125. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

600/2003 FORU DEKRETUA, irailaren 22koa, Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean aipatzen diren eginkizun batzuk Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitzen dizkiona.

Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak, lehen artikuluan, ezartzen du bere xedea batetik herritarrak boluntario lanetan parte hartzera bultzatzea dela, kemenez, askatasunez, elkartasunez, altruismoz eta erantzukizunez, edozein titulartasunetako irabazteko asmorik gabeko erakundeen bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan izaera horretako egitarau edo jarduera etengabeak burutzen badituzte, eta bestetik boluntarioen, boluntario entitateen eta Nafarroako Administrazio Publikoen artean harremanak ezartzea.

Lege bereko 5. artikuluko 2. idatz-zatiak adierazten duenez, boluntario entitateei lan eragiten dieten egitarauen alorrak hauexek dira: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, kultura, zientzia, aisia, kirola, osasuna, ingurumenaren defentsa, garapenerako lankidetza, babes zibila, ekonomiaren sustapena, laneratzea eta lan integrazioa, elkartegintza, udal interesak, boluntario lanaren sustapena eta, oro har, boluntarioen lanaren bidez burutzen diren eta foru lege horretan xedaturikoarekin bat datozen egitarauak burutzen direneko alorrak.

Bestetik, foru legeak berak, besteak beste, Boluntario Entitateen Erregistroa sortuko dela dio, Nafarroako Gobernuko departamentu baten menpe. Erregelamendu bidez xedatuko da nola antolatu, zer departamenturi atxiki eta zein izanen den bertan sartzeko prozedura administratiboa.

Bidezko da, beraz, zehaztea zer departamenturen menpe egonen den Boluntario Entitateen Erregistroa, gehienbat kontuan hartuz legeak berak adierazten duela Nafarroako Boluntario Lanerako Kontseilua Boluntario Entitateen Erregistroaz arduratzen den Nafarroako Gobernuko departamentuari atxikiko zaiola.

Boluntario Lanerako Departamentuarteko Batzordeak zehaztapen bera egin du, haren lehendakaritza eta idazkaritza Boluntario Entitateen Erregistroaz arduratzen den departamentuari baitagozkio.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak, 46. artikuluko 1. idatz-zatian, Foru Administrazioko departamentuak ezartzen ditu eta 46. artikuluko 3. idatz-zatiak dio Gobernuak onartuko beharko dituela, foru dekretuen bidez, haien izenen edo eskumenen aldaketak edo departamentu batetik beste batera egin beharreko zerbitzu transferentziak.

Hori horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko irailaren zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Boluntario Entitateen Erregistroaren kudeaketa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitzea.

2. artikulua. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari esleitzen zaizkio boluntario-lana sustatu eta bultzatzeko Boluntario Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean aipatzen diren jarduketa guztiak, lege bereko 17. artikuluan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, alegia, departamentu bakoitzak boluntario-lanari loturiko jardueretarako dituen berezko eginkizunak, planifikatu eta ikuskatzekoak, gehienbat.

Iruñean, bi mila eta hiruko irailaren hogeita bian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, Reyes Berruezo Albéniz.

Iragarkiaren kodea: C3296129