16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M I LA G R O

Karriken eta eremu publikoen garbiketa arautzen duen udal ordenantza hasiera batez onetsita

Milagroko Udalak Karriken eta eremu publikoen garbiketa arautzen duen udal ordenantza hasiera batean onetsi zuen, 2002ko abuztuaren 30ean egin bilkuran.

Onesteko erabakia 2002ko 124. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Milagron, bi mila eta biko abenduaren hogeita hiruan. Alkatea, Jesús María Barrado Pardo.

KARRIKEN ETA EREMU PUBLIKOEN GARBIKETA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honen xedea da Milagroko udal mugapearen barnean herritarrek haietaz egiten duten erabileraren ondorioz karriken eta eremu publikoen garbiketa arautzea, eta zikin ez daitezen neurriak hartzea, aitzintze, zuzentze eta/edo moldatze neurriak alegia.

2. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko zaizkie espreski arautu gabeko kasuei, izatez haren aplikazio esparruan sartzen badira.

2. artikulua. Eremu publikoaren kontzeptua. Udal eskumenak.

1. Eremu publikotzat bideak hartzen dira edo herri honetako Hirigintza Planeamenduaren Arau Subsidiarioek nahiz hura garatzeko tresna behin betikoz onetsiek horrela definitutako esparruak (konparaziorako, pasealekuak, etorbideak, karrikak, plazak, espaloiak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lur eremuak, zubiak, oinezkoendako lur azpiko pasabideak), baita jabari publikoko gainerako ondasunak ere, herrilurrak nahiz ondarekoak, zerbitzu edo erabilera publikoari lotetsiak, eta partikularren lurrak ere bai, haien jabeek aldi baterako laga badizkiote Udalari. Haiek guztiak garbitzea Udalaren ardura da.

2. Publikoak ez direnez, salbuetsita daude urbanizazio pribatuak, pasabideak, barneko patioak, orubeak, merkataritzako galeriak edo antzekoak, partikularrei baitagokie haiek garbitzea, jabetza bakarrekoa izan, partekatua izan ala jabetza horizontalaren araubidekoa izan.

3. artikulua. Herritarren lankidetza

1. Milagroko pertsona fisiko nahiz juridikoak, herri honen garbiketari dagokionez, beharturik daude zikinkeria eragotzi edo hari aitzintzeko jokabidea hartzera.

2. Halaber, udal agintaritza gaztigatuko dute, garbiketa publikoaren alorreko arau-hausterik ikusten badute, edo egiazki haien berri badute.

3. Udalak eremu publikoa garbitzeko hitzartzen duen zerbitzuaren gainean, herritarrek egiten dituzten kexak edo iradokizunak bilduko dira Herriko Etxeko atezaintzan. Udalari haien berri emanen dio, baita haien emaitzen berri ere.

4. artikulua. Zerbitzu egitea.

1. Udalak eremu publikoa garbitzeko eta handik heldu diren hondakinak biltzeko zerbitzuak eginen ditu, une bakoitzean herriaren interesetarako egokitzat jotzen dituen prozedura teknikoak eta kudeaketa moduak erabiliz.

2. Udalak modu subsidiarioan egiten ahalko ditu ordenantza honen ariora pertsona fisiko edo juridikoei zuzenean egitea dagokien garbiketa lanak, eta garbiketaren kostua egotziko die, kasu bakoitzean behar diren zehapenak ukatu gabe.

3. Aitzineko ataleko baldintza beretan, Udalak modu subsidiarioan egiten ahalko ditu higiezinen kanpoaldeetako edo bertako elementuetako mantentze, konpontze eta garbitze lanak, baita abandonaturiko hondakinak bildu eta deuseztatzea ere, eta halaberean jardun ere ordenantza hau ez betetzeak dakartzan jarduera guztietan.

5. artikulua. Udalarenak ez diren zerbitzuetako elementuak garbitzea.

Zerbitzu bakoitzaren titular administratiboei dagokie, Udalaren ardurapekoak ez izanik, herritarren zerbitzuan diren eremu publikoko elementuak garbitzea, baita administrazioko bertze organo batzuen titularpekoak diren herriko esparru publikoak ere.

BIGARREN KAPITULUA

Garbiketaren antolaketa

6. artikulua. Jabari partikularreko karrika, patio eta elementuak.

1. Jabeen kontura da hauek guztiak garbitzea: etxesailetako barne patioak, partikularren orubeak, hirigunekoak nahiz industrialde edo zerbitzuen poligonoetakoak izan, partikularren karrika eta pasabideak, merkataritzako galeriak eta gisakoak. Debeku da patioetan gauzak, trasteak, hondakinak etab. biltegiratzea, baita zakurrak edo bertzelako animaliak aterpetzea ere.

2. Partikularrek erakusleihoak, dendak, saltokiak, merkataritzako establezimenduak, patioak, atariak, higiezinetako eskailerak, etab. garbitzen dituztenean, eremu publikoa ez zikintzeko maneran eginen dute. Orobat, oinezkoei trabarik egiten ez dien ordutegian eginen dute, eta behar den maiztasunez. Jardueraren titularra horren erantzulea izanen da.

3. Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak beharturik daude eremu publikotik ikusten diren higiezin atalak garbi edukitzera.

4. Artikulu honetan aipatzen diren garbiketetatik heldu diren hondakinak Hiri hondakin solidoak, bildu, garraiatu eta tratatzea arautzen duen ordenantzan ezarritako baldintza eta ordutegietan utziko dira.

5. Hiri finketan arbolak badira eta horien adarrak kanpora ateratzen, haien jabe edo errentariek behar dien neurriak hartu beharko dituzte zintzilik dauden fruituak, adarrak edo hostoak eremu publikora eror ez daitezen.

7. artikulua. Espaloi eta galtzaden garbiketa.

1. J abari eta erabilera pribatuko urbanizazioetan, espaloiak, pasabideak, galtzadak, plazak, etab. garbitzea jabeei dagokie, eta haien kontura eginen da. Eraikinaren fatxada zenbat luze den, espaloiaren zati hori garbituko dute okupatzaileek eta, horien ordez, finka bakoitzeko jabeek. Bertzenaz, bizilagunek, berek erabakitzen duten sisteman, bilduko dute garbiketaren zaborra eta Hiri hondakin solidoak, bildu, garraiatu eta tratatzea arautzen duen ordenantzan ezarritako baldintzetan utziko, zaborkiltea zerbitzuaren ibilgailua pasatzen den arte. Hori betetzen ez bada, Udala arduratuko da, baina ordaina kobratuko du, jar dezakeen zehapenaz gain.

3. Hemen xedatutakoa zentro ofizialetan eta edozein motatako establezimenduetan aplikatzen ahalko da.

3. Udalak aitzinetik adierazten ahalko du halako egun eta karrika batzuetan bete-beteko garbiketa egiteko asmoa, horren beharra baldin bada. Horretarako gaztiguak utziko ditu ibilgailuetan beretan eta/edo garbiketa egunean eta orduan eraman-ekarriko seinaleak paratuko ditu, "limpieza pública" idazkuna izanen dutenak.

8. artikulua. Zakurren gaineko arau berariazkoak.

1. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parke, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

2. Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso, bere hartatik kendu eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan bereziki horretarako dauden paperontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

3. Eremu publikoan dauden bitartean, Udalak horrela xedatzen badu, animaliek horretarako gaitu edo espreski baimendutako tokietan egin beharko dute kaka.

4. Animaliendako gaitutako tokirik ez baldin bada inguruan, estoldetatik hurbil dauden galtzada eremuetan kaka egiteko baimena emanen da behin behinekoz, betiere gero handik kentzen badute.

5. Eremu publikoan animaliak eramaten dituenak gorotzak bildu eta eramateko zerak eraman beharko ditu aldean, nahitaez eta betiere (poltsak, biltzekoa, etab.). Poltsa horiek, behar bezala itxiak Udalak eremu publikoan uzten dituen edukiontzietan sartuko dira horretarako ordutegian.

6. Aurrekoa betetzen ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatu eta behar den zehapen espedientea abiaraziko zaie.

9. artikulua. Elur garbitzea.

1. Elurtea gertatuz gero, eraikinen jabeek, negozioen titularrek, titular administratiboak (eraikin publikoak direnean), orubeen jabeek eta, modu subsidiarioan, haien arduradunek ondoko aginduak bete beharko dituzte:

1.1. Hiri finka edo higiezinetako enplegatuek edo, halakorik ez bada, haien jabeen elkarteek eta nolanahi ere erakin publikoak eta nolanahiko eraikinak garbitzeko ardura dutenek elurra eta horma garbitu behar dute fatxada aitzineko espaloi puskatik, oinezkoen joan-etorrietarako leku aski izan dadin.

1.2. Elurra eta horma espaloian utziko da, zintarriaren ondoan, baina ez galtzadan, eta gisa honetan:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Ura erretenetan ibiltzea ezta ibilgailu eta jendeen sarrera eta joan-etorria ere galarazi gabe.

c) Estolda hurbileneko hustubide edo erregistro taparako sarbidea trabatu gabe.

2. Udal zerbitzuek edo, halakorik bada, garbiketa zerbitzuaren kontzesioa duen enpresak ere beharko dituzte bete aitzineko 2 zenbakian elurra espaloietatik garbitzeaz den bezainbatean ezarritako baldintzak.

3. Elurteak iraun bitartean, herritarrek, oro har, eta higiezin, negozio, etxabe, orube, ibilgailu eta abarren jabeek udal agintaritzak aldiro ematen dituen jarraibideei jarraituko diete.

4. Ez da inoiz ere eremu publikora botako terrazetan, balkoietan, estalkietan eta eraikinen gainerako ataletan metaturiko elurra, udal agintaritza eskudunek kontrakoa xedatu ezean.

10. artikulua. Balkoi eta leihoetatik inarrostea.

Debeku da arropak, alfonbrak, isatsak eta erratzak eremu publikora inarrostea, ezta balkoi, leiho edo terrazetatik ere, 23:00etatik 08:00etara ez bada. Nolanahi ere, jarduera horiek jende edo gauzei trabarik ez egiteko maneran eginen dira.

11. artikulua. Obra hondakinak kentzea.

Hiri hondakin solidoak, bildu, garraiatu eta tratatzea arautzen duen ordenantzan zer xedatu, horixe eginen da.

12. artikulua. Kioskoen eta salmentako bertze muntadura batzuen garbiketa

1. Kioskoen edo eremu publikoan saltzeko bertze muntadura batzuen titular edo arduradunak behartuak daude hartzen duten tokia eta inguruak garbi edukitzera, salmentak irauten duen bitartean, baita garbi uztera ere salmenta amaitutakoan.

2. Betebehar bera dute kafetegi, taberna eta gisako establezimenduetako nagusiek mahai eta aulkiekin okupatzen duten eremu publikoari dagokionez, baita fatxadaren luzerako espaloiari eta terrazari dagokienez ere.

3. Terraza mahaitxodunen ondoan eta sasoiko kioskoen nahiz urte osokoen muntadura finkoetatik kanpora ezin izanen da produktu edo materialik biltegiratu edo pilatu, ezta muntadurari dagozkion hondakinak ere, bai arrazoi estetikoengatik, bai begiruneagatik, bai higieneagatik.

4. Udalak establezimendu guztietako titularrei ontzi homologatuak paratzeko galdatzen ahalko die, beren establezimenduetan kontsumoa egiteagatik sortzen diren hondakinak bildu eta atxiki beharrez; haiexei dagozkie delako elementuen garbiketa eta mantentze lanak. Irekitzeko lizentzian paperontziak eduki beharra ere jasoko da, beharrezkoa bada, baita haiek zenbat eta non izanen diren ere. Jadanik ari diren establezimenduei arrazoizko epea emanen zaie arau honetara egokitzeko.

13. artikulua. Zamalanak.

Establezimendu baten titularrak, aitzinean zamalanak egiten badira, ohikoaz gain behar bezain maiz garbitu beharko du espaloia, eremu publikoa txukun egon dadin, eta betiere udal agintaritzako agenteek agintzen dioten aldiro. Lan horretarako, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

14. artikulua. Lurra eta obra hondakinak eta bertzelako materialak garraiatzea.

1. Ibilgailuen jabe eta gidariek, lurra, ikatza, obra hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsa harrotzen duten materialak, kartoia, papera edo gisako bertze edozer eroritakoan eremu publikoa zikindu eta, beraz, bertzeei kalte egin diezaiekena garraiatzen badute, zintzo aski beteko dute Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa, hau da, karga ez erortzeko moduan kokatu eta erortzea galarazteko neurriak hartu.

2. Aitzineko atalekoa betetzen ez bada, erantzulea ibilgailuaren jabe eta titularra izanen da. Hura beharturik egonen da eroritako materiala eta ukitutako eremua garbitzera, dagozkion zehapenak ukatu gabe.

3. Erregai fosilak erabiltzen dituen berogailua daukaten jabe elkarteek egoera ezin hobean eduki beharko dute kamioiaren ureztodia erregai biltontzira lotzeko ahoa, erregaia isur ez dadin.

4. Istripuan, iraulketan edo karga eremu publikora erori edo isurtzea dakarren bertze edozein inguruabarretan bide segurtasunarendako arriskurik gertatu ahal izanez gero, kasuan kasuko gidariek udaltzainari gaztigatu behar diote lehenbailehen, eta horrek Udalaren garbiketa zerbitzua jarriko du jakinaren gainean.

5. Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta botatzeaz den bezainbatean, Hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan zer xedatu, horixe eginen da.

15. artikulua. Obrak eremu publikoan.

1. Obrak egitean (konparaziorako, eraikinak egin, zaharberritu, berritu edo eraistean), edozein arrazoirengatik eremu publikoa ukitzen badute, finkaren jabeak eta, modu subsidiarioan, obrak egiten dituenak zikinkeria sortzen ote den zaindu beharko du, segurtasun elementuak eta badaezpadakoak paratuz, halako material batzuk (konparaziorako, eraispenak, lurrak eta obretako material soberakinak) lanek ukitutako eremutik kanpora hedatu eta isurtzea eta estolderi sareko hustubideak buxatzea galarazteko.

2. Beharrezkoa bada, obrako garraio ibilgailuek eremu publikoa zikintzen dutelako, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema ezarriko dute.

3. Eremu publikoan zangak, kanalizazioak, etab. egiteko lanen inguruak bereziki garbi eta hondakin mota guztietatik libre eduki beharko dira, bai galtzadetan baita batik bat espaloietan, erabiltzaileendako arriskurik izan ez dadin.

4. 1. puntuan aipatutako segurtasun neurriak eremu publikoan egiten diren obretan hartu beharko dira (konparaziorako, seinaleak, hesiak, babesteko elementuak, eraispenetako material eta gaiekin zamalalanetan aritzeko hodiak), ez zikintzearren eta jende edo gauzei kalterik ez egitearren.

5. Eraikuntza lanetarako ibilgailuek Hiri hondakin solidoak, bildu, garraiatu eta tratatzea arautzen duen ordenantzan lurrak eta obra-hondakinak garraiatu eta botatzeaz ezarritako aginduak bete beharko dituzte.

6. Eraisteko eta obra-hondakinak kentzeko lanetan, presioko uraz busti beharko da, lan horietan hautsa harrotzen denez, horri kontra egiteko.

16. artikulua. Ibilgailuak garbitzea.

1. 15.artikuluan aipatu lanetan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak eta hondea-lanetan, etxeak eraikitzeko edo gisakoetan erabiltzen direnenak garbitu beharko dira obrak edo lana amaitutakoan, eremu publikoa basaz zikin ez dadin.

2. Orobat, neurri hori bera hartuko da eraikinak eraisteko obretan, hautsik ez harrotzeko hartzen direnez gain.

17. artikulua. Zirkoak, antzerkiak eta herriz herriko ikuskizunak.

Zirkoak, herriz herriko antzerkiak, zaldiko maldikoak eta, beren ezaugarriak direla eta, eremu publikoa erabiltzen duten gainerakoak, behartuta daude fidantza jartzera, beren jardueraren erantzukizuna bermatzearren. Udalak egiten badu garbiketa, horretarako erabiliko da fidantza, eta gastua handiagoa bada, jardueraren titularrek ordaindu beharko dute falta dena.

HIRUGARREN ATALA

Debekuak

18. artikulua. Hondakinak, zaborrak eta ur zikinak.

1. Debeku da hondakinak, hondarrak eta, oro har, zabor mota guztiak eremu publiko edo pribatuetan bota edo uztea, baita haien sarbideetan eta orube edo finketan ere, hesituak egon ala ez, betiere edukiontziak eta horretarako jartzen diren ontziak erabili behar baitira. Hondakin solidoen gaineko ordenantzak arautzen duen moduan eta halabereko baldintzetan utzi eta deuseztatuko dira zaborrak.

2. Debeku da eremu publikora edo eremu publikoan dauden hustubideetara ur zikinik edo bertze edozer isurtzea.

19. artikulua. Paperontzien erabilera.

1. Debeku da edozein zabor botatzea eremu publikora, hala nola, zigarro-muturrak, paperak, fruitu idorren azalak, txikleak, poteak, botilatxoak, bilgarriak edo gisako bertze hondakin guztiak, horretarako paratutako paperontzietara bota behar baitira.

2. Halaber, debeku da paperontzietara zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo erretzen ari den bertze edozer pizturik botatzea. Nolanahai ere itzalitakoan bota beharko dira barnera.

3. Paperontziak paperak eta hondakin tikiak biltzeko dira. Debeku da etxeko zaborrak barnera botatzea, baita, zertarako paratu diren, xede haiexekin bat heldu ez diren gainerako produktuak ere.

20. artikulua. Ibilgailuen garbiketa, zenbait motatako isurketak eta hondakinen manipulazioa.

1. Debeku dira eremu publikoak zikin ditzaketen jarduera guztiak, eta bereziki ibilgailuak ikuztea, olioa aldatzea edo garbitzea, garbitzeko urak isurtzea eta hiri hondakin solidoak manipulatu edo bereiztea.

2. Halaber, debeku da eraikin, etxebizitza edo establezimenduetako leiho, terraza, balkoi, kanpo irekigune eta abarretatik kanpora edozein motatako hondakinak botatzea.

3. Debeku da eremu publikoan ibilgailuak konpondu eta muntatzea, eta hura edozein motatako produktu edo gaiak biltegiratzeko erabiltzea.

4. Orobat, debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin mota botatzea.

5. Debeku da aitzineko ataletan aipatutako jarduerak udal mugapeko ibai ertz edo ibilguetan, parke eta esparru publikoetan egitea.

21. artikulua. Landareak ureztatzea.

Balkoi eta terrazetan paraturiko landareak ura eremu publikora ez isurtzeko maneran ureztatuko dira. Nolanahi ere, ez da isurketarik edo zipriztinik eginen eremu publikora edo bertako elementuetara, eta landareak 23:00etatik 08:00etara ureztatu beharko dira.

22. artikulua. Gorozkiak eta jende nahiz animalien bertze isurki batzuk.

1. Debeku da eremu publikoetan edo erabilera publiko nahiz pribatuko esparruetan listu, pixa eta kaka egitea.

2. Zakurren edo laguntzako bertze animalien jabeek behar diren neurriak hartuko dituzte gorozkiak ez uzteko, 8. artikuluan ezarri bezala.

3. Zaldien jabe edo gidariek eremu publikoa ez zikintzeko neurriak hartuko dituzte, eta hala ez bada gorozkiak berehala garbitu eta kendu beharko dituzte. Horretarako tresna egokiak eraman beharko dituzte aldean.

4. Debeku da animaliak eremu publikoan garbitzea.

LAUGARREN KAPITULUA

Betebeharrak

23. artikulua. Orube eta etxabeen jabeak.

1. Eremu publikoarekin muga egiten duten orubeak hesituz gero, hirigintzako araudiak eta udal ordenantzek eskatzen dituzten baldintzak bete beharko dira. Jabeen ardura izanen da hondakinik gabe eta maneran edukitzea segurtasunaren eta osasungarritasunaren aldetik (arratoi galtzea eta desinfekzioa barne).

2. Industrialdean kokaturiko lurzatien jabeek behar diren neurriak hartu beharko dituzte garbi eta hondakinik gabe egon daitezen.

3. Etxabeen errentariek ordenantza hau betetzen ez badute, jabeak gaztigatu eta frogatu beharko dio Udalari, eta zerbaitetan erantzukizunik badu, ez da horretatik salbu geldituko.

4. Jabeenak, jabe elkarteenak eta haien batzar eta administratzaileenak izanen dira Ordenantza honekin ikusteko duten betebeharrak, Jabego Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean, alegia, apirilaren 6ko 8/1999 Legeak aldatutako hartan aurreikusiak.

24. artikulua. Fatxaden estetika eta mantentze-lanak.

1. Eremu publikora jotzen duten fatxaden higiezinen jabe edo arduradunak arduratuko dira eremu publikoaren estetikari kontra egiten dioten zerak leiho, balkoi, terraza eta gisakoetan ager ez daitezen. Halaberean, ez dute arroparik hedatzen ahalko eremu publikotik ikusten den fatxada atalean, salbu eta horretarako ezintasun fisikoa duten etxebizitzetarako, halakoetan karrikatik gutien ikusten den aldean eginen baitute eta auzoei trabarik egin gabe. Hori betetzen ez bada, erantzulea etxebizitzako maizterra izanen da.

2. Eraikinen jabe elkarteek edo finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeek garbi atxiki behar dituzte hauek guztiak: fatxadak, atarietako zenbakien errotuloak, estali gabeko mehelinak, sarrerak, sartzeko eskailerak eta, oro har, higiezinean eremu publikotik ikusten diren atal guztiak.

3. Horretarako, jabeek mantentze, garbitze, zarpiatze eta iztukatze lanak eginen dituzte, apaindura publikoaren kariaz beharrezkoa bada edo udal agintaritzak, udal zerbitzu eskudunek aldez aurretik txostena eginda, agintzen badu.

4. Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinen muntadura osagarri guztiak.

5. Artikulu honetan arautzen ez den orotan, herri honetako Arau Subsidiarioek etxegintzaren gainean ezarri eta indarra duen lege araubideari jarraituko zaio.

BORZGARREN ATALA

Publizitatea

25. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen, ezkontzen edo eremu publikoan nahiz eraikuntza publikoetan egiten diren ospakizun pribatuen antolatzaileak dira eragin daitekeen zikinkeriaren arduradunak, eta behartuta daude ekitaldiaren ibilaldia, ordutegia eta tokia Udalari jakinaraztera.

2. Udalak fidantza eskatzen ahalko die, ekitaldi ondoko garbiketa lanen kostu aurreikusiaren adinakoa. Okupaturiko esparrua eta inguruak garbitasun egoera ezin hobean egonez gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, horretatik kenduko da egin beharreko aparteko lanen zenbatekoa.

3. Ekitaldi publiko baten ondorioz eremu publikoan edo bertako altzarietan kalte egiten bada, haren erantzuleak antolatzaile edo sustatzaileak izanen dira. Haiek ordainduko dituzte gauzak lehengoratzeko gastuak, zehapenak goiti-beheiti.

26. artikulua. Publizitateko elementuak.

1. Eremu publikotik ikusten diren kartelak paratzeko lizentziak, betiere lokal itxietan ez badaude, horiek paratzeko erabilitako eremu publikoa garbitzera behartuko ditu titularrak, baita publizitateko elementuak eta haien hornigaiak kentzera ere, epea bukatzen delarik.

2. Eraikin katalogatuetan publizitateko elementuak paratzeko, gai honetaz indarra duten xedapenei eta herri honetako Arau Subsidiarioei jarraituko zaie.

3. Kartelak, publizitate hesiak, pintadak, graffitiak, etab. egiteko, behar den lizentzia eskatuko da.

27. artikulua. Kartel, pankarta eta itsaskinak paratzea.

1. Toki baimenduetan soilik ezarriko dira kartel, pankarta eta itsaskinak. Betiere, paratzeko tokia eskabidearekin bat finkatuko da lizentzia ematean, eta zinta itsaskorrez finkatuko dira, kola, itsasgarria edo gisakoak erabili gabe.

2. Debeku da kartel, iragarki eta pankartak urratu eta eremu publikora botatzea.

3. Paratzen dituen enpresak edo paratzaileek berek izanen dute horren erantzukizuna, eta inork identifikatzen ez baditu, iragartzen den enpresak.

28. artikulua. Orrixkak.

Orrixkak eta gisakoak banatuz gero, enpresa banatzaileak eskuz esku eman behar ditu, edo haizetakoetan eta abarretan paratu, baina inola ere ez bide publikora bota, ez oinez ezta ibilgailuetatik kanpora jaurtita.

29. artikulua. Pintadak.

1. Debeku da eremu publikoko egiturako elementuetan pintadak egitea, galtzada, espaloi, hiri-altzari, murru eta paretetan.

2. Salbuespenak:

a) Jabeak baimenduta murruetan egiten diren pintadak.

b) Udal agintariek baimentzen dituztenak.

SEIGARREN KAPITULUA

Hiri-altzarien garbiketa eta zainketa

30. artikulua. Arau orokorrak.

Parke, lorategi, berdegune eta eremu publikoetako hiri-altzariak ahalik eta garbien eta txukunen zaindu beharko dira. Horien barnean daude jarlekuak, haurren jostalekuak, paperontziak, iturriak, seinaleak eta apaingarriak, hala nola, farolak eta estatuak.

31. artikulua. Mugak.

a) Jarlekuak.

Ez da jarlekuen erabilera desegokirik baimenduko, ezta haien zainketari kalte egiten dion edozein egintza ere, bereziki, finko daudenak erauztea, lurrean finkatu direnak bi metro baino gehiago lekualdatzea, desordenuan metatzea eta idazkunak edo pinturak egitea.

Haurren ardura dutenek eragotzi behar diete jostetan ari direnean jarlekuen gainean harea, ura, basa edo zikintzen ahal dituen nahiz erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein elementu paratzea.

b) Haurren jostalekuak.

Kartelak ezarriko dira erabil ditzaketen haurren adinak zehazteko, eta debeku izanen da helduek edo alde edo josteta bakoitzean espresuki adierazten den adin tarte horretan sartzen ez diren haurrek erabiltzea. Betiere, 12 urtez goitikoek ez dituzte erabiltzen ahalko.

c) Paperontziak.

Hondakin edo paperak paperontzietara bota beharko dira, horrexetarako baitira.

Debeku da paperontziak nolanahi erabiltzea (mugitzea, su ematea, iraultzea, erauztea), baita haietan idazkunak egitea edo itsasgarriak itsastea, Udalaren baimena izan ezean, baita haien estetikari kalte edo haien erabilera ohikoari traba egiten dioten egintza guztiak ere.

d) Iturriak.

Debeku da hodietan edo iturriko gainerako elementuetan ohiz kanpoko edozein manipulazio egitea.

Apaintzeko iturrietan, ur-zirriztetan, ureztatzeko ahoetan eta gisako elementuetan debeku da edatea, uretan sartzea, jostatzea, edozein manipulazio egitea eta, oro har, ura nolanahi erabiltzea. Orobat, debeku da urez beteriko puxikak edo gisakoak jaurtitzea.

e) Seinaleak, farolak, estatuak eta apaingarriak.

Horietan debeku da atzaparka igotzea, goititzea, zealdokatzea, zikintzea edo horien erabilera eta funtzionamendu ohikoari kalte edo traba egiten dioten egintza guztiak.

32. artikulua. Saltokiak.

1. Kalez kaleko salmenta debeku da hiriko parke eta lorategietan eta haien sarbideetan, non ez den Alkatetzaren baimen espresurik kalez kaleko salmentaren gaineko araudian zehaztutako moduan eta baldintzetan, haren aginduei jarraituko baitzaie jarduera hauei dagozkien orotan.

2. Lorategi eta parke publikoetan paratzen diren saltokiek Udalak eskatzen dien diseinuaren ariora egin beharko dute muntadura eta, non paratuko diren, harexen inguruneari egokiturik, estetika hiri inguruarekin bat etor dadin. Horretarako, Udalak ezarriko ditu saltokiek bete behar dituzten arauak.

3. Saltokien titularrek dute zuzeneko ardura beren menpeko langileek edo saltoki horietan ari direnek ordenantza honen kontra egiten dituzten arau-hausteetan.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Zehapen-araubidea

33. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honek arautzen dituen gaiez den bezainbatean, arau-hauste administratiboak dira hura osatzen duten arauei kontra egiten dieten eginak eta egin gabeak.

34. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak alkateak zehatuko ditu, aplikatzekoa den legeriak baimentzen dituen mugen barnean eta kasu bakoitzean bidezkoak diren erantzukizun zibil eta penalak ukatu gabe, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozeduari buruzko 30/1992 Legeak ezarritako prozedura tramitatuz.

35. artikulua. Erantzukizunak.

1. Ordenantzan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak dakartzan erantzukizunak ez dira bakarrik norberaren egintzengatik eskatuko. Halako pertsona batzuengandik erantzun behar baldin bada eta animalien jabe izanez gero, haien egintzengatik ere eskatuko dira.

2. Betebehar kolektiboak direnean, hala nola elementu komunen garbiketa, erantzukizuna jabe elkarteari eskatuko zaio, eta hura eraturik ez badago, higiezineko okupatzaile edo barrideei.

36. artikulua. Mailakatzea. Kalifikazioa.

Zehapenen maila ezartzeko, egin litezkeen arau-hausteetan berriz erori den hartuko da kontuan. Alde horretatik, aitzineko sei hilabeteetan kontzeptu beragatik behin edo gehiagotan zehatu den titular edo partikularra izanen da berrerorlea.

Arau-hausteen kalifikazioa arinak, larriak eta oso larriak izanen da, irizpide hauen ariora: osasunerako arriskua, asmozkotasun maila, egindako kaltearen larritasuna eta berrerortzea.

Arestian ezarritakoari dagokionez, egintza bakun zehagarria izanen da ordenantzan xedatutakoaren kontrako egintza bakoitza denboraz nahiz lekuz bereizia. Arau-hausteak ordenantzaren kontra eginen edo egin gabeen erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoei egotziko zaizkie.

37. artikulua. Neurri osagarriak.

Nolanahi ere, ezar daitezkeen zehapenak goiti-beheiti, jabari publikoko ondasunetan egin daitezkeen kalteek beren ordaina izan behar dute, dagozkion udal zerbitzuek ebaluazioa egindakoan.

38. artikulua. Arau-hauste arinak:

1. Hondakinak eta zaborra bota edo uztea eremu publiko edo pribatuetan, haien sarbide eta orubeetan, edo finketan, hesituak edo hesirik gabe egon.

2. Ibilgailuak garbitu eta manipulatzea eremu publikoan.

3. Baimendutako ordutegitik kanpora landareak ureztatzea, betiere herritarrei traba edo eremu publikoari kalte egiten badiete.

4. Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

5. Karrika partikularrak edo gisa bereko bertze esparru batzuk ez garbitzea.

6. Higiezinetan eremu publikotik ikusten diren atalak betiere garbi ez edukitzea.

7. Leku baimenduetan ezarritako kartelak edo iragarkiak kendu, urratu edo zikintzea.

8. Merkataritzako establezimenduetako erakuslehio, ate eta olanak garbitu ondoko hondakinak eremu publikoan uztea.

9. Ordenantzako bertze edozein agindu ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larri bezala espresuki tipifikatuta ez badago.

39. artikulua. Arau-hauste larriak.

1. Elurra edo horma kentzeko betebeharra ez betetzea, ordenantza honetan ezarri bezala.

2. E remu publikoan edo esparru libre publikoetan ibilgailuei olioa edo bertze isurki batzuk aldatzea.

3. I bilgailuetako zamalanak egin ondoan behar den garbiketa ez egitea.

4. Obretako sarrera-irteeretan eremu publikoa ez garbitzea.

5. Eremu publikoan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak ez garbitzea, zikintzen ahal dutenean.

6. Agintariek egiten dituzten errekemerimendu berariazkoak ez betetzea, lehen aldiz gertatzen denean.

7. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

40. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste larrietan berrerortzea.

41. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinek 6tik 42 euro bitarteko zehapena izanen dute; larriek 42,01etik 90 euro bitartekoa, eta oso larriek 90,01etik 150 euro bitartekoa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osoki argitaratutakoan, eta denbora mugagabean izanen du indarra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 14.2 artikuluaren azken lerroaldean xedatuari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: A0300151