28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

499/2003 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari nagusiak emana, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen aldetik berariazko programak garatzeko dirulaguntzetarako deialdi publikoko arauak onesten dituena.

Ikusirik Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren txostena, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoentzako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen deialdi publikoari buruzkoa, eta erregelamenduak ezarritakoa betetzeko,

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendaritzak, irailaren 13ko 374/1999 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dituen ahalmenak erabiliz,

EBATZI DU:

1. Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen aldetik berariazko programak garatzeko dirulaguntzetarako deialdi publikoa onestea, Ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarriei jarraikiz.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru Agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren zazpian.-Zuzendari kudeatzailea, José María Jiménez Bolea.

E R A N S K I N A

1. Xedea. Deialdi honen xedea udalei Nafarroako Gobernuaren diru-ekarpenak eskuratzeko aukera eskaintzea da, urtarrilaren 16ko 11/1987 eta apirilaren 20ko 98/1989 Foru Dekretuek arautzen duten moduan.

1.1. Berariazko programak garatzeko laguntza edo dirulaguntzak, aurrekontuetan dirurik bada, gizarte beharren maila haztatuaren arabera. Programa horiek finantzatzeko, kontuan hartuko dira langileen kostua eta kostu horren % 30, jarduera eta gastu orokorrak garatzeko, eta zenbateko horri ehuneko % 60ko dirulaguntza aplikatuko zaio.

1.2. 5.000 bizilagunetik beheitiko oinarrizko eskualdeetarako, eman beharreko zenbatekoa honelaxe kalkulatuko da: toki entitateek zenbateko osoaren zati bat hartuko dute beren gain (berariazko programen eta oinarrizko ekipoaren kostuak), populazioarekiko proportzioan, 950 pezeta bizilagun bakoitzeko, eta gainerakoa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ordaindu beharko du.

2. Betebeharrak: gizarte zerbitzu oinarrizko baten jabe diren udal edo mankomunitate guztiek hartzen ahal dute parte deialdi honetan.

3. Agiriak. Berariazko programak egiteko agiri hauek aurkeztu beharko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan:

3.1. Eskualdeko udaletako alkate-udalburuak sinaturiko eskabide orokorra, berariazko programak egiteko, non dagokien zati proportzionala finantzatzeko konpromisoa adieraziko baitute.

Mankomunitateen edo udalez gaindiko bestelako elkarteen kasuan, bertako buruak izenpetu beharko du eskabidea.

3.2. Memoria-proiektua, eskualdeak kasuan kasuko programari buruz dituen beharrak, aurrekontua eta udalek horretarako esleituriko kontusaila bilduko dituena.

3.3. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak espedientea hobekien ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak eskatzen ahalko ditu.

4. Ebazpena eta irizpideak.

4.1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak hiru pertsona izendatuko ditu organo kolegiatu eskuduneko kide, Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zuzendariordetzakoen artetik, ebazpenaren proposamena egin dezaten. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritzak, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hilabeteko epean, eman edo ukatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Onarturiko dirulaguntzen ordainketa gisa, aurrerakin bat emanen da.

4.2. Harturiko berariazko programetarako espedienteen balorazioan, irizpide hauek aplikatuko dira:

4.2.1. Programaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna.

4.2.2. Bizilagun kopurua.

4.2.3. Populazioaren sakabanatze eta zahartze mailak.

4.2.4. Laguntza beharra (etxez etxeko laguntzarako programa).

4.2.5. Eskatzaileek aurreko ekitaldian gizarte zerbitzuetan benetan gastaturiko diru-kopuruak.

4.2.6. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren aurrekontuan dagoen dirua.

5. Frogagiriak.

2002. urtean dirulaguntza jaso duten toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte deialdi hau argitaratu eta hilabeteko epean:

5.1. Zerbitzuaren eta programen gastuen frogagiriak, horretarako luzatuko diren ereduen arabera. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eskubidea izanen du gastuak, fakturak, edo gastuen gaineko beste edozein agiri edozein momentutan eskatzeko, bai langileei bai jarduera edo gastu orokorrei dagokienez.

5.2. Zerbitzuko langileen gastuen ziurtagiriak, Udal edo Mankomunitateetako idazkaritzak edo kontu-hartzailetzak luzaturikoak.

5.3. Ogasunari egindako ordainketaren egiaztagiriaren fotokopia, dirua erreklamatu zaion kasuetan.

5.4. 2002ko urri eta azaroko bi TC2en fotokopia, dirulaguntzaren xede diren langileak adieraziko dituena.

5.5. Garaturiko programa bakoitzean eginiko jardueren memoria teknikoa.

6. Onuradun diren udal eta mankomunitateak beharturik egonen dira:

a) Dirulaguntzaren xede den jarduera egitera edo horrek behartzen duen portaera izatera.

b) Jarduera egin izana edo hartarako jokabidea hartu izana frogatzea, baita dirulaguntza lortzeko baldintzak betetzen direla ere.

c) Eskumena duten organoek, eman edo jaso diren dirulaguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Dirulaguntza eman duen organoari edo, betiere, entitate kolaboratzaileari, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortu duen jakinaraztera.

e) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

Betetzen ez badira, dagokiena itzuli beharko dute.

7. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira edozein jatorritako bestelako dirulaguntzekin, baina horietariko batek ere edo guztiek elkarrekin ezin gaindituko dute programen kostua.

8. Gastua 2003ra arte luzatu den aurrekontuko 9240043-93300-4600-313400 kontusailaren kontura izanen da. Horren kreditua 6.157.562 eurokoa da.

9. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Deialdi honen eta hau burutzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluekin bat; Lege hori 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen.

11. Deialdi honetan aurreikusi ez diren afera guztiak, Nafarroako Administrazio Publikoen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Legeari jarraikiz ebatziko dira.

Iragarkiaren kodea: C3037965