121. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2003ko abuztuaren 11n hartua, "Navarra de Suelo Residencial, S.A." (NASURSA) sozietatea Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzen duena.

Ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretua 10/1998 Foru Legeko lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatzen den gaitasuna erabiliz eman zen. Hark xedatzen duenez, zuzenbide pribatuko sozietateak, haien kapitalean Foru Komunitateko Administrazioak zuzenean edo zeharka partaidetzarik handiena badu, Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat joko dira, baldin eta izaera hori Nafarroako Gobernuak aitortzen badu, erabaki baten bidez, zer departamenturi dagoen atxikirik eta horrexetako kontseilariak proposaturik.

Jurisprudentzia garatuz joan da Administrazioaren "tresna-entitatea" kontzeptua zenbait sozietate izendatzeko, Administrazioak haien kapitalean partaidetzarik handiena duenekoak, hain zuzen ere. Zehaztu ere du ezen "entitate horien bitartekotasuna gora-behera, zuzenbide pribatuaren arabera pertsonifikatzen direnak edo dihardutenak, haien titulartasuna inolako zalantzarik gabe publikoa den erakunde administratibo bat da" (Auzitegi Gorenaren epaia, 1998ko urtarrilaren 16koa, A. 825). Nabarmendu duenez, berez ez dira Administrazioa, "Administrazioarenak" baizik (Auzitegi Gorenaren epaiak, 1999ko urtarrilaren 14koa, A. 3439, 1998ko apirilaren 15ekoa, A. 2281, 1998ko urtarrilaren 16koa, A. 825, eta 1995eko urtarrilaren 26koa, A. 1502, "pertsonifikazio publikoa duten tresna-entitateak eta pertsonifikazio publikorik ez dutenak bereizten dituztenak).

Hirigintzaren eta lurzoru urbanizatuaren sustapenaren arloan, Auzitegi Gorenak, 1998ko ekainaren 17ko epaiaren bidez, besteak beste, zehaztu du hirigintzako zerbitzu publikoa "zuzenean kudeatzen ahal dela, baita merkataritza sozietate bat osatuz ere" (A. 4770).

Administrazioaren partaidetza handiena denean, kudeaketa mota hori dela eta "ezin zaizkio kasu honi aplikatu zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei buruzko xedapenak, agindu horrek horrela xedatuagatik ere, zerbitzu publikoaren kudeaketa horretarako zuzenbide publikoko entitateak sortuz egiten denean, edo zuzenbide pribatuko sozietate bati dagokionean, haren kapitalean Administrazioaren partaidetza bakarra edo handiena denean". Auzitegi Gorenaren epaia, 1999ko ekainaren 30ekoa.

Halaber, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 234. artikuluak bide ematen dio Foru Komunitateko Administrazioari Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak tresna-entitateei atxikitzeko, eta lege bereko 230. artikuluak gaitasuna ematen du beste tresna-entitate batzuekin elkarlanean aritzeko, lurrak errazkiago erosi edo eskuratzearren.

Izan ere, sozietate publikoen bidezko kudeaketa Administrazioak bere eskumeneko zerbitzuak kudeatzeko duen legezko aukeretariko bat da, aukeratzeko "alde handia" kontuan hartuz (Auzitegi Gorenaren epaia, 1987ko ekainaren 29koa). "Tresnetarako" legezko aukera horren arabera, bitartekotasunaren ikuspegitik aplikatzekoa den legeria osatu da. Hirugarrenen aurrean, sozietateak zuzenbide pribatuak dihardu, baina, Administrazioaren aurrean, sozietatea ez da "hirugarren" bat eta ondareari eta Administrazioaren kontratuei buruzko legeriek ez dute horietarikotzat jo behar, Administrazioaren kudeatze-baliabide hutsa baita, jatorrizko Administraziotik esleiturik daukan zerbitzuak kudeatzeko behar diren baliabideak eskuratzen ahal dituelarik.

"Ekonomia Mistoko sozietateak zerbitzu publikoak kudeatzeko era bat dira (...). Gogoraraztekoa da arlo horretan Administrazioaren aukera askeko printzipioak indarra duela, Legeak (...) hari aukeratzeko alde handia eman du tokian tokiko zerbitzuak kudeatzeko era zehazterakoan, jurisprudentziak adierazi bezala (Auzitegi Gorenaren epaia, 1987ko ekainaren 29koa).

"Navarra de Suelo Residencial, S.A." (NASURSA) sozietatearen xedea da "gehienbat etxebizitzetarako lurzoruaren arloak kudeatu, ikertu eta garatzeko jarduerak sustatzea, hirigintzako jarduketak kudeatu eta abian jartzea, Foru Komunitatean etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko ikerlanak prestatzea eta bertan eraikitzen ahal deneko lurzoruak eta ondare publikoa kudeatu eta garatzearren entitateekin elkarlanean aritzea" (Nafarroako Gobernuak 1999ko martxoaren 29an harturiko erabakiaren eranskineko 4. artikulua). Sozietateak ekainaren 23ko 150/2003 Foru Dekretuan aipatzen diren betebeharrak betetzen ditu, besteak beste, Foru Komunitateko Administrazioak haren kapitalean partaidetzarik handiena duelako.

Bidezko da, beraz, Foru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea, haren helburuei dagozkien arloetan.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Navarra de Suelo Residencial, S.A." (NASURSA) sozietatea Forru Komunitatearen eta hari loturik edo haren menpe dauden entitate publikoen tresna propiotzat eta zerbitzu teknikotzat jotzea, haren helburuei dagozkien arloetan, ekainaren 23ko150/2003 Foru Dekretuko 2. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. Erabaki hau "'Navarra de Suelo Residencial, S.A." (NASURSA) sozietatera igortzea eta haren xedapen zatia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko abuztuaren hamaikan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari eta Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3278284