121. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2003ko abuztuaren 11n hartua, "Gestión Ambiental-Viveros y Repoblaciones de Navarra, S.A." sozietatea Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzen duena.

Ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretua 10/1998 Foru Legeko lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatzen den gaitasuna erabiliz eman zen. Hark xedatzen duenez, zuzenbide pribatuko sozietateak, haien kapitalean Foru Komunitateko Administrazioak zuzenean edo zeharka partaidetzarik handiena badu, Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat joko dira, baldin eta izaera hori Nafarroako Gobernuak aitortzen badu, erabaki baten bidez, zer departamenturi dagoen atxikirik eta horrexetako kontseilariak proposaturik.

Jurisprudentzia garatuz joan da Administrazioaren "tresna-entitatea" kontzeptua zenbait sozietate izendatzeko, Administrazioak haien kapitalean partaidetzarik handiena duenekoak, hain zuzen ere. Zehaztu ere du ezen "entitate horien bitartekotasuna gora-behera, zuzenbide pribatuaren arabera pertsonifikatzen direnak edo dihardutenak, haien titulartasuna inolako zalantzarik gabe publikoa den erakunde administratibo bat da" (Auzitegi Gorenaren epaia, 1998ko urtarrilaren 16koa, A. 825). Nabarmendu duenez, berez ez dira Administrazioa, "Administrazioarenak" baizik (Auzitegi Gorenaren epaiak, 1999ko urtarrilaren 14koa, A. 3439, 1998ko apirilaren 15ekoa, A. 2281, 1998ko urtarrilaren 16koa, A. 825, eta 1995eko urtarrilaren 26koa, A. 1502, pertsonifikazio publikoa duten tresna-entitateak eta pertsonifikazio publikorik ez dutenak bereizten dituztenak).

Hirigintzaren eta lurzoru urbanizatuaren sustapenaren arloan, Auzitegi Gorenak, 1998ko ekainaren 17ko epaiaren bidez, besteak beste, zehaztu du hirigintzako zerbitzu publikoa "zuzenean kudeatzen ahal dela, baita merkataritza sozietate bat osatuz ere" (A. 4770).

Administrazioaren partaidetza handiena denean, kudeaketa mota hori dela eta "ezin zaizkio kasu honi aplikatu zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei buruzko xedapenak, agindu horrek horrela xedatuagatik ere, zerbitzu publikoaren kudeaketa horretarako zuzenbide publikoko entitateak sortuz egiten denean, edo zuzenbide pribatuko sozietate bati dagokionean, haren kapitalean Administrazioaren partaidetza bakarra edo handiena denean". Auzitegi Gorenaren epaia, 1999ko ekainaren 30ekoa.

Halaber, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 234. artikuluak bide ematen dio Foru Komunitateko Administrazioari Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak tresna-entitateei atxikitzeko, eta lege bereko 230. artikuluak gaitasuna ematen du beste tresna-entitate batzuekin elkarlanean aritzeko, lurrak errazkiago erosi edo eskuratzearren.

Izan ere, sozietate publikoen bidezko kudeaketa Administrazioak bere eskumeneko zerbitzuak kudeatzeko duen legezko aukeretariko bat da, aukeratzeko "alde handia" kontuan hartuz (Auzitegi Gorenaren epaia, 1987ko ekainaren 29koa). "Tresnetarako" legezko aukera horren arabera, bitartekotasunaren ikuspegitik aplikatzekoa den legeria osatu da. Hirugarrenen aurrean, sozietateak zuzenbide pribatuak dihardu, baina, Administrazioaren aurrean, sozietatea ez da "hirugarren" bat eta ondareari eta Administrazioaren kontratuei buruzko legeriek ez dute horietarikotzat jo behar, Administrazioaren kudeatze-baliabide hutsa baita, jatorrizko Administraziotik esleiturik daukan zerbitzuak kudeatzeko behar diren baliabideak eskuratzen ahal dituelarik.

"Ekonomia Mistoko sozietateak zerbitzu publikoak kudeatzeko era bat dira (...). Gogoraraztekoa da arlo horretan Administrazioaren aukera askeko printzipioak indarra duela, Legeak (...) hari aukeratzeko alde handia eman du tokian tokiko zerbitzuak kudeatzeko era zehazterakoan", jurisprudentziak adierazi bezala (Auzitegi Gorenaren epaia, 1987ko ekainaren 29koa).

"Gestión Ambiental-Viveros y Repoblaciones de Navarra, S.A." sozietatearen helburuak hauexek dira:

a) Natura babestu, zaindu, hobetu eta mantentzeko proiektu eta lanak prestatu eta burutzea.

b) Naturguneak edo eremu babestuak (erreserbak, lekuneak, jolas naturguneak, natur monumentuak, natur parkeak, paisaia babestuak, zainketa bereziko eremuak, basa fauna babesteko eremuak, etab.) zaindu, mantendu, seinaleztatu eta hobetzea.

c) Bide publiko, abelbide eta ibilbide interesgarriak mantendu, zaindu eta hobetzea.

d) Naturari loturiko oinarrizko oinegiturak sortu, hornitu eta mantentzea, Nafarroan badaude.

e) Ikerketa eta garapen teknologikoa eta ingurumenaren eta naturaren zainketaren arloan prestakuntza eta zabalkundea.

f) Nafarroako oihan ondarea planifikatu, babestu, garatu eta kudeatzeko lan, proiektu eta azterketak burutzea.

g) Mintegietan ekoiztea eta haziak eta landareak erosi, saldu eta besterentzea.

h) Belardiak, berdeguneak, jolas eremuak, atseden tokiak, jolastokiak eta abar kudeatu, mantendu eta bertan lorazaintzaz arduratzea, hirietan, hirien inguruan eta herrietan.

i) Eremu eta lurzoru endekatuak, hondakindegian eta zabortegi kontrolatuak edo kontrolatugabeak lehengoratu eta garbitzeko proiektuak prestatu eta burutzea, eremu lehengoratuak mantendu eta hobetzea eta eskutik utzitako larrak lantzea.

j) Ibaietako parkeak eta eremu osagarriak mantendu, zaindu eta hobetzea.

k) Natura interpretatzeko zentroak, ingurumenerako gelak eta naturguneei loturiko eraikin eta instalazioak mantendu, zaindu eta hobetzea.

l) Edonolako hondakinak modu kontrolatuan bildu edo birziklatzeko eremuak sortu, mantendu eta hobetzea eta etxeek edo industriek sortzen ez dituztenak kudeatzea.

m) Obrek eta oinegiturek ingurumenaren gainean izaniko eragina zuzentzea.

n) Nafarroako natur baliabideen arloan Administrazio Publikoko entitate publikoekin eta erakundeekin elkarlanean aritzea, baita teknologiako enpresa eta entitate pribatuekin, ikerketa zentroekin eta Nafarroan ingurumenari on egin diezaioketen bestelakoekin ere.

ñ) Animali espeziak ugaltzeko Foru Komunitateko Administrazioak dituen instalazioak mantendu eta kudeatzea, hala nola, arrain-haztegiak, aberetxeak edo antzekoak, baita animali espezieak berreskuratu eta zaintzeko dituenak ere.

o) Ur, aire edo zoruko kutsadura kontrolatzeko eta, oro har, ingurumena zaintzeko sistema, instalazio edo sareak prestatu, eraiki, ustiatu eta mantentzea.

p) Natura behar bezala kudeatu eta babesteko behar diren jarduerak egitea.

Sozietateak ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretuan aipatzen diren betebeharrak betetzen ditu, besteak beste, Foru Komunitateko Administrazioak haren kapitalean partaidetzarik handiena duelako.

Bidezko da, beraz, Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea, haren helburuei dagozkien arloetan.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Gestión Ambiental-Viveros y Repoblaciones de Navarra, S.A." sozietatea Forru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea, haren helburuei dagozkien arloetan, ekainaren 23ko150/2003 Foru Dekretuko 2. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. Erabaki hau "Gestión Ambiental-Viveros y Repoblaciones de Navarra, S.A." sozietatera igortzea eta haren xedapen zatia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko abuztuaren hamaikan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari eta Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3278293