125. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

277/2003 FORU AGINDUA, irailaren 10ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Ekonomi eta Ogasun Departamentuari atxikitako sozietate publikoak kudeatzeko mandatuen araubidea ezartzen duena.

Ekainaren 23ko Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoen bitartez egin beharreko obra, zerbitzu, hornidura eta gainerako jardueren zuzeneko exekuzioa arautu zuen (2003ko uztailaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 97. zk.). Haren 4. artikuluko 1. atalak xedatzen du sozietate publikoei enkargatutako nahitaezko jarduketak mandatu bidez bideratuko direla, organo eskudunaren baimenarekin betiere.

Artikulu bereko 4. atalak adierazten du departamentu batek, haren menpeko erakundeek edo hari loturiko edozein motatako entitateek, beharrezkotzat jotzen badute beste departamentu bati atxikitako sozietate publiko bati eskatzea obra, lan, proiektu, azterlan, zerbitzu edo horniduraren bat egiteko, beharrezkoak dituztelako beren eskumen eta funtzioak betetzeko, Departamentu horri jakinaraziko diola, mandatu hori egiteko eskaera sozietatea atxikia dagoen Departamentuak egin dezan.

4. ataleko azken paragrafoak, dena dela, aukera bat ezartzen du: departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak baimen orokor bat eman diezaiekeela Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuei, haren menpeko erakundeei eta haiei loturiko edozein motako entitateei berak atxikiak dituen sozietate publikoei mandatuak egiteko eskatzeko.

Kudeaketa administratiboan eragingarritasuna lortze aldera, komenigarria da baimen generiko bat ematea Ekonomi eta Ogasun Departamentuari atxikitako sozietate publikoei mandatuak egiteko, beharrezkoa izan ez dadin sozietate horiek jasotzen duten mandatu bakoitzerako baimen berariazko bat ematea.

Bestetik sozietate publikoak departamentuei atxikita egoteak berarekin dakar departamentuek haien jarduketaren kontrola ezarri beharra. Horregatik, beharrezkoa da sozietate publikoei egiten zaizkien mandatuak haiek atxikita dauden departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Gobernuak, 2003ko abuztuaren 25ean egindako bilkuran, erabaki bat hartu zuen, Ekonomi eta Ogasun Departamentuari atxikitzea zenbait sozietate: "Gestión de Deudas, S.A. (GEDESA)", "Navarra de Financiación y Control, S.A. (NAFINCO)", "Navarra de Gestión para la Administración, S.A.", "Obras Públicas y Telecomunicaciones de Navarra, S.A. (OPNATEL)", "Potasas de Subiza, S.A.", "Sal Doméstica, S.A. (SALDOSA)" eta "Trabajos Catastrales, S.A.". Horretaz gain, sozietate haiek tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea erabaki zuen.

Hori horrela, ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat, eta apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. Baimena ematea Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuei, haien menpeko erakudeei eta haiei loturik dauden edozein entitateri Ekonomi eta Ogasun Departamentuari atxikitako sozietate publikoei mandatuak egiteko.

2. Edozein delarik ere Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuek Ekonomi eta Ogasun Departamentuari atxikitako sozietate publiko bati beren eskumen eta eginkizunak betetzeko behar dituzten obrak, lana, proiektuak, ikerketa, zerbitzuak edo hornidurak eskatzeko erabiltzen duten egintza edo ebazpenaren berri eman beharko diote Ekonomi eta Ogasun Departamentuari.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko irailaren hamarrean._Lehendakariordea eta Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0308733