109. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 27a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z A N G O Z A

Zangozako Udalaren Kirol Patronatuaren estatutuak behin betikoz onetsirik

Zangozako Udalak, 2003ko apirilaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen Udalaren Kirol Patronatuaren estatutuak.

Espedientea tramitatu zen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak, 15/2002 Foru Legearen bidez onetsitako testu berrian, 325. artikuluan xedatzen duenari jarraituz. Jendaurreko aldian Arrano Beltz Mendi Elkarteak erreklamazio bat egin zuen.

Udalak, uztailaren 16an egin osoko bilkuran, erreklamazio hori ebatzi zuen eta behin betikoz onetsi zituen Udalaren Kirol Patronatuaren estatutuak, hasierako testuaren 6 eta 7. artikuluetan aldaketak eginda.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, osorik argitaratzen da behin betikoz onetsitako estatutuen testua.

Zangozan, bi mila eta hiruko uztailaren hemezortzian. Alkate udalburua, José Luis Lorenzo Elvas.

ZANGOZAKO KIROL PATRONATUAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Zangozako Udalak osoko bilkuran hala erabakita, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1996 Foru Legearen 192.2.b) eta 196. artikuluetan xedatutakoaren itzalpean, "Zangozako Udalaren Kirol Patronatua" izeneko toki erakunde administratibo autonomoa eratu da.

Zuzenbide publikoko ente instrumentala da. Berezko nortasun juridikoa du eta bere helburuak lortzeko ahalmen osoa. Eskubideak eta betebeharrak egotzi zaizkio eta ahalmena eman zaio obligazioak bere gain hartzeko eta ekintza zibilak, administratiboak eta bestelakoak baliatzeko, Zangozako Udalak _hura sortu duen toki entitatea baita_ agintzen dion moduan eta ezartzen dizkion mugen eta kontrol eta zainketa mekanismoen pean. Horiek guztiak estatutu hauetan arautzen dira.

2. art. "Zangozako Udalaren Kirol Patronatua" toki erakunde autonomoak Zangozako Cantolaguako kiroldegian du helbide soziala (Paseo de Cantolagua, z.g.).

3. art. Erakunde autonomo honen xede nagusia da zerbitzu publikoa egitea, Zangozan osorik kudeatzeko jarduera fisikoak eta kirol jarduerak, kirol instalazioak, kirol ikuskizunak eta, oro har, kirolarekin zerikusia duten gai guztiak. Zerbitzu hori egiteko, honako eginkizunak bete beharko ditu:

1. Zangozan kirola sustatzea, kirol eskolak sortzea (kiroletan ikasten hasteko), "denendako kirola" bultzatzea, eta udalerriko bizilagunen heziketa fisikoa garatzea, baita kirolzaleen kirol jarduerak ere.

2. Titulartasun publikoko kirol instalazioak, Patronatuaren xedeak betetzeko erabiltzen direnak, kudeatzea, dela zuzenean, dela zeharka hirugarrenen bitartez.

3. Zangozako kirol eskolak, kirol atalak, kirol jarduerak, jarduera fisikoak eta aisiakoak kudeatzea, dela zuzenean, dela zeharka hirugarrenen bitartez.

4. Kirol ikuskizunak, txapelketak, erakustaldi-partidak, kirol lehiaketak eta abarrekoak antolatzea.

5. Zangozako kirol klubekin eta kirol elkarteekin lankidetzan aritzea beraiek antolatzen edo sustatzen dituzten jarduerak eta ikuskizunak garatzeko.

6. Hitzarmenak eta bestelako harremanak egitea beste toki entitate batzuekin, erakunde publiko, kirol federazio eta abarrekin.

II. KAPITULUA

Araubide organikoa

4. art. Zangozako Udalaren Kirol Patronatuaren gobernua eta administrazioa honako organo hauen esku egonen dira:

1._Gobernu organoak.

a) Gobernu Batzordea.

b) Lehendakaria.

c) Lehendakariordea.

2._Kargu hautetsiak.

a) Diruzaina.

b) Idazkaria.

1. ATALA

Gobernu Batzordea. Osaera, funtzionamendua, eskumenak.

5. art. Gobernu Batzordea erakunde autonomoko organo gorena izanen da. Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak eta doakoak izanen dira.

6. art. Osaera. Gobernu Batzordeak honako kideak izanen ditu:

a) Lehendakaria: Udaleko alkatea edo berak izendatzen duen zinegotzia.

b) Lehendakariordea: Ciudad Deportiva Cantolagua klubeko lehendakaria.

c) Batzordekideak:

_Udaleko hiru zinegotzi.

_Ciudad Deportiva Cantolagua klubeko bi ordezkari, klubeko Zuzendaritza Batzordeak bazkideen artetik izendatuak.

_Egoitza Zangozan izan eta legez erregistraturik dauden gainerako kirol klub eta kirol elkarteek nahi duten moduan hautaturiko ordezkari bat.

7. art. Gobernu Batzordeko kideen agintaldiak, berritu ezean, izendatzen dituen Udalbatzaren edo Batzordearen agintaldiak adina iraunen du gehienez.

_Batzordean Udalaren ordezkari direnek, Korporazioko kide izateari uzten badiote, Batzordeko kide izateari ere utziko diote eta izendatu zituen udal organoak izendatuko ditu haien ordezkoak.

_Batzordean Club Deportivo Cantolagua-ren ordezkari direnek, klub horretako Batzordeko kide izateari uzten badiote, Patronatuko Batzordeko kide izateari ere utziko diote eta izendatu zituen udal organoak izendatuko ditu haien ordezkoak.

_Zangozako gainerako kirol klub eta kirol elkarteen ordezkaria, berriz, beraiek nahi duten aldian izanen da Gobernu Batzordeko kide, eta beraiek zehazten duten moduan berrituko da haren kargua.

8. art. Funtzionamendua.

1. Gobernu Batzordeak hilean behin eginen du bilkura, gutxienez. Gainera, lehendakariak egokitzat jo edo kideen heren batek eskatzen duen aldiro bildu ahalko da.

2. Batzordearen bilkura baliozkoa izanen da lehenbiziko deialdian kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira, eta bigarren deialdian lau kide edo gehiago bertaratzen badira; bi kasuetan ere, beharrezkoa izanen da lehendakaria _edo legez hura ordezkatzen duena_ eta idazkaria tartean izatea.

3. Batzordearen erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketa gertatzen denean lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du.

4. Batzordearen bilkurarako deialdia lehendakariak eginen du, berrogeita zortzi ordu lehenago, bilkurako gai-zerrenda eta guzti.

5. Batzordeko kideek nahitaez joan behar dute bilkuretara.

6. Bilkura guztietan akta eginen da eta hartutako erabakiak zehatz jasoko dira agiri horretan.

9. art. Eskumenak. Hona zein diren Batzordearen eskumenak:

1. Udalari proposamenak egitea Patronatuaren xedeekin zerikusia duten ondasun higiezin eta eskubide errealak erosi, saldu, trukatu edo beste moduren batean eskuratzeko, besterentzeko eta kargatzeko.

2. Hasiera batez onestea Patronatuaren urteko aurrekontua, Udalak osoko bilkuran behin betikoz onets dezan.

3. Hasiera batez onestea Patronatuaren urteko kontuak, Udalak osoko bilkuran behin betikoz onets ditzan.

4. Hasiera batez onestea Patronatuko langileen plantilla osatzeko proposamena, baita, lanposturen bat sortzea erabakitzen denean, hura betetzeko deialdiaren oinarriak ere.

5. Zerbitzuari lotutako ondarea administratzea, hau da, Patronatuari bere xedeak betetzeko eman zaizkion instalazioak, ondasun higiezinak eta ondasun higigarriak administratzea. Ondareko osagaien zerrendak estatutu hauen 1 eta 2. eranskinetan daude.

6. Kirol instalazioetako barne erregelamendu eta erabilerari buruzko erregelamenduak onestea.

7. Bidezko diren jarduketak garatzea eta behar diren kontratuak sinatzea, honakoak direla eta:

_Titulartasun publikokoak izanik Patronatuaren xedeak betetzeko erabiltzen diren kirol instalazioen kudeaketa.

_Zangozako kirol eskolen, kirol atalen, kirol jarduera, jarduera fisiko eta aisiako jardueren kudeaketa.

_Kirol ikuskizun, txapelketa, erakustaldi-partida, kirol lehiaketa eta abarren antolaketa.

8. Dagozkion erabakiak hartzea bere ardurapean dituen zerbitzuak kontrolatu, antolatu eta sustatzeko eta ongi funtziona dezaten ziurtatzeko, bai berak zuzenean egiten dituen zerbitzuak eta bai zerbitzu enpresaren batek kudeatzen dituenak ere; azken kasu horretan, Gobernu Batzordeak bere gain hartu beharko ditu dagozkion eginkizunak, hots, zerbitzuak esleitu eta egiteko onesten diren baldintza pleguetan eta esleipen-hartzaileekin egiten diren kontratu eta hitzarmenetan berari egozten zaizkion eginkizunak.

9. Patronatuaren jardueretarako behar edo komeni diren ahalordeak eman daitezela erabakitzea, eta egoki iruditzen zaizkion delegazioak ematea, aholkularitza zein zuzendaritza lanetarako, Batzordeko kideei nahiz beste pertsona batzuei.

10. Bere ahalmenak erabiltzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren dokumentu publiko eta pribatuak egilets daitezen erabakitzea.

11. Patronatuaren xedeak betetzeko behar diren egintzak egin eta kontratuak egilestea, bere eskumeneko eremuan.

12. Errekurtsoak eta auziak jartzea eta beraiei eustea bide administratibo edo judizialean, auzialdi guztietan.

13. Ondoko kontratu mota hauen lizitazioa, esleipena eta exekuzioa onestea, bere ardurapeko zerbitzuekin zerikusia baldin badute:

_Obra kontratuak, aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa ez denean.

_Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak, lehenbiziko ezarpenerako gastuen aurrekontua 30.000 eurotik beherakoa denean, eta kontratuaren iraunaldia bost urtetik beherakoa.

_Hornidura kontratuak, aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa ez denean.

_Laguntza teknikorako kontratuak, urteko aurrekontua gehienez 12.000 eurokoa denean, eta kontratuaren iraunaldia bost urtetik beherakoa.

_Gainerako kontratuak Udaleko gobernu organoen _alkatea, Gobernu Batzordea edo osoko bilkura_ esku utzi behar dira, kasu bakoitzean eskumena duenak onets ditzan.

14. Patronatuaren xedeak betetzeko behar diren beste eginkizun guztiak.

2. ATALA

Lehendakaria eta lehendakariordea

10. art. Batzordeko lehendakariak eginkizun hauek ditu:

1. Batzordearen bilkuretarako deialdiak egitea eta horietan buru eta zuzendari aritzea.

2. Batzordearen ordezkaria izatea era guztietako erakunde, agintari, epaitegi, federazio eta abarren aurrean.

3. Patronatuaren agiri guztiak sinatzea, publikoak nahiz pribatuak.

4. Diruzaintzako agiriak bere ikus-onetsiarekin baimentzea, baita idazkariak aurkezten dituen ziurtagiriak ere.

5. Larrialdietan erabakiak hartzea Gobernu Batzordearen eskumeneko esparruan, haren deialdia ezinezkoa bada. Hurrengo bilkuran erabakien berri emanen dio Batzordeari, berrets ditzan.

6. Zerbitzu guztien zuzendari eta ikuskatzaile nagusia izatea.

7. Patronatuko langileei diziplina zehapenak ezartzea.

Lehendakariak bere ahalmenetariko edozeinetarako delegazioa eman ahalko dio lehendakariordeari edo Batzordeko beste kide bati, zeregin berezietarako nahiz era iraunkorrean, aurreko 1 eta 5. ataletako eginkizunak salbu. Batzordeari delegazioaren berri eman beharko dio.

11. art. Lehendakariordeari lehendakariaren egiteko berak dagozkio, hura kanpoan edo eri denean, edo halakorik ez denean.

3. ATALA

Kargu hautetsiak: diruzaina, idazkaria, batzordekideak

12. art. Diruzain eta idazkari karguak kargu hautetsiak izanen dira. Gobernu Batzordeak bere kideen artetik hautatuko ditu diruzaina eta idazkaria, bere lehenbiziko bilkuran edo, karguak hutsik geratuz gero, egiten duen hurrengo bilkuran. Idazkari eta diruzain lanak pertsona berak egin ahalko ditu.

13. art. Hona diruzainari dagokiona:

a) Patronatuaren funtsak zaintzea.

b) Gobernu Batzordeari Patronatuaren egoera ekonomikoaren berri ematea.

c) Entitatearen funts eta baloreei dagozkien kobrantza eta ordainketa guztiak egitea, legezko xedapenekin bat etorriz.

d) Diruzaintzako agiriak ematea, lehendakariak ikus-onetsirik.

14. art. Hona idazkariari dagokiona:

a) Batzordearen bilkuren aktak idaztea eta Batzordeari onesteko aurkeztea. Berak beste inork ez ditu sinatuko, lehendakariak oniritzia emanda.

b) Patronatuaren funtzionamenduari dagozkion liburu eta agiriak zaintzapean jartzea.

c) Patronatuak bidaltzen eta hartzen dituen gutunez arduratzea.

d) Behar diren ziurtagiriak ematea, Gobernu Batzordearen egintza edo erabakien gainean.

e) Funtsen kontu-hartzailetza lanak egitea.

15. art. Hona batzordekideei dagokiena:

1. Lehendakariari bilkuretako gaiak proposatzea.

2. Gobernu organoei sostengu ematea.

3. Gobernu Batzordearen eztabaidetan parte hartzea eta erabakiak bozkatzea.

III. KAPITULUA

Ondarea eta araubide ekonomiko-finantzarioa

Ondarea

16. art. Patronatua bere nortasun juridikoa duen entitatea izanik, bere funtzionamendu eta administraziorako eta bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren eragiketa ekonomiko-finantzario guztiak egiten ahalko ditu.

17. art. Patronatuari bere helburuak betetzeko esleitu zaion ondareak estatutu hauen 1 eta 2. eranskinetan ageri diren ondasun higigarri eta higiezinak biltzen ditu, baita instalazioetan egindako inbertsio publikoen bidez eskuratzen direnak ere, eta Patronatuak bere xedeak betetzeko eta bere ardurapeko zerbitzuak egiteko eskuratzen dituen ondasun higigarri eta higiezinak, edozein tituluren bidez eskuratzen dituela ere.

Ondarearen jabaria Udalarena izanen da, baina Patronatuari atxiki eta lotuko zaio, bere xedeak bete ditzan.

Patronatuak ahalmena izanen du bere zerbitzua egin dezan atxiki zaion ondarea ustiatu eta administratzeko eta bere ohiko hartu-eman juridikoetan darabiltzan ondasunak zuzenean eskuratu eta besterentzeko. Gainerako jabari-ahalmen guztiak Udalarenak izanen dira.

Patronatua iraungiz gero, berari atxikitako ondarea Udalari itzuliko zaio. Zerbitzuaren ustiapenean izandako gehikuntzak ere Udalarentzat izanen dira, baita norbanakoek eginiko ekarpenak ere, xede zehatzen bati lotuta ez badaude.

Araubide ekonomiko-finantzarioa

18. art. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontua eta kontuak, Patronatuko Gobernu Batzordeak prestatu eta hasiera batez onetsi ondoren, Zangozako Udalari aurkeztuko zaizkio eta berak aztertu eta fiskalizatu eginen ditu, baita onetsi ere, bidezkoa bada, eta toki entitatearen aurrekontu orokor bateratuaren eta kontuen espedienteetan sartuko ditu.

19. art. Erakunde autonomoaren aurrekontuaren eta kontuen egiturak bat etorri beharko du Nafarroako toki entitateen aurrekontu eta kontuetarako ezarritako erregela eta arauekin.

20. art. Bai aurrekontuen betearazpena eta likidazioa, bai erakunde autonomoaren kudeaketa ekonomikoa, toki entitateentzat ezarritako eran eta baldintzen pean erabiliko dira kontu-hartzailetza eta kontabilitate arloetan.

21. art. Patronatuak bere xedeak betetzeko egin behar dituen jarduketak _aurrekontuan sartutakoak_ finantzatzeko bideak ondoko hauek izanen dira:

_Zangozako Udalak urtero bere aurrekontu arruntean onesten dituen ekarpenak.

_Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde eta entitate batzuek Patronatuari kirol jardueretarako ematen dizkioten dirulaguntzak.

_Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde eta entitate batzuek kirol jardueretarako Udalari eman eta Udalak transferentzien bitartez Patronatuari helarazten dizkion dirulaguntzak.

_Toki korporazio, klub, kirol federazio eta abarretatik datozen era guztietako dirulaguntzak.

_Itun edo hitzarmenak direla bide Nafarroako Gobernuarengandik eta beste entitate publiko edo pribatu batzuengandik jasotzen diren ekarpenak.

_Zerbitzuen ordainez biltzen diren dirusarrerak _tasak eta prezio publikoak_.

_Zerbitzu kontratuen, instalazioen erabileraren eta kirol ikuskizunen kanonak, eta Patronatuak berezkoak dituen jardueren zioz biltzen ahal diren beste edozein gisa edo motatako dirusarrerak.

_Babesak eta gainerako laguntza, ondasun eta eskubideak, Patronatuak edozein titulu dela bide pertsona juridiko edo fisikoengandik legebidez eskuratzen dituenak.

_Patronatuarentzako emari, legatu eta usufruktuak.

_Erreserbako funtsak inbertituz Patronatuak lortzen dituen korritu eta emaitzak.

_Bestelako dirusarrerak.

IV. KAPITULUA

Fiskalizazioa eta zaintza

22. art. Zangozako Udalari dagozkio fiskalizazio eta zaintza arloetako eginkizun hauek:

_Patronatuaren zerbitzu eta jarduerak zuzendu, begiratu eta zaintzea.

_Patronatuak kudeatu behar dituen gaietan, exekuzioa sustatu eta gainbegiratzea.

_Patronatuari atxikitako ondarearen jabariaren titulartasuna, eta titulartasun horri lotutako ahalmenak, salbu eta ondarea ustiatu eta administratzekoa.

_Patronatuko Gobernu Batzordeak ekitaldi bakoitzean prestatu eta hasiera batez onetsitako aurrekontua eta kontuak behin betikoz onestea _bidezkoa bada_, aztertu eta fiskalizatu ondoan

_Onespena ematea, bidezkoa bada _Gobernu Batzordeak proposaturik_ Patronatuko langileen plantillari eta sortzen diren lanpostu berriak betetzeko deialdien oinarriei.

_Obra kontratuak, zerbitzukoak, laguntza teknikokoak, hornidurakoak eta Patronatuaren xedeekin zerikusia duten beste guztiak, administratiboak nahiz bestelakoak, onetsi eta betearaztea, salbu eta kontratazioa eta kontratuaren betearazpena estatutu hauetan berariaz Patronatuaren esku jartzen diren kasuetan.

_Erakundearen egintza eta erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Udaleko organo eskudunei zuzendurik.

_Ahalmen horiek erabiliz, eta Patronatua zuzeneko kudeaketarako bitartekoa denez gero, Udalak jarduketa hauek egiten ahalko ditu, besteak beste:

_Gobernu Batzordearen erabakien betearazpena eten, baldin eta, Udalaren ustez, erabakiaren gaia Batzordearen eskumenekoa ez bada, edo erabakiak udalerriaren edota Patronatuaren interes orokorrei kalte egiten badie edo legez aurkakoa bada argi eta garbi.

_Gobernu eta administrazio organoei mota guztietako txosten eta agiriak eskatu.

_Egoki iruditzen zaizkion ikuskapenak egin.

V. KAPITULUA

Langileak

23. art. Erakunde autonomoak bere xedeak betetzeko behar dituen langileak izanen ditu. Langileen kopurua, kontratazio araubidea, soldata maila eta eginkizunak plantilletan zehaztuko dira, alegia, Gobernu Batzordeak osatu eta hasiera batez onetsi ondoren Udalak osoko bilkuran behin betikoz onesten dituen horietan.

Gobernu Batzordeak izendatuko ditu langileak, edozein izanda ere haien kategoria eta bete behar duten lanpostua.

Lan-kontratudunok _kasuaren arabera, eta lanpostuen araubideari dagokion moduan_ honako arau hauen menpe egonen dira: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia; Langileen Estatutua; eta bi estatutu horiek garatzeko ematen diren erregelamenduzko xedapenak.

Hasiera batean, Patronatuari atxikita geldituko da kirol koordinatzailearen lanpostua, plantilla organikoan ezartzen diren baldintzen pean. Kirol koordinatzailea Patronatuko arduradun tekniko nagusia izanen da eta bere lanpostuko eginkizunetan arituko da. Lagundu eginen du inskripzioetan, fitxen tramitazioan, kuoten ordainketaren kontrolean eta beste administrazio lan batzuetan. Horrez gain, Gobernu Batzordearen bilkura guztietan parte hartuko du _hizpidearekin eta boto eskubiderik gabe_ eta bilkuretako akten zirriborroak idatziko ditu.

24. art. Laguntza teknikoa eta aholkularitza: Kirol Patronatuko gobernu organoek Udaleko idazkaritzaren eta kontu-hartzailetzaren aholkua izanen dute.

_Udaleko idazkaritza: bere eskumeneko gaietan aholku emanen dio Patronatuari eta Gobernu Batzordearen bilkuretara joanen da lehendakariak hala eskatuz gero, beraren laguntzaren beharra dagoenean.

_Udaleko kontu-hartzailetza: bere eskumeneko gaietan aholku emanen dio Patronatuari eta bere funtsen kontu hartuko dio.

_Laguntza administratiboa: Udalak udal langile bat jarriko du Patronatuko kontabilitate eta laguntza administratiboko lanak egiten. Langile hori kirol teknikariarekin koordinaturik arituko da.

VI. KAPITULUA

Estatutuak aldatzea eta erakundea desegitea

25. art. Estatutu hauek aldatzekotan, onesteko egin diren tramite berak egin beharko dira.

26. art. Patronatua desegiten ahalko da:

_Udalak osoko bilkuran komenigarritzat jotzen badu, udal zerbitzua kudeatzeko sistemaren aldaketa dela eta.

_Patronatuaren jarduera edo baliatzen ahal dituen bitartekoak haren xedeei aplikatzea ezinezkoa gertatzen bada.

Patronatua deseginez gero Udala izanen da haren oinordeko unibertsala eta dotazioa oso-osorik Udalari itzuliko zaio, desegindako erakundearen aktiboan dauden gehikuntza eta ekarpenak barne direla. Patronatuaren ondarea, ahal dela, antzeko helburuetarako erabiliko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Estatutu hauen tramitazioan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, 15/2002 Foru Legeak onetsitako testu berriaren arabera, lehengoa aldatu baitu. Beraz, tramite hauek eginen dira:

_Toki entitateak hasiera batez onetsiko ditu estatutuak osoko bilkuran.

_Jendaurrean jarriko dira, onespen erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta toki entitatearen iragarki oholean argitara eman ondotik, gutxienez hogeita hamar egunez, epe horretan herritarrek eta legebidezko interesatuek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkeztu ahal ditzaten.

_Aurkezten diren erreklamazio, kexa eta oharrak ebatziko dira eta a) atalean aipatutako organoak behin betikoz onetsiko ditu estatutuak. Hala ere, hasierako onespen erabakia behin betikoa bilakatuko da baldin eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu.

Estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta hilabetera hartuko dute indarra.

Estatutu hauek indarra hartu eta hurrengo hamabost egunen barrenean Patronatuko Gobernu Batzordea eratuko da.

Bigarrena._Estatutu hauetan arautu gabeko gai orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoa beteko da.

Iragarkiaren kodea: A0307368