsi, baita Mankomunitatearen eskumenekoak diren beste xedapen orokor guztiak ere

5._Zerga izaerako bere baliabideen zehaztapena, aurrekontuen onespena eta egokitzapena, bere eskumeneko gaietako gastuen bideratzea eta kontuen onespena.

6._Zerbitzu publikoak eta udaletako espedienteak gestionatzeko moduak onetsi.

7._Beste Administrazio Publiko batzuek egindako eskumenen delegazioa edota banaketa onartzea.

8._Plantilla organikoaren onespena, lanpostuen zerrenda, funtzionarioen ordainsari osagarri finko eta aldikakoak eta behin-behineko langileen kopurua eta erregimena zehaztea.

9._Egintza administratibo eta judizialak bideratzea eta Mankomunitateko Batzarreari dagozkion gaietan defendatzea.

10._Beste Administrazio Publikorekin lankidetza eta koordinazio hitzarmenak onestea.

11._Mankomunitateko egintzei kaltegarritasuna adieraztea.

12._Ondare publikoen kalifikazio juridikoa aldatzea.

13._Kreditu edo berme eragiketak erabakitzea, zenbatekoa baliabide arrunten % 5a baino gehiago denean kitapen eta atzerapenen baimenak ematea eta kredituen errekonozimendu ez judiziala, betiere aurrekontuan partidarik ez dagoenean.

14._Mankomunitateburuari dagokionean izan ezik, obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea.

15._Obra eta zerbitzu proiektuak onartzea bere kontratazio edo kontzesiorako eskuduntza duenean, eta aurrekontuan oraindik aurreikusi gabe daudenean.

16._Mankomunitateburuari dagokionean izan ezik, ondasunak eskuratzea eta besterentzea.

17._Onartzeko gehiengo berezia eskatzen dutelako Batzarreari dagozkion beste guztiak.

18._Legeek espresuki ematen dizkiotenak.

16. artikulua. Batzarreak bere eskurantzarik zeinahi delegatu ahal du, osoki edo zati batean, Mankomunitateburuarengan edo Gobernu Batzordearengan, onartzeko gehiengo berezia behar dutenak kenduta.

17. artikulua. Batzarre Nagusia bilkura publikoan eratuko da, udal hauteskundeak egin eta ondorengo hiruhilabeteko epean, eta urtean hiru aldiz bilduko da gutxienez.

Halaber, egoki irizten diren osoko bilkurak egin ahalko dira, Mankomunitatearen Batzarre Nagusiko buruak deituta edo ordezkarien laurdenak eskatuta.

18. artikulua. Osoko bilkuretara Sozietate edo Sozietate Kudeatzailearen burua eta gerentea bertaratuko dira, azken horiek hitza dutela baina botorik gabe.

19. artikulua. Osoko bilkurarako deia zazpi egun lehenago egin beharko da. Deialdian, bilkura egingo den eguna, ordua eta tokia jakinaraziko dira. Deialdian eguneko gai-zerrenda sartuko da; horrela ordezkariek aztertu ahalko dituzte ukituko diren gaiak, eta behar den dokumentazioa ordezkarien eskura izango da Mankomunitateko bulegoetan, deialdiaren datatik aurrera.

III. KAPITULUA

Mankomunitateburua

20. artikulua. Mankomunitateburua, Batzarrea eratzeko bilkuran hautatuko da, ondoko prozeduraren arabera:

a) Kargua hartzeko aukera beren hautagaitza aurkezturiko batzarkide guztiek izann dezakete.

b) Haietako batek batzarkideen botoen gehiengo absolutua eskuratzen badu hautatutzat hartua izanen da.

c) Baldin eta inork ere gehiengo absolutua eskuratzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, eta hautatutzat hartuko da botoen gehiengo soila eskuratzen duena.

d) Botoetan berdinketa gertatuz gero, hautatutzat hartuko da biztanle gehien duen Entitatearen ordezkaritza duena.

e)Baldin eta boto kopuru bera eskuratu duten zenbaitek biztanlego handiena duen Entitatea ordezkatzen badute, udal horretako herritarren boto gehienak bildu dituenaren alde erabakiko da.

21. artikulua. Mankomunitateburuak Gobernu Batzorde Iraunkorreko partaideen artetik libreki izendatu eta kargutik kenduko du Mankomunitateburuordea.

Mankomunitateburuordearen eginkizuna Mankomunitateburua bere funtzio guztietan ordezkatzea izanen da, ausentzia, eritasun edota bere eskurantzak burutzea eragozten dion edozeren kariaz, hala nola Mankomunitateburutza betegabe den guztietan, Mankomunitateburu berriak kargua hartu artean.

22. artikulua. Mankomunitateburuak ondorengo eskurantzak izanen ditu:

1._Entitatearen gobernua eta administrazioa zuzendu.

2._Mankomunitatea ordezkatu.

3._Mankomunitatearen organo guztien batzarraldiak deitu eta haietan mahaiburu izan.

4._Mankomunitatearen zerbitzu eta obrak zuzendu, aztertu eta bultzatu.

5._Aurrekontuen proiektua eratu, idazkariak eta kontu- hartzaileak lagunduta, eta urteroko azaroaren 1eko Batzarre Nagusian aurkeztu.

6._Gastuak erabaki, bere eskurantzaren mugen barrenean, eta ordainketak agindu, diru-sarrerarik eskatzen duten dokumentuak baimendu eta kontuak eman, hala nola onarturiko aurrekontuaren arabera kudeaketa ekonomikoa eta garapena aurrera eraman.

7._Lan eskaintza publikoa onartu Aurrekontuaren eta Batzarre Nagusiak onartutako plantillaren arabera, proben oinarriak onartu langileak hautatzeko eta lanpostuak hornitzeko lehiaketetan eta ordainsari osagarri ez finkoak eta aldikakoak banatu.

8._Langile guztien buruzagitza nagusia izango du, eta haien izendapena eta zigorrak erabakiko ditu. Horrez gain, Mankomunitateko funtzionarioak zerbitzutik kenduko ditu, eta lan kontratudunak kaleratuko. Halakoetan, horren berri emango du egiten den lehendabiziko bilkuran.

9._Egintza judizial eta administratiboez arduratzea eta Mankomunitatearen defentsa bere eskurantzen barruan, beste organo bati delegatutakoak ere, eta, urgentzia balitz, Batzarreari dagozkion gaietan ere. Hala izanez gero, horren berri emango du egiten den lehendabiziko bilkuran, Batzarreak berresteko.

10._Mankomunitateburuari dagozkion gaietan kaltegarritasun adierazpena batzarreari proposatzeko ekimena.

11._Pertsonalki, eta bere erantzukizunaren barruan, Mankomunitatearen interesetarako arrisku larria dagoen kasuetan beharrezko erabaki egokiak hartu, Batzorde Iraunkorrari edo Batzarreari berehala horren berri eman behar diola, eskurantzen banaketaren arabera.

12._Autoritateari egindako desobedentzia faltak edo udal ordenantzak ez betetzeagatik zigortu, salbu eta ahalmen hori beste organo batzuei dagokienean.

13._Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatu, betiere zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten % 5a baino gehiago ez denean, bai eta zenbateko hori handiagoa izanik ere, iraupena urtebetera iristen ez denean eta urteko aurrekontuan ageri direnak baino kreditu handiagorik behar ez denean. Halaber, urte bat baino gehiagorako kontratazioak haren eskumenekoak izanen dira haien iraupena lau urte baino luzeagoa ez denean, baldin eta urte bakoitzean ordaindu beharreko kopuruen batura ez bada aipaturiko ehunekoa baino handiagoa. Ehuneko hori lehen ekitaldiko aurrekontuaren baliabide arrunten gainean hartu behar da.

14._Obra eta zerbitzuen proiektuak onetsi, kontratazioa edo esleipena bere eskurantzen barrukoan direnean eta Aurrekontuetan badaude.

15._Ondasunak kostu bidez eskuratzea, betiere zenbatekoa aurrekontuaren baliabide arrunten % 5a baino handiagoa ez denean, bai eta kontratazio zuzenari aplikagarria zaion mugapen orokorra baino handiagoa ez denean ere.

Ondasunak besterenganatzea, betiere zenbatekoa aurrekontuaren baliabide arrunten % 5a baino handiagoa ez denean, bai eta kontratazio zuzenari aplikagarria zaion mugapen orokorra baino handiagoa ez denean ere.

Ondasunak doan eskuratzea.

16._Mankomunitateko erabakiak argitaratu, bete eta betearazteko agindua eman.

17._Arautegi Organikoak ematen ahal dizkion beste denak, hala nola Legeek Toki Entitateei, zein organori zehaztu gabe ematen dizkietenak.

18._Halaber, Mankomunitateburuari dagokio Mankomunitateburuordea izendatzea.

23. artikulua. Mankomunitateburuak bere eskurantza generikoak delegatu ahalko ditu, Batzorde Iraunkorrean, organo kolegiatu gisa, zein bere edozein partaiderengan. Hala nola, delegazio berezituak egin ahalko ditu edozein Batzarkideren alde, gai zehatzen zuzendaritzarako eta kudeaketarako.

IV. KAPITULUA

Gobernu Batzorde Iraunkorra

24. artikulua. Gobernu Batzorde Iraunkorra Mankomunitateburuak, organo honen buru izanen denak, eta batzordekideek osatuko dute, batzarkideak izanen baitira.

Batzordearen osaketa Batzarre Nagusian ordezkaturiko udalen proportzionaltasunari eta barruan osatutako alderdi politikoei egokituko zaie.

Gobernu Batzorde Iraunkorrari dagokio, Mankomunitateburuari laguntza etengabea emateaz gain, batzarreak edo mankomunitateburuak delegatu ahal dizkioten eskurantza guztiak. Halaber Arautegi Organikoaren bitartez bere esku utziko diren berriemate, diktamen, ikerketa eta kontrol funtzioak.

25. artikulua. Batzarrearen eta Menkomunitateburuaren eskurantzak, hala nola Gobernu Batzorde Iraunkorrarenak ere, halakoak izanen dira, zerbitzuen prestaziorako gestio organo berezituei edota sorturiko elkarteei edo merkataritza-elkarteei atxikiko zaizkien eskurantzei kalterik egin gabe.

V. KAPITULUA

Idazkaria

26. artikulua. Lanpostu honetan arituko dena Mankomunitateko funtzionarioa izanen da eta kargu hau hartzeko legeak toki entitateen funtzioen inguruan ezarritakoa bete beharko du.

Idazkariaren funtzioak honako hauek izango dira:

Mankomunitatearen gobernu organoen eta parte hartzen duen bestelako bilkuretako aktak egin.

Mankomunitatearen gobernu organoek hartutako erabakiak edo eginbeharreko egintzak egiaztatu, egintza eta erabaki guztien fede-emailea izanik.

Mankomunitatearen organoei aholku juridikoa eman, betiere txostena egitea derrigorrezkoa denean edo Batzarre Nagusiko kideen laurdenak hala eskatzen badu.

Orokorrean, toki entitateei buruzko legeak emandako eskurantzak bete.

III. TITULUA

Gobernu Organoen Funtzionamendua

27. artikulua. Mankomunitateko organo kolegiatuen funtzionamendurako ohiko bilkurak eginen dira, aurretik ezarritako maiztasunez, eta aparteko bilkurak, premiazkoak ere izan daitezkeenak.

Bilkurak deitzeko eta burutzeko, foru legeek eta toki entitateetako arautegiak ezarritakoa beteko da.

28. artikulua. Erabakiak bertan diren partaideen gehiengo soilaz hartzen dira, ohiko arau gisa. Gehiengo kualifikatuaren aldeko botua beharrezkoa izanen da Legeek edo Arautegi Organikoak hala eskatzen dutenean.

IV. TITULUA

Ondarea eta Zerbitzuak

I. KAPITULUA

Ondarea

29. artikulua. Mankomunitatearen ondarea jabego publikoko edota ondareko ondasunek eta hari dagozkion eskubide eta akzioek osatzen dute.

30. artikulua. Mankomunitatearen jabego publikoko ondareak dira erabilpen edo zerbitzu publikorako destinatuak diren mugiezinak, hala nola legez ezaugarri hori atxikirik dutenak ere.

31. artikulua. Mankomunitatean integratutako udalek, ondasun eta eskubidezko ondareak haren esku utzi beharko dituzte dohainik, halaber eskubide eta betebeharrak helarazi; horiek guztiak Mankomunitateak titularitatea beretzat hartzen dueneko zerbitzu bakoitzari lotuak dira.

32. artikulua. Mankomunitateak, bere ondasunekiko, Legeek Toki Entitateei era orokorrean eman dizkieten eskurantzak dauzka.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

33. artikulua. Mankomunitateak, bere xedeetarako diren zerbitzuen prestaziorako, kudeaketa zuzenaren eraentza ezarri ahalko du organo baten edo organo berezitu batzuen bidez, edo merkataritza-elkarte bat edo gehiagoren bitartez, hauen kapital osoak Mankomunitatearen jabetzakoa izan beharko du, eta elkarte mugatu edo anonimo edo legebidez ezarritako beste edozein kudeaketa eredu hartu ahal izanen dute.

34. artikulua. Elkarturiko Entitateek Mankomunitateari txostena eskatu beharko diote, Mankomunitatearen egitekoak diren zerbitzuen prestazio aukerabideen gaineko hirigintza planeamendu bitartekoak onartu aurretik, bai eta irekiera eta sailkatutako jardueretarako baimenak eman aurretik ere.

V. TITULUA

Ogasuna

35. artikulua. Mankomunitatearen Ogasuna ondoko baliabideez hornituko da:

a) Bere ondarearen errendimendutik eta Zuzenbide Pribatutik sorturiko diru-sarrerak.

b) Zerbitzuen prestaziorako edo bere eskurantzen barruko aktibitateak egiteko tasak. Hauen ezarpena eta ordainarazpena dagozkien ordenantza fiskaletan arautuko dira.

c) Prezio publikoak. Foru Komunitatearen eta Estatuaren tributuetan parte hartzetikoak.

d) Subentzioak eta Zuzenbide Publikoaren bidezko bestelako diru-sarrerak. Subentzioak ezin izango dira bideratu emanak izan ziren xedeetarako ez diren bestetara, salbu eta hala izatekotan, ematean aurreikusi gabeko erabilpena luketen soberakin itzulezinezkoak.

e) Hitzartutako kreditu eragiketen emaitza.

f) Isun eta zehapenen emaitzak.

g) Elkarturiko entitateen gain ezar daitezkeen ekarpen generiko edo berezituak, irizpide objetibo eta proportzionaltasunezkoen arabera.

h) Zuzenbide Publikoaren bidezko beste prestazio guztiak.

i) Legez dagokion beste edozein diru-sarrera.

36. artikulua. Mankomunitatearen diru-sarrerak, hauen ezarpena edo bilketa sortarazi zueneko zerbitzu edo jardueraren finantzaziotik eratorriko betekizunen garbitzeari atxekiak dira.

37. artikulua. 1. Mankomunitatean elkarturiko Udalek haren zorrak garbitzera behartuak dira, eskubidezko biztanlegoaren kopuruaren proportzioan, bere baliabide propioak aski ez direnean.

2. Mankomunitateari, elkarturiko Udalek eman beharreko ekarpenak zehazteko, hauek zehaztu beharko dute zein zerbitzu erabili nahi duten, zerbitzu bakoitzetik proportzionalki erator daitezkeen gastu orokorrak finantzatzeko eman beharreko ekarpenak ordaintzeari utzi gabe.

3. Mankomunitateak, Udalek ekarri beharreko diru kopuruen ordezko ordainketa egin dezan eskatu ahalko dio Nafarroako Gobernuari, elkarturiko udalaren kontura, Mankomunitateak eskatu eta Udalak ordaintzeari uko egin dionean.

VI. TITULUA

Langileak

38. artikulua. Mankomunitatearen zerbitzuko langileak funtzionarioak, administrazio kontratudunak, lan kontratudun finko edo aldi baterakoak, eta behin-behineko langileak izanen dira, aplikatzekoa den legeriak eta plantilla organikoak xedatutakoarekin bat.

VII. TITULUA

Kideen Elkarteratze eta Bereiztea

39. artikulua. Batzarreak definitutako arrazionaltasun eta berdintasun irizpideen arabera, eta betiere Nafarroako Gobernuak onartutako Sektoreko Planekin edo Plan Zuzentzaileekin bat, Mankomunitearekin hala eskatzen duten udalak elkar daitezke.

40. artikulua. Udalen batek elkarteratze eskabidea aurkeztuz gero, ondoko izapidea bideratuko da:

Batzarrearen aldeko txostena, horretarako erabakia gehiengo absolutuaren botoaz hartu beharra dago.

Jakinarazpen publikoa 15 egun balioduneko epean.

Epe hori iragan eta gero, kontrako arrazoibiderik aurkeztu ez bada, elkartzea behin betirakotzat hartua izango da. Bestela bada, Batzarreak, quorum bera izanik, aurkeztutako iradokizun edo erreklamazioak garbitu beharko ditu behin betirako erabakia hartuz.

41. artikulua. 1. Aurreko artikuluan ezarritako prozeduraren agindupean, elkarturiko Entitateen bereiztea onartuko ahalko da. Horretarako, eskatzaileak zerbitzuak bidezko moduan burutu ahal dituelako berme zehatzak agertu beharko ditu, hala nola bere esparruko jarduerak egokiro egin, eta bere bereizteaz Mankomunitatearen interes orokorretarako kalterik ez dela sortzen agertu, bai eta honek zerbitzua egiten jarraitu ahal duela bermatu ere.

2. Batzarrearen erabakiak Mankomunitatea uzten duen Entitatearen eta Mankomunitatearen ondasun, eskubide eta betekizunen gainean bereizketak dituen eraginak zehaztuko ditu.

VIII. TITULUA

Estatutuen aldaketak eta Mankomunitatearen deuseztapena

42. artikulua. Estatutuen aldaketa legalki ezarritako arauen aginduen araberakoa izango da.

Aldaketaren helburua soil-soilik Mankomunitatearen antolamendua edo funtzionamendua indarra duen legalitateari egokitzea besterik ez denean, aski izanen da Batzarrearen onespena, batzarkideen gehiengo absolutuaren aldeko botoaz.

43. artikulua. Mankomunitatearen erabateko deuseztapenak Estatutuen aldaketarako beharrezkoa den izapide bera jarraitzea ekarriko du. Dena den, Batzarreak ezarriko ditu deuseztapenerako erabakiak ondorioztatutakoa, ondare, eskubide eta betekizunei dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa._Uraren Ziklo Integralaren eta Hiri Hondakin Solidoen egungo kudeaketa-organoek eta konstituzio erreglamenduek indarrean jarraituko dute, Batzarre Nagusiak haiek deuseztea erabaki ezean. Uraren Ziklo Integralaren kudeaketarako Organo Berezia deuseztea erabakitzen bada, zerbitzu hori mankomunatua ez duten udalek izendaturiko Mankomunitateko Batzar Orokorreko ordezkariek ezin izanen dute parte hartu ez eta botorik eman ere zerbitzu horri buruzko gaietan. Erabakiak hartzeko beharrezko quoruma osatuko da Mankomunitateko gainontzeko udalen ordezkari kopuruari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa._Estatutu hauek behin betiko onetsi ondoren, Mankomunitateak beren garapena onetsi ahalko du dagokion Arautegi Organiko eta bestelako xedapen administratiboen bidez.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

Bakarra._Batzarre Nagusiak, 1989ko otsailaren 23ko bilkuran onetsitako Sakanako Eskualderako Plangintza Orokorrerako Mankomunitatearen Estatutuak indargabetzen dira.

Estatutu hauek Batzarre Nagusiak onetsi zituen 2.002ko azaroaren hogeita zortzian. Idazkaria, sinadura ulertezina

Iragarkiaren kodea: a0303568