28. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Deialdia, Udaleko Haur Eskoletako sukaldari izateko bost lanpostu, C mailakoak, barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako lehendakariaren 2003ko urtarrilaren 29ko ebazpenaren bitartez, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoaren zerbitzuko sukaldari izateko bost lanpostu, C mailakoak, barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoaren zerbitzuko sukaldari izateko bost lanpostu, C mailakoak, barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio bidez betetzea.

1.2. Hauta-probak gainditu ondoren, deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzen diren langileak C maila edo taldean sartuko dira eta maila eta lanpostu horretarako plantilla organikoan ezarririko lansariak hartuko dituzte.

1.3. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, alegia, funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun izaten jarraituko du. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatzen diren langileak eginkizun beretan arituko dira, baina, gainera, maila edo talde berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkie.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoaren zerbitzuko langile finkoak izatea.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) D maila edo taldeko sukaldariaren lanpostu baterako izendatua izatea.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hauta-probek dirauteino eutsi behar diete, harik eta izendatuak izan arte.

3._Eskabideak

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Haur Eskoletako bulegoetan aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraituz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Eredua bulegoetan eskuratu ahalko da.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, izangai bazterturik ez badago, Erakunde Autonomoko lehendakariak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

Izangai bazterturik baldin bada, Erakunde Autonomoko lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko. Bertan ohartaraziko du izangai baztertuek hurrengo hamar egun naturaletan, erreklamazioak aurkeztu ahalko dituztela eta akatsik egin badute horiek zuzendu.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, Erakunde Autonomoko lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

5._Epaimahaia.

Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoko lehendakaria, edo hark izendatzen duen pertsona.

Mahaikidea: José María Ros Antona jauna, Haur Eskoletako gerentea.

Ordezkoa: Asunción Cumba Remón andrea, Haur Eskolako zuzendaria.

Mahaikidea: Rosa Mayorga Mas andrea, Haur Eskoletako pediatra.

Ordezkoa: Jaime Izal Elorz jauna, Haur Eskolako zuzendaria.

Mahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Angel Munárriz Beroiz jauna, Haur Eskoletako letratua.

Ordezkoa: Teresa Leoz Osés andrea, Haur Eskoletako administrari-ofiziala.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

6._Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioak atal hauek izanen ditu:

Lehenbizi: berrogei orduko birziklatze ikastaro bat, lanorduetatik kanpo emanen dena eta izangaiek hurrengo ariketara pasatzeko gainditu beharko dutena. Horretarako, ikastaroa bukatzean galdera-sorta bat proposatuko da, bakoitzak aukeratzeko erantzun batzuk dituela, ikastaroaren edukiaz. Izangaien kalifikazioa gai ala ez gai izanen da.

Bigarren: ariketa bat. Horretako epaimahaiak sukaldaritzako espezialitateari buruz ezartzen dituen proba praktikoak egin beharko dituzte izangaiek. Proba horietan gehienez ere 50 puntu lortu ahalko dira eta bazterturik geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

7._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Proba praktikoen ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du, Haur Eskoletako iragarki oholean eta egin zireneko tokian, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiz.

7.2. Epaimahaiak probak gainditzen dituzten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Haur Eskoletako lehendakariari.

8._Izendapena eta jabetza hartzea.

Haur Eskoletako lehendakariak izendapen proposamenean ageri diren lehiatzaileak izendatuko ditu, eta, hala behar izanez gero, haiek kontratatzeko agindua emanen du, C maila edo taldean sukaldari lanetan aritzeko.

8.2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da izendapena, eta biharamunetik izanen ditu ondorio ekonomiko zein administratiboak. Ondorio guztietarako kargua hartzeko unetzat joko da egun hori, berariazko egintza egiteko beharrik gabe.

9._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Iruñeko Haur Eskoletako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, hilabeteko epean, Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako lehendakariari zuzendua.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita bederatzian. Lehendakaria, Eradio Ezpeleta Iturralde.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............, adinez nagusia; NAN zenbakia: ..................., helbidea: ..............., kalea: ................., zenbakia: ........., posta kodea: ..............., telefonoa: .................

Zure aitzinean agertu eta azaltzen dut:

Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoaren zerbitzuko sukaldari izateko bost lanpostu, C mailakoak, barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala zeina honako egun honetan argitaratu baitzen: ........, ..... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Bertan eskatzen diren baldintzak betetzen ditudala:

a) Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoaren zerbitzuko langile finkoa izatea.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) D maila edo taldeko sukaldariaren lanpostu baterako izendatua izatea.

Horrenbestez,

Eskatzen dut eskabide hau behar den denboran eta moduan aurkeztutzat har dezazula eta horren arabera Iruñeko Udaleko Haur Eskolak Erakunde Autonomoaren zerbitzuko sukaldari izateko 5 lanpostu, C mailakoak, barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdian onar nazazula.

Iruñean, 2003ko .........aren .......(e)an.

Iragarkiaren kodea: A0301145