109. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

77/2003 FORU AGINDUA, uztailaren 1ekoa, Osasun kontseilariak emana, Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa garatzen duena.

Apirilaren 7ko 69/2003 Foru Dekretuak, Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzari buruzkoak, hortz-haginetako osasun laguntza oinarrizkoa ziurtatutzen die, dohainik, Nafarroan bizi diren 6 urtetik 18ra bitarteko haur eta gazte guztiei, betiere 1988ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak badira.

Foru dekretu horrek finkatutako esparrua dela-eta, foru agindu honen xedea da Programako aho-hortzetako osasun jarduerak eta prestazioak zehaztea, sektore pribatuarekiko itunak egitea eta programan parte hartu behar duten mediku estomatologo edo odontologoak gaitzea.

Horrenbestez, eta apirilaren 7ko 69/2003 Foru Dekretuaren azken xedapenetan lehenbizikoak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Osasun prestazio onartuak:

Apirilaren 7ko 69/2003 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren aho-hortzetako osasun prestazioen barrenean hauek egonen dira:

1._Ahoko osasun egoera diagnostikatzeko azterketa.

Aho barrunbearen osagai guztien azterketa zehatza, estomatologo edo odontologo arduradunak egina. Horretarako, medikuak kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen dituen metodo diagnostikoak erabiliko dira. Azterketa erradiografikoa, azterketa honen parte den aldetik, hortz-haginetako patologiaren garrantziak hala aholkatzen duenean eginen da. Gutxienez urtean ahoko osasun azterketa bat eginen da. Gutxienekoa hori da, baina profesionalak, beharrezkoa iruditzen bazaio, urtean bi azterketa edo gehiago egitea agindu lezake.

2._Higieneari eta dietari buruzko osasun jarraibideak:

Azterketa diagnostiko guztietan osasun jarraibide batzuk emanen dira ohitura osasungarriak sustatzeko, bai dietari buruzkoak bai ahoko higieneari buruzkoak. Jarduera hori laguntza hartzen duen pertsonarekin eta haren guraso edo tutoreekin eginen da, aho-hortzetako osasuna zaindu eta hobetzeko arduraz jabe daitezen.

3._Behin betiko haginetako artekak ixtea.

Behin betiko lehenbiziko hagin osasuntsuetako artekak itxiko dira, baldin eta 4 urte baldin badituzte gehienez aterata, "CAOD" indizea zerotik goitikoa denean edo "cod" indizea batetik goitikoa denean, hau da, behin betiko hortzetan txantxarren bat edo behin-behineko haginetan txantxar bat baino gehiago duenean edo izan dunean.

Behin betiko bigarren haginetako artekak ere itxiko dira, baldin eta 4 urte baino gutxiago badituzte aterata, "CAOD" indizea zerotik goitikoa denean, hau da, behin betiko hortzetan txantxar bat baino gehiago duenean edo izan duenean.

Itxiko dira, bestetik, egoera bereziren bat dela-eta txantxarra izateko arrisku handia dutenen behin betiko haginetako artekak ere.

4._Behin betiko hortz-haginak butxatzea:

Behin betiko hortz edo hagin batean txantxarra atzemanik, eta hondamena gelditzerik edo birmineralizatzerik ez dagoela iritzirik, aurrera egiten baitu bixi-bixi, gai iraunkor bat erabiliz butxatuko da, betiere, kasuan kasu, ahalik eta teknika kontserbatzaileenetara joaz hortz-haginik kendu beharrik ez izateko.

5._Behin betiko hortz-haginen mamiaren tratamendua:

Hortz-haginen mamiaren inflamazioak sendabiderik ez badu, eta sendagileak egoki baderitzo, mamian behar den tratamendua eginen da.

6._Behin-behineko eta behin betiko hortz-haginak ateratzea:

Mamiaren tratamendua egitea egokia ez den kasuetan, hortza edo hagina aterako da. Halaber, behin-behineko hortz-haginak kenduko dira, beharrezkoa baldin bada. Ortodontziaren ondorioz hortz-haginak atera beharra prestazioetatik kanpo geldituko da.

7._Behin betiko hortz-haginen tratamendu periodontala. Terapia periodontalaren barrenean, baina ez arrazoi estetikoengatik, hauek eginen dira:

_Profilaxia: pigmentazio estrinsekoa edo lertzo biguna kentzea eta/edo hortz eta haginen azala garbitzea, eskuilaz edo kopaz eta profilaxirako oreaz.

_Tartrektomia: lertzo gogorra kentzea, ultrasoinuak erabiliz edo erabili gabe, eta, azkenik, azalak garbitzea.

8._Aho-hortzetako larrialdien tratamendua:

Helburu nagusia mina kentzea izanen da; behin betiko hortz-haginak badira, tratamendua osoa izanen da, behin-behineko hortz-haginen kasuan, berriz, tratamendu aringarria besterik ez da eginen (botika bidezko terapia, aldi baterako ebakuntza edo mina ematen duen hortza kentzea).

9._Tratamendu bereziak:

9.1. Aho-hortzetako laguntza mota honetan, 69/2003 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 9. puntutik 12ra bitartean aipatua, tratamendu multzo hauek barnean gelditzen dira:

_Behin betiko ebakortz eta letaginen tratamendua, malformazioren bat dagoenean edo istripuen ondoriozko traumatismoetan, deusetan ukatu gabe, bigarren kasu honetan, hirugarrenek tratamenduaren gastua ordaindu beharra izan lezaketela.

_Fluoruroaren aplikazio topikoa.

_Ahoko kirurgiako ebakuntzak: apizektomia/kistektomia, atera gabeko edo erdizka ateratako behin betiko hortzen exodontzia, supernumerarioen exodontzia, aldi baterako hortz-haginen exodontzia ostektomiarekin, fenestrazioarekin eta ehun bigunen josturarekin.

_Protesien tratemenduak behin betiko hortz-haginetan: behin-behineko eta behin betiko koroak eta hortzondo itsatsia.

9.2. Aurreko puntuak aipatzen dituen tratamendu bereziak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ordainduko ditu, zuzenean, zerbitzu edo egintza medikoka. Nahitaezkoa izanen da, tratamendua fakturatu ahal izateko, aipatu erakunde autonomoko Aho-hortzetako Osasunaren Unitateak aurretik adostasuna adieraztea, salbu eta larrialdiko tratamendua denean. Osasun arrazoi hutsez atzeratu ezin den tratamendua besterik ez da hartuko larrialdikotzat.

9.3. Tratamendu bereziak, 9.1. atelean aipatutako lau tratamendu multzoetakoak, honako hauek dira:

a) Apizektomia/kistektomia (atzeranzko butxadurarekin edo gabe).

b) Apikoformazioa.

c) Behin-behineko koroak:

_Behin-behineko koroa, dentistak egina: dentistak berak egindako koroa, material akrilikoz edo antzeko materialarekin, hortz baten tailatuaren eta protesikoa egiten ari den koroa behin betiko baten zementazioaren artean jartzen dena.

_Behin-behineko koroa, protesikoak egina: aurreko kasuan bezalaxe, baina protesikoak egina.

d) Behin betiko koroak:

_Atzeko sektorean. Txantxarraren eta/edo malformazioen tratamendu gisa, koroaren parte handi bat hondatua dagoela-eta koro oso bat jartzea bidezkoa denean, metalezko koro soil bat sar liteke prestazio arrunt bezala. Prestazio hau gaixoa 12 urtetik goitikoa denean baizik ezin izanen da eman.

_Aurreko sektorean. Irizpide bera aplika liteke aurreko sektorean. Traumatismoak ere sartzen dira oraingoan, eta kasu horretan erretxinazko edo metal-erretxinazko koroa erabil liteke, zein ere den gaixoaren adina.

e) Endodontzia.

f) Atera gabeko edo erdizka ateratako behin betiko hortz bat ateratzea, foru agindu honen 2.4. artikuluan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

g) Supernumerario bat ateratzea.

h) Behin-behineko hortz edo hagin bat ateratzea, ostektomiarekin.

i) Fenestrazioa, ortodontziagatik egiten dena izan ezik.

j) Aurreko hortz-taldearen ferulizazioa.

k) Fluorizazio topikoa txantxarra izateko arrisku handia dagoenean (populazioaren % 5 inguru). Horretarako ondoko taulan ageri diren irizpideak erabiliko dira, deusetan ukatu gabe gaixoa txantxarrak aise ateratzeko moduan den egoera bereziak (salbu eta ortodontzia aparatua eramatea). Gehienez fluoruro aplikazio pare bat eman dakizkioke gaixoari urtean.

ADINA COD INDIZEA CAOD INDIZEA

6 urtetik 09ra _ 6 O _ 2

10 urtetik 12ra - _ 4

13 urtetik 15era - _ 5

16 urtetik 18ra - _ 6

l) Frenektomia.

m) Berregite-lan handia. Ondoko tratamenduak hartuko dira halakotzat (aurreko talde iraunkorrean):

_Traumatismoagatik: koroaren herenetik goitiko haustura horizontala berregitea, tratamendu endodontikoaren beharra izan duena.

_Malformazioagatik: koroa osorik berregiteko lana, material estetikoarekin.

n) Metalezko hortzondoa, itsatsia eta sustraibakarra: protesikoak egindako metalezko pieza, koroari eutsiko dion hortz bat berregiteko erabilia.

o) Erro barreneko bernoa, aurretik egina.

p) Behin-behinekoa, erretxinazkoa: mekanismo akrilikoa, gune-eusle gisara erabilia traumatismoen ondoriozko hortz-galeretan (aurreko hortz iraunkorrak).

q) Pulpotomia.

r) Berregiteko lana: halakotzat hartuko dira, aurreko hortz iraunkorren berregiteak, traumatismo eta malformazioen ondoriozko lesioengatikoak, "berregite handiak" izeneko atalean sartutakoak izan ezik.

s) Mamiaren zuzeneko estaltzea.

t) Hortz-haginak berriz ezartzea.

u) Ehun bigunen jostura, salbu eta aurreko tratamenduren baten parte direnak.

2. artikulua. Kanpo gelditzen diren osasun prestazioak:

1. Behin-behineko hortz-haginen zaintzea, salbu eta azterketa diagnostikoa, erauzketa ez ortodontzikoak eta larrialdiak.

2. Hortz-haginak ezartzea.

3. Ortodontzia lana, bai diagnosian bai tratamenduan.

4. Korden exodontzia, bi egoera hauetan izan ezik:

a) hantura edo kistea izatearen sintomatologia dagoenean.

b) sintomarik gabe ere, erdi atereak edo atereak daudenean, posizio mesioangeluarrean edo horizontalean.

5. Haur eta Gazteen Aho-hortzeko Osasun Laguntzaren Planetik kanpo dauden prestazioen ondorioz edo horietarako behar diren ebakuntzak.

3. artikulua. Sektore pribatuarekiko itunak egitea eta gaikuntza:

1. Sektore pribatuarekiko itunak, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 77. artikuluko eta hurrengoetako aurreikuspenen arabera, epe batzuei segituz eginen dira, eskaintza orokorraren bidez eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legean ezarritako betebeharrekin bat.

2. Estomatologo edo odontologo bat baino gehiagoko kontsulta edo klinikekin egin daitezke itunak, betiere programaren aho-hortzetako laguntzarako proposatutako profesionalek betetzen badituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak horretarako gaitzeko jarritako baldintzak.

3. Hortzetako kontsulta edo klinikek Nafarroako Foru Komunitatean egon behar dute nahitaez.

4. Gaikuntza lortzeko, laguntza eman behar duen profesionalak baldintzak hauek bete behar ditu:

a) Odontologo titulua edo estomatologiaren arloko mediku titulua izatea, legeria indardunaren arabera jarduera profesionalerako bidea ematen diona.

b) Lanbide Elkargoei buruzko legeria indarduna betetzea.

c) Frogatzea aho-hortzetako laguntza eskaini behar duen kontsulta edo klinikak, foru agindu honek eta 69/2003 Foru Dekretuak aipatuak, honakook dauzkala:

_Osasun zentro gisara funtzionatzeko baimena, Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuak emana.

_Aho-hortzetako osasun laguntzaren programaren barrenean dauden prestazioak egiteko tresneria.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Unitateak aldian-aldian antolatzen dituen eguneratze-ikastaroetan parte hartzeko hitza ematea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen jarraibide eta aholkuak betetzeko hitza ematea.

f) Itunaren Administrazio Klausula Partikularren eta Teknikoen Pleguek ezartzen dituzten gainerakoak.

4. artikulua. Dentista hautatzeko askatasuna:

1. Gaituta dauden odontologo eta estomatologoen zerrenda emanen zaie programaren onuradunei, libre aukeratu dezaten nahi dutena, foru agindu honen 5. artikuluan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

2. Guraso edo tutoreek gaixoaren aho-hortzetako laguntzaren fakultatibo arduraduna aldatzeko eskatzen ahal diote Aho-hortzeko Osasun Unitateari.

5. artikulua. Fakultatiboak gaixoak onartzeko prozedura:

Mediku estomatologo edo odontologoek eskubidea dute Aho-hortzetako Osasun Unitateari jakinarazteko ez dizkiotela osasun zerbitzuak eman nahi gaixoren bati, eta gaixo berriak ez hartzeko eskubidea ere izanen du, betiere halako kasuetan:

_Aho-hortzetako laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1aren aurreko 24 hilabeteetan, gaixoa programaz baliatu ez bada.

_Gaixoa, aurretik abisatu gabe, hartutako azkeneko bi hitzorduetan agertu ez bada.

_Gaixoekin edo beren arduradunekin liskar larririk baldin badago.

Halako kasuetan, Aho-hortzeko Osasun Unitateak, egoera azterturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren sareko aho-hortzetako kontsulta batera bidal dezake gaixoa, eta bertan eginen dira behar diren tratamentuak, programak bere gain hartzen dituenetatik. Geroago, gaixoaren arduradunek askatasunez hautatuko dute dentista, programakoen artean.

6. artikulua. Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak finkatuko ditu Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa ezarri, garatu eta ebaluatzeko behar diren kontrol eta kalitate bermerako baliabideak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, bereziki osasun kontseilariak 1991ko otsailaren 18ko Foru Agindua.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren lehenean._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: C3212923