16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E R G O I E N A

Ordenantza Fiskal Orokorra behin betikoz onetsirik

Ergoienako Udalak Ergoienako Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorrak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen, hasiera batean, 2001ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, baita jendaurrean egotea ere, aldez aurretik 2001ko 158. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuta abenduaren 31an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik, inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

2002ko otsailaren 2an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi da eta, beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua aplikatuz, bidezko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

Xedea

1. artikulua. Ordenantza Fiskal Orokor honen xedea da udalerri honetako zerga erregimena osatzen duten zerga-baliabideen ordainarazpenari dagozkion arau erkideak eta oinarri orokorrak finkatzea. Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Ezarpenaren orokortasuna eta interpretazio murriztailea

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta bai toki ogasunei buruzko foru legeek ere - halakorik beharrezkoa ez izateagatik ordenantza partikularrik onetsi ez den kasuetan-, agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa, guztion betebeharra da, eta ukitzen ditu pertsona fisiko zein juridiko oro, eta bai eskubide eta betebehar fiskalak dituzten nortasun juridikorik gabeko subjektuak ere.

Ezin izanen da bestelako hobari fiskalik ezarri, salbu eta Foru Lege batek halaxe aurreikusten badu, eta, era berean, ez da onartuko inolako analogiarik, zergagaiaren edo zerga salbuespen edo hobarien eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Ezarpen eremua

3. art. Ordenantza Fiskalak Ergoienako udalerri osoan ezarriko dira, indarra hartzen duten unetik bertatik indargabetu edo aldatzen diren arte.

II. KAPITULUA

Zerga harremanen elementuak

Zergagaia

4. art. Zergagaia premisa juridikoa edo ekonomikoa dugu, zeina dagokion ordenantzan finkatzen baita, ordainarazpen bakoitza gauzatzeko; hura gauzatzen denean, ordaintzeko obligazioa sortzen da.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak zehaztuko du zein den zergagai konkretu eta jakina, lokabetasunaren zergatiak aipatuz, bai eta zerga ordaintzeko beharra sorrarazten duten baldintzak ere.

Ordainarazpenek, horien ezaugarriak direla medio, zergagaien jarraitasuna eragiten duten kasuetan, erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira.

5. art. 1. Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridiko oro da, baldin eta Legearekin bat zerga-prestazioak betetzeko obligazioa badu, zergadun gisa nahiz horren ordezko bezala.

Zergaduna pertsona natural edo juridiko oro da, baldin eta Legeak ezartzen badio zergagaiak sorrarazitako tributuaren zama.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasibo oro da, baldin eta, Legeak hala ezarririk eta haren ordez, zerga-obligazioaren prestazio material eta formalak betetzera beharturik badago.

2. Zergagai bati titular bi edo gehiago batera egokitzeak berekin ekarriko du horiek elkarrekin beharturik izanen direla, Udal Ogasunari begira, salbu eta Legeak, tributua erregulatzean, kontrakoa ezartzen badu.

Tributu-harremanaren aldaezintasuna

6. art. Subjektu pasiboaren eta tributu obligazioaren gainerako elementuak ez dira aldatzen ahal partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean.

Halako egintza eta hitzarmenek ez dute eraginik izanen Udal Administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

Egoitza fiskala

7. art. Pertsona naturalendako helbidea, zergetarako, haien ohiko etxebizitzarena izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, horien elkarte-egoitzarena, beti ere, bertan baldin badituzte zentralizatuak kudeaketa administratiboa eta haien negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza non kokatu eta bertara igorriko dira afera horiek.

Udal Administrazioak beren egoitza fiskala aitor dezaten eskatzen ahal die subjektu pasiboei. Subjektu pasibo batek helbidea aldatzen duenean, Tributu Administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako aitorpen berezia eginez; Administrazioari dagokionean, helbide aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga-aitorpen hori aurkezten ez deino. Administrazioak behar den bezala egiaztatuz aldatzen ahal du subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Karga-oinarria

8. art. Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak paratuko dira.

9. art. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian, hala egokituz gero, eginiko murrizketen emaitzak, murrizketa horiek tributua arautzen duen legean edo dagokion ordenantza fiskalean xedaturik daudenean.

Kuotaren zehaztapena

10. art. Tributu-kuota hauetako bat izanen da, dagokion ordenantza fiskalaren arabera:

a) Horretarako ezarritako kopuru finkoa.

b) Tarifa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

c) Bi prozedura horiek batera aplikatu eta horien ondoriozko kopurua.

d) Oinarriari karga-tasa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

e) Kontribuzio berezietan, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarri zati bat egotzi, hori arautzen duen ordenantzan jasotako banatze-irizpideei jarraituz, eta horren ondoriozko kopurua.

Tributu zorra

11. art. Tributu-zorra subjektu pasiboak Udal Administrazioari zor dion dirukopurua da; kopuru horrek tributu-kuota hartzen du, eta, kasuan kasu, ondoko kontzeptuak ere:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutze-korritua, zeinak sortu eta aldi horretan baitu indarra.

c) Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 52. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako errekarguak.

d) Premiamendu errekargua.

e) Zerga izaera duten diru-zehapenak.

Erantzukizuna, tributu zorra ordaintzean

12. art. Erantzukizunak tributu-zor osoa hartuko du, zehapenak izan ezik. Edonola ere, premiamenduko errekargua bakarrik galdatu ahalko zaio erantzuleari Ordenantza honen 17. artikuluaren 1) atalean araututako kasuan.

13. art. Tributuei dagokien arau-hauste baten eragile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko diete tributu obligazioei.

14. art. Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute, aipatu entitateen tributu obligazioetan bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. art. 1. Pertsona juridikoek burututako arau-hauste arinen erantzule subsidiarioak nahiz tributu-zor osoaren erantzule, arau-hauste larriak direnean, haien administratzaileak izanen dira, baldin eta asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, horiei dagozkien egitekoak ez badituzte burutu, hautsitako tributu obligazioak betetzeko, edota beren menpekoei utzi badiete arauak hausten, edota arau-haustea ahalbidetu duen erabakirik hartu badute. Halaber, ordaindu gabeko tributu obligazioen erantzule subsidiarioak izanen dira, beti ere, haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.

2. Porroten, lehiaketen, elkarteen, edo, oro har, edozein entitateren sindikoak, eskuhartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren gestioak egiten, egoera horien aurretik sortu eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen tributu obligazioak arras bete daitezen.

16. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso- osorik galdatu ahalko zaie horietako edonori.

17. art. 1. Tributu zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratzeak eskatuko du egintza administratibo bat burutzea, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesatuari entzun eta gero. Egintza hori erantzuleei jakinaraziko zaie, likidazioaren oinarrizko elementuak adieraziz, eta une horretatik aitzina zordun nagusiaren eskubideak oro emanen zaizkie.

Erantzuleari borondatezko epe bat emanen zaio, ordaintzeko, eta behin hori iraganik ordaindu ezbadu, premiamendu bidezko dirubilketak aurreikusten duen %20ko errekarguari ere erantzun beharko dio, eta zorra aipatu bide hori erabiliz galdatuko zaio.

2. Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aurretik hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

Tributu zorraren iraungipena

18. art. 1. Pertsona fisikoek edo juridikoek edo Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen entitateek ustiapen eta jarduera ekonomikoak burutzean eragindako tributu zorrak eta erantzunkizuna haien titular gisa nahiz haietan aritzen edozein kontzeptu dela bide jarraituko dietenei galdatu ahalko zaizkie. Erantzukizun hori ezin zaio galdatu enpresa horien elementu solteak erosten dituztenei, salbu eta elementu solte horiek pertsona batek edo gehiagok erosteak ustiapenari edo jarduerari segitzeko aukera ematen badu.

2. Eskuratzailearen erantzukizunak ez dio kentzen transmisioa egiten duenari ordaintzeko betebeharra, biak baitira horren erantzule solidarioak. Erantzukizuna exijitzeko prozedura Ordenantza honen 17.1 artikuluan aurreikusten da.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztu edo likidatu direnean, betetzeke dituzten tributu- obligazioak bazkideei edo kapitaleko partaideei transmitituko zaizkie, eta horiek elkarrekin eta batera erantzun beharko diete obligazio horiei, esleituko zaien likidazio-kuotaren balioak zenbat jo eta horraino.

19. art. Tributu zorra iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribitu duelako.

c) Ordainezintasuna frogatu delako.

d) Konpentsazioa dela bide.

20. art. 1. Edonola ere, lau urteko epean iraungiko dira ondoko eskubide eta ekintzak:

a) Tributu zorra dagokion likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, non epea sortzapen egunean hasiko baita.

b) Likidaturiko tributu zorrak ordaintzea exijitzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.

2. Orobat, lau urteko epean iraungiko da beharrik gabe egin duten ordainketen itzulera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egin den egunean.

3. Iraungipena eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea".

21. art. 1. Aurreko artikuluaren 1. atalak aipatzen duen preskripzio epea honakoetan eteten da:

a) Edozein administrazio ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortu, erregularizatu, ikuskatu, segurtatu, egiaztatu, likidatu eta jasotzeko asmoz.

b) Edonolako erreklamazio edo errekurtsoak jartzeagatik.

c) Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

2. Aurreko artikuluaren 2. atalaren kasuan, bidegabezko dirusarrera itzultzeko helburuz subjektu pasiboak egiten duen edozein ekintza fedemailek etenen du preskripzio epea, edo kasuko toki entitateak dirusarreraren existentzia aitortuz egiten duen edozein ekintzak.

22. art. Preskripzioa administrazioaren kabuz aplikatuko da, subjektu pasiboak izendatu edo salbuetsi beharrik gabe.

23. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimen gabezia ziurra dela bide burutu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik, zorra birgaitzen ez bada, behin- betiko iraungirik geratuko da.

Bat-bateko kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez balego, prozedura exekutiboa irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko titulu exekutiboak luza daitezen kaudimen gabezia deklaratu zen momentuan zeuden kobrantza egoera berean.

III. KAPITULUA

Tributu-hausteak eta ondoriozko zehapenak

Tributu-hausteak

24. art. 1. Tributu-hausteak dira, bai ordenantza honetan, bai toki entitateen ogasuna arautzen duten lege-xedapenetan tipifikatutako eta zehatutako egintzak eta omisioak. Arau- hausteak zehatzen ahal dira, axolagabekeria hutsezkoak izanik ere.

2. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat tipifikatutako egintzak edo ez- egiteak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak izan nahiz ordezkoak.

b) Egintzarako gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa eta laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

3. Legeak arau-haustetzat tipifikatzen dituen egintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan egintzarako gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasua delarik.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

4. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo beharturik dauden gainerakoen tributu egoera erregularizatzean behar den berandutze korritua eskatuko da, egoki diren kuota eta errekarguez gain.

5. Toki Administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua eta administrazio prozedura etenen du, epaileek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Ministerio Fiskalak espedientea itzuli arte.

Epaileek zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

6. Deliturik atzematen ez bada, Administrazioak aurrera eragingo dio zehapen espedienteari, epaitegiek frogatutzat juzkatu dituzten gertaerak oinarri harturik.

25. art. Arau-hausteak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

26. art. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeatzean edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu eginbide edo betekizunak ez kunplitzea, arau- hauste larriak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

27. art. Arau-hauste larriak hauek dira:

a) Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea tributu zor osoa, edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, onura fiskalak edo itzulkinak bidegabe gozatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio prozeduraren bidez exijitzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztu, epez kanpo aurkeztu, edo osatu gabe edo era okerrean aurkeztea.

Zehapenak

28. art. Arau-hausteak zigortzeko, diruzko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala zerga kuotari, ordaindu gabeko kopuruei eta behar ez bezala lorturiko onura edo itzulketen zenbatekoari ezarriko zaie.

29. art. 1. Arau-hauste arin bakoitzak 1.000tik 150.000 pezeta bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna ezarriko da.

3. Arau-hauste larriei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren ehuneko 50etik 150era bitartekoa, 31. artikuluan aipatutako gutitzea ezertan galarazi gabe.

Orobat, zilegi izanen da berandutze korrituak eskatzea borondatezko epea bukatu eta zerga- egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko eperako.

Zehapenen graduazioa

30. art. 1. Tributu zehapenak graduatzeko ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Tributu-hausteak behin eta berriz egin izanak.

b) Toki entitatearen ikerketei kontra, uko edo traba egitea.

c) Arau-hausterako maulazko baliabideak erabiltzea edo hura pertsona bat tartean paratuz burutzea.

d) Aitorpenik ez aurkeztea edo aitorpen faltsu, osagabe edo zehaztugabeak aurkeztea, horrek tributu zorra gutitzea badakar berekin.

e) Eginbide edo betekizun formalak edo laguntzakoak, nork bere kabuz ez betetzea ala horietan berandu ibiltzea.

f) Eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek izan dezaketen munta, eta, oro har, eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak ere, ez betetzearena.

2. Graduatzeko irizpideak aldi berean aplika daitezke.

3. Tributu arau-hauste larrien zehapenen zenbatekoa % 30 murriztuko da, subjektu arau- hausleak, edo, hala bada, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin bat datorrela.

e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak graduatzeko besterik ez dira erabiliko. d) letran aipatzen den irizpidea arau-hauste larriei dagozkien zehapenak graduatzeko besterik ez da erabiliko.

Prozedura zehatzailea

31. art. Tributu zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu-egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta beste bat, eta horretan interesatuari entzunen zaio.

Zehapenak tributuen behin-behinko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berek erabaki edo ezarriko dituzte.

Zehapena gutxitzea

32. art. 1. Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, preskripzioz.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, burutu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legaziodunei transmituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena galarazi gabe. Zehapenak ezin dira, inolaz ere, eskualdatu.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztu eta likidatzen direlarik, horien tributu-obligazio burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei eskualdatuko zaizkie, eta horiek elkarrekin eta batera erantzunen diete haiei, halako eran non horretarako muga esleitzen zaien likidazio kuotaren balioa izanen baitute.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

Hasierako motak, tributu kudeaketarako

33. art. Ordainarazpenen kudeaketa ondokoen bidez hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Administrazioaren kabuz.

c) Ikerketa bidez.

Tributu aitorpena

34. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du, zergagai bat biltzen edo bere baitan hartzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

b) Inondik inora ere ez da galdatuko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian interesatuei emanen zaie aitorpenaren hartu-agiria, aitorpenaren kopiak horretarako ere balio duelarik.

d) Froga agiria aurkeztean, interesatuek atxikitzen ahal diote kopia soil bat edo fotokopiaren bat, hain zuzen ere, Udal Administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaion. Hala ere, horrek ez du itzuli beharrik izanen pribatua izateagatik, edo legezko beste edozein arrazoirengatik, jotzen badu prozedura behin-betikoz ebatzi baino lehenago ezin duela itzuli.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra

35. art. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergagaia gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta horren ondoren dagokion zehapena ezarriko.

Aurkezpenaren ondorioak

36. art. a) Aitorpena Udal Administrazioan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

b) Udal Administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta hauek gehitzea ere, bai eta, orobat, nabari diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpena likidatu eta egiaztatzeko beharrezko den neurrian.

c) Aurreko zenbakian aipatzen diren eginbeharrei muzin egitea arau-hauste arintzat hartuko da, eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Izapidatzeko epeak

37. art. a) Ordenantza partikularretan tramite bakoitza burutzeko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedurari amaiera ematen dion ebazpena ematen den egunera arteko denbora; beti ere, hori galarazteko behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira, behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da jarduketa ikuskatzailea izaten denean.

b) Administrazioak epeak ez betetzeak ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten dela, baina, hala ere, interesatuei kexatzeko erreklamazioa aurkezteko bidea ematen die.

c) Tramitazioaren akatsen kontra kexatzeko erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura etetea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin-betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen tramiteak ez egitea dakartzatenen aurka. Kexa jasotzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako disziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskaritza

38. art. Udal Administrazioak ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten egite, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko karga- oinarriaren balorazioa.

39. art. Ikerketa burutzeko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo osagarriaren dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den edozein argibide aurrekinen ikuskapena eginen da.

40. art. Subjektu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen den beste dokumentuak egunera eraman eta kontserbatzeko obligazioa dute, bai eta ikuskaritza lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekinak eskuratuz.

41. art. a) Ikuskaritza jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin-betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

_Eginbidea norena izan eta pertsona horren izen-deiturak, bai eta eginbidean zer gisa edo noren izenean ari den ere.

_Zergagaiaren eta hori subjektu pasiboari atxikitzearen funtsezko elementuak.

_Bidezko jotzen diren tributu egoerak.

_Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

b) Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekin ados dagoela adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonak izenpetzen ez badu, dagokion espediente administratiboa irekiko da, non aipatu akta buru gisa jasoko baita; bertan subjektu pasiboari hamabost eguneko epea emanen zaio, alegazioak aurkez ditzan.

c) Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa

42. art. a) Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek eman ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du galarazten Administrazioarekin lagun egiteko obligazioa, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz has daitekeen ikerketan, ezta legitimatutzat ere, errekurso edo erreklamazio hori jartzeko.

c) Salaketak besterik gabe artxibatuko dira, nabarmenki oinarririk gabeak badira.

Ordainarazpenen likidazioa

43. art. a) Zerga oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak segituko du, tributu zorra finkatzeko likidazioa eginez. Likidazioak izanen dira behin-behinekoak edo behin-betikoak.

b) Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergagaiaren administrazio ikerketa egin ondoan eta zerga oinarria egiaztatuz geroz burututakoak, behin-behineko likidaziorik izan bada edo ez.

_Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.

c) Aurreko idatz-zatian adierazitako kasuetatik aparte, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

44. art. a) Likidazioak egiterakoan Administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, gehiketa sortarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak konkretuki azalduz, burutzen den likidazioarekin batera.

45. art. a) Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:

_Haien funtsezko elementuak.

_Erabili daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere.

_Tributu zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

b) Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu zorra ordaintzera.

c) Jakinarazpen akastunek beren eragina izanen dute subjektu pasiboak haren berri baduela berariaz adierazi, dagokion errekursoa jarri edo tributu zorra ordaintzen duenean.

d) Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza saihestu badute, salbu eta Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatuz epe horretan arau bidezko protesta egin bada.

46. art. Subjektu pasibo baten gain diren ordainarazpenen likidazioa eta bilketa egintza batean birbiltzen ahal dira, eta kasu horretan ondokoak eskatuko dira:

_Likidazioan jaso beharko dira kontzeptu bakoitzeko oinarriak eta tasak edo kuotak, halako eran non birbiltzen diren likidazioak oro zehazturik eta bereizturik geratuko baitira.

_Bilketan berezirik jaso beharko dira kontzeptu bakoitzari dagozkion zorrak, eta horiek batuz finkatuko da ordainarazi beharreko zor birbildua.

Zergadunen errolda

47. art. Ordenantza partikularrean bertan zehaztutako kasuetan, Udal Administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera, eta, orobat, administrazio ikuskaritzaren ondoan, dagozkion zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, zeinak Udalak paratu nahi duen edonolako tresneria bidez, mekanikoa ere barne dela, jardunen baitu.

48. art. a) Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak erreklamatzen ahal den administrazio egintza baten bidez onetsi beharko dira, eta legeari jarraikiz subjektu pasiboei horien berri emanen zaie.

b) Erroldan zernahi alta, baja edo ganbiorik ekar dezakeen edozein aldaketaren berri eman beharko diote zergadunek Udal Administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta beste dokumentuetan, behar den ordainarazpena eskuratu ahal izateko.

V. KAPITULUA

Dirubilketa

Printzipio orokorrak

50. art. Bilketaren kudeatzea deritza toki entitateen Ogasunaren jabetza osatzen duten kreditu eta eskubideak burutzera daraman administrazio eginkizunak egiteari.

51. art. a) Honela egin ahalko da bilketa:

_Borondatezko epean.

_Nahitaezko epean.

b) Borondatezko epean ordaintzera behartuak daudenek hartarako jarri diren epeetan ordainduko dituzte beren zorrak. Nahitaezko epean, indarrez eginen da bilketa, premiamendu bidea erabiliz, indarrean diren legeekin bat, bere bizkar zuen eginbidea borondatezko epean bete ez duen behartuaren ondarearen kontra.

52. art. Udalen baliabideen bilketa, Udal Diruzaintza bitartez edo izendatzen diren bankuen bidez burutuko da, kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa egin ahal izateko moduan.

Zorren sailkapena dirubilketaren ondorioetarako

53. art. a) Udal agintariek burututako likidazioen ondoriozko tributu zorrak, horrela sailkatzen dira, bilketa kontuetarako: jakinaraziak, jakinarazi gabeak eta autolikidatuak.

b) Jakinarazietan ezinbestekoa da jakinarazia egotea subjektu pasiboak jakin dezan tributu zorraren berri , bestela, eta, beraz, legeak agindu bezala jakinarazi gabe ezin eskatuko da zorra.

c) Jakinarazpen gabeko zorrak dira jakinarazpen indibidualik behar ez dutenak, subjektuek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe errezibo bidez kobratu beharreko tributuetan, behin errolda, padroi edo matrikula hartan alta hartuaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez edo aditzera emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

d) Autolikidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

Ordaintzeko tokia

54. art. a) Udal Administrazioaren aldeko zorrak horren Kutxan sartuko dira, baldin eta ordainarazpen bakoitzari dagozkion ordenantza partikularrak dirusarrera udal zerbitzu ezberdinetan eratutako Kutxetan sar daitekeela edo sartu behar dela espreski agintzen ez badu.

b) Era berean, bankuetan nahiz aurrezki kutxetan Udalaren alde irekitako kontuetan ere sartzen ahal da tributu zorra, ordaindu behar duenak Ordenantza honen 57. artikuluan aipatutako bitartekoren bat erabiltzen badu.

Ordaintzeko epeak

55. art. a) Tributu zorrak honela ordaindu beharko dira:

1. Jakinaraziak, jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

2. Epez epe errezibo bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, banan banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, aurreko zenbakian adierazitako epe berean; borondatezko ordainketaren aldiaren lehendabiziko eta azkeneko egunak zehaztuko dira, tributu horiei dagozkien kuotak onesten dituen ebazpenean.

Kobratzeko epea zein den multzoka jakinaraziko da, eta horretarako beharrezko ediktuak argitaratuko dira Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaletxeko iragarki oholean.

3. Subjektu pasibo berak autolikidatutako zorrak, dagozkien aitorpenak aurkezterakoan ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen Ordenantzak seinalatzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zergagaia sortzen den egunetik aitzina.

Korrituak eta errekarguak

56. art. Epe exekutiboaren hasierak errekargu bat sortzen du, zeinak sartu ez den zorraren zenbatekoaren % 20 joko baitu, bai eta zor horri dagozkion berandutze korrituak ere.

Tartean, eten, geroratze edo zatiketarik ez dagoenean, ordaindu gabeko tributu zorra ordaintzen baldin bada, premiamenduzko probidentzia jakinarazi baino lehen, errekargua % 10ekoa izanen da, eta ez dira galdatuko epe exekutiboa hastean sorturiko berandutze korrituak.

57. art. 1. Berandutze korritua galdatuko da egintzaren exekuzioa eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

2. Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien dirusarrerei, haiek epetik kanpo baina aldez aurretik errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurreko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, % 20ko errekargua ezarriko zaie; horiei beste zenbait kasutan galda zitezkeen zehapenak ez zaizkie galdatuko, baina bai, ordea, berandutze korrituak. Aurrekoa gorabehera, sarrera edo aurkezpena egiteko borondatezko epea amaitu eta ondorengo hiru, sei edo hamabi hilabetetan burutzen bada sarrera edo aurkezten bada aitorpena, errekargu bakarra aplikatuko da, zeina, hurrenez hurren, ehuneko 5, 10 edo 15ekoa izanen baita, eta ez dira galdatuko beste zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze korritua eta zehapenak.

Errekargu horiek premiamendu errekarguarekin batera galdatu ahalko dira, baldin eta tributua ordaintzera beharturik daudenek ez badute dirua sartzen aitorpen-likidazioa edo epetik kanpoko autolikidazioa aurkeztearekin batera.

Ordaintzeko modua

58. art. Tributu zorrak eskudirutan ordainduko dira edo, bestela, efektu tinbratuen bitartez, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan xedatzen den bezala. Berariaz xedatzen ez bada, eskudiruz ordainduko da.

59. art. 1. Eskudirutan ordaindu beharreko tributu zorrak, ondoko bideak erabiliz ordainduko dira:

a) Legezko balioko dirua.

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Bankuko edo Aurrezki Kutxako abonu edo transferentzia gutuna, Udalaren alde propio irekitako kontuetan.

2. Orain arte adierazitakoa gora behera, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratu ahalko dira, entitate horiek subjektu pasiboaren administrazaile lanak egin eta hark baimendutako zorrak ordain ditzaten. Helbideratze horrek baldintza bakarra du: toki entitateko diruzaintzari eta behar den kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik eta idatziz ohartaraztea zein zerga kontzepturi dagokion helbideratze hori.

Ordainketa luzatu eta zatika egitea

60. art. Gerokotzea edo zatikatzea eskatzeko zer baldintza behar diren, haiek erdiesteko zer jardunbide segitu behar den, zer berme eta bestelako baldintzari iritzi zaien beharrezko, hori dena, Udal Aurrekontuetarako exekuzio oinarrietan jasoko dute.

VI. KAPITULUA

Errekurtsoak

61. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean orokorrean ezarritako udal ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

62. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

63. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu udal diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bost gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.

Bigarrena._Ordenantza Fiskal Orokor hau, hala nola toki entitate honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 1995eko 2/95 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Ergoienan, bi mila eta biko abenduaren bian. Alkate andrea, Olatz Berastegi Loiola

Iragarkiaren kodea: E0300576