121. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ERRIBERRI ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskal orokorra

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarreak, 2002ko abenduaren 19an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskal orokorra, eta zegokion iragarkia 2003ko 37. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 26an.

Jendaurreko epea igaro baita haren aurkako erreklamaziorik inork aurkeztu gabe, ordenantza behin betikoz onetsirik dagoela ulertzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legeko 325. artikuluarentzat maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zen idazketaren arabera.

Hori hala baita, argitara ematen da behin betikoz onetsitako ordenantza.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako ordenantza fiskal orokor honen xedea da Erriberri aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta obligazio horrek zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a artikulua).

3. art. Erriberri aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak onetsitako ordenantza fiskalek Mankomunitatearen eskumenen erabilera eremu osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. art. Mankomunitate honek ordainarazten dituen tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. art. Mankomunitate honek indarra duten ordenantza fiskalen kopiak eskuratuko dizkie eskatzen diotenei, aldez aurretik egintza horretarako indarra duten tasak ordainduta.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zergagaia

6. artikulua. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergagaiaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

Subjektu pasiboa

8. art.

a) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadun nahiz haren ordezko gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeinari ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz) zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharraren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen jasogabeak, ondasun komunitateak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi zergagarri bat osatzen badute.

Zerga harremanaren aldaezintasuna

9. art. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza edo hitzarmen horiek ez dute Administrazioan ondoriorik izanen, haien ondorio juridiko-pribatuak ezertan galarazi gabe.

Zerga oinarria

10. art. Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, Administrazioak kontuan hartutakoa. Kopuru horri (indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, kasua bada) tasa egokia aplikatuko zaio, tributu zorra zehaztera iristeko.

Ordainarazpenak, beren ezaugarriak direla medio zergagaien jarraitasuna eragiten duten kasuetan, erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira.

Likidazio-oinarria

11. art. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daudenak dira.

Karga-tasa

12. art. Karga-tasatzat hartuko dira likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

Kuotaren zehaztapena

13. art. Kuota honela zehaztuko da:

a) Dagokion ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Zerga-oinarriaren gainean aplikaturiko tarifak, ordenantza partikularretan ezarrita daudenak, haien arabera.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, ekarpen berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa subjektu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuz, dagokion ordenantzan finkatutako moduluen arabera.

Salbuespenak eta hobariak

14. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiak dituen edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

15. art. Tributu zorra subjektu pasiboak Administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez exijitzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legez ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

16. art.

1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, beste pertsona batzuk, solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari, dirusarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

17. art. Betiere, tributu zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleei iragateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesatuari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zein den zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

18. art. Administrazio-ekintza erantzule subsidiarioei iragateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik haietako edozeini eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

20. art. Tributu zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

21. art. Tributu zorren ordainketa ordenantza honen 54.etik 57.era bitarteko artikuluek (biak barne) arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. art. Lau urteren buruan ondoko eskubide eta egintzak preskribituko dira:

a) Subjektu pasiboen alde:

_Tributu zorra dagokion likidazioaren bitartez zehazteko Administrazioak duen eskubidea, denbora hori sortzapena egin zen egunetik hasita.

_Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen exijitzeko ekintza, borondatezko pagamendurako epea akitzen den egunetik hasita.

_Zergei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzeko ekintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren sarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik hasita.

23. art. Aurreko artikuluaren a) atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

_Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik sortutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskaritza, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein ekintza administratiboren eraginez.

_Edozein motatako erreklamazio edo errekurtso aurkeztuz; baldin eta, Administrazioari berari egozten ahal zaion errua dela medio, Administrazio horrek ebazpenik ematen ez badu hartarako ezarritako epearen barrenean, preskripzio epea berriz ere hasiko da kontatzen aipatu epe hori iragandakotzat jotzen den unetik aurrera.

_Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

Aurreko artikuluaren b) atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da dirusarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko Administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

25. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori amaiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geldituko da.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

26. art. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen administrazio-organoen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

27. art.

a) Zerga aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo onartzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du zergagai bat biltzen duen edo berez eratzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

b) Inondik inora ere ez da exijituko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian interesatuei emanen zaie aitorpenaren hartu-agiria, aitorpenaren kopiak ere balio duelarik horretarako.

d) Froga agiria aurkeztean, interesatuek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, Administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua delako edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

28. art. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, bestela, zergagaia gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta horren ondoren dagokion zehapena ezarriko.

29. art. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du esan nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo onartzen dela.

Mankomunitate honek eska dezake aitorpenak aurkeztea edo aitorpen horiek osatzea, bai eta ikusitako okerrak zuzentzea ere, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Epeak

30. art.

1. Ordenantza partikularretan adieraziko da zein izanen diren tributuko kudeaketako izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; betiere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Ikuskapenen kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu, ez da ondorioz administrazio ekintzaren iraungipena etorriko, baina interesatuek erreklamazioa aurkezteko baimena izanen dute.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakarten kasuetan. Erreklamazioa baiesten bada, horretarako arrazoirik izanez gero, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Egiaztapena eta ikerketa

31. art. Toki Entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen duten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

32. art. Ikerketa burutzeko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den edozein argibide-aurrekinen ikuskapena eginen da.

33. art. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, Administrazioari eskuratuz zergagaiarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

34. art. Ikuskapenak subjektu pasiboentzako eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

Salaketa

35. art.

1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

36. art.

1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak izanen dira behin-behinekoak edo behin betikoak.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik aparte, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, hala kontuaren gainekoak, nola osagarriak, berme izaerakoak, partzialak nahiz osotarakoak.

37. art.

a) Likidazioak egiterakoan, toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, jakinarazi behar da.

38. art.

1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, eta zein diren haiek aurkezteko erakundeak eta horretarako epeak.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Sei hilabeteren buruan hasiko dira eragina izaten subjektu pasiboei zuzenean egindako jakinarazpenak, baldin eta haietan egintzaren testu osoa emanik, beste baldintzaren bat aipatzen ez badute, non ez den epe horren barrenean protesta formala egiten, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko.

Zergadunen erroldak

39. art. Ordenantza partikularrean berean hala zehazten den kasuetan, Administrazioak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Mankomunitateak erabili nahi duen edonolako prozeduraren bidez, mekanikoa ere barne dela, erabiliko da.

40. art.

1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan zein-nahi alta, baja edo gorabehera sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak Administrazioari, hura gertatu ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean.

41. art. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

V. KAPITULUA

Dirubilketa

Oinarri orokorrak

42. art. Dirubilketaren kudeaketa da toki entitatearen ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

43. art.

1. Dirubilketa bi modutan egin daiteke:

_Borondatezko aldian.

_Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako zehaztutako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu, dirubilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

44. art. Mankomunitatearen baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa egiten ahalko baitu.

45. art. Tributu-zorren sailkapena, dirubilketari begira.

1. Zuzendaritzako organoek eginiko likidazioen ondorioz sortzen diren tributu-zorrak, dirubilketari begira, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek lehendik ezagutzen dituzten zergadun erroldetatik heldu direlako, nahiz eta tributu-zorra aldian behin aldatu, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.

Ordainketa tokia

46. art. Toki entitate honen aldeko zorrak ordainduko dira banku nahiz aurrezki kutxetan bere izenean horretarako irekitako kontuetan.

Ordainketa epeak

47. art. Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian-aldian kobratzen direnak, banakako jakinarazpenik behar ez denean, aurreko letran ezarritako epe berean, zein hilabete naturaletan ordaindu behar diren, haren lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barnean.

Ordaintzeko modua

48. art.

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua.

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan toki entitateak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordain gutunaren bidez.

2. Aurreko atalean hori ezarriagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, horrako horiek subjektu pasiboaren administratzaile lana egiten dutela, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta aurrekontu eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratze hori zein zerga kontzeptutarako den.

Gerorapenak eta zatikako ordainketak

49. art.

1. Tributu zorra likidatzean, toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.etik 92.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatzen denari lotuko zaizkio.

VI. KAPITULUA

Errekurtsoak

50. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Entitatearen ebazpenen aurka egiteko, oro har aipatzen diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.

51. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten Entitatearen erabakien kontra egiteko, Entitatearen ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

52. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, exijitutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko Administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu Entitatearen diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi ehuneko hogeita bost, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, Ordenantza Fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean.

Bigarrena._Ordenantza fiskal orokor hau edo toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Entitatearen erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Erriberrin, bi mila eta hiruko uztailaren hemeretzian. Mankomunitateburua, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0308145