16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

U X U E

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Uxueko Udalak, 2003ko urtarrilaren 20an egin bilkuran, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzeko deialdia onetsi zuen, oinarri hauek izanen baititu:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, lan-kontratuduna, oposizio bidez betetzea.

1.2. Oposizioa gainditu arren lanpostua eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, puntuazioen araberakoa, etorkizunean egin beharreko aldi baterako kontratazioetarako.

1.3. Izendapenaren ondorioz, lan-kontratudun finko bihurtuko da izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzako Araubidean afiliatuko da, kasua bada, eta bertan alta emanen zaio, ezertan ukatu gabe laneko legerian aurreikusten den frogaldia.

1.4. Lanpostua D mailakoa da eta maila horri dagozkion ordainsariak ditu atxikiak, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen 251/93 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

1.5. Izendatzen den izangaiak Uxueko udalerrian bizi beharko du.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

2._Eginkizunak.

2.1. Izendatzen den izangaiak eginkizun hauek bete beharko ditu:

a) Idazkaritzari laguntzea.

_Udalaren erabakiak eta Alkatetzaren ebazpenak jakinaraziko ditu, erregelamenduzko eran.

_Udalarekin zerikusia duten bilkurak direla eta, deialdiak jakinaraziko dizkie hala zinegotziei nola beste edozeini.

_Kontribuzioak edo bertze edozein zerga edo tasa ordaintzeko gaztigu-orriak eta jakinarazpen guztiak banatuko dizkie bizilagunei.

_Uxueko jurisdikzioaren barnean, Udalarekin ikusteko duen eginkizunen bat duten pertsonak lagunduko ditu, horren beharra badute, hala nola Nafarroako Gobernuko funtzionarioak, Tracasako langileak, Ur Mankomunitatekoak, arkitektoak, eta oro har, horren beharra duten guztiak, Udalarekin ikusteko duten egitekoetan ari badira.

_Harremanetan jarriko da, Udalean edo alkatearen etxean, alkateak komenigarri ikusten dituen egunetan eta orduetan, behar diren jarraibideak hartzeko.

_Karguarekin bat heldu diren bertze edozein egiteko manatzen ahal zaio.

b) Eginkizunak eta betebeharrak, azpiegituren arduradun gisa:

_Hornidurarako uraren klorazioa zaindu eta kontrolatuko du, eta beharrezkoa denean hornidura moztuko du eta berriz ere jarriko.

_Orokorrean sareak zainduko ditu eta matxura tikiak konponduko ditu, matxuren garrantzia dela eta bertze pertsona batzuk jarri behar badira zangak irekitzen eta ixten.

_Kale garbiketa.

_Gainerako azpiegituren egoera zaindu eta ikuskatuko du (plazak, karrikak, etab.) eta akats tikien konponketa eginen du, eta horien guztiaren berri emanen dio Alkatetzari. Orobat, azpiegituren egoeraren berri emanen du, munta handiagoko konponketak behar direnean.

_Soropila moztuko du eta parke eta lorategi publikoen garbitasun egoera zainduko du, erabakitzen den moduan.

_Ehorzleari dagozkion lanak edo harekin ikusteko dutenak eginen ditu, baita hilerria garbitu ere.

_Eta, oro har, Udalaren azpiegiturekin ikusteko duten gainerako eginkizunak, karguarekin bat heldu badira.

c) Eginkizunak eta betebeharrak, zainketa eta ikuskatzailetza arloan:

Egitate hauek ikuskatu eta zainduko ditu, baita horien gaztigu eman ere:

_Hirilurrean nahiz landalurrean egiten diren obrak, horietarako lizentziarik dagoen egiaztatuz, eta lizentziarik baldin badute, haren arabera ari diren ala ez.

_Kontrolik gabeko isurketak eta kontrolik gabeko zabortegiak zainduko ditu, eta baimenik gabeko botaketetan ari direla harrapatzen dituen pertsona edo ibilgailuen datuak bilduko ditu ahal dela.

_24 ordu baino gehiagorako egiten diren kanpaldiak.

_Gaizki aparkatutako ibilgailuak.

_Alkatetzak zainketa eta ikuskatzailetza arloan manatzen dizkion eginkizun guztiak, karguarekin bat heldu badira.

d) eta oro har bere maila eta kategoriaren barnean Udalak manatzen dizkion eginkizun eta egiteko guztiak.

3._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea eta adinez nagusia izatea.

b) Lehen ikasketen ziurtagiria edo horren baliokidea izatea.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

e) B1 gidatzeko baimena izatea.

3.2. Aipatu baldintzak deialdi honetan aurreikusten diren epean eta moduan egiaztatu beharko ditu probak gainditzen dituen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta oposizioaldian izendapena arte bete beharko dira.

4._Eskabideak

4.1. Eskabideak Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, azken egun balioduneko edo halakoa den hurrengo eguneko eguerdiko ordu bata arte.

Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu beharko zaizkio, eta haietan, eskabideak aurkezteko eman den epea akitzen denerako, eskatzen zaizkien baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

Eskabide horri erantsiko diote NANaren fotokopia konpultsatua, B1 gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua, 3.b oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, eta azterketarako eskubidea izateko 15 euro ordaindu izanaren frogagiria.

4.2. Minusbaliotasunen bat duten izangaiek zer motatakoa den adierazi behar dute eskabidean. Orobat, denbora nahiz bitartekoen aldetik egin daitezkeen egokitzapenak eskatu behar dituzte, egokitzapen horiek beharrezkoak dituzten ariketak egin ahal izateko.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan zehaztuko da probak zer tokitan eginen diren eta zer egun eta ordutan hasiko diren.

6._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Angel Remón San Martín jauna, Udaleko alkatea. Ordezkoa: María Jesús Zoroza andrea, Uxueko Udaleko jarduneko alkatea.

Idazkaria: Eva Mainz Petroch andrea, Uxueko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Erriberriko Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: Pedro Lázaro Viloche jauna, Tafallako lanbide eskolako irakaslea. Ordezkoa: Joaquín Flamarique Casanova jauna.

Mahaikidea: Eduardo Burgui jauna, Uxueko Udaleko zinegotzia. Ordezkoa: Loli Sola andrea, Uxueko Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Ignacio Ayesa jauna, Uxueko Udaleko zinegotzia. Ordezkoa: José Juan Sara jauna, Uxueko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7._Oposizioaren nondik norakoak.

7.1. Oposizioak aldi bakarra izanen du eta hasiko da deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik bi hilabete igarotzen direnean.

8._Oposizioaldia.

8.1. Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

Lehenbiziko ariketa: hiru proba eginen dira:

a) Matematika: oinarrizko matematikako ariketak ebaztea.

Proba hau burutzeko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

b) Ortografia: proba honetan ezingo da hiztegirik erabili.

c) Idatziz erantzun beharko dira Udalaren eta haren instalazioen funtzionamenduari buruzko eta Uxueri eta haren mugapeari buruzko galderak.

Bigarren ariketa: proba praktikoak egin beharko dira, lanpostuarekin zerikusia dutenak; hala nola, lorezaintza, iturgintza edo igeltserotza lanak, soldadurak, eta elektrizitatearekin, argiekin eta hilerriarekin lotutakoak.

Hirugarren ariketa: elkarrizketa epaimahaiarekin.

8.2. Ariketak honela baloratuko dira:

Lehenbiziko ariketa:

Matematika: 0tik 6 puntu bitarte emanen dira.

Ortografia: 0tik 6 puntu bitarte emanen dira.

Udalari eta Uxueri buruzko galderak. 0tik 8 puntu bitarte emanen dira.

Lehenengo ariketa gainditzeko beharrezkoa izanen da hiru probak batuz gutxienez 10 puntu lortzea. Hiru probetako batean zero kalifikazioa duen izangaia baztertua izanen da.

Bigarren ariketa:

Izendatzen denari manatuko zaion lanarekin ikusteko duten proba praktikoak egiterakoan izangaiek erakusten duten trebezia baloratuko du epaimahaiak. Proba praktiko horietan 0 puntutik 20ra bitarte emanen dira, guztira. Bazterturik geldituko da gutxienez 10 puntu lortzen ez dituen izangaia.

Hirugarren ariketa: 0-5 puntu bitarte lortu ahalko da eta ez da baztergarria izanen.

8.3. Ariketak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek Nortasun Agiri Nazioanalarekin agertu beharko dute.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9._Probak gainditu dituztenen zerrenda, agirien aurkezpena eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak alkate-udalburuari igorriko dio probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira ateratako puntuazioaren arabera ordenatua, izangai bakoitzak oposizioko ariketetan ateratzen dituen kalifikazioak batu ondoren, eta puntuazio handieneko izangaien aldeko izendapen proposamena erantsiko zaio. Aipatu proposamena Uxueko Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

9.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Udalari:

a) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoaren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

c) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

9.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen dira izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiekeen erantzun beharra galarazi gabe.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 9.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautapenaldia bukaturik eta izangaiak 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak ekarritakoan, alkatetzak, ebazpen baten bidez, Uxueko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua betetzeko, eta izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, Uxueko Udaleko lan kontratudun finko bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 9.4. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11._Errekurtsoak.

Deialdiaren eta honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean.

Uxuen, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeian. Jarduneko alkatea, María Jesús Zoroza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ..........................., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia ........; sorteguna ........, sorlekua .............., probintzia ............; bizilekua ............., karrika ........................., zenbakia ...., P.K. .......; telefonoa ........

Zure aurrean azaldu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Uxueko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, .... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinazko espediente bidez ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta, era berean, ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdiko .... oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta, beraz, Uxueko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0300809