28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko irailaren 23koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Talluntxe II" Udalez gaindiko Plan Sektoriala indarrik gabe utzi eta bertan bildutako aurreikuspenak kasuan kasuko udal planetan sartzea xedatzen duena.

1. Galarko Zendeako Udalak, 2002ko ekainaren 6an, erabaki zuen Udalez gaindiko Plan Sektoriala indarrik gabe utzi eta bertako aurreikuspenak kasuan kasuko udal planetan sartzea.

Jurisprudentzia ikusita, ez dago zalantzarik egungo antolamendua udal planean sartu eta etorkizunean aldatzea zilegi ote den aferaren inguruan. Halaxe adierazten du, esate baterako, Auzitegi Nagusiaren 1982ko maiatzaren 26ko epaiak (A. 4139):

"... ikuspuntu orokorretik begiratuta, garbi dago Administrazioari ezin zaiola "ius variandi" delakoa ukatu, hortaz baliatuz, aurreko hirigintza planeamenduak berraztertu eta alda ditzan. (...) ...mugagabeko indarraldia badute ere, haiek behar bezala berraztetzeko legezko bideak ez dira erabat ixten, dela Planean berean ezartzen den epea bete delako, dela berrazterketa egiteko baldintza egokiak gertatzen direlako. Are gehiago, horri dagokiolarik, Auzitegi Nagusiak, laburbildu nahian, deklaratzen du berraztertzeko bide hori ukatuz gero, zentzugabeko egoera batera eramanen litzatekeela kasua, izan ere, antolamendu egoera inmobilista bat ezarriko litzateke... eta horrek planen betiereko indarraldia ere ekarriko luke... Irtenbide hori logikarik gabekoa eta indarreko antolamenduaren kontrakoa denez, baztertu egin behar da".

Jurisprudentzia hori Udalez gaindiko Plan Sektorialetan aplikatu daiteke oso-osorik.

2. "Talluntxe II" Udalez gaindiko Plan Sektorialaren helburu nagusia industri lurzorua prestatzea zen, horretarako egokia zen eremu batean, Iruñerriaren eskaerari erantzuteko. Hauek ziren berariazko helburuak:

_Industri ehun berria lurraldearen egitura orokor eta organikoan integratzea eta, bereziki, bide-sarean, garapenerako planeamenduan horren inguruan aurreikusten diren zehaztapenak kontuan harturik.

_Sendoturik zegoen industri gunea hiri egitura berrian integratzea.

_Eremu horren diseinua atseginagoa izateko neurriak hartzea, errepidetik, autobidetik eta aireportutik ikuspegi zabala baitago.

_Eremua lurzoru motaren arabera zonifikatzea, kasuan kasuko eskaeraren arabera.

_Eremuko jarduerak zehatz-mehatz arautzea, ingurumena hondatzea dakarketen arriskuak saihesteko eta, aldi berean, erabilera bereziki gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak saihesteko.

_NA-121 errepidearen ekialdeko bazterra egoki deseinatzea eta Noain-Iruña lotura hobetzea.

_Dotazio eta ekipamenduetarako erreserba aski aurreikustea, jarduerak behar bezala garatu ahal izateko, eta bereziki, eremu libre eta lorategietarako erreserbak aurreikustea.

_Ahal den neurrian, antolamendua bide-sare erregular batean oinarritzea, eremu eraikigarrien modulazio eta lurzatiketa arrazionalizatzeko, unitate erregularrak eta eskaeraren araberakoak sortuz.

_Aurreikusitako jarduera ekonomikoetarako azpiegiturak aurreikustea, hala nola aurreikusitako erabileretarako behar diren hornidura eta hartuneak.

3. Egungo industrialdearen garapena ikusita, Nafarroako Gobernuak uste du "Talluntxe II" industrialdearen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren helburuak halako moduan bete direla ezen indarrik gabe utz daitekeen eta hango aurreikuspenak kasuan kasuko udal planetan sar daitezkeen. Industrialdeak bertan ezarri diren enpresei zerbitzu emateko moduko azpiegiturak ditu. Industrialdea egoki integratu da bide-sarean. Eremu ia osoa eraikita dago, lurzati batzuk izan ezik, baina hori ez da oztopo multzoa sendotutzat hartzeko. Noain-Iruña lotura nabarmen hobetu da. Sendoturik zegoen industri gunea ongi integratu da industrialdean, baita industri multzoa inguruko hiri-bilbe eta bide-sarean ere. Aurreikusitako eremu libreak utzi dira. Barneko bideen sarea erregularra da. Egindako lurzatiketa eskaeretan adierazitako beharren araberakoa da.

Udalez gaindiko Plan Sektorialek industria, dotazio edo azpiegituretarako interes orokorreko jarduketak garatzeko guneak antolatzen dituzte, hain zuzen, udalerriz gaindiko eragina dutenak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 61. artikulua). Proiektu Sektorialek, ordea, interes sozialeko edo onura publikoko azpiegitura, dotazio edo azpiegitura jakin bat lur batzuetan ezartzea aurreikusten dute eta, horrenbestez, ezarri ondoren epe labur batean iraungi daitezke. Udalez gaindiko Plan Sektorialetan, berriz, eremua antolatzeko ahalmena epe luzeago batean mantendu ohi du Nafarroako Gobernuak. Planaren helburuetan garbi adierazi den bezala, jarduera ekonomikoetarako eremu egoki bat prestatzeaz gainera, etorkizuneko garapena ere arautu nahi da, bertan nahi diren jarduerak (gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuenak izan daitezkeenak alde batera utzita), eta nahi den moduan (lurzatiketa arau jakin batzuei jarraikiz, eremu libreak gordez, tokiko eskaera gainditu eta eskualdeko eskaeraren arabera zonifikatuz...) ezarriko direla bermatzeko. Horregatik, Udalez gaindiko Plan Sektorialek indarrean segitu behar dute harik eta Nafarroako Gobernuak helburu horiek funtsean lortu direla adierazi arte.

"Talluntxe II" industrialderako finkatu ziren helburuen betetze-maila ikusita, Gobernuak uste du justifikatuta dagoela arautze lana bukatutzat ematea. Galarko Zendeako Udalak 2002ko ekainaren 6ko erabakian adierazi bezala, industrialdearen diseinu orokorrean funtsezko eragina izan dezakeen alderdi antolatu gaberik ez dago. Industrialdearen ohiko funtzionamenduaren inguruko eta hondarreko lurzatien okupazioaren inguruko xehetasunek, gaur egun, tokiko eragina dute gehienbat.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Talluntxe II" Udalez gaindiko Plan Sektoriala indarrik gabe uztea eta bertan bildutako aurreikuspenak kasuan kasuko udal planetan sartzea. Erabaki honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean izanen du eragina.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeita hiruan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0300357