125. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1436/2003 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, "Sarriguren eta banaketa sareak birlotzea Berrikuntzaren Hirian eta Sarrigurengo Ekohirian, Eguesibarko (Nafarroa) mugapean"izeneko proiektuko instalazioetarako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena.

2003ko otsailaren 20an, Angel Boillos Romera jaunak, Gas Navarra, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz (ordezkatzeko aski ahalmen duela frogaturik), eskatu zuen Eguesibarko mugapean aipatu proiektuko instalazioetarako administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Lan hori zehaztuta dago Angel Luis Gómez González Bide ingeniariak prestatutako proiektuan; haren Elkargo Ofizialak ikus-onetsitako proiektua da eta 2003ko otsailaren 3ko 123870 zenbakia du.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Ekialdeko ingurabidearen parean dagoen sareko PE200 polietilenozko hodia abiatuko da NA-135 errepidearen pareko PE160 polietilenozko saretik, 3. k.p.an, Mendillorrin, eta handik joko du Olazko Kontzejuaren sarreran dagoen sarera, ekialdeko NA-32 ingurabideko 2. k.p.ra. Handik 2 adar aterako dira, Berrikuntzaren Hirirako eta Sarrigurengo Ekohirirako. Horretarako 2 T 200x200 jarriko dira, eta ondotik 2 balbula adar bakoitzean.

Sarearen alde bietako lotura egiteko lehenbizi bertan dagoen polietilenozko hodiari helduko zaio eta, gero, 2 adarren bukaerako Cap-ak kenduko dira; bi kasuetan 200 x 160 erako alderantzizko murrizketa paratuko da.

PE200eko polietilenozko hodiaren trazaduraren luzera: 6 m Iruñean eta 1716 m Eguesibarren.

Banaketa adarren luzera (MPB), guztira, 17.477 ml-koa da;.horietatik 263 PE200-koak, 3.727 PE160-koak, 296 PE110-koak, 2.896 PE90-koak eta 10.295 PE63-koak.

Aurrekontua seiehun eta hirurogeita zortzi mila, bederatziehun eta berrogeita bi mila euro eta berrogeita hemeretzi zentimokoa da (668.942,59).

Gas Navarra, S.A. administrazio baimenaren titularra da Eguesibarren gas naturala banatu eta horniketa egiteko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko seigarren xedapen gehigarriarekin bat. Lege horrek indarrik gabe utzi du Nafarroako Gobernuko Industri zuzendari nagusiak, urtarrilaren 14ko 57/1991 Ebazpenaren bidez, eman zuen administrazio kontzesioa.

Industri Segurtasuneko Zerbitzuak proiektu horretarako arauzko izapideak egin ditu, jendaurrean paratu baitu, 2003ko martxoaren 28ko Diario de Navarran, 2003ko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 14an, eta Eguesibarko Sarriguren eta Olazko Udaletxeetako iragarki oholetan argitaratuz; arauzko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Gas Navarra, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Horretarako ireki den espedientean arauzko izapidaketak beterik, Industri Segurtasuneko Zerbitzuak luzaturiko adostasun txostena ikusirik eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak uztailaren 14an eman eta 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaratu zen 105/2003 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, "Sarriguren eta banaketa sareak birlotzea Berrikuntzaren Hirian eta Sarrigurengo Ekohirian, Eguesibarko (Nafarroa) mugapean" izeneko gas naturaleko instalazioen proiektua gauzatzeko.

Administrazioaren baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 13.378,85 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetako batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta beren muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruz Industri Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako Agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendu hura). Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Laugarrena._Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere, deusetan galarazi gabe lege horren hamabosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoa (ekainaren 27ko 6/2000 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen hori).

Bosgarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuko 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Seigarrena._Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta urtarrilaren 16ko ECO/32/2003 Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena._Baimen honek ez du erabateko eskubiderik ematen eta ez du monopoliorik onartzen.

Zortzigarrena._Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria _eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia_ kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Bederatzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Gas Navarra, S.A.k, Eguesibarko mugapeetan gauzatzeko, "Sarriguren eta banaketa sareak birlotzea Berrikuntzaren Hirian eta Sarrigurengo Ekohirian" izenez aurkeztu duen gas naturaleko proiektua onestea, eta proiektu hori gauzatzeko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira 3 hilabeteko epean, lurrak okupatu eta egin beharreko lanak hasten direnetik aurrera.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

4. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko helegitea aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta hiruko irailaren hamarrean._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: C3286141