16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko abenduaren 16koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Sarrigurengo Eko-hiriko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 2., 9. eta 10. Ordenantzak ("Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria") eta Arauteria Orokorraren 13.2 artikulua aldatzeko espedientea onesten duena. Espedientea Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu du.

2002ko urriaren 7an Nafarroako Gobernuak hasiera eman zion Sarrigurengo Eko-hiriko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 2., 9. eta 10. Ordenantzak ("Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria") eta P-26 Iraganbidearen trazadura aldatzeko espedientearen izapideari, eta espedientea jendaurrean paratu zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean ezarritako ondorioak izan zitezen. Erabaki hori 2002ko urriaren 18ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (126. zk.).

Espedienteak xedea du Sarrigurengo Plan Sektorialean 2, 9 eta 10. unitate morfologikoetarako, "Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria" izenekoetarako, ezarritako hirigintza antolamenduaren zenbait alderdi aldatzea. Halaber, UPSaren Izaera Orokorreko Arauteriaren 13.2 artikuluari beste atal bat eranstea proposatzen da, etxebizitzei ezartzen zaien "orientazio bikoitzaren" kontzeptua zehazten duena.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean ez du inork alegazio idazkirik aurkeztu.

Gobernuaren Erabakiak eskatzen zuena betez, espediente hau onesteko ekarri den testuan "Berrikuntzaren Kuboak" unitateko erabileren taula indardunak bere horretan segitzen du.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko azaroaren 26an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Sarrigurengo Eko-hiriko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 2., 9. eta 10. Ordenantzak ("Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria") eta Arauteria Orokorraren 13.2 artikulua aldatzeko espedientea onestea. Espedientea Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu du.

2. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Eguesibarko Udalari eta Navarra de Suelo Residencial S.A. (Nasursa) enpresa publikoari jakinaraztea, behar diren ondoriak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hamaseian._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0214076