121. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2003ko abuztuaren 11n hartua, "Viviendas de Navarra, S.A." (VINSA) sozietatea Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzen duena.

Ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretua 10/1998 Foru Legeko lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatzen den gaitasuna erabiliz eman zen. Hark xedatzen duenez, zuzenbide pribatuko sozietateak, haien kapitalean Foru Komunitateko Administrazioak zuzenean edo zeharka partaidetzarik handiena badu, Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat joko dira, baldin eta izaera hori Nafarroako Gobernuak aitortzen badu, erabaki baten bidez, zer departamenturi dagoen atxikirik eta horrexetako kontseilariak proposaturik.

Jurisprudentzia garatuz joan da Administrazioaren "tresna-entitatea" kontzeptua zenbait sozietate izendatzeko, Administrazioak haien kapitalean partaidetzarik handiena duenekoak, hain zuzen ere. Zehaztu ere du ezen "entitate horien bitartekotasuna gora-behera, zuzenbide pribatuaren arabera pertsonifikatzen direnak edo dihardutenak, haien titulartasuna inolako zalantzarik gabe publikoa den erakunde administratibo bat da" (Auzitegi Gorenaren epaia, 1998ko urtarrilaren 16koa, A. 825). Nabarmendu duenez, berez ez dira Administrazioa, "Administrazioarenak" baizik (Auzitegi Gorenaren epaiak, 1999ko urtarrilaren 14koa, A. 3439, 1998ko apirilaren 15ekoa, A. 2281, 1998ko urtarrilaren 16koa, A. 825, eta 1995eko urtarrilaren 26koa, A. 1502, pertsonifikazio publikoa duten tresna-entitateak eta pertsonifikazio publikorik ez dutenak bereizten dituztenak).

Hirigintzaren eta lurzoru urbanizatuaren sustapenaren arloan, Auzitegi Gorenak, 1998ko ekainaren 17ko epaiaren bidez, besteak beste, zehaztu du hirigintzako zerbitzu publikoa "zuzenean kudeatzen ahal dela, baita merkataritza sozietate bat osatuz ere" (A. 4770).

Administrazioaren partaidetza handiena denean, kudeaketa mota hori dela eta "ezin zaizkio kasu honi aplikatu zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei buruzko xedapenak, agindu horrek horrela xedatuagatik ere, zerbitzu publikoaren kudeaketa horretarako zuzenbide publikoko entitateak sortuz egiten denean, edo zuzenbide pribatuko sozietate bati dagokionean, haren kapitalean Administrazioaren partaidetza bakarra edo handiena denean". Auzitegi Gorenaren epaia, 1999ko ekainaren 30ekoa.

Halaber, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 234. artikuluak bide ematen dio Foru Komunitateko Administrazioari Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak tresna-entitateei atxikitzeko, eta lege bereko 230. artikuluak gaitasuna ematen du beste tresna-entitate batzuekin elkarlanean aritzeko, lurrak errazkiago erosi edo eskuratzearren.

Izan ere, sozietate publikoen bidezko kudeaketa Administrazioak bere eskumeneko zerbitzuak kudeatzeko duen legezko aukeretariko bat da, aukeratzeko "alde handia" kontuan hartuz (Auzitegi Gorenaren epaia, 1987ko ekainaren 29koa). "Tresnetarako" legezko aukera horren arabera, bitartekotasunaren ikuspegitik aplikatzekoa den legeria osatu da. Hirugarrenen aurrean, sozietateak zuzenbide pribatuak dihardu, baina, Administrazioaren aurrean, sozietatea ez da "hirugarren" bat eta ondareari eta Administrazioaren kontratuei buruzko legeriek ez dute horietarikotzat jo behar, Administrazioaren kudeatze-baliabide hutsa baita, jatorrizko Administraziotik esleiturik daukan zerbitzuak kudeatzeko behar diren baliabideak eskuratzen ahal dituelarik.

"Ekonomia Mistoko sozietateak zerbitzu publikoak kudeatzeko era bat dira (...). Gogoraraztekoa da arlo horretan Administrazioaren aukera askeko printzipioak indarra duela, Legeak (...) hari aukeratzeko alde handia eman du tokian tokiko zerbitzuak kudeatzeko era zehazterakoan, jurisprudentziak adierazi bezala (Auzitegi Gorenaren epaia, 1987ko ekainaren 29koa).

"Viviendas de Navarra, S.A." (VINSA) sozietatearen helburuak hauexek dira:

a) Etxebizitzak gaiberritu eta sustatzea, Nafarroako Foru Komunitatean horretarako behar diren jarduera osagarri, lagungarri eta gehigarri guztiak, legeetan ezarririko edozein prozeduraren bidez lurra eskuratzea, erreserbak osatzeko edo Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren arloan aurreikusiriko jarduketa edo programak aurrera eramateko hura urbanizatzea eta lurra kudeatu eta sustatzea.

b) Legeetan ezarririko edozein prozeduraren bidez lurra eskuratzea, erreserbak osatzeko edo Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren arloan aurreikusiriko jarduketa edo programak aurrera eramateko hura urbanizatzea eta lurra kudeatu eta sustatzea. Lurra sal-erosketen, trukaketen edo beste edozein figura juridikoren bidez besterentzea.

c) Lurzoru eta etxebizitzarako politika garatzeko behar diren hirigintzako plan eta proiektu teknikoak prestatu eta kudeatzea, hirigintzan jarduteko edozein sistemaren bidez.

d) Etxebizitzak, saltokiak eta eraikin osagarriak, dirua irabazteko asmoarekin edo gabe, egiten ari direla edo bukaturik, eskuratu, besterendu eta banatzea eta edonolako obra, azterlan edo proiektuak esleitu eta kontratatzea, jarduketetarako planen arabera Foru Komunitatean etxebiztzak eraiki eta gaiberritzeko beharrezkoak badira, eta jarduera hori aurrera eramateko ondasun higiezinak eskuratzea. Etxebizitzen sustapen publikoa betiere irabazi asmorik gabea izanen da.

e) Bereak edo beste batenak diren etxebizitza, lur eta eraikinen ondarearen administrazioa kudeatzea, baita likidatu, amortizatu eta besterentzea ere, sozietateari hala agintzen bazaio. Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioetako erakundeekin eta Nafarroako udal eta kontzejuekin hitzarmenak izenpetzea etxebizitza berriak eta gaiberrituak sustatzeko programak prestatu, burutu eta administratzeko.

g) Sustapenerako hitzarmen mistoak izenpetzea, etxebizitza sektorea babesteko orotariko araubidekoak.

h) Laguntzak izapidatu eta eskatzea eta kupoa ematea, etxebizitzak eraiki, gaiberritu eta erosteko, orotariko araubidean, berezian edo mistoan, dagokion Administrazioko erakundeen bidez.

i) Espainiako edo atzerriko erakundeetan parte hartzea, haien xedea babes ofizialeko edo antzeko etxebizitzak eraikitzeko programak burutzea bada.

j) Ondasun higiezinen arloan aholkularitzako eta laguntza teknikoko lanak, behar denean, egoki den titulua duten teknikarien bidez, Administrazioak erabili beharreko ondasun higiezinak eraiki, gaiberritu, eraitsi, birmoldatu eta zaintzeko obrak azken muturreraino burutzea, edozein delarik haien titularra, edo Foru Kommunitatearen bestelako ondasun higiezinak, ondarekoak edo jabarikoak, betiere Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eskaturik burutzen badira.

k) Ondasunen eta eskubideen ondarea kudeatu eta administratzeko laguntza juridiko eta teknikoko lanak burutzea, Foru Komunitatea bada haien titularra, jabariaren edozein eskumenekin lotuak, hala nola, besterentzeak, lagapenak, zamak etab., Foru Komuniteak zuzenbidearen arabera bidezko den edozein baliabideren bidez ondasun higiezinak eskuratu aitzin katastro eta erregistroetako egoerak aztertzea eta haien erabilera ahalik eta hoberena izan dadin azterlanak eta proposamenak egitea, betiere Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hala eskatzen badu.

l) Foru Komunitateko ondasun eta eskubideen orotariko inbentarioko datuak egunaratzen eta handitzen laguntzea. Ondasunak ikeretzea, haien titulartasun publikoa pentsatzekoa bada; haiek fisikoki eta juridikoki garbitzea, haiek baloratu eta erregistroan inskribatzea. Administrazioaren ondasunak aldeztu eta babesteko eta behar ez bezala galduak berreskuratzeko jarduketak prestatzen laguntzea, betiere Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eskaturik.

m) Eraikuntzaren Antolaketari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean aipatzen diren arau teknikoak eta etxegintzaren kalitatearenak aplikatzeko jarduerak, haien ondoriozkoak edo Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan bereganatu dituen eskumenei dagozkienak burutzea.

n) Etxebizitza, etxegintza eta eraikuntzaren kalitatearen arloko azterlan, plan eta programak ikertu eta prestatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.

ñ) Etxebizitzaren arloan eskura diren datu, jarduera eta azterlanak jendaurrean jakinarazi eta hedatzeko jarduerak.

Sozietateak ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretuan aipatzen diren betebeharrak betetzen ditu, besteak beste, Foru Komunitateko Administrazioak haren kapitalean partaidetzarik handiena duelako.

Bidezko da, beraz, Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea, haren helburuei dagozkien arloetan.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Viviendas de Navarra, S.A." (VINSA) sozietatea Forru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea, haren helburuei dagozkien arloetan, ekainaren 23ko150/2003 Foru Dekretuko 2. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. Erabaki hau "Viviendas de Navarra, S.A." (VINSA) sozietatera igortzea eta haren xedapen zatia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko abuztuaren hamaikan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari eta Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3278286