16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

274/2002 FORU DEKRETUA, abenduaren 23koa, Baztango Udalaren herrilurreko 8.000 metro koadroren onura publikoa adierazi eta haren desafektazioa onesten duena, gero jabetza partikularreko 11.320 metro koadroko lursail batekin trukatzeko.

Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio 8.000 metro koadroko herrilurraren desafektazioari aginduzko onespena eman diezaiola. Lursail horrek 19. poligonoko 14. lurzatiaren puska bat hartzen du, Petra-Malda izeneko alderdian.

Aipatu lurzatia Serrería Arizkun, S.L. enpresaren 11.320 metro koadrorekin trukatu nahi da. Metro koadro horiek Berastegi izeneko parajeko 84. poligonoko 199. lurzati osoari dagozkio.

Trukaketa horren xedea 199. lurzatia herrilurrei gaineratzea da, herrilurretan uharte moduko orube bat osatzen baitu, eta horrekin batera herrilurretan zerrategiak ugaltzea.

Baztango Udalak hertsiki bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hogeita hiruko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Baztango Udaleko herrilurreko 8.000 metro koadroren onura publikoa adierazi eta haren desafektazioa onestea. Lursail horrek 19. poligonoko 14. lurzatiaren puska bat hartzen du, Petra-Malda izeneko alderdian.

2. artikulua. Baztango Udalari baimena ematen zaio desafektatutako lurzati hori Serrería Arizkun, S.L. enpresaren jaunaren 11.320 metro koadrorekin trukatzeko. Metro koadro horiek Berastegi izeneko parajeko 84. poligonoko 199. lurzati osoari dagozkio.

Trukaketa horren xedea 199. lurzatia herrilurrei gaineratzea da, herrilurretan uharte moduko orube bat osatzen baitu, eta horrekin batera herrilurretan zerrategiak ugaltzea.

3. artikulua. Aipatu desafektazioaren onespena Udalak gai horretaz 2001eko abenduaren 26an onetsitako baldintza plegua hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Klausula hori kontratua gauzatzen duen agiri publikoan eta, gero, Jabetzaren Erregistroko inskripzioan ere agertaraziko da.

4. artikulua. Baztango Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri beharko ditu, katastroko kartografia ofizialean agertuko da eta aldaketaren berri eman beharko zaie Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeita hiruan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0214105