28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ETXARRI-ARANATZ

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Etxarri-Aranazko Udalak Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen, hasiera batean, 2002ko irailaren 25ean egin osoko bilkuran.

Jendaurreko epea bukatu eta inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatuarekin bat, eta honen jarraian argitaratzen da testua, osorik.

Etxarri-Aranatzen, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita hiruan. Alkate udalburua, Fernando Flores Lazkoz.

ETXEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Ordenantza honi dagokionez, gizonak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

Zakurren inskripzioa

3. art. Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira.

Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

4. art. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa emanen.

5. art. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

6. art. Zakur guztiei bi urtetik behin jarri beharko zaie txertoa. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.

Zakurrei txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaie.

7. art. Amorruaren kontrako txertoa bi urtetik behin eman behar denez eta hura ezartzea errazagoa izan dadin, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, bai eta dagozkien tasak ere.

8. art. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurren jabeak albaitariarengana jotzera beharturik egonen dira hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak edo dagokion fakultatiboak agintzen duten tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

9. art. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurrak lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.

10. art. Debeku da zakurrak Etxarri-Aranazko hirigunean barna eta, herri aldera, gurpildun ibilgailuetarako irekita dauden errepideetan deslai ibiltze.

Alde horietan, zakurrek gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar dute.

11. art. Etxarri-Aranazko udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurrak ibili ahal izanen dira muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.

Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

12. art. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko hiru artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Foru Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.

13. art. Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

Hiru hilabete baino zaharragoak badira, gehienez ere lau zakur eduki daiteke, huraxe baita Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolaren gainean otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduak ezartzen duen muga jarduketa bat kaltegabetzat hartzeko eta, beraz, jarduera sailkatuaren espedienterik behar ez izateko.

14. art. Debeku da zakurren edo beste edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan, kaleetan, espaloietan edo erabilpen publikoko beste edozein alderditan, Etxarri-Aranazko hiri barnean.

Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak, eta bereziki zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.

15. art. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espresuki baimendu beharko dira.

16. art. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egon ahal izanen dira, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erantzunbeharrak

17. art. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

18. art. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, ardura izanen du animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bestelako animaliak bildu eta atxikitzea

19. art. Bere eskumenen esparruan, Etxarri-Aranazko Udalari dagokio:

A) Animalia abandonatuak biltzea.

B) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

20. art. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo eta zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko ematen ahalko da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

21. art. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

22. art. Beste zakur bati hozka egin dionean, gizaki bati hozka egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dagoen arauen ariora jokatuko du.

23. art. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

Arau-hausteak

24. art. Ordenantza honi doakionean, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea, kate edo hederik gabe.

d) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

e) Herriaren inguruan hirilurretan sailkatutako eremuetan zakurrak hederik ez muturrekorik gabe ibiltzea.

f) Beren zakurren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen denean.

2. Honakoak dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan edukitzea.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.

g) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.

3. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

25. art. Arau-hauste arinek 60,10etik 120,20 euro bitarteko zehapena izanen dute; larriek 120,20tik 240,40 euro bitartekoa, eta oso larriek 240,40tik 480,80 euro bitartekoa.

26. art. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:

a) Alkateari edo zinegotzi eskuordeari, arau-hauste arinak badira.

b) Etxarri-Aranazko Udalaren osoko bilkurari, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.

Animalien babesa

28. art. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea; Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuen Erregelamendua, otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena, eta 32/1990 Foru Dekretuaren artikulu batzuk aldatzen dituen urriaren 22ko 304/2001 Foru Dekretua.

Iragarkiaren kodea: A0300861