28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

VILLAMAYOR DE MONJARDIN

Ordenantza behin betiko onetsita

Villamayor de Monjardingo Udalak, 2002ko maiatzaren 31n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Villamayor de Monjardingo Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2002ko 104. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 28an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Villamayor de Monjardinen, bi mila eta hiruko urtarrilaren bian. Alkatea, María Puy Goñi Ayúcar.

VILLAMAYOR DE MONJARDINGO UDALEKO EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Villamayor de Monjardingo Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. 1. Ezkontzaz kanpoko elkartzea hau da: borondatezko elkartze publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

2. Ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen duten bikote guztiek eskatu ahalko dute erregistroan inskribatzea, artikulu honetako 1. atalean ezarritakoari jarraituz.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Villamayor de Monjardinen erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren lanpostuan diharduen pertsonaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bietako batek ez baditu betetzen ezkontzaz kanpoko elkartzea osatzeko baldintzak, 2.1 artikuluan agertzen direnak.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatu ahalko dira, bikoteko bi kideak bertara joanda.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat ere izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Udaleko idazkariak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. art. Egiten diren inskripzioak doakoak izanen dira.

11. art. Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Villamayor de Monjardingo Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Villamayor de Monjardingo Udaleko idazkaritzan, halako egunean: ....., honako hauek agertu gara:

Izena: ..................., sorterria: ............., helbidea (erroldakoa): ............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .......... eta

Izena: ........., sorterria: ......., helbidea (erroldakoa): ..........., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenbizi: aipatu Ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................ (Oharra: oroitarazi behar zaio ........ jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren mailara bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) erregistroan jasotzerik gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenik.

Seigarren: baimena ematen dugula Villamayor de Monjardingo Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Villamayor de Monjardingo erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek guztiak horrela,

Villamayor de Monjardingo Udal honetako Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: .............. Sinatua: ................

II. ERANSKINA

Villamayor de Monjardingo Udalean, halako egunean ......... honako hauek agertu gara:

Izena: ................, NAN zk.a: .............., eta, Izena: ................., NAN zk.a: ..............

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udaleko erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: .............. Sinatua: ..............

Iragarkiaren kodea: A0301151