28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

25/2003 FORU DEKRETUA, otsailaren 3koa, ondoko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena: "Iruña-Logroño autobia, 3. tarte orokorra: Gares-Lizarra".

Herri-lan zuzendari nagusiak emandako urtarrilaren 25eko 129/2002 Ebazpenaren bidez jendaurreko aldia ebatzi eta behin betikoz onetsi zen honako proiektu hau: "Iruña-Logroño autobia, 4. fasea: Gares-Lizarra". Jendaurrean jarri zen Herri Lan zuzendari nagusiaren irailaren 14ko 770/2001 Ebazpenaren bitartez.

Proiektuan 12,3 km luze den autobia zatia ageri da, hots, Garesko saihesbidea bukatzen den tokitik Lizarrako saihesbidearen hasierarainoko tartea, N-111 errepideko 24,5 eta 37 k.p.ak gutxi gorabehera.

Proiektuaren arabera zabaldu eta sendotu eginen dira errepide hauek: NA-7040 errepidea Artazuraino (3,4 km), NA-7171 Lerateraino (7,2 km) eta NA-7320 Allozko bidegurutzeraino (2,5 km); horretaz gainera, Lakarren saihesbidea eginen da. Aipatu tarte horiek guztiek egungo N-111 errepidean dute abiapuntua.

Autobiaren adar nagusiaren trazadurak 2000ko urriaren 16ko Erabakiaren bidez onetsitako UPSen hautatu bidea segitzen du nabarmen, Lorka-La Llanada izenekoa, eta onespeneko ebazpenean adierazitako zehaztapenak biltzen ditu. Trazadura egungo N-111tik pasatzen da, eta bidezkoak diren tokietan haren plataforma baliatzen du.

Trazadurako parametroak bat datoz proiektuan azaltzen den 120 km/h-ko abiadurarekin, indarra duen 3.1.I.C. Jarraibidearen arabera; erradioa 700 m-koa izanen da gutxienez eta malda % 5ekoa gehienez.

Mañeru, Zirauki eta Deierriko (Lorkako Kontzejua) udalerrietatik pasatuko da; hiru lotune oso izanen ditu:

Mañeruko lotunea, D.O. 1+500, bi erdidiamantez osatua, eta Mañeruko sarbideak berrantolatzea.

Ziraukiko lotunea, 3+750, pisudun diamante erakoa, eta autobia gaineko pasabidea.

Allozko lotunea, 7+200, aurrekoaren antzekoa, eta autobiaren gaineko pasabidea.

Lakarko lotunea, 10+650, aurrekoak bezala pisudun diamante erakoa, baina pasabidea autobiaren azpian.

Villatuertako lotunea, 12+300, Lizarrako saihesbidearen hasierako oraingo lotunea aprobetxatuta; egoera berriaren araberako moldaketa egin beharko da.

Tarte guztian N-111 errepidearen segida mantenduko da, dela oraingo trazaduran barna libre gelditzen denean, dela errepide zaharra erabiliz edo, bestela, behar diren zerbitzu bideak proiektatuz, dena lotuneekin ongi uztarturik.

Lurretarako sarbideak oraingo errepidetik eta dagoen bide saretik izanen dira aurrerantzean ere, eta berriz jarriko dira nekazaritzako 24 bide bidegurutzeen artean, loturako bide paraleloak, e.a.

Adar nagusian proiektatu den sekzioa: galtzadek bi errei izanen dituzte, bakoitza 3,50 m-koa, kanpoaldean 2,50 m-ko bazterbidea, barnealdean 1,0 m-koa eta 1,0 m-ko bermak.

Abiapuntuaren eta Mañeruko lotunearen arteko tartean (% 5eko malda eta 1500 m luze), errei gehigarria proiektatu da bi galtzadetarako, Gares eta Mañeruko adarrak hurbil baitaude, tarte horretan malda handia baitago eta atsedengune bat tartean.

Era berean, Zirauki eta Allozko lotuneen arteko tartean, ezkerreko galtzadan, hirugarren errei bat dago, oraingo errepidean dagoenarekin bat datorrena parte batean, La Llanadatik gorako igoerarako, guztira 2,5 km eta % 5eko malda.

Azkenik, Lakar eta Villatuertako lotuneen artean ere hiru errei izanen dira, adarrak elkarren artean hurbil izateagatik (< 1000 m).

Erdibitzailea 5 m zabal da plataformako ertzen artean, 3+500 eta 5+500 k.p.en tartean izan ezik, han 1,0 m-ra murrizten baita, autobia Ziraukiko pasagunean txertatzeko, non kirol instalazioak eta eraikinak errespetatuko baitira.

NA-7040 errepidearen hasierako tartean, industrialde baterako aurreikusita dagoen gurutzaguneraino, 7 m-ko galtzada izanen da eta 1,0 m-ko bazterbideak, bai eta 2 m-ko zabalerako pasealeku bat alboan.

Halaber, NA-7171 errepidearen erdialdeko tartean, sekzioa 6 m-koa izanen da eta ez da bazterbiderik eginen, behar beste tokirik ez izateagatik (Salado ibaiaren gurutzagunea, Allozko presaraino).

Donejakue Bidearen segida sakon aztertu da, zenbait puntutan ukituko baita. Autobiaren gainetik edo azpitik pasatzeko obrak proiektatu dira, bai eta ukituriko tarte guztietan berriz jartzea ere; horretarako alboko banketak ezarriko dira, Donejakue Bidea beste bideetatik bereizteko.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urtarrilaren 15ean eman 87/2003 Foru Aginduaren bidez, "Iruña-Logroño autobia, 3. tarte orokorra: Gares-Lizarra" izeneko proiektua onetsi zen. Onespen horretan sartu ziren doikuntza teknikoak, esleipen hartzaileak egin behar diren obra horien proiektua behin betikoz prestatzeko azken fasean aurkeztu baitzituen.

Gaur egungo bidearen eta tarte horretako zirkulazioaren ezaugarriek erakusten dute trafikoa zaildu egin dela. Horiek horrela, eta zirkulazioa hobea izan dadin, lanak ahalik eta lasterren egitea komeni da; beraz, beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ondasun eta eskubide ukituen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko otsailaren hiruko bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. "Iruña-Logroño autobia, 3. tarte orokorra: Gares-Lizarra" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea:

2. artikulua. Ondasun eta eskubide ukituak eskuratzeko kalkulatu den gastua (desjabetzapeneko laguntza teknikoa barne) 1.000.000,00 eurokoa da eta 2003ra luzatutako 2002ko aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzapena" izeneko kontusailaren kargura ordainduko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hiruan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0301546