109. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2003ko uztailaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua; haren bidez "Muru Artederretako 400/200 kV-eko subestazioa eta Muru Artederretako eta Castejongo subestazioen arteko zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko linea egiteko proiektua", Red Eléctrica de España, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen da eta jendaurrean jartzen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean agindutakoa betetzeko.

I._UPSAren xedea eta justifikazioa.

Oraingo egoerak irauten badu, bistan da bihar-etzi Iruña eta haren eraginpeko eremua energia elektrikoz hornitzeko arazoak izanen direla. Gaurko hornidura sarea 220 kV-ekoa da eta gainez egiten du, baina eskariak gora egiten segituko du etengabe eta nabarmen, inguruan ezartzekoak diren azpiegitura eta garapen gune berriek laster argindar horniduraren gehikuntza handia eskatuko baitute.

Beste alde batetik, Iruñerriko hegoaldean eta erdialdeko Nafarroan gaur egun parke eolikoen sorrera baldintzaturik dago, hain zuzen ere, 220 kV-eko sarearen ebakuazio ahalmena behar adinakoa ez delako.

Castejongo ziklo konbinatuko bi zentralen funtzionamendua ere La Sernako subestazioaren eta garraio sarearen ebakuazio ahalmenaren menpe dago. Izan ere, La Sernako subestazioraino doan 400 kV-eko ebakuazio linea batek lotzen ditu zentral horiek nazio mailako 400 kV-eko garraio sarearekin.

Premia horiek guztiak ase nahirik, eta Aragoiko erkidegoan energia eolikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan energia termikoak izan duten garapena ere gogoan, planak egin dira sarea handitzeko; besteak beste, 400kV-eko ardatz berria eginez Gasteiz-Muru Artederreta-Castejon-La Serna-Magallón-Trillo lerroan zehar.

Testuinguru horretan, sarea garatzeko soluzioak berekin dakar proiektu honen xede diren bi instalazioen eraikuntza:

_Garraio sareko subestazio berria Muru Artederretan: 400/220 kV-eko transformazio subestazioa, 600 MVA-koa.

_Aireko linea, 400kV-ekoa, zirkuitu bikoitzekoa, gutxi gorabehera 60 kilometro luze, Muru Artederreta-Castejon linea deitua. Muru Artederretan eginen den subestazioa Castejongo subestazioarekin lotuko du.

Geroago bi estazio horiek penintsulako iparraldean Garraio Sare Nazionala garatzeko berebiziko garrantzia izanen duen ardatz batean sartuko dira. Izan ere, mendebalderantz Gasteizko subestazioarekin lotuko da, halako moduan non Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen 400 kV-eko sarearen sare-begiak Nafarroara eta Aragoira hedatuko baitira.

Proiektaturiko obrak, energia garraiatzeko azpiegitura den aldetik, badu lege oinarria, baita bere onura publikoaren justifikazioa ere, Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 52. artikuluaren itzalpean.

II._Aurrekariak eta tramitazioa.

Ingurumen Ministerioak jada egina du ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura, proposaturiko bi instalazioak direla eta (Muru Artederretako subestazioa eta Castejon-Muru Artederreta linea), eta biek ere ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa lortu dute.

Aurkezturiko dokumentazioaren arabera, oraintsu amaitu da biei administrazio baimena emateko eta lehenbizikoaren onura publikoa deklaratzeko tramitazioa, eta ebatzi zain daude.

III._Azpiegituraren deskripzioa.

_Linea elektrikoarena.

Linearen trazadurak ondoko udalerri hauek zeharkatzen ditu: Castejon, Valtierra, Cadreita, Villafranca, Marcilla, Azkoien, Falces, Erriberri, Tafalla, Artaxoa, Barasoain, Añorbe, Biurrun-Olkotz, Untzue eta Tiebas-Muru Artederreta.

Trazadura taxutzeko bost aukera aztertu dira, baldintza hauek betetzen dituztenak, besteak beste: herriguneak saihestea, baita eremu babestuak, interes geologiko edo balio ekologikoko eremuak, ur-lasterrak, balio ekonomiko handiko eremuak eta aurreikusitako azpiegituretarako eremuak ere; eta, ahal den heinean, oraingo azpiegitura-korridoreak aprobetxatzea, batez ere A-15 autobidea ardatz duena eta Orkoien-Tafalla-La Serna linea.

Hautatu den korridorea, eta ustez, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren arabera, ingurumenean gutxien eraginen duena, 60 km luze da, eta nagusiki ipar-hego norabidea du. Muru Artederretan egitekoa den subestaziotik abiatuko da eta trazaduraren zati batean Orkoien-Tafalla-La Serna linea elektrikoaren ondotik edo A-15 autobidearen ondotik joanen da. Castejongo subestazioan amaituko da, Ebroren eskuin ertzean.

Trazadura Muru Artederretako subestaziotik abiatzen da, "Las Fuentecillas" izeneko alderdian, eta hego norabidea hartzen du 2,5 km-ko tartean, Olkozko gainetan dagoen parke eolikoa saihesteko eta halaber alde batera uzteko interes naturaleko gune batzuk, mendebaldean, eta Muru Artederretako herria, ekialdean. Gero A-15 autobidea eta trenbidea gurutzatzen ditu. Cerro de Arrobia parean hego-mendebaldeko norabidea hartzen du, Orkoien-Tafalla-La Serna 220 kV-eko linea jo arte, eta handik aurrera hego-ekialderantz egiten du, linearekin lerrokaturik, Artaxoa mendebaldean eta Barasoain, Garinoain eta Puiu ekialdean utzirik. "Monte El Plano" natur eremuaren ekialdetik eta Tafallako subestazioaren eta herriaren mendebaldetik segitzen du. Erriberritik hego-mendebaldera, A-15 autobidea zeharkatu eta linea elektrikotik aldentzen hasten da, A-15 autobideari eta Plana de Oliteren ipar ertzetik Azkoien eta Erriberri lotzen dituen errepideari jarraituz. "Las Planillas" alderdian autobideari ahal den gehien hurbiltzen zaio. Marcillarantz segitzen du eta herri horren iparraldetik pasatzen da, A-15 autobidearen trazadurarekin paraleloan, autobidearen ekialdetik. Aragoi ibaia zeharkatzen du, ibarbasoak estuagoak diren tokian, aurrera egiten du Bardeak eta Badina Escudera natur eremuetaraino eta bien artetik pasatzen da. Hegoalderago, berriz egiten du bat Orkoien-Tafalla-La Serna linea elektrikoarekin, eta, linea horrekin eta autopistarekin batera, Cadreita eta Valtierra herrien artetik pasatzen da. Valtierra parean autobidea gurutzatzen du. Ebro ibaia zeharkatzen du autobideko zubiaren mendebaldean, ibarbasoen etenune batean, eta Castejongo subestazioan amaitzen da, Ebro ibaiaren eskuin ertzean, A-15 autobidetik hurbil.

Castejon-Muru Artederreta lineak 23 lerrokadura ditu, eta udalerrietan ukitzen dituen tarteek gutxi gorabehera luzera hauek dituzte: Tiebas-Muru Artederretan 1,3 km, Untzuen 3 km, Biurrun-Olkotzen 0,2 km, Barasoainen 4 km, Añorben 0,2 km, Artaxoan 5 km, Tafallan 9,8 km, Erriberrin 12 km, Falcesen 0,3 km, Azkoienen 4 km, Marcillan 6,3 km, Villafrancan 7,4 km, Cadreitan 4 km, Valtierran 4,3 km, eta Castejonen 0,2 km.

Linearen egitura, funtsean, argindarra garraiatzeko hari eroaleek osatzen dute, 3 faseko bi multzotan elkartuak (multzo bakoitzak zirkuitu bat osatzen du), eta zutoinek, hariei eutsi eta lurretik eta elkarrengandik banantzen dituztenak.

Korronte alterno trifasikoa garraiatuko da. Korronteak 50 Hz-eko maiztasuna izanen du eta 380 kV-eko tentsio izendatua; tentsio altuena, berriz, 420 kV-ekoa izanen du.

Euskarriak zelosiazko dorre metalikoak izanen dira, altzairu galbanizatuzkoak. Guztira 61 eta 67 m bitarteko garaiera izanen dute. Bata bestetik 500 m-ra egonen dira toki lauetan, eta 800-900 m-ra, beste aldagai batzuek (orografia, klima etab.) hala eskatzen duten tokietan. Beheko gurutzeten garaiera 23 eta 51,3 metro bitartekoa izanen da lurretik neurtuta. Euskarrien zimentazioa hormigoi armatuzko 4 bloke independentek osatuko dute, bata bestetik 10 metrora.

Linea elektrikoa egiteko aurrekontua 9.913.000 eurokoa da.

_Subestazioarena.

Subestazioa non egin erabakitzeko, 11 toki aztertu dira, denak ere Iruñetik 15 km erradioko inguruan daudenak. Izan ere, hiriak eta haren eskualdeak sortzen duten merkatu handia hornitzea da linearen helburua. Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren arabera ingurumenean eragin txikiena izanen duen kokalekua hautatu da. Iruñetik hegoaldera dago, Tiebas-Muru Artederretako udal mugapean, Muru Artederretako herritik 550 bat metrora, A-15 aurobidearen eta Alaizko mendilerroaren arteko zabalgune batean. Mendilerro horretako muinoek inguratzen dute.

Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioak dioenez, toki horrek baldintza tekniko eta ingurumen-baldintza egokiak betetzen ditu, kontuan izanik subestazioaren eta Muru Artederretako herriaren artean Carrascaleko kanpaleku militar abandonatua, A-15 autobidea eta trenbidea daudela babes fisiko modura, eta subestazioa herritik ikusteko oztopo egiten dutela. Ingurua ia erabat laua da eta gizakiaren jarduerek nabarmen eraldatu dute. Badaude bi fabrika eta paletak erreziklatzeko lantegi bat; azken hori lekuz aldatzekoa da.

Subestazioak, guztira, 6 hektarea inguruko eremua hartuko du (197 m x 312 m).

Subestazioko sarbidea lehendik dagoen bide bat izanen da. N-121 errepidetik abiatu, A-15 autobidea azpitik zeharkatu eta, autobidearekin alboz albo, subestazioa eginen den lurzatiaren hegoalderaino iristen da. Puntu horretatik aurrera 20 metroko bide berria egin behar da.

Subestazioak osagai hauek izanen ditu: zerupeko parke elektriko bakarra, 400 kV-ekoa (bertan paratuko dira babes eta maniobra tresnak, parkeari eutsiko dioten egitura metalikoak eta funtzionamendu egokirako behar diren gainerako elementuak); aginte eta kontroleko eraikina (aginte eta kontroleko gela, komunikazio gela, zerbitzu osagarrien gela, aldagelak, agiritegia eta komunak izanen ditu); errele-etxola bat kale bakoitzeko, eta komunikazioetarako beste instalazio batzuk.

Eraikin horiek lurzatiaren hegoaldean eginen dira, sarbidetik hurbil. Kontrol eraikinak 22 x 30 metroko oin errektangularra izanen du. Fatxadak fabrikazkoak izanen ditu eta teilatua laua.

Zerupeko parkearen azaleko akabera kare legarrez eginen da.

Subestazioaren eremu osoa hesiz babestuko da. Hesiak altzairuzko zutoin metalikoak izanen ditu, eta sare metalikoa, hormigoizko hormatxoan txertatua. Hesiaren garaiera, guztira, 2,3 m izanen da.

Subestazioa egiteko aurrekontua 10.952.637,01 eurokoa da.

IV._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Proposaturiko instalazioek, oro har, lur urbanizaezinetan izanen dute eragina. Ukitutako herrietan indarra duten hirigintzako planeamenduak azterturik, proiektaturiko azpiegiturak lurzoru urbanizaezin mota guztiak babesteko araubidearekin bateragarriak direla dirudi. Hala ere, komeni da ondokoak kontuan hartzea:

_Altxonbideak eta bideak: linearen euskarriak altxonbide eta bideen kanpoko ertzetik hiru metroko distantziara paratu beharko dira, gutxienez.

_Bide sarea (errepideak eta A-15 autobidea): euskarriak paratzeko eta bideen eraginpeko eremuetan beste edozein obra egiteko, baimena eskatu beharko zaio Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.

_Gasbideak: proiektaturiko lineak hainbat tokitan zeharkatzen ditu Larrau-Arnedo eta Kalagorri-Iruña gasbideak eta haien adarrak, baita Erriberako gas sarearen hainbat hodi ere (Mendabia-Zarrakastelu, Marcilla-Cadreita-Valtierra, eta haietatik Milagro eta Castejonera doazen adarrak). Azpiegitura horiek guztiak eta haien zortasun eremuak kontuan hartu beharko dira obrak egiten direnean.

_Oliobidea: Miranda de Ebro-Zaragoza ardatzetik Iruñera doan oliobidea ere aintzat hartu beharko da obrak egiten direnean.

_Ibaiak: ibaietako polizia eremuetan euskarriak paratzeko eta beste edozein obra egiteko, baimena eskatu beharko zaio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

_Oraingo trenbide sarea eta aurreikusita dagoena (Abiadura Handiko Trena): obrak egiten direnean kontuan hartu beharko da oraingo trenbidea, sektorean indarra duen araudiari jarraituz. Halaber, Castejondik Iruñerrirako abiadura handiko trenbidearen trazadurarekin bateragarri egin beharko da. Trenbide horri buruzko informazio azterlana berriki jarri da jendaurrean.

_Nafarroako Ubidea: linea egiten denean kontuan hartu beharko da azpiegitura hori, baita haren zortasun eremuak ere, Canal de Navarra, S.A. enpresak gaiari buruz ematen duen informazioaren arabera.

_Linea elektrikoak eta telekomunikazioetakoak: proiektuan argindarra banatzeko eta telekomunikazioetako zenbait linearekiko gurutzaketak aipatzen dira; gurutzaketa horiek arloan indarra duen araudia betez egin beharko dira.

_Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriak eta beste ureztapen eremu batzuk: proiektaturiko lineak eragina izanen du Nafarroako Ubideko zenbait eremu ureztagarritan eta beste ureztapen eremu batzuetan. Beharrezkoa da, horregatik, espedientea onetsi aurretik txostena aurkeztea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

_Erabilera publikoko mendiak: aurreko atalean esandakoaren ildo beretik, erabilera publikoko mendietan lineak izanen duen eraginaren gaineko txostena aurkeztuko zaio Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari (Erriberriko, Tafallako eta Barasoaingo udal mugapeak).

Halaber, bidezkoa da beste ohar batzuk egitea hurrengo elementuen gainean:

_Departamentuan tramitatzen ari da Nafarroako erdialdeko azpiegitura eolikoen UPSAko aldaketa bat, DERSAk sustatua. Aldaketa horrek Caraquidoyako parke eolikoaren instalazioa aurreikusten du, eta proiektaturiko lineak parkearen zati bat ukituko luke. Bada, aipatu espedientearen azken emaitza edozein izanik ere, komenigarritzat jotzen da linearen trazadura parkearekin bateragarri egitea. Ezerk ez du eragozten jarduketa hori, eta ez litzateke beharrezkoa izanen, itxuraz, linearen trazaduran aldaketa handirik egitea.

_Tafallako udal mugapean, linearen trazaduratik ehun bat metrora eta harekin lerroz lerro aireontzien pista bat dago, El Plano mendian. Noizbehinka erabiltzen da, batez ere udan. Linearen euskarriak 20 bat metro nabarmenduko dira pista horretako sestratik gora, eta inguruabar hori kontuan hartu beharko da aireontzien mugimenduei trabarik ez egiteko. Beraz, behar diren neurriak hartuko dira.

Ondare historikoari dagokionez, alderdi hauek azpimarratu behar dira:

_Muru Artederretako subestazioko sarbide izanen den bide-adarrean, gaur egun Donejakue Bideak tarte labur bat hartzen du. Beraz, bide-adar horretan egin beharreko jarduketen artean, oinezkoen zirkulazioa errazteko jarduketak sartuko dira.

_Beste alde batetik, proiektuan ez da aipatzen lineak ondare historikoaren gainean eraginik izan ote lezakeen. Hortaz, espedientea onetsi aurretik horren gaineko txostena aurkeztu beharko zaio Vianako Printzea Erakundeari.

Esanak esan, nabarmendu beharra dago linearen trazadurak oso eragin berezia izanen duela Marcillako udal mugapean. Izan ere, industriarako hiri lurzoruko eremu bat zeharkatzen du, "6. sektorea", A-15 autobideko ordainlekuaren eta NA-660 errepidearen bitartean, eta bertan badago industria bat lehendik instalaturik. Trazadurak eragina izanen du indarra duen planeamenduak aurreikusten duen handitze proiektuan, bai eta kirol eta gizarte ekipamendurako lurzati banatan ere.

Bada, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 161. artikuluak, honelako lineak direla eta, bide zortasunak ezartzeko mugak jartzen ditu. Aztergai dugun kasuan badirudi ezinezkoa izanen dela horiek betetzea, eta egokitzat jotzen dugu trazadura aldatzea, hots, tarte honetan linearen trazadura azukre lantegiko eremuaren eta udalerriko mugaren artean pasatzea.

Aipatzekoa da, halaber, Erriberriko kanpinaren plan bereziaren aplikazio eremuak jasanen duen eragina. Aplikazio eremuak bai, baina kanpinak berak ez du eragin nabarmenik jasanen, lineatik 380 bat metrora egonen baita.

Azkenik, proiektuak ez ditu aipatzen proiektaturiko azpiegiturek berekin ekarriko dituzten ukipen eta zortasunak, ez eta linea abian jartzen denean ukipen eta zortasun eremuek izanen duten babes araubidea ere. Aurkeztu den proiektuari alderdi horiek guztiak erantsi beharko zaizkio.

VI._Ingurumenaren gaineko gogoeta.

Espedienteari ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura egin zitzaion eta Ingurumen Ministerioak eraginaren deklarazioa egin zuen. Hartan adierazi zuen proiektua bideragarria zela ingurumenaren aldetik.

Eraginari buruzko azterlanean, Muru Artederretako subestazioa eta linea elektrikoaren korridorea egiteko aukera guztiak aztertu eta baloratu dira. Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioak dioenez, subestazioa egiteko aukeratu den tokiak baldintza tekniko eta ingurumen-baldintza egokiak betetzen ditu, eta linearen korridoreak ez du zuzeneko eraginik natur eremu babestuetan, estepako hegaztientzat garrantzia duen eremuan, hegazti asko iragan ohi den eremuetan edo basoetan. Interes geologikoko eremuetan ere ez du eraginik, ez eta ondare historiko-artistikoaren elementuetatik hurbil dauden eremuetan ere.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean, ustez sor litezkeen eraginen eta horiek zuzentzeko neurrien zerrenda osoa jaso da. Bestalde, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioan baldintza batzuk ezarri dira, ingurumena zaintzeko programan sartu beharrekoak. REEk programa hori aurkeztu beharko du bai obra aldirako eta bai ustiapen aldirako ere.

Eraginaren deklarazioan nabarmentzen diren neurri zuzentzaileen artean, aipagarriak dira euskarriak paratzeko erabiliko diren zimentazio eta sarbideei dagozkienak. Izan ere, neurri horiek ezarrita landaretza ahalik ondoen zainduko da kaltea jasateko arrisku gehien duen tokietan (zuhaiztiak, galtzeko zorian dauden espezieak ustez hazten diren eremuak, jatorrizko landare komunitateek dirauten guneak, lurzoru galkorreko eremuak edo toki malkartsuak). Neurri zuzentzaileak ezartzen dira hegaztien gaineko eraginari aurrea hartzeko, eta lurreko kableetan txorientzako babesak instalatu beharko diren tarte guztiak zehazten dira. Azkenik, obrek ukituko duten ingurua landareztatu eta lehengoratzeko baldintzak ezartzen dira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko uztailaren 2an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Muru Artederretako 400/200 kV-eko subestazioa eta Muru Artederretako eta Castejongo subestazioen arteko zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko linea egiteko proiektua", Red Eléctrica de España, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, aipatu foru legean agindutakoa betetzeko.

2. Espedientea behin betikoz onetsi baino lehen sustatzaileari ondoko txostenak aurkeztu behar dituela adieraztea:

_Foru organo eskudunaren txostena, ondare historikoaren babesari buruzkoa.

_Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren txostena, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrien eta beste ureztapen eremu batzuen gaineko eraginari buruzkoa.

_Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostena, erabilera publikoko mendien gaineko eraginari buruzkoa.

3. Sustatzaileari adieraztea bidezkoa dela linearen trazaduraren aldaketa aztertzea Marcillako udal mugapean, erabaki honen azalpen zatiko "Hirigintzaren eta lurraldearen gaineko gogoeta" atalean azaltzen diren arazoak saihesteko.

4. Bestalde, sustatzaileak UPSAn sartu beharko du linearen zortasun eta babes araubidea, eta erabaki honen azalpen zatiko "Hirigintzaren eta lurraldearen gaineko gogoeta" atalean aipatzen diren gainerako neurriak hartu beharko ditu eraikuntza proiektuan edo, kasua bada, obrak egiterakoan.

5. Deklarazio honek ez ditu deusetan galaraziko proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak.

6. Espedientea, gutxienez hilabeteko epean, aldi berean jendaurrean eta instalazioek mugapea ukitzen dieten udalen entzunaldian jartzea.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), eta zilegi izanen da epe horretan nahi adina alegazio idatzita aurkeztea.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurakoari, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Turismokoari eta Kulturakoari jakinaraztea, baita Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Canal de Navarra, S.A. enpresari, sustatzaileari eta Castejon, Valtierra, Cadreita, Villafranca, Marcilla, Azkoien, Falces, Erriberri, Tafalla, Artaxoa, Barasoain, Añorbe, Biurrun-Olkotz, Untzue eta Tiebas-Muru Artederretako udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3229124