95. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko uztailaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Ribaforada eta Fustiñana arteko errepidearen trazadura berria" egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duena.

I.-Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak, 2001eko irailaren 10ean egindako bilkuran, erabaki zuen "Ribaforada eta Fustiñana arteko errepidearen trazadura berria" egiteko proiektua, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea. Horrekin batera, proiektua eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana jendaurrean jartzea eta instalazioek ukituriko lurretako udalei entzunaldia ematea erabaki zen. Bi izapide horietarako hilabeteko epea finkatu zen.

Jendaurrean egoteko epea inolako alegaziorik aurkeztu gabe amaitu da.

II.-Ekarritako dokumentazioa eta haren edukia

II.1. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendariaren idazkia.

NILSAk Fustiñanan eta Ribaforadan jarri nahi dituen kolektoreak proiektatu gabe daudela dio. Dena dela, obrak hasi aurretik, enpresa publiko horrekin harremanetan jarriko dira, jarduketak koordinatzearren, betiere egin beharreko lanak ordurako zehaztuak baldin baditu.

II.2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren txostena.

Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak adierazi du errepide berriak Ribaforadako eta Fustiñanako ureztaketa-lur batzuk gurutzatuko dituela.

Ribaforadako mugapean, errepidearen trazadura bat dator lurzatien berrantolamenduko bide batekin eta hustubide bat baino ez du gurutzatzen, Aragoi ibaiaren Ubide Inperialaren ondoan. Fustiñanako mugapeari dagokionez, ez dago oztoporik ukituriko lurrak desjabetu eta erreserbatzeko.

Horrenbestez, adierazten du Fustiñana eta Ribaforada arteko errepide berriak, interes publiko eta sozialekoa baita, ureztaketa-lur batzuetan baino ez duela eraginik izango, azpiegitura egiteko ezinbestekoa dena. Bestalde, Ribaforada aldean ukituko den hustubidea kontuan hartu beharko dela dio eta errepidearen ezker-eskuin bide berriak egitea proiektatu beharko dela, mugakide diren finkek egun duten zerbitzu-maila mantentzearren.

III.-Hirigintzako eta Lurraldeko Zehaztapenak.

III.1. Beste erakunde batzuek emandako txostenetako baldintzak:

Bidezkoa da Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak adierazi baldintzak sartzea:

-Ribaforada aldean, ukituriko hustubidea kontuan hartu beharko da eta, errepidearen ezker-eskuin, bide berriak egitea aurreikusi beharko da, mugakide diren finkek egun duten zerbitzu-maila mantentzearren.

III.2. Fustiñanako araztegia.

Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailean (Nafarroako Gobernuaren 1989/8/3ko Erabakiaren bidez Udalez gaindiko Plan Sektorial gisa onetsia) aurreikusita dago Cabanillasko eta Fustiñanako araztegia, haren kolektore eta hodi-igorleak barne, proiektaturiko errepide horretatik hurbil egitea.

Plan Sektorial honek ezartzen du araztegiak eraiki eta kolektore nagusiak eramateko mugatzen diren guneak, eransten diren planoetan azaltzen direnak, erabilera horretarako erreserbatuko direla.

Bestalde, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendariak adierazi du NILSAk Fustiñanan eta Ribaforadan jarri gogo dituen kolektoreak ez daudela oraindik proiektaturik eta, obrak hasi aurretik, enpresa publiko horrekin harremanetan jarriko direla jarduketak koordinatzearren, lanak ordurako zehaztuta baldin baditu.

Laburbilduz, hirigintzako agiri baten arabera (Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea), gune hori Proiektu honetan aurreikusitakoaz beste erabilera baterako erreserbatuta dago. Bestalde, Proiektuen Zerbitzuko zuzendariak adierazi bezala, NILSAk aurreikusitako kolektoreak ez daude oraindik proiektatuak, eta errepidearen trazadura, berriz, erabat finkatuta dago.

Horrenbestez, errepidea egiteko obrak NILSAk azpiegitura horren proiektua garatu arte atzeratzeko arrazoirik ez dagoenez, eta kontuan harturik bi azpiegitura horiek bateragarriak direla edo, behar diren neurriak hartuta, bateragarriak izan daitezkeela, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektuen Zerbitzuko zuzendariaren proposamena onartzen da, hots, jarduketak enpresa harekin koordinatzea, egin beharreko lanak ordurako zehaztuta baldin baditu.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko otsailaren 26an emandako txostena kontuan harturik, hala nola, 2002ko apirilaren 8ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1992 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Ribaforada eta Fustiñana arteko errepidearen trazadura berria" egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea, baldintza hauek betez gero:

-Ribaforada aldean, ukituriko hustubidea kontuan hartu beharko da eta errepidearen ezker-eskuin bide berriak egitea aurreikusi, mugakide diren finkek egun duten zerbitzu-maila mantentzearren.

-Obrak hasi aurretik, NILSArekin harremanetan jarri beharko da Proiektua enpresa publiko honek aurreikusita dituen jarduketekin koordinatzearren, betiere egin beharreko obrak ordurako zehaztuta baldin baditu.

2. Adieraztea, Proiektu Sektoriala onetsita ere, proiektua burutzeko behar diren baimenak eskatu beharko direla.

3. Adieraztea Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bestela, Administrazioarekiko Auzien jurisdikziora jo daiteke zuzenean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Ribaforadako, Fustiñanako eta Cabanillasko udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0208411