95. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A R A Ñ A I N

Barañaingo udaltzain izateko bi lanpostu betetzeko deialdia

Gobernu Batzordeak aurtengo otsailaren 27an hartu erabakiaren bitartez, Barañaingo udaltzain izateko bi lanpostu betetzeko deialdia eta baldintzak onetsi ziren, oinarri hauekin bat.

Barañainen, bi mila eta biko ekainaren hamaikan. Alkatea, Joaquín Olloqui Osés.

BARAÑAINGO UDALTZAIN IZATEKO BI LANPOSTU BETETZEKO DEIALDIA

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Barañaingo udaltzain izateko bi lanpostu betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Barañaingo Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain erregimen horren babespean geldituko dira. Otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte. Deialdi honen helburu diren lanpostuak betetzeko izendatuko diren funtzionarioek, dagoeneko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainontzeko xedapen gehigarriek jasotzen dituzten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte-laguntzaren erregimenera afiliatuta baldin badaude, honetan segitzeko nahiz Gizarte Segurantzakora afiliatzeko aukera izanen dute.

1.3. Izendatuek aipatu Foru Legean ezarritakoetatik, C maila izanen dute.

1.4. Izendatuek organo eskudunek haien gain utzitako eginkizunak beteko dituzte, Udaltzaingoari dagozkionak badira.

1.5. Lanaldi sistema zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Barañaingo udalerrian finkatuko dute beren helbidea.

1.7. Lanpostu hutsak honela banatuko dira: lehena txanda irekirako izanen da, eta bigarrena, txanda murrizturako.

1.8. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen diren txanda murriztuko lanpostu hutsak txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Orobat, igoera txandan, lanpostu hutsak baino gehiago badira probak gainditzen dituzten izangaiak, lanpostu gabe gelditutakoek txanda irekiko izangaiekin lehiatuko dira, zein bere azken puntuazioarekin.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetara onartuak izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Batxiler titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikorik ez izatea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko altuera bederen izatea eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

2.2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko 15. artikuluarekin bat (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua), igoera txandako lanpostu hutsa eskuratzeko aurkezten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten funtzionarioak:

a) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

b) Deialdian eskatzen den titulazioa edukitzea eta Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua izatea. Otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeko 39. artikuluan xedatuarekin bat (uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legean emandako testuaren arabera), Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioek benetan zortzi urtetan zerbitzuak eman dituztela frogatuko dute.

c) Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) letran adierazitako baldintzen ordez, nahikoa izanen da Administrazio Publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua frogatzea.

2.3. Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea akitzen denerako bete beharko dira, g) letrako baldintza salbu, oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.3 oinarrian ezartzen den bezala.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Barañaingo Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko, egun balioduna bada, edo hala den hurrengoko 14:00ak arte. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Ereduak Barañaingo Udaleko bulego orokorretan eskura egonen dira. Haietan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako oposizioan parte hartzeko eskatu baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Eskabidearekin batera osasun ziurtagiri ofiziala beharko dute aurkeztu, izangaia 1. eranskinean ageri diren proba fisikoak egiteko gai dela dioena, eta izen-emate eskubideetarako 6,55 euro ordaindu izanaren frogagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkate jaunak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitalpen horren ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo egindako akatsak zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta behin horiek ebatzita direla, alkate jaunak, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5. oinarria.-Oposizioa nola eginen.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko da zein toki, egun eta ordutan hasiko diren oposizioaren ariketak. Lehenengotik aurrerako probetarako iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe adieraziko da, baita Udaletxeko iragarki oholean, 48 ordu lehenagotik.

Bi txandetako probak, hala murriztukoak nola irekikoak, egun eta ordu beretan eginen dira.

5.2. Oposizioak fase hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen fasea, proba hauekin:

Altueraren neurketa:

Probak hasi baino lehenago, izangaien altuera neurtuko da, 2.1.e) oinarriko baldintza frogatzeko.

a) Lehen proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertu eta puntuatzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatzen duen ordenan eginen dira ariketak.

Edozein izangai antidoping kontrola egitera behartuta egonen da, ariketak egin bitartean edo beste edozein unetan, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak, dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Baztertuta geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

b) Bigarren proba.

Honelakoa izanen da:

1. Idatzizko ariketak eginen dira deialdi honen 2. eranskineko gaiei buruz (legeria eta erakundeak). Zozketaz aukeratutako gaiak azaldu beharko dira, edo test moduko galderei erantzun edo bi gauzak batera, epaimahaiak zer erabaki.

2. Matematika, Fisika edo Kimikako hamar problema egitea. Horretarako, aski izanen dira Batxilergoko edo horren pareko mailako ezagupenak.

3. Ortografia eta idazketa ariketa bat.

c) Hirugarren proba.

Zenbait ariketa psikotekniko egin beharko da, izangaiak lanpostuaren eskakizunei zenbateraino egokitzen zaizkien zehazteko. Proba hori Nafarroako Gobernuko Psikologia Aplikatuaren Institutuaren laguntzaz eginen da.

5.2.2. Hautapen faseko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

Salbuespenez, eta altuera neurtzeko proba, proba fisiko eta psikoteknikoetarako, interesatuek hala eskatzen badute, deietan aurreikusitako ordena aldatzen ahalko da.

5.2.3. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa.

NAPIren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du Oinarrizko Prestakuntzaren Ikastaroa.

Hautapen fasea gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da 2 ikaslerena, hots, deialdiko lanposturena, baino handiagoa izanen. Prestakuntza ikastarora onartzen ez diren gainerako izangaiak baztertuta geldituko dira.

Prestakuntza Ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzen denetik hamabortz egun naturaleko epean, izangaiek frogatu egin beharko dute eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako 2.1 oinarriaren a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eta Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroan behin-behinekoz onarturiko izangaien zerrenda argitaratzen denean, oinarri hartako g) baldintza betetzen dutela. Horretarako dokumentazio hau aurkeztuko dute:

-Jaiotze aktaren ziurtagiria, Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

-Lanbide Heziketako 2. mailako titulua edo baliokideren bat.

-B.T.P. eta A motako gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko agindua emanen du, 3. eranskinean zehaztutako gaitasun fisikoa frogatzeko. Udalak erabakiko du zein erakundek eginen duen osasun azterketa hori, eta horren bidez adieraziko da izangaia gai oten den deialdiko lanpostua betetzeko.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du Prestakuntza Ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondoren.

Ikastaroa gainditu egin beharko da eta gutxienez bederatzi hilabete iraunen du. Ikasgai teoriko eta praktikoak izanen ditu, eta azken horiek hiru hilabete bederen iraunen dute.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiak Barañaingo Udalaren zerbitzuko praktikako funtzionarioak izanen dira, eta Barañaingo Udaleko funtzionarioen enplegu baldintzei buruzko erabakian ezarritako lansariak jasoko dituzte.

Epaimahaiak Oinarrizko Prestakuntza Ikastarotik baztertu ahalko du edozein ikasle, ikastarora ez joateagatik, diziplina, errespeto, aprobetxamendu eta puntualitate faltagatik; baita ikastaroko barne araubideko arauak (deialdi honen eranskinetako batean baitaude) eta horietan egiten den edozein aldaketa ez betetzeagatik ere.

Ikastarotik baztertua izanez gero, deialdian segitzeko eskubidea galduko da, eta beka ere galduko da, egotzia izan eta une berean.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketa bakoitza "gai" edo "ez gai" kalifikatuko da.

I. eranskineko edozein ariketatan "ez gai" kalifikazioa duten izangaiak baztertu eginen dira.

6.2. Bigarren probako azterketak honela kalifikatuko dira:

-II. eranskineko gaiei buruzko azterketa 0 eta 50 artean kalifikatuko da.

-Matematika, fisika edo kimikari buruzko azterketa, 0 eta 25 artean kalifikatuko da.

-Ortografia eta/edo idazketari buruzko azterketa ere 0 eta 25 artean kalifikatuko da.

Baztertuak izanen dira bigarren probako ariketa bakoitzean puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

6.3. Hautapen faseko hirugarren probako ariketa psikoteknikoei 0tik 70 puntura bitarteko kalifikazioa emanen zaie, betiere egindako txosten teknikoari jarraikiz.

"Ez gai" deklaratuko dira eta hortaz, deialditik baztertuko, gutxienez ere 35 puntu lortzen ez duten izangaiak.

6.4. Gaiak landu behar badira, epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du kalifikazioa eta ariketaren puntuazio osoa kalifikazio guztien banazbertzeko aritmetikoa izanen da.

Epaimahaikideek emandako gehieneko eta gutxieneko puntuazioen artean, ariketaren baldintzetan aurreikusi puntuazioaren % 30 baino tarte handiagoa badago, bi muturretako puntuazioak alde batera utziko dira; gainerako puntuazioak erabiliko dira banazbertzeko aritmetikoa ateratzeko.

6.5. Prestakuntza Ikastaroak "gai" edo "ez gai" kalifikazioa izanen du. "Ez gai" kalifikazioa eskuratzen duen izangaia baztertuta geldituko da deialditik.

6.6. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa hautapen faseko puntuazioak batuz ateratzen dena izanen da.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduketa.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Barañaingo alkatea.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duen pertsona.

Mahaikidea: Jesús García Martínez jauna, Barañaingo Udaltzainen burua.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duen pertsona.

Mahaikidea: David Iriarte Aguirre jauna, Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duen pertsona.

Mahaikidea: Iruñeko udaltzainen ordezkari bat.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duen pertsona.

Mahaikidea: udal funtzionarioen ordezkari bat.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duen pertsona.

Mahaikide idazkaria: Udalekoa (ez du botorik).

Ordezkoa: titularrak izendatzen duen pertsona.

7.2. Epaimahaia eratzeko mahaiburuak deia egin beharko du, probak hasi baino lehen.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen ez bada.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Prestakuntza Ikastaroa akiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara ateratzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du probak gainditu eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaien alde.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi eta ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, izendaturiko izangaiek zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena, ezin izanen da izendatu.

9. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Alkate jaunak Barañaingo funtzionario eta udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean sartutako izangaiak, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen badute, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza, izendapenaren jakinarazpenetik aitzina. Izangairen batek, aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu funtzionario izateko.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka, hauetako errekurtsoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arlo bereko Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza edo erabaki hori jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, eta aldez aurretik ebazpena eman duen organoari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanda; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

d) Epaimahai kalifikatzailearen erabakien aurrean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Gobernu Batzordeari zuzendua, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

1. ERANSKINA

Lehen probari dagozkion ariketak.

1.-Abiadura lasterketa: 100 metro.

Hasierako jarrera: zutik, geldirik, irteera marraren atzean.

Ez da zilegi takoak erabiltzea, ezta eskuekin lurra ukitzea ere.

Egiteko modua: ateratzeko agindua aditu ondoan, izangaiak 100 metro egin behar ditu lasterka ahalik eta denbora laburrenean, eman zaion kaletik atera gabe.

Kanporatua geldituko da baliorik gabeko bi irteera egin edo kaletik ateratzen dena.

Puntuazioa:

GIZONEZK. EMAKUMEZK. KALIFIKAZIOA

14,5"-tik goiti 16''-tik goiti Ez gai

14,5'' edo gutxiago 16'' edo gutxiago Gai

Ehunenak kendu eta geratzen dena izanen da marka.

2.-Baloi medizinala jaurtitzea.

Hasierako jarrera: zutik, jaurtitzeko marraren atzean, simetrikoki jarrita, baloia buruaren atzean, bi eskuekin helduta.

Gizonezkoek 5 kilogramoko baloia jaurtikiko dute eta emakumeek 2 kilogramokoa.

Ez da zilegi oinak mugitzea, baina bai orpoak altxatzea.

Jaurtiki ondoren, ezin da lurra ukitu marra aurretik gorputz atal bakar batekin ere.

Bi saio egin daitezke, bata bertzearen ondoren, eta bietatik onena puntuatuko da.

Kalifikazioa:

GIZONEZK. (5 kg.) EMAKUMEZK. (2 kg.) KALIFIKAZIOA

5,9 m. baino gutxiago 6,5 m. baino gutxiago Ez gai

5,9 m. edo gehiago 6,5 m. edo gehiago Gai

3.-Erresistentzia-lasterketa (Cooper testa).

Hasierako jarrera: abiadura lasterketan bezalakoa.

Egiteko modua: lasterka edo oinez, edo bi modu hauek erabiliz, 12 minututan ahal den distantziarik handiena egitea. Lasterketa utzi eta gelditzen den izangaia baztertua izanen da.

Puntuazioa:

GIZONEZK. EMAKUMEZK. KALIFIKAZIOA

2.400 m. baino gutxiago 2.000 m. baino gutxiago Ez gai

2.400 m. edo gehiago 2.000 m. edo gehiago Gai

4.-Igeriketa: 50 metro.

Hasierako jarrera: zutik, igeritokiaren kanpoko bazterrean.

Egiteko modua: igerian 50 metro egitea ahalik eta lasterren.

Ez da utziko kortxoetan sustengatzen, ezta indarra hartzen ere igerilekuko hondoaren kontra, eta bazterturik geldituko dira hori betetzen ez dutenak.

Halaber, bazterturik geldituko da baliorik gabeko irteera bi aldiz egiten duena.

Puntuazioa:

GIZONEZK. EMAKUMEZK. KALIFIKAZIOA

57''-tik goiti 60''-tik goiti Ez gai

57'' edo gutxiago 60'' edo gutxiago Gai

Ehunenak kendu eta geratzen dena izanen da marka.

Probak egiteko arropa egokia ekarri beharko dute izangaiek; bereziki, igeriketako proba egiteko txanoa.

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta bestelako organoak. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak.

2.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Eskubideak eta askatasun publikoak: zein diren esan eta sailkapena eman. Haien babes juridikoa.

3.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Izaera eta esanahia. Nafarroako foru erakundeak. Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Erakundeen eskumenak eta osaera. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua.

4.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

5.-Barañainen egungo eraketa: zerbitzuak. Bide sarea. Hirigintzako garapena. Barañaingo Udalaren antolaketa politikoa eta administratiboa. Eskumenak eta egitekoak.

6.-Administrazio prozedura: Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea. Azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

7.-Toki Administrazioa: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea. Toki entitateen arauak: ordenantzak, erregelamenduak eta bandoak.

8.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea: administrazioaren eskuhartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabilpenean eta hirigintzako diziplina (VI. Titulua).

9.-Trafikoa eta Bide Segurtasuna: Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua. Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra onesten duen urtarrilaren 17ko 13/1992 Errege Dekretua.

10.-Gidarien gaineko arauak: Gidarien Erregelamendu Orokorra onesten duen maiatzaren 30eko 772/1997 Errege Dekretua: I, III eta V. Tituluak.

11.-Trafiko, ibilgailu motoredunen zirkulazio eta bide segurtasunaren gaineko zehapen prozedurako erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretua.

12.-Autonomia Erkidegoetako, Udaletako eta Estatuko Segurtasunaren Indar eta Kidegoei buruzko oinarrizko arauak. Gaiaren gaineko foru arauak.

13.-Prozedura Kriminaleko Legea: VI. titulua, II eta IV. kapituluak. Herritarren Segurtasunari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa. Habeas corpus prozedura.

14.-Kode Penala: I. liburua, I eta II. tituluak.

3. ERANSKINA

Baztertze taula. 101/89 Foru Dekretua, apirilaren 27koa

1.-Altuera.

Gutxieneko altuera: 1,70 metro gizonezkoek, 1,65 emakumezkoek.

2.-Loditasuna.

Pisu teorikoaren ehuneko 15etik goitiko loditasuna, pisua ondoko formula honen bidez kalkulatua:

pisu teorikoa = (taila cm-tan - 100) x 1,1.

3.-Behin behineko baztertzeak.

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo lesio larriak, azterketa momentuan aktiboak, polizi lanetan galarazi edo traba egin dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, azterketarako bertze epe bat ematen ahalko da.

4.-Behin-betiko baztertzeak.

4.1. Begia eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabekoa, ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino guttiagokoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia radiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.5. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bertzelako prozesu patologikoak, osasun epaimahaiaren ustetan, begi zolitasunari nabarmenki traba egiten diotenak.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokiolarik, 35 dezibeletan 1.000tik 3.000 hertziora bitarteko galera izatea edo 45 dezibeletan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bertzelako baztertzeak.

4.3.1. Ibiltze aparatua: ibiltze aparatuaren aldaketak, polizi lanetan aritzea galarazten badute, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, osasun epaimahaiaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputzadarretako hezur patologia, giltzadura edo giharretan sorburu duten uzkurdura edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko okerrak eta bertzelako hezur, gihar edo giltzadurako gaitzak).

4.3.2. Digestio aparatua: osasun epaimahaiaren ustetan, lanpostuan aritzea galarazten duen edozein digestio-gaitza.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua. Edozein motatako arteri hipertentsioa, lasai egonik honek ez baitu presio sistolikoan 145 mm/Hg zifratik goiti egin behar ez eta presio diastolikoan 90 mm/Hg zifratik goiti ere; barizeak edo azaleko zainen gutxiegitasuna, baita edozein patologia edo zirkulazio-gaitz ere, osasun epaimahaiaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten badute.

4.3.4. Arnas aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko trabatzailea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta arnas aparatuko edozein gaitz, polizi lanean aritzea eragozten badu.

4.3.5. Nerbio-sistema: epilepsia, depresioa, txaketena, edozein motatako daldarak, alkoholismoa, toxikomaniak eta polizi lanean aritzea eragozten ahal duten bertzelako gaitz patologikoak.

4.3.6. Larrua eta fanerak: psoriasia, ekzema, funtzio murriztapena dakarten orbainak eta bertzelako gaitz patologikoak, polizi lanpostuan aritzeko galarazi edo mugatzen badute.

4.3.7. Bertzelako gaitz patologikoak: diabetea, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko eritasunak, eritasun inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta epaimahai medikoaren ustetan polizi lanpostuan aritzea galarazi edo oztopatzen duten bertzelako prozesu patologikoak.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Jaun txit argi hori

Izena: .................

Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ................

Bizitokia: ......................

Karrika: ........... Zenbakia: ... Solairua: ....

Telefonoa: ..............

Azaltzen dut:

Barañaingo udaltzain izateko 2 lanpostu betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide honi osasun ziurtagiri ofiziala erantsi diodala, eta hartan frogatzen dela gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, baita izen-ematearen eskubideak ordaindu izanaren frogagiria ere.

Lanpostu honetarako aurkezten dela:

f Txanda irekia.

f Txanda murriztua.

Horrenbertzez,

Erregutzen dut: eskabide hau bere garaian eta behar bezala aurkeztua izanik, honako honen sinatzailea bainaiz, onartua izan nadila udaltzain izateko oposizio horretan.

Barañainen, 2002ko .........................aren ..............(e)an.

BARAÑAINGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: A0206731