28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, azienda garraiatzen duten ibilgailuak desinfekatzeko zentroek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dituena.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 24.3 artikuluak ezartzen du abereak garraiatzeko ibilgailuak desinfektatu eta, hala badagokio, desintsektatu beharko direla abere-talde bat garraiatu aurretik eta ondotik, eta hori agiri bidez egiaztatu behar dela.

Abereen eritasun infekto-kutsakorrak hedatzeko arriskua gutxitzearren, geroz eta interes handiagoa dago azienda errepidez garraiatzen duten ibilgailuen desinfekziorako zentroak eraikitzeko.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua zentro horiek bultzatzen ari denez, komenigarria da halako zentro publiko nahiz pribatuek zer baldintza bete behar duten ezartzea, ekipoei, instalazioei eta funtzionamenduari dagokienez.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da azienda errepidez garraiatzen duten ibilgailuak desinfektatzeko Nafarroako zentroek ekipamenduaren, instalazioen eta funtzionamenduaren arloan bete behar dituzten baldintzak ezartzea. Espezie hauen garraioa zehazki: behi-azienda, ardi-azienda, ahuntz-azienda, txerri-azienda, zaldi-azienda, haztegiko hegaztiak, untxiak eta ehizakiak.

2. artikulua. Baimena.

1. Foru Agindu honen xede diren desinfekzio zentroek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimena beharko dute.

2. Baimena izan ahalko da abere espezie bati edo batzuei buruzkoa edo zenbait kategoriaren gainekoa edo abereen osasun estatutuaren ingurukoa; halaber, baliorik gabe utzi edo atzera bota ahalko da, zentroaren inguruneko osasun egoeraren arabera.

3. artikulua. Funtzionamenduan hasi aurreko baldintzak.

Funtzionamendurako, desinfekzio zentroek baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimena kokalekuari dagokionez, kontuan izan behar baita zer distantzia dagoen beste abeltegi, hiltegi, abereak estaltzeko gune eta kontzentrazio zentroetara, e.a., osasun arriskurik izan ez dezaten.

2. Abereen osasunari buruzko legeriaren arabera murrizketarik ez duten eremuetan egotea.

3. Pertsona bat izatea desinfektatzaileak hautatu eta diluitzeaz, desinfekzio ekipoen funtzionamenduaz eta dokumentazioaren kontrolaz arduratzeko. Ibilgailuen desinfekziorako kontrol pertsonalaren ordez sistema automatizatuak erabili ahalko dira.

4. Ekipoek eta instalazioek zehaztapen hauek bete behar dituzte:

a) Zentrorako sarbidean kartel adierazle bat jarriko da eta bertan argi irakurriko abereak garraiatzen dituzten ibilgailuak desinfektatzeko zentroa dela.

b) Ahal dela, ibilgailuen sarbide eta irtenbide bereiziak izatea.

c) Sarbideetan desinfektatzailedun pasabidea izan beharko da.

d) Esparrua kanpotik itxita egonen da, eta zentroak hartzen duen eremu guztia zimentuduna edo asfaltatua izanen.

e) Eremu nagusi bat izanen da, estalia edo estali gabea, itxia edo irekia, eta hantxe eginen dira ibilgailuen desinfekzio lanak; argi bereiziko dira lan "zikinak" eta "garbiak", eta materialak nahiz zerbitzuak lerro zuzenean bideratzen saiatu beharko da.

f) Zentroan tresneria egokia izan beharko da etzauntza eta simaurra behar bezala garbitu eta arraspatzeko, bai eta hondakin organiko solidoak biltzeko eremu bat ere.

g) Dagokionean, ibilgailuak desinfektatzean sortzen diren hondakin solidoak kudeatzeko sistema.

h) Ur korronte bero eta hotzaren instalazioa, behar besteko presioarekin.

i) Desinfekzio ekipoa, ibilgailuaren gainean desinfektatzailea lainoztatuta zabaltzeko behar den presioa izanen duena, eta ura eta desinfektatzailea proportzio egokian nahasteko gailua.

j) Ibilgailuen desinfekziotik ateratzen diren likidoak bildu ahal izateko behar adinako malda duen plataforma.

k) Desinfekzio lanetan sortzen diren efluenteak biltzeko hobia, efluenteak ez hedatzeko eta egokiro deuseztatzeko moduan egina.

l) Materiala, tresnak, makineria, produktu kimikoak eta abar gordetzeko biltegia.

m) Zentroko eginkizun administratiboak egiteko lokala.

4. artikulua. Garbiketa eta desinfekzio zentroen funtzionamendua.

1. Zentroko lanak eta desinfekzioa egiten direnean arau hauek bete beharko dira:

a) Ibilgailua beti aurrerantz ibiliko da, eta ez ditu atzean utzitako eremu zikinak berriz ukituko. Ibilgailuak beti alde zikinetik alde garbira joan behar du.

b) Ibilgailu osoa presiozko urez garbitzea, gurpilak, azpialdea eta karrozeria barne. Garbiketa eginen da ibilgailuen elementu mugikorrak desmuntatuta daudela: zoruak, bereizgailuak, kaiolak. Ura zulo batean bilduko da, gero deuseztatu edo aprobetxatzeko.

c) Ibilgailuaren desinfekzioa egitea, kanpoko aldeak eta azienda garraiatzeko moldatutako eremua baimenduta dagoen desinfekzio-soluzio batekin ihinztatuz, abere espeziearen eta inguruko osasun egoeraren arabera.

d) Desinfekzioa egin izanaren ziurtagiria ematea.

e) Zentroko langileak ezin izanen dira joan, zuzenean, garbiketa aldetik ibilgailuen desinfekzioaren aldera, neurri egokiak hartu gabe.

f) Presiozko uraren bidezko garbiketa eta desinfekzioa ibilgailuaren goiko aldean hasi eta behe-behean bukatuz eginen da beti.

g) Zentroko langileek beren lanerako behar diren jantziak erabili beharko dituzte: botak, hezetasunaren kontrako lan-jantzia, eskuzorroak, betaurreko babesleak, txanoak, e.a.

2. Epizootia bat agertzen bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak garbiketa eta desinfekziorako neurri osagarriak ezarri ahalko ditu, bai eta antzeko neurriak hartu ere abere ekoizpenarekin lotutako produktuak garraiatzen dituzten ibilgailuetarako.

3. Desinfekzio zentro publikoetako ekipo eta instalazioak erabiliko dira, bakarrik, azienda errepidez garraiatzen duten ibilgailuak eta abereak elikatzeko pentsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak desinfektatzeko.

4. Desinfekzio zentroetan abeltzaintzakoak ez diren jarduera osagarriak zilegi izanen dira, baldin eta zentroko garbiketa eta desinfekzio katea eta lanak oztopatzen ez badira; azienda garraiatzen duten ibilgailuek lehentasuna izanen dute desinfekzio lanetan.

5. artikulua. Agiriak.

1. Foru Agindu honen I. eranskinean ageri den desinfekzio ziurtagiria emanen da ibilgailu bakoitzean egiten den desinfekzio lana frogatzeko.

2. Ziurtagiri horrek balioa izanen du ibilgailua desinfektatzen den egunetik hurrengo azienda garraioa bukatzen den arte.

3. Azienda garraioaren osasun agiria sinatzeko arduradunak agiri horretan jarriko du ibilgailua desinfektatu izanaren ziurtagiriko zenbakia.

4. Zentro bakoitzak erregistroa izan beharko du, paperean eta euskarri informatikoan, eta gutxienez ere hiru urtez gorde eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren eskura eduki. Gutxienez bildu beharreko datuak:

a) Ibilgailuaren matrikula.

b) Lanak zein egunetan egin eta zer ordutan bukatu diren.

c) Zentroko arduradunaren sinadura eta zentroaren zigilua.

d) Garbiketa eta desinfekzio lanetan agertutako edozein gorabehera.

5. Aurreko 1. artikuluan aipatu abere espezieak errepidez garraiatzeko ibilgailuen desinfekzioa ziurtatzen duten agiriak Foru Agindu honen arabera baimendutako zentroetan baizik ez dira emanen.

6. Garraiatutako abereak non deskargatzen diren, handik hurbilen dagoen zentro baimenduan egin beharko da desinfekzioa.

6. artikulua. Garraiolariaren betebeharrak.

Garraiolariak erregistro liburu bat edo ustiapen liburu bat eduki beharko du eta bertan honakoak jaso: data, jatorriko ustiategia, espeziea, abereen identifikazio ofiziala, abere kopurua, destinoko ustiategia, eraman beharreko osasun agiria, desinfekzio eguna, desinfekzioaren ziurtagiriko zenbakia. Gutxienez ere hiru urtez gorde beharko du liburua.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Indarra duen araudiak kasu bakoitzean ezartzen dituen gainerako zehaztapenak alde batera utzi gabe, ez da nahitaezkoa izanen garraiorako ibilgailuaren desinfekzioa egitea, baldin eta eramaten den aziendarendako ez bada eskatzen osasun agiririk edo inolako gida edo ziurtagiririk.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeita hamarrean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

I. ERANSKINA

Azienda£

errepidez garraiatzen duten ibilgailuen desinfekzio ziurtagiriko datuak

DESINFEKZIO ZENTROA "zentroaren izena" A seriea -zk.: 00000

Baimenaren zk.: (serieko letra eta erorketa zk.)

Kalea/Poligonoa/Errep. .......................

PK -HERRIA

Ibilgailuaren matrikula:

Garraiolariaren izena:

Erabilitako desinfektatzailea:

Desinfekzio eguna Desinfekzio lanak zein ordutan bukatu

................... jn./and.ak, azienda garraiatzen duten ibilgailuak desinfektatzeko aipatu zentro baimenduaren arduradunak ZIURTATZEN DU, adierazitako egun eta orduan desinfektatu egin dela goian ageri den

Zentroaren zigilua

......(e)n, ......(e)ko .....aren ....(e)an.

Sin.:

(1) Behi-azienda, ardi-azienda, ahuntz-azienda, txerri-azienda, zaldi-azienda, haztegiko hegaztiak, untxiak eta ehizakiak.

Iragarkiaren kodea: A0300348