28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I G U Z K I T Z A

Ordenantza behin betiko onetsita

Iguzkitzako Udalak, 2002ko ekainaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iguzkitzako Barrutiko Udalaren eraikinak lehenbiziko aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2002ko 115. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 23an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Iguzkitzan, bi mila eta hiruko urtarrilaren bian. Alkatea, Salvador Garín Zabala.

IGUZKITZAKO BARRUTIKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ OKUPATU EDO ERABILTZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak emateko baldintzak eta prozedura ezartzeko xedea du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eraikinak

2. art. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak.

b) Dauden eraikinen egiturak handitu, zaharberritu nola berritzetik sortzen direnak.

c) Dauden eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak sortzea edo daudenetan banaketa nabarmen aldatzea.

Helburua

3. art. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau du zehazki:

a) Altxatutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

Lizentziaren eskaera

4. art. 1. Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztuko dute, Iguzkitzako Barrutiko Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo, halakorik bada, ordezkatzen duenaren izen-abizenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den zehaztu beharko da, argi eta garbi.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak bukatu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak luzatuko du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela adierazi beharko da.

c) Hirilurren gaineko kontribuzioan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udalaren tasa ordaindu izanaren ziurtagiria.

e) Urbanizazioen kasuetan, gainera, honako hauek aurkeztuko dira:

_Urbanizazioaren behin betiko planoak, zoladurari nahiz instalazioei buruzkoak.

_Enpresa hornitzaileen idazkiak, obraren onespena eta hura araudi berariazkoei jarraikiz nola egin den adierazten dutenak.

_Herriko argien sareari dagokionez, instalazio agiria aurkeztu beharko da.

_Bidezoruari, zoladurari eta lorezaintzari dagokienez, obran egindako entseguak aurkeztu beharko dira, alor hauen gainean: trinkotzea, proktorra, hormigoien erresistentzia, nahasketa bituminosoak, etab. Horrez gain, elementu bakoitzetik hedatutako tonen ordainagiriak aurkeztea.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. art. Lizentzia emateko eskumena alkateak izanen du edo bestela Hirigintza Alorreko zinegotzi eskuordeak.

Prozedura

6. art. Interesatuak eskaturik prozedura hasita, Alkatetza edo Hirigintzako arduraduna gisa honetan ariko da:

1. Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua lehengoratu diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabost eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak badirela egiaztatzen bada, txosten teknikoan aipatu beharko da zer motatako arau-haustea egin den eta legeztatzen ahal ote den.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da, halaber, ur, gas, elektrizitate eta gisako zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, eta aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Ebatzi beharra

7. art. 1. Alkateak edo hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenerako arrazoitzat hartuko dira, ebazpenaren testuari gehitu edo eransten zaizkionean.

Ustezko egintza

8. art. Ebazpenerako epea agortzen bada alkateak edo hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, eskaera baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. art. 1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik eraikinaren titularrek ez dute eraikina okupatzen ahal.

2. Eraikinaren zati bat besterentzean edo osorik besterentzean, hartzaileei modu fede-emailean jasoaraziko zaie lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziarik ez dutela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

10. art. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura hori dela eta, bete beharko dituzte obretarako behin-behineko kontagailuei buruz aplikatzen ahal diren legezko arauak, eta kontuan hartu beharko dute etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu behar dela.

2. Hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, obretarako ur-hornidura geldituko da zerbitzu publikoaren enpresa hornitzaile titularraren esku, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen bitartean bakarrik.

3. Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei, eta interesatuei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4. Debekatua dago obretarako emandako ur-hornidura bestelako jardueretan erabiltzea, etxean, batez ere.

5. Uraren enpresa hornitzaileak ezin ditu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak hornitu etxerako erabilerarako den urez.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. art. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Legearen 247. artikuluak eta hurrengoek, Lege beraren 221. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

12. art. 1. Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteak, jarduketa legeztatzen ahal bada, zehapen hau izanen du: egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isuna, eta gehienez ere mila bostehun eta bi euro eta berrogeita hamahiru zentimo, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatzen duenari jarraituz.

2. Aurreko artikuluan aipatu jarduera ezin bada legeztatu, zehapen hau izanen du: okupatutako eraikin, oin edo lokalaren balioaren ehuneko bostetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere sei mila euro, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatzen duenari jarraituz.

4. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahalko hirigintzako ordena hautsia zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioa berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Erantzuleak

13. art. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, erantzuleak obraren sustatzailea eta okupazioa egiten duena izanen dira, pertsona ezberdinak badira, eta ezarriko zaien isun bakoitza ezberdina izanen da.

Organo eskuduna

14. art. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.K) artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, salbu eta horrek Hirigintzako arduraduna eskuordetzen duenean ahalmen hauetarako.

15. art. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan hona indarra izanen duten arauak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia emateko tarifak

Eraikin berriak: 120,20 euro.

Egiturak berritzea, handitzea, zaharberritzea: 90,15 euro.

Erabilera aldatzea, etxebizitzak sortzea: 90,15 euro.

Iragarkiaren kodea: A0301023