125. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

681/2003 EBAZPENA, irailaren 3koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalerrietako presio handiko ur hornidura, 1. eta 2. faseak" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena, bai eta proiektuak ukitutako jabe, ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua ere. Erantzuna eman zaie aurkeztutako alegazioei.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak otsailaren 5ean emandako 20/2003 Ebazpenaren bidez (2003ko otsailaren 26ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 25. zk.), "Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko presio handiko ur horniduraren 1. eta 2. faseak" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze prozedurari hasiera eman zitzaion. Bidenabar, proiektua eta ukitutako jabe, ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu ziren hamabost egunez.

Epe hori bukatu eta ondoko alegazio hauek jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1. Francisco Javier Oliver Carte jaunak, Longidako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, Udal horretako alkate-udalburu den aldetik.

Alegazioa: 1) L-39 eta L-42 finkak, herrilurrekoak, aldi baterako okupatuko baitira obrak direla eta, orain dauden bezala utzi beharko dira obrak bukatutakoan, bidezkoak diren kalte-ordainak galarazi gabe. Eta 2) L-45 finkan zehazki zer ukituko den argitzeko eskatu du, bai eta kontuan har dadila Irati Trenbidearen Elkarteak bere titulua lagatu ziela trenak bere bidean zituen toki entitateei.

Erantzuna: 1) Obrak bukatutakoan, aldi baterako okupazioari dagokionez, ukitutako lurrak lehen zeuden bezala utziko dira, eta obren ondorioz ukitzen diren elementuak ere berrituko dira; hori guztia, zehaztuko diren kalte-ordainak galarazi gabe. Eta 2) L-45 finkan, titularra "Ferrocarril" baita, ukituko diren lurrak Longidako Artaxon baizik ez daude, eta ez dira beste batzuk ukituko. Tituluen lagapenari dagokionez, berriz, okupazioaren aurreko aktak egiten direnean egiaztatu beharko da lagapena.

2. Emilio Bretos Rodríguez jauna.

Alegazioa: 1) L-51 finkaren titularra da, eta ez Ana María Rodríguez Erviti andrea. 2) Ukitutako finka erabilerarik gabe geldituko da. 3) Badira beste aukera batzuk. Eta 4) Toki entitate bereko hiri lur batekin trukatzeko eskatu du.

Erantzuna: 1) Titulartasuna onartu da, baina okupazioaren aurreko aktak egiten direnean jatorrizko titulua aurkeztu beharko da. 2) Finkak ukipen handia izanen duenez, finka osoaren desjabetzapena eska dezake. 3) Ez du aukerak zein diren azaltzen; hala ere, presio handiko ur hornidurako hodien eta instalazio osagarrien trazadura teknikoki egokiena da, zeharkatzen dituen mugapeetako egoera eta baldintza orografiko eta geografikoak eta biziguneak kontuan hartuta. Eta 4) proposatutako trukea ez dagokio desjabetzapen espedienteari; hala ere, ez dago eragozpenik alegaziogileak toki entitateari zuzenean eskatzeko.

3. José M.ª Induráin Arizcuren jaunak, Atanasio Induráin Lacambra jauna ordezkatuz.

Alegazioa: 1) Ageri den posta helbidea oker dago; zuzena Aosko San Esteban kaleko 7an da. 2) L-23 finkaren jabeak honako hauek dira: Atanasio Induráin Lacambra, Soledad Arizcuren Irigoyen, José M.ª Induráin Arizcuren eta M.ª Roncesvalles Arricaberri Berasáin jaun-andreak. Eta 3) Beren finkan erretenik eta hodirik ukitzen bada berriz jar dadila, eta egiten den hondeaketa lanetik heldu diren harriak ken daitezela.

Erantzuna: 1) Postako helbideari dagokiona onartu egin da. 2) Jabekidetasunari dagokionez, titulurik aurkeztu ez denez, ez eta jabekideen postako helbiderik ere, kontuan hartu da eta alegaziogilearen bidez dei eginen zaie okupazioaren aurreko aktak egiten diren egunerako; une horretantxe, jatorrizko tituluaren bitartez egiaztatu beharko dute jabekidetasuna. Eta 3) Onartu egin da.

4. Juan Jesús Echarte Ozcoidi jauna.

Alegazioa: Berea den L-22 finkan saneamendua berriz jartzeko eskatu du.

Erantzuna: A) Onartu egin da.

Horregatik guztiagatik, eta Toki Administrazioko kontseilariak abuztuaren 13an eman zuen 272/2003 Foru Aginduaren bidez eskuordetu zaizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Behin betikoz onestea "Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko udalerrietako presio handiko ur hornidura, 1. eta 2. faseak" izeneko proiektua, bai eta proiektuak ukitutako jabe, ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua ere. Ebazpen honen azalpen zatian ageri den erantzuna eman zaie aurkeztutako alegazioei.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Agoizko eta Longidako Udaletxeetako iragarki oholetan argitaratzea.

3. Ebazpen hau Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberriko Udalei jakinaraztea, bai eta alegaziogileei ere. Aditzera ematen zaie ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114.2 eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Iruñean, bi mila eta hiruko irailaren hiruan._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: A0308665