57. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

25/2003 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, toki entitateei Gazteendako Programak garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuaren bidez, izena aldatu zitzaion departamentuari eta eskumenak eman Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari.

Orain arte, dirulaguntzak emateko araubideak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariaren martxoaren 26ko 22/2002 Foru Aginduari jarraitzen zion, baina toki entitateen arlo honetako jarduera erraztu eta sustatzeko asmoz eta fondo publikoen kudeaketa eta kontrol eraginkorra lortu nahian, horrela dirulaguntza hauetara eta berorien xede diren jardueretara biltzen diren entitateen aniztasunari erreparatuz, fondo publikoen banaketa orekatua lortuko baita, bidezko da entitate horiendako dirulaguntzen araubidea ezarriko duen beste Foru Agindu bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluarekin bat.

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei Gazteendako Programak garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia onestea, Foru Agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi honen gastua, 69.000 (hirurogeita bederatzi mila euro), 2002tik 2003ra luzatutako Gastuen Aurrekontuaren kargura aplikatuko da, kontusail honen kargura hain zuzen: "Toki entitateen gazteendako programak" izeneko 940003-95210-4600-323100 kontusaila.

Hurrengo ekitaldietan behar den gastua baimenduko da, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Nafarroako aurrekontu orokorretan xede horretarako gaitzen den kontusailaren kargura. Betiere, kreditua beharko da ekitaldian, dirulaguntza emanen bada.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea, aurkeztutako eskabideak aztertu eta deialdia ebatzitakoan sobera gelditutako dirua hasieran onartutako kopuruen konpromisotik kentzeko eta beste deialdi batzuetako gastu gisa baimentzeko, ekitaldi bakoitzeko Nafarroako gastuen aurrekontuko kontusail beraren kargura betiere.

4. Deialdiaren oinarriak, Foru Agindu honen eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko baimena ematea.

5. Foru Agindu hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko kontuhartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalari, Gazteriaren Zuzendariordetzara, Plangintza eta Sustapen Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, bidezko ondorioetarako.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 26an emandako 22/2002 Foru Agindua, gazte elkarteek 2002an beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak aurrera eraman ditzaten dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, eta Foru Agindu honi kontra egiten dioten edo kontrakoa adierazten duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Oinarriak

1._Helburua.

Deialdi honen helburua da Nafarroako toki entitateei gazteeendako programak garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea.

2._Xedea.

Toki entitateek urtero azaroaren 1etik urriaren 31ra bitartean gazteendako bakarrik antolatzen dituzten ekimen eta jarduerak laguntzea.

3._Esparrua.

3.1. Aurreko oinarriak aipatzen dituen dirulaguntzek ez dute gaindituko jardueraren kostu osoaren % 25a, edo jardueraren kostuaren % 50etik gorakoa izanen ez den defizitaren % 50a, eta astialdiko ondoko jarduerek sorturiko gastuak hein batean ordaintzeko erabiliko dira:

_Prestakuntza jarduerak.

_Aisialdikoak.

_Josteta jarduerak.

Aisialdi eta jostetako jardueratzat hartuko dira egoitzaren barrenean nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo eskolaz kanpoko hezkuntza helburu dituztenak, betiere deialdiaren 3.2 oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

_30 urtetik behekoendako kanpaldiak eta aterpetxeetarako irteerak antolatzea egoitzatik kanpo eta gau baterako baino gehiagotarako (Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinarazi beharko zaio 15 egun aurretik).

3.2. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Kirol programak.

b) Tokiko ospakizunak, herrikoiak, kontzertuak, inauteriak, jaialdiak, kabalgatak eta antzekoak.

c) Toki entitateen dirulaguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

d) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumen diren programak, diruz lagunduak izan ala ez.

4._Onuradunak:

Deialdi honetako dirulaguntzak honako hauek eskatu ahalko dituzte:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Proiektu jakin bat burutzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen babesean sinaturiko lankidetza hitzarmen edo itunen bidez elkarturiko Nafarroako toki entitateak. Toki entitate horiek ezin izanen dute beren aldetik jarduera horrexetarako dirulaguntzarik eskatu.

5._Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntzaren eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean) urte bakoitzeko urriko azken egun balioduna arte, eta egun hori 6. oinarriak aipatzen dituen inprimakietan agertuko da.

6._Eskabideak eta dokumentazioa.

Eskaerak, gazteriaren arloko zinegotzi arduradunak sinatuta, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako inprimakietan eginen dira, eta ondokoak azaldu beharko dituzte:

6.1. Gazteei zuzendutako jardueretarako dirulaguntza eskaeretan:

a) Programaren oroit-idazki orokorra; programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzari buruzko hurrengo informazioa jasoko du: helburuak, iraupena, parte-hartzaileen kopurua eta adina, parte hartzeko kuota eta instalazioak.

b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraka zehaztua. Gastuen frogagiria erantsiko da, jatorrizko fakturen edo kopia konpultsatuen bidez, jarduerak antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen izenean.

6.2. Eskabideak hobeki ebaluatzearren, aurkeztutako edo eskatutako agirietan den informazioa zabaltzea nahiz hobetzea eskatu ahalko die eskatzaileei Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak.

Epez kanpo aurkezten diren eskaerak eta datu faltsuak dituztenak bazter utziko dira.

7._Izapidatzea, balorazioa eta zenbatekoa.

Ebaluazio Batzorde Aholku-emaile bat sortuko da, Gazteriaren zuzendariordea buru izanen duena eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko bi kidek eta Plangintza eta Sustapen Ataleko beste bik osatuta. Batzorde horrek gazteendako programak garatzeko aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, eta dirulaguntza emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Oro har, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan balorazioan:

1. Toki entitate eskatzaileak gazteri arloko zinegotzia izatea.

2. Jarduerak urtekoak izatea eta gazteriaren aldeko jarduketa plan orokor baten barruan egotea, ekintza bakar eta isolatu bat izan gabe.

3. Programetako parte-hartzaileen kopurua.

4. Entitate eskatzailearen ekarpenak.

8._Ebazpena eta ordainketa.

8.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urte bakoitzeko abenduko lehenbiziko hamar egunetan emanen du eskabideen ebazpena.

8.2. Ezarritako epean ematen ez bada ebazpen espresurik, eskabideak ezetsitzat joko dira.

Ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuan) ezarritako epean.

8.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta osorik ordaintzeko modua adieraziko dira.

8.4. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.5. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

9._Betebeharrak.

9.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Beraien aplikazioa agirien bidez frogatzea.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

d) Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Lege horri jarraikiz, Foru Ogasunaren Kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

9.2. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean egon beharko dute; dirulaguntzen ordainketa harekiko zorrak kitatuz egin daiteke, halakorik badago.

Dirulaguntza kobratu aurretik eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zehazten duen moduan egiaztatu beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak eginak dituztela.

10._Ez-betetzea.

Aipatu dirulaguntza galdu eginen da eta onuradunek jasotako dirua itzuli egin beharko dute, baldin eta deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza beste helburu batzuetarako erabiltzen bada, laguntzen helburua ezartzen den moduan eta epeetan justifikatzen ez bada, egiazkoak ez diren datuak aurkezten badira edo, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe, dirulaguntza ematean ezarritako xedeak funtsean aldatzen badira. Dirua itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa bada, baita dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutza korrituak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hori guztia ez da eragozpen izanen eskatzen ahal zaizkien gainerako erantzukizunak eskatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

11._Errekurtsoak.

Foru Agindu honen aurka eta bere oinarrien aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

12._Aplikatzekoa den legeria.

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta bere erakunde autonomoek dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Iragarkiaren kodea: A0303190