109. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 27a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O R K O I E N

Orkoiengo "Ostadar" 0-3 urteko haurren hezkuntza zentroa arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik

Orkoiengo Udalak Orkoiengo "Ostadar" 0-3 urteko haurren hezkuntza zentroa arautzen duen ordenantza onetsi zuen, hasiera batean, 2002ko azaroaren 15ean egin bilkuran.

Onesteko erabakia 2003ko 26. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 28an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da, Udalak 2003ko apirilaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Orkoienen, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita lauan. Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.

ORKOIENGO "OSTADAR" 0-3 URTEKO HAURREN HEZKUNTZA ZENTROA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarriak

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin da. Haren xedea da haurrak inskribatu eta onartzeko araubidea ezartzea "Ostadar" lehen zikloko haur hezkuntzako zentroari, eta horrez gain, zentroaren funtzionamenduaren zenbait alderdi arautzea.

Hartzaileak eta plazak

2. art. Ostadar haur hezkuntzako zentroan plaza eskatzen ahal dute haur hezkuntzako lehen ziklorako adina (0-3 urte) duten haurren guraso edo tutoreek. Haurrek ikasturtea hasi baino gutxienez 16 aste lehenago jaioak edo jaiotzekoak izan behar dute.

Onartutako haurrak ez dira haur hezkuntzako zentroetan sartuko 16 asteko adina izan arte.

Eskabideak, epeak eta agiriak

3. art. a) Plaza gordetzeko eskabideak.

Aurreko ikasturtean Ostadar zentroan ibili diren haurren guraso edo tutoreek hurrengo ikasturterako plaza gordetzeko eskabidea aurkeztu ahalko dute, zentroan, ematen zaien ereduaren arabera egina, urte bakoitzean ezartzen zaien epean.

b) Bete beharreko plazak argitaratzea.

Behin plazen erreserba eginik, Hautapen Batzordeak, kontuan izanik 3086/2001 Ebazpenean ezarritako ratioak, argitara emanen ditu bete beharreko plazak eta onarpen prozesuan erabiliko den baremoa, Ostadar zentroko eta Udaleko iragarki oholetan.

c) Lehenbizikoz sartzeko eskabideak.

Lehenbizikoz sartzeko eskabideak Ostadar zentroan eskuratuko dira eta aurkeztu ere bertan aurkeztuko dira, ezartzen den epean.

d) Agiriak.

Lehenbizikoz sartzeko eskabideak eredu ofizialaren arabera eginen dira eta haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, onarpen prozesuan balora daitezen:

d.1) Lan egoera edota egoera akademikoa frogatzeko agiriak.

_Aitaren eta amaren aurtengo otsaileko nomina, edo haien lan egoeraren egiaztagiria, edo Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen egiaztagiria, dela araubide orokorrean dela araubide berezian. Lanaldi partziala egiten badute (lanaldi erdia gehienez), horren ziurtagiria aurkeztuko dute.

_Ikasten ari badira, matrikularen egiaztagiria, ikasketen egutegia eta ordutegia.

_Aparteko kasuetan jarduera agirien bidez frogatzerik ez badu, eskatzaileak zinpeko adierazpena eginen du eta Udalak egia ote den begiratuko du.

_Arduradunetako baten bat eszedentzian badago, lanaldiaren eta lanpostura itzultzeko egunaren frogagiria aurkeztu beharko dute (lanaldia kontuan hartuko da zenbaketan, baldin eta eszedentziak, luzeenik ere, ikasturtea hasi eta hurrengo hilabetera arte irauten badu).

d.2) Familiaren osaera frogatzeko agiriak:

_Famili liburuaren fotokopia (gurasoak eta seme-alabak).

_Familia ugariaren agiri ofizialaren fotokopia.

_Haurra bera izan ezik, famili unitateko edozein kideren minusbalioaren ziurtagiria.

_Banantzeko edo dibortziatzeko ituna.

d.3) Errenta mailak frogatzeko agiriak.

_Azken errenta aitorpenaren fotokopia, aitarena eta amarena. Aitorpena egin beharrik ez badute, horren egiaztagiria eta azken urte fiskaleko sarreren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dituzte.

_Oinarrizko Errentaren hartzaile izatearen egiaztagiria, hala denean.

d.4) Aitaren edota amaren etxea edo lantokia zentrotik hurbil dagoela frogatzeko agiriak.

_Famili unitatearen erroldako ziurtagiria.

_Aitaren edota amaren lantokiak non dauden erakusten duten agiriak.

d.5) Zuzeneko sarrerarako baldintza bereziak betetzen direla frogatzeko agiriak.

_Babesik eza: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren deklarazioa, haurra babesik gabe dagoela adierazten duena.

_Arriskua: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak edo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoek eginiko txostena.

_Hezkuntza behar bereziak: haurraren minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria edota txosten profesionala, hezkuntza behar bereziak sorraraz ditzaketen ezaugarriak baditu.

d.6) Oraindik jaio ez diren haurrak: ustez zein egunetan jaioko diren adierazten duen ziurtagiria (azken eguna, ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago).

d.7) Aparteko beste edozein inguruabar kontuan har dadin, osasun, psikologi edo gizarte egoerari buruzko txostena nahiz zerbitzu espezializatu ofizialena aurkeztu beharko da, inguruabar hori egiaztatzeko.

Egoera berezia alegatu arren egiaztagiririk aurkezten ez bada, ez da puntu bakar bat ere emanen onarpenerako baremoan egoera horri dagokion atalean.

Jatorrizko agirien kopiak aurkezten direnean, hartzen dituen pertsonak egiazkoak ote diren begiratuko du.

Eskabidean edo erantsitako agirietan gezurrezko datuak daudela ohartuz gero, emandako plaza kendu ahal izanen da.

Hautapen Batzordeak noiznahi eskatu ahal izanen du agiri gehiago aurkez daitezela, hautapenerako baremoan puntuak ematen zaizkien inguruabarrak behar adina frogatzeko.

Hautapenerako irizpide eta baremo orokorrak

4. art. Lehenbizikoz sartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Hautapen Batzordeak, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako agiriak kontuan izanik, eskabideak baloratuko ditu, honako baremo hau erabiliz:

1) Gurasoen lan egoera (gehienez ere 15 puntu):

1.1. Haurraren guraso edo tutoreen egoera honako hauetakoren bat bada, 15 puntu.

_Guraso edo tutoreek lan egiten dute, biek ere lanaldi osoan (1)

_Guraso edo tutoreetako batek lan egiten du lanaldi osoan; bestea ikasketa arautuak egiten ari da, lehentasuneko dedikazioa behar duen eguneko ordutegian, eta dedikazioa behar bezala frogaturik dago.

_Bi gurasoak ikasketa arautuak egiten ari dira, lehentasuneko dedikazioa behar duen eguneko ordutegian, eta dedikazio hori behar bezala frogaturik dago.

_Guraso bakarreko familia; adingabearen heziketa eta mantenuaren arduradunak lan egiten du lanaldi osoan.

1.2. Haurraren guraso edo tutoreen egoera honako hauetakoren bat bada, 11 puntu.

_Egoera 1.1 atalekoa bera da, baina dedikazioa osoa izan ordez partziala da.

_Gurasoetako bat lanaldi osoan ari da lanean edo ikasten, eta bestea lanaldi partzialean.

1.3. Haurraren guraso edo tutoreetako batek lan egiten du lanaldi osoan eta bestea lanik gabe dago: 7,5 puntu.

2) Familiaren osaera (gehienez ere 8 puntu):

_Bikiak, hirukiak, laukiak... edo hiru seme-alaba gutxienez, 6 urtetik beherakoak: 6 puntu.

_Guraso bakarreko familia, 6 puntu.

_Adin ezberdineko bi anai-arreba edo gehiago deialdi berean zentroan sartzeko eskabidea (plazaren erreserba barne), 4 puntu.

_Familia ugaria, puntu 1.

_Famili unitateko edozein kidek, haurrak berak izan ezik, aintzatetsitako minusbalioa izatea, puntu 1.

3) Errenta mailak (gehienez ere 12 puntu). Urteko per capita errentaren arabera baloratuko dira (2):

Per capita errenta 350.000tik beherakoa: 12 puntu.

Per capita errenta 350.001 eta 450.000 artekoa: 11 puntu.

Per capita errenta 450.001 eta 550.000 artekoa: 10 puntu.

Per capita errenta 550.001 eta 650.000 artekoa: 9 puntu.

Per capita errenta 650.001 eta 750.000 artekoa: 8 puntu.

Per capita errenta 750.001 eta 850.000 artekoa: 7 puntu.

Per capita errenta 850.001 eta 1.050.000 artekoa: 6 puntu.

Per capita errenta 1.050.001 eta 1.250.000 artekoa: 5 puntu.

Per capita errenta 1.250.001 eta 1.450.000 artekoa: 4 puntu.

Per capita errenta 1.450.001 eta 1.650.000 artekoa: 3 puntu.

Per capita errenta 1.650.001 eta 1.850.000 artekoa: 2 puntu.

1.850.000tik gorako errentak: puntu 1.

4) Aitaren edota amaren etxea edo lantokia zentrotik hurbil egotea (gehienez ere 55 puntu).

_Famili unitateko kide guztiak Orkoienen bizi izatea: 50 puntu.

_Aitak edota amak lantokia Orkoienen izatea: 5 puntu.

5) Beste irizpide batzuk. Hautapen Batzordeak aintzat hartu ahalko ditu goiko ataletan aipatu gabeko beste egoera batzuk (norbanakoen eta familiaren premiak eta gizarte beharrak), behar bezala egiaztatzen badira: gehienez ere 10 puntu.

Baremoari buruzko ataletan xedatutakoa gorabehera, haur hezkuntzako zentroetan zuzeneko sarrera izanen dute arriskuan edo babesik gabe aurkitzen diren haurrek eta hezkuntza behar bereziak dituzten haurrek, hala proposatzen badute gizarte zerbitzu eskudunek edota Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko unitate tekniko eskudunak.

Baremoa aplikatuta berdinketa gertatzen bada, adin-talde bakoitzarentzat eskaintzen den azken plaza nork eskuratuko duen erabakitzeko irizpide hauek erabiliko dira, hurrenez hurren:

_Per capita errenta txikiena.

_Adin handiena.

(1) Lanaldi osotzat jotzen da lanaldi erdia baino luzeagoa dena.

(2) Urteko per capita errentatzat kopuru hau jotzen da: aitaren eta amaren zerga oinarrien batura, famili unitateko kideen kopuruaz zatituta.

Ebazpenaren faseak

5. art. a) Behin-behineko zerrendak.

Ostadar zentroko eta Udaleko iragarki oholetan argitara emanen dira onartuen behin-behineko zerrendak eta behin-behineko itxaron zerrendak, baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioen hurrenkerari hertsiki jarraituz eginak.

b) Erreklamazioak egiteko epea.

Erreklamazioak egin ahalko dira, behin-behineko zerrendak jendaurrean jarri eta hurrengo 10 egunetan.

Erreklamazioak idatzita aurkeztu dira, behar bezala argudiatu eta arrazoiturik, Udaletxean edo Ostadar zentroan. Hautapen Batzordeari zuzenduko zaizkio, eta behin-behineko zerrendetan ageri den puntuazioa berraztertzeko zergatik eskatzen den adieraziko da haietan.

c) Behin betiko zerrendak.

Behin erreklamazioak ebatzita, halakorik egonez gero, onartuen behin betiko zerrendak eta behin betiko itxaron zerrendak argitara emanen dira, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 7 egunen barrenean, Ostadar zentroko eta Udaletxeko iragarki oholetan. Zerrenda horiek puntuazioen ordenari hertsiki jarraituz eginen dira.

Matrikula egitea. Bajak

6. art. a) Matrikulak Ostadar zentroan eginen dira, horretarako ezartzen den epean. Matrikula egiteko honako agiriak eraman beharko dira:

_Gizarte Segurantzako kartilla edo txartelaren fotokopia, haurraren inskripzioa barnean duena.

_Aitak eta amak azken urte fiskalean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako eginiko aitorpenaren fotokopia.

_Bankuko kartillan titularra eta zenbakia ageri diren orriaren fotokopia, ordainagiriak helbideratzeko.

_Medikuaren txostena, elikadura edo osasun behar bereziak azaltzen dituena, halakorik egonez gero.

_Haurraren behin-behineko kuota, irailekoa, ordaindu izanaren egiaztagiria.

Zuzendaritzaren bitartez, zentroek beren funtzionamenduari buruzko informazioa emanen diete onartutako haurren gurasoei.

b) Ezarritako epean matrikula egin ezik, plaza beste bati emanen zaio, itxaron zerrendaren hurrenkerari jarraituz.

c) Ikasturtean zehar, haurren guraso edo tutoreek idatziz eskatu beharko diote borondatezko baja zentroko zuzendaritzari, kuotak ordaintzeari noiz utziko dioten zehaztu dadin. Baja azken hiruhilekoan ematen denean ez da kuotarik itzuliko.

d) Ikasturtea hasi ondoko hamabost egunetan zentrora agertu ezean, haurrari baja emanen zaio; edo behin hasiz gero, hamabost egunetan jarraian huts egiten badu, guraso edo tutoreek ezer jakinarazi gabe edo bidezko arrazoirik eman gabe.

Halakorik gertatzen bada, zuzendaritzak haurrari zentroan baja emateari buruzko abisua eginen dio familiari, idatziz. Hamar egun iraganik, familiaren aldetik inolako jakinarazpenik jaso ez bada, plaza hutsa bete eginen da, itxaron zerrendaren hurrenkerari jarraituz.

e) Matrikula egiteak, salbu eta borondatezko baja eskatzen denean, berekin dakar haurra zentrora joateko konpromisoa, eta ikasturteko hamaika hilabetekoak ordaindu beharra, matrikulan aukeratu den ordainketa moduan. Matrikula ikasturtea hasitakoan egiten bada, haurra zentrora sartzen denetik ordainduko dira kuotak.

Epez kanpoko eskabideak

7. art. Haurrak onartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira horretarako ezarritako epetik kanpo. Eskabide horiek aintzat hartuko dira baldin eta itxaron zerrendako guztiak onartutakoan artean plaza hutsen bat badago. Plaza horiek eskabideak aurkeztu diren egunen araberako hurrenkeran emanen dira.

Egutegia eta ordutegia

8. art. a) Haur hezkuntzako zentroko ikasturtea irailean hasi eta uztailaren 31n amaituko da.

b) Zentroa zabalik egonen da astelehenetik ostiralera.

Ikasturte bakoitzerako eskaintzen diren ordutegien artetik gurasoek nahi dutena eskatu ahalko dute, plazak eskatzeko epearen barrenean.

Udalak, familien eskaria aztertu ondoren, eta zentroa antolatzeko behar diren gutxieneko ratioak kontuan izanik, behin betiko ordutegiak ezarriko ditu, familiek matrikulazio fasean horietako bat eskatu ahal dezaten.

c) Haurrek gehienez ere 7 ordu eginen dituzte zentroan.

Tarifak

10. art. Udalak ordenantza fiskalean onesten dituen tarifak ezarriko dira.

Haur hezkuntzako zentroan bi haur dituzten familiek, bigarren haurrarengatik tarifa %50 merkeago ordainduko dute; nolanahi ere, zentro motaren arabera ezartzen den gutxieneko tarifa ordaindu beharko dute.

Haur hezkuntzako zentroan 3 haur edo gehiago dituzten familiek, bigarren haurrarengatik tarifa %50 merkeago ordainduko dute, eta hirugarren eta hurrengo haurrengatik, berriz, zentro motaren arabera ezartzen den gutxieneko tarifa ordainduko dute.

Zentroan matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, justifikaturiko arrazoiak direla kausa zentrora joaten ez badira ere.

Ordainagiriak ordaindu ezik, diru-bilketaren arduradunak, hilabeteko epean, Hautapen Batzordea jakitun jarriko du, eta honek, bidezkoa iruditzen bazaio, haurrari zentroan baja ematea erabaki ahalko du.

Hautapen Batzordea

11. art. Hautapen Batzordeak ebatziko du onarpenerako deialdia, baremoan ezarritako irizpideak erabiliz.

Ondokoek osatuko dute Hautapen Batzordea: Ostadar zentroko zuzendaritzak, Orkoiengo Udalaren ordezkari politiko batek, Euskara Zerbitzuko teknikari batek eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikari batek.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan arautu gabeko gaietan arau hauek beteko dira: Kudeaketa, diru-bilketa eta ikuskapenari buruzko ordenantza orokorra, "Ostadar" zentroko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, Nafarroako Gizarte Ongizateko Institutuarekiko eta Udalarekiko lankidetza hitzarmena, eta gainerako xedapen aplikagarriak.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0307358