152. ALDIZKARIA - 2003ko abenduaren 1a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E L G O R R I A G A

Ezkondu gabeko bikote egonkorren ordenantza behin betikoz onetsirik

Elgorriagako Udalak, 2003ko urriaren 17an egin bilkuran, honako hau erabaki zuen:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Elgorriagako ordenantza hasiera batean onetsirik eta iragarkia 2003ko uztailaren 16eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udalaren iragarki oholean argitaraturik, inork erreklamaziorik aurkeztu gabe.

Gaiaz eztabaidatuta, aho batez erabaki da:

1._Ezkondu gabeko bikote egonkorren Elgorriagako udalerriko ordenantza behin betikoz onestea.

2._Ordenantza horren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, oso-osorik argitara dadin.

3._Erabaki hau Udalaren iragarki oholean paratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Elgorriagan, bi mila eta biko urriaren hogeita bederatzian. Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ELGORRIAGAKO UDALEKO ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Elgorriagako Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, heterosexualak nahiz homosexualak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eska dezakete, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutienez, elkartutako kide batek egon beharko du Elgorriagan erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko alkatearen aitzinean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabe jarri gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritzan egonen da.

6. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den bertze edozein idazpen agertaraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat ere izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Udaleko idazkariak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. art. Egiten diren inskripzioak doakoak izanen dira.

11. art. Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasuneko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Elgorriagako Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Elgorriagako Herriko Etxeko alkatetzan, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ........., eta

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako:

Aitortzen dugu:

Lehenbizi._Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik._Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrenik._Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrenik._Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Borzgarrenik._Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrenik._Baimena ematen dugula Elgorriagako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Elgorriagako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Elgorriagako Udaleko erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ................... Sinatua: .....................

II. ERANSKINA

Elgorriagako Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: .............., N.A.N.: .............., bizilekua: ............., helbidea: ...................., karrika: .........................., zenbakia: .................., etxebizitza: ................, telefonoa: ..........................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udaleko erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: ................ Sinatua: ..................

Iragarkiaren kodea: A0310608